Emakumezko idazle hinduak kontatzen du nola, India ingelesen menpe zegoen hartan, neskatxa gazteari eskatu zioten —aktibismoaren izenean beti ere— administrazio kolonialeko agintaria hil zezan. Bhuvaneswari Bhaduri zuen izena 16 urteko neskatoak, eta askatasun nahiak mugiarazten zuen. Emakumea zen eta Bengaliarra. Birritan kolonizatua. Emakumezko idazle hinduak kontatzen du nola Bhuvaneswariri jasanezin egin zitzaion ideia, eta, nola, eskuzabaltasun eta herriarekiko amodio supremoaren izenean, bere buruaz beste egitea erabaki zuen neskatoak. Bere gorputzean bertan idatziko zuen mezua: “Emakume kolonizatua naiz. Erreparatu nire min bikoitzari. Erreparatu nire askatasun grinari. Nigan da emakume indiarra izatearen oinaze jasanezina”. Hamasei urteko neskatxak bere burua urkatu zuen aitaren etxean. Egun ilun hura ez zen edozein egun.
1926.urtea zen. Egunkari kolonialek apenas eman zioten oihartzunik neskatoaren tragediari. Aitzitik, esan zuten apurrak neskatoaren ekimena erabat desitxuratu zuen. Honako hau irakurri zuten garaiko emakume bengaliarrek prentsan: “Bhaduri hiritarraren etxean tragedia: haren alabak bere buruaz beste egin du espero gabeko haurdunaldiaren berri izan duenean. Erlazio ilizituek dakartzaten ondorioak”.
Hogei urte luzeetan iraun zuen gezurrak. Bi hamarkada beranduago jakin zen egia. Hartara India libre zen. Zein maltzurra botere arrotzaren mezua! Izan ere, Bhuvaneswarik aurreikusi zuen horrelakorik gertatu zitekeenik, eta aurrez planifikatu zuen bere heriotza. Ez zuen edozein egunetan bere burua urkatuko. Bhuvaneswari —eternoak egin zitzaizkion egun luzeetan— zain egon zen hilekoa noiz jaitsiko, eta hilekoarekin zegoela urkatu zuen bere burua aitaren etxean. Bestela —ondo zekien neskatoak— botere arrotzak eta haren prentsak iruntziratu egingo zuten bere eskuzabaltasun supremoa, emakume hindu guztien askatasunaren aldarria.
Emakumezko idazle hinduak dio bat eta bera direla emakume kolonizatuaren askatasun desirak.