Asimetriak eta erritmoak

Eneko Bidegain

Amatxo, gaur eskolan galdetu digute zein den Euskal Herriko mendirik gorena». Gipuzkoa barnealdeko herri batean gertatua da. «Amatxo, gaur eskolan galdetu digute zein den Euskal Herriko ibairik luzeena». Beste batean, «gaur galdetu digute zein den Euskal Herriko hiriburua». Haurra eskolara joan zen, amak eman zizkion erantzunekin, eta irakasleak kopeta zimurtu zuen: «Hiru Errege Mahaia? Ez. Aitxuri da Euskal Herriko mendi gorena»… nahiz eta ia kilometro bat gutxiago izan. Hiriburua Iruñea? Ez, Gasteiz. Ikastoletan, aldiz, zazpi herrialdeak hartzen dira kontuan, baina selektibitatea hurbildu ahala, hainbat kasutan gutxienez, ikasleei irakatsi behar omen diete EAEko mapa dela balio duena, azterketa gainditzekotan.

Sukaldaritzari buruzko zentro batek mapa eder bat badauka gure herrietako produktuekin: Gernikako piperra, Tolosako babaurrunak… Eta Tuterako zainzuriak? Itsasuko gereziak? Ez, bistan denez. Mapa EAEkoa da…

Juan Joxe Ibarretxek iragarri du 2030erako Euskadi independentea izanen dela. Zer ulertu behar dugu? Bizkaia, Gipuzkoa eta Araba? Oion euskal estatuan izanen da eta Goizueta ez?

Orain anitz aipu da errealitate ezberdinak kontuan hartzearen ideia, Euskal Herriaren geroa diseinatzerako orduan. Badirudi batzuk orain ohartu direla aukera horretaz, baina duela hamabost urte, Aralar eta Abertzaleen Batasuna «prozesu asimetrikoaren» alde agertu ziren, Euskal Herriak erritmo ezberdinetako eremuak dauzkala azpimarratuz.

Egia da Euskal Herrian errealitate desberdin anitz badela, erritmoak ez direla berak leku batean edo bestean. Baina asimetriak ere anitz dira, eta desberdinak. Badaude, noski, asimetria instituzionalak: EAE batetik, Nafarroa bestetik, eta Ipar Euskal Herria azkenik. Haatik, asimetria instituzionalek gehiegi baldintzatzen dituzte azken urteetako politika eta politika ez dena. Desberdintasunen eta antzekotasunen mapak, maiz, ez du bat egiten mapa instituzionalarekin: euskara, sektore ekonomikoak, hiriguneak, erliebea, abertzaleen indarra…

Zorigaitzez, azken urteetan dena antolatu da zatiketa administratiboaren arabera. Dauden datuak administrazioen arabera daude, horrek argazki faltsuak edo ez osoak ateratzera bagaramatza ere. Errealitateak diren baino desberdinagoak direla sinestera heltzen gara. Eta politikak ere administrazioen arabera egiten dira. Adibidez, azken hamarkadetako errepideek eta garraio politikek harreman batzuk hautsi eta beste batzuk garatu dituzte. Hezkuntzaren antolaketak ere ez ditu errazten harremanak.

Zatiketa administratiboaren eta egoera instituzionalaren helburu eta ondorioa da gure arteko batasun faltarekin jarraitzea eta estatuekin lotzen gaituzten sokei eustea. Estrategia politikoak abiapuntu horretan oinarritzea ote da bide egokiena errealitate hori ezabatzeko?

Hamarkadetan zehar gehiegi azpimarratu dira Ipar Euskal Herriaren eta Hego Euskal Herriaren arteko desberdintasunak, txikituz joan beharrean, handitu baizik egin ez direnak. Desberdintasun horien arrazoia sinplea da: Frantziaren eragina batean, Espainiarena bestean; estatu bakoitzaren indarraren erakusle dira. Gainera, zatiketa administratiboak areagotu du Nafarroa eta Ipar Euskal Herria desagertzea, euskal erakunde eta egituren eskutik beretik. Prozesu asimetrikoak ez ote du hori larriagotuko? Ez ote dugu anitzez gehiago irabazteko elkarrekin lan eginez eta harremanak sendotuz, bakoitza bere aldetik ibili beharrean bere etorkizun instituzionalaren bila?

http://www.berria.eus/paperekoa/1955/025/002/2015-04-23/asimetriak_eta_erritmoak.htm

Print Friendly, PDF & Email
gureberriak
About gureberriak 388 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .