Kultura eta hizkuntza arrotzak indarrez ezarri zizkiguten, guk geure hizkuntza propioa arbuiatu eta gutxiesteraino. Eta horrelaxe gaude: Debeku eta zigorrez hilzorira eraman duten hizkuntza bat eta kultura bat hauspotu nahian. Iparraldeko lagunak ulertzen ez ditugula. Maulen baino etxekoago sentitzen garela Jacan. Edo Logroñon. Edo Ezkarain.
Historia ukatu digute: Estatu izan ginela. Nafarroa bat. Garesti ordaintzen baita gerra guztiak galdu izana. Isilarazi dizkigute hildakoak, atxilotuak, erbesteratuak. Isilarazi gure errelatoak.
Eta ezarri ziguten euren legea. Sortu zizkiguten instituzioak bertakoak izango balira bezala. Eta guk, galtzaileok, 3 lurraldetan zatiturik, sinestu dugu euren legeak babesten gaituela. Jaurlaritza dugulako gobernu bat dugula. Eta hau demokrazia bat dela. Hauxe dela egoera normala. Eta bla. Eta ja. Eta pa!
Baina nik bezala dakizue zuek: Espainia monarkia bat da. Eta gu, galtzaileok, gure lehendakaria buru, Espainiako erregearen oinetara makurtzen garaEuskal Herrira datorrenero. Badirudi horrela ulertzen dutela batzuk XXI. mendeko subiranista izatea, estatu (uler bedi Espainia) plurinazionala aldarrikatzen dutenean. Eta aterako dizkigute kaxoian gordetako ikurrina guztiak kanpainetan Euskadi defenditzeko, Euskal Herria beharrean.
Baina bide horretatik ondorioa garbia da: Gero eta espainolduago gaude, gero eta frantsestuago. Gure jatorrizko nortasuna berreskuratzeko grina uxatzeko bidean gara. Horixe dago Espainiako monarkian segita. Horixe dago Frantziako errepublikan.
Joan gaitezen. Jango ez bagaituzte. Guztiz.
IMANOL EPELDE PAGOLA
Jatorrizkoa: