Zapaltzen gaituzten estatuen transformazio saiakera baketsu guztiak, alferrikakoak eta hipokritak dira.
Espainiar eta frantses estatuak ez dira inola ere demokrazia defizitarioak. Botere-egitura kontzentratuak dira (totalitaristak), non egitura horiek osatzen dituzten elementu desberdinek elkar sostengatzen duten, helburu eta bitartekoen batasun bereizezin bat osatuz. Indarrak soilik erauzi eta eraitsi dezake batasun hori. Alferrik da beraz, egiazko demokratizazio batek ekar liezazkiekeen onurez konbentzitu nahi izatea. Demokratizazio horren arrakastak, monopolio gisa duten botere partikularra galtzea suposatuko bailuke, hau da, beren amaiera, hain zuzen ere.
Motu propio inork ez du atzera egiten lortu nahi duen helburuarekiko, egoera okerrago batean kokatzeko. Are gutxiago egoera berriak, (monopolio egoeraren galera) bere desagerpena badakar berarekin. Beraz, helburu minimalistagoak lortu nahi izanagatik totalitarismoak indar berarekin egingo digunez aurre, estatu propioaren berreskuratzea, finkatzea eta gaurko egokitzapena da herri honek biziraupenerako eta historian jarraitzeko duen berme bakarra; eta alternatiba posiblerik gabe helburu politiko berehalakoa, zenbaitek maximalistatzat jo arren.
Helburu hau beste batzuekin ordezteko saioek, “posibilismoaren”, “taktika inteligente” baten, “pragmatismoaren” eta abarren izenean, nahiz eta berritsukeriaz edo amarru elektoral-soberanistaz mozorrotu, kontraesan larria erakusten dute praktikan. Eta termino politikoetan, kolaborazionismo eta azpikeriaren sinonimoak dira.
Estatu propioaren berreskuratze helburuaren inguruan, eta honen inguruan solik, da posiblea nafar lurraldean indar demokratiko beharrezko eta nahikoak bildu eta antolatzea, eremu politikora behar den kualifikazio eta kopuruarekin salto egin ahal izateko.