Víctor Alexandre
Biziki gomendatzen dut Paul Vidal filologoaren El bilingüismo mata liburua (Pórtico, 2015) irakurtzea. Aire garbia arnasteko leiho bat da, oso ongi azaltzen dituena hizkuntza katalanaren makalaldia eta (makalaldi horretaz jabetzen ez bagara) gainera etorriko zaion iluna. Honela dio Vidalek: “Hogeita hamar urte luze igaro dira, eta katalana, hizkuntza normal bat izateko oraindik urrun egoteaz gainera, arrisku gorrian dago. […] Katalana ez da galduko hiztun faltagatik, hizkuntza faltagatik baizik. Izan ere, hizkuntza eskuen artean desegiten ari zaigu: gero eta meheagoa da, gero eta eskasagoa, gero eta tankera handiagoa du zapo-erdara batena edo probintzietako gaztelania zabar eta txar batena. Katalana izango da deseginda galduko den lehen hizkuntza”. Eta aurrerago hau dio: “Berria da, ordea, hau [elebitasuna] pribilegio bat zela sinetsarazteko agintariek trantsizio demokratiko izeneko horretatik aurrera azaldu duten gogo bizia, eta, hala, gaur egun jende askok uste du, fede onez, elebitasuna (horrela, modu generikoan, zehaztu gabe) ona dela berez, Baina hizkuntzen arteko kontaktua, ur hotzaren eta ur epelaren artekoa bezala, ez da egoera egonkorra eta iraunkorra, baizik eta aldaketak ekartzen dituena eta orekak aldatzen dituena”. Hona hemen liburutik ateratako beste pasarte batzuk:
– “Bartzelonan nahiz Lleidan dendaz denda ibiltzen bazara, dendari dezentek kastillanoz erantzungo dizute hiriaren erdigunean edo saltoki handietan. Eta ez naiz ari udan lanera etortzen diren sasoiko langileez, ez; eskolan porrot nabarmen egindako gazteak dira, ikasketak behar baino lehenago utzi dituztenak eta gai izan ez direnak ustez irakasten zieten katalana –irakasteko hizkuntza baitzen ofizialki– eskolako urteetan erabiltzeko ere”.
– Carme Junyent hizkuntzalariak hau dio: “Galdu diren nahiz galtzen ari diren hizkuntza guztien historian, halako batean zerbait gertatu da, ordezkapen-prozesuko hizkuntzen hierarkizazioa ekarri duena, eta hizkuntza horiek (galdu diren nahiz galtzen ari diren horiek) menpeko hizkuntza bihurtu dira. Beste era batera esanda: hierarkiaren araberako elebitasun-prozesu bat abiatzen da hizkuntza-komunitatean, ezinbestekoa dena inondik ere hizkuntza batek beste bat ordezkatzeko prozesua gerta dadin”.
– “Eta paradoxa nabarmena izango litzateke Kataluniako estatu berrian kastillano elebakarrarena egiten jarraitu ahal izatea, hori gertatuko baita bi hizkuntzei ofizialtasun-maila bera ematen badiegu. […] Kataluniako Estatua etorkizunerako proiektu bat da ala iraganera begira eraiki nahi dugu? Herri bat eta bakarra izan nahi dugu ala sortida/salida bikoiztasun absurdoarekin jarraituko dugu?”.
– Gabriel Bibiloni hizkuntzalariak, berriz, zera dio: “Ezin dugu pentsatu espainieraren ofizialtasuna paper errearen antzeko zerbait izango litzatekeenik. Ganorazko herrialdeetan, hizkuntza ofizialak hizkuntza ofizialak dira benetan. Gainera, badago kontu psikologiko bat: espainiera Estatuko hizkuntza ofiziala dela ikusteak herrialde horren beraren hizkuntza balitz bezala ikustea dakar, eta horrek elebitasunarekin segitzeko gogoa eman diezaieke zenbaitzuei”.
Aukera-aukerakoa eta egoki-egokia iruditzen zait liburu hau argitaratzea. Bizitzan, izan ere, giza gorputzean edo munduko tokiren batean beharrezkoa edo ezinbestekoa den horrek bakarrik irauten du, eta katalana inon ez da ez ezinbestekoa eta ez beharrezkoa, ezta bere etxean ere. Zergatik? Katalana, ekitaldi instituzionaletan eta etxeko ekintzetan izan ezik, erraz saihesten delako, espainieraren mesedetan. Egunero ikusten dugu askotariko biltzar eta kongresuetan, zientziaren aurrerapausoren bat iragartzean, goi mailako kirolariek erretiroa hartzeko edo gai jakin bati buruz beren iritzia emateko antolatzen dituzten prentsaurrekoetan, irratietako eta telebistako solasaldietan eta, azken batean, eguneroko eta era guztietako egoera hutsaletan. Azken kasu horietan, nahikoa da katalana ongi ulertzen duen norbaitek katalan-hiztunen talde batean espainieraz egitea gainerako solaskide guztiak ere hizkuntza horretan hasteko. Alderantziz inoiz ez da gertatzen. Hain zuzen ere, beharrezkoa ez delako ez da gertatzen inoiz. Haurrek anai-arrebekin eta lagunekin erabiltzen duten kode linguistiko horren gisako zerbait da katalana, helduren bat agertu orduko berehala albo batera uzten dutena. Kontua da umeen jolasetan logika duena esanekotasun ikasia bihurtzen dela helduak tartean sartzen direnean. Ez dira faltako hizkuntzaz “edukazioarengatik” aldatzen direla dioten katalanak, baina Pau Vidalek honela erantzuten die: “Egia esateko, jakin gabe ere, esanekoak asmatu egiten du bere azalpenarekin. Bai, esanekoa edukazioarengatik aldatzen da hizkuntzaz, baina ez edukazio ona izateagatik, ez portaera ona izateagatik, baizik eta hitz horrek duen beste esanahiarengatik: beste baten menpean jartzeko jaso duen edukazioagatik”.
El bilingüismo mata: horra hor gogoeta egiteko eta aztertzeko gai ugari ematen dituen liburu bat eta herri katalanaren otzantasun linguistikoaren kontrako tresna bat, edozein irakurlerentzako moduko kazetaritza-estiloan idatzia. Irakur ezazue, irabazian geratuko zarete eta.