Herri ororen lehen helburua irautea da, eta, horretarako, beharrezkoa du aske izatea. Beraz, herrien lehen ardura askatasun hori mantentzea da. Beste herri baten menpean daudenean, ordea, independentzia berreskuratzea dute beren ardura nagusia.
Gure herria zapaldua dago, ezin ditu bere erabaki propioak hartu, ezin da autodeterminatu. Herritar orok behar luke jardun (ardurak hartuz) askatasuna berreskuratzeko lanetan. Zer esanik ez bertako agintariek eta alderdi politikoek.
Politika euren ogibidea dutenek zeregin horretan (herriaren askatasuna) porrot egiten dutenean edo beste azpi botere batzuen kudeaketa lehenetsiz zokoratzen dutenean hartzen dute mugimendu sozialek beren gain beste batzuek lortzen ez duten helburua edo hartzen ez duten arduraren lekukoa.
Alderdi politikoetatik at, independentzia lortzeko euren bide propioa marrazten saiatzen dira. Orduan datoz izuak eragindako agintarien mezuak, “ardurarik gabeko herri mugimenduek” partidu politikoen sistema baldintzatu nahi omen dutelakoan.
Independentzia lortzeko ezintasunak edo borondaterik ezak eragindako adierazpenak dira. Ez baita egia askatasuna berreskuratu nahi duten herri mugimenduak ardurarik gabekoak direnik, independentziaren bila egunero lanean ari direnek zapaldua dagoen herri baten mailarik goreneko ardura baitute esku artean.
Ez dute, ez, alderdi politikoen sistema baldintzatzeko helbururik. Haiek herrian lortu ez duten indar-metaketa antolatzekoa baizik, herriaren indarra independentziaren bidean egoki kudeatuko duen erakunde batek soilik lor baitezake independentzia. Alderdi politikoek zerbait egin nahi badute, jar daitezela herri-indar horren atzean.
Politikariek hartu behar lituzketen ardurak beste batzuek hartzen dituztela ikusten dutenean izua sentitzen dute, bere erosotasunetik mugiaraz ditzakeen zerbaiten beldur edo, nonbait.
Azkenik, herritarren ardurei buruz ari garelarik, hona hemen 80 urte beteak dituen lagun batek duela gutxi esandakoa: “Bizitza osoa daramat independentzia lortu nahian. Orain arte ez dut arrakastarik izan nire zeregin garrantzitsuenean, baina ez ditut ulertzen ez nekea, ezta etsipena ere. Borroka hau –derrigorrean ez bada behintzat– uzteak sortuko lidake niri depresioa, ezinbestean”.