Gureberriak Euskal Herriaren aldeko komunikabide bat da; herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea.
Duela hiru urte sortu bazuten ere, azken urte honetan hartu du indar gehien. Herritar orok politikarekin ezinbestean duen lotura kontuan hartuta, eta askatuasun egarriak bultzatuta elikatzen dute Gureberriak.com webgunea.
Iaz gainera, euren lehen liburua aurkeztu zuten Durangoko Azokan: Zapalkuntzatik askatasunera.
Independentzia du ardatz liburuak. Izenburuak berak dioen moduan, Euskal Herriak urte luzez jasan duen zapalkuntza, eta egoera horrek gaur egun arte sortu duen nahasmen kontzeptuala islatu nahi izan dituzte. Independentzia lortzeko zein bide jorratu behar diren ere proposatzen dute.
Gureberriak taldeko kideen arabera, luze eta zabal idatzi da gai honen inguruan, baina liburu honetan eztabaida modu xaloan landu dute; edozeinek eta modu errazean irakurtzeko.
Liburuan landu dituzten hainbat kontzeptu politiko dibulgazio mailara eramateko asmo dute orain: bakea, elkarbizitza, erabakitzeko eskubidea, autodeterminazioa, etab.
Teoriatik praktikara
Zapalkuntzatik askatasunera liburua ardatz hartuta, mahai inguruak egingo dituzte, herritarrek gaiaren inguruan eztabaidatzeko aukera izan dezaten.
Lehen saioa Donostian egingo dute; otsailaren 25ean Koldo Mitxelena kulturunean, 19:00etan.
Solasaldi bakoitzean hainbat gonbidatu elkartuko dituzte, eta ikuspegi ezberdinak plazaratzen saiatuko dira, eztabaida ahalik eta aberatsena izan dadin. Datorren asteko saioan, esaterako, Mirari Bereziartua, Ane Ablenado eta Asisko Urmeneta eseriko dira mahaiaren bueltan, eta Ainara Artetxek egingo ditu moderatzaile lanak.
Hurrengo saioak Ipar Euskal Herrian egingo dituzte: martxoaren 11an, Urruñan, eta martxoaren 21ean, Uztaritzen.
http://irutxulo.hitza.eus/2016/02/19/independentzia-lortzeko-bidea-aztertuko-dute-koldo-mitxelenan/