MOTIBAZIOA ETA ELEBITASUNA EUSKAL HERRIAN

  1. Elebitasunaren alderdi onak azpiamarratzen dizkigute beti. Gu ez gara maila indibidualean pertsonarentzat elebidun eta eleaniztun izaten dituen alderdi onak ukatzen hasiko, baina elebitasunak badu dimentsio sozial bat ere. Eta, zoritxarrez, dimentsio sozial horretan hizkuntza minorizatuak, eta, beraz, hizkuntza horretan bizi nahi duen hiztunak, faktore eta indar  gehiegi dauzka bere aurka.
  2. Jatorrizko hizkuntza minorizatuan bizi den pertsonak estatuaren hizkuntza hegemonikoa ikasten duenean martxan jartzen den mekanismo soziolinguistikoa guztiz kaltegarria da jatorrizko hizkuntza minorizatuarentzat eta hizkuntza horretan bizi denarentzat. Euskalduna ele biko bihurtzen hasi zenean hasi zen euskararen ordezkapena.
  3. Zergatik? Bigarren hizkuntzak ia gauza guztietarako balio diolako eta bereak berriz ezer gutxitarako. Bigarren hizkuntzaren estatus hegemonikoak ondorio nabarmenak izango ditu bere jokabide linguistikoan: a) gizartearen piramide sozialean gora egiteko bideak irekiko dizkio bigarrenak, bere jatorrizkoak ixten dizkion bitartean; b) bigarren hizkuntzan sozializatuko da bizitzaren esparru garrantzitsuetan (ekonomia, lana, ikasketak, kultura…) eta, horren ondorioz, bigarren hizkuntza bihurtuko zaio bere pentsamendu eta emozioen mintzabide, bere ama-hizkuntzako gaitasuna herdoiltzen zaion bitartean.
  4. Zer esan nahi dugu horrekin? Ba, egoera soziolinguistiko minorizatuetan, hizkuntzen arteko hierarkia eta desoreka handia denean, elebidunak bere berezko hizkuntza minorizatua ez duela ia ezertarako behar. Bigarren hizkuntzak betetzen dizkio bere behar komunikatibo guztiak edo ia guztiak.
  5. Beraz, elebitasunaren izaera soziala, hau da, une eta gune berean bi hizkuntza egotea, erabat galgarria da hizkuntza zapalduarentzat. Horregatik hiltzen da munduan hizkuntza bat bi astean behin.

Joxe Manuel Odriozola

 

Print Friendly, PDF & Email
gureberriak
About gureberriak 391 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .