Eskoziarren identitatea

Joxe Manuel Odriozola

Eskoziako erreferendumaren harira behin eta berriz gauza bat irakurri eta aditu dut han eta hemen egun hauetan: nazio identitatearen auziak ez duela inolako eraginik izan eskoziarren erabakian. Bestelako faktoreak izan direla emaitzaren giltzarri. Batez ere ekonomikoak eta gizarte-ereduari buruzkoak. Baina, aldi berean, bertako herritar guztiak sentitzen direla eskoziar.

Denak eskoziar sentitzen badira, ezin esango dugu identitatearen fenomenoa eskoziarren nortasun banakoaren eta elkarrekikoaren bizitzatik desagertu denik. Kontraesan bat dago aurreko baieztapen horien artean, beraz: batetik esan zaigu identitatearen auziak ez duela ezer baldintzatu erreferendumaren emaitza eta, bestetik erantsi da herritar guztiak sentitzen direla eskoziar. Bistan da bietako iritzi bat okerra dela. Edota eskoziarrak gizaki abstraktuak dira, sozializazio orotik at bizi dira, ez daukate ez hizkuntzarik, ez kulturarik, ez harreman sozialik, ez memoriarik… Edota beste gizakumeok garen bezalakoak dira: alegia, leku eta denbora jakin baten baitan sozializatuak.

Bistan denez, eskoziarrak ez dira iratxoak, hezur-haragizko gizakumeak dira. Nortasun banakakoaren eta elkarrekiko identitate nazional baten jabe dira ezinbestez. Sozializaziorik gabeko gizatasunik ez dagoelako, eta identitatearen eraikuntza sozializazioari zor zaiolako: asko eta askotariko faktore sozial, kultural, historiko, politiko eta sinbolikoen arteko elkarrekintzari darizkion tasunak eta keriak dira identitatearen eratzaileak. Ezin da egia izan beraz identitate nazionalaren faktoreak bere eragina izan ez duenik eskoziarren hautu nazionalean. Identitate kolektiboa beti baitago presente gizakiaren bizitzan.

Beste kontu bat da eskoziarren identitate nazionalaren ezaugarriak zertan diren jakitea. Oraindik ere gaeleraz mintzo omen diren iparraldeko eskualdeetan ezezkoak irabazi baldin badu, pentsatzekoa da nazio-identitate horrek ez daukala ezer askorik eskoziar nazio historikotik. Ez da batere harritzekoa jatorrizko naziotasun gaelikoaren ezaugarri linguistikoak eta kulturalak erauzi dizkioten herri baten historian gertatu dena gertatzea: hau da, gainjarri dioten nazio-identitate britainiar eta ingelesaren baitan mendeetan sozializatu ostean gaurko eskoziarren identitatea den bezalakoa izatea. Etnozidio-prozesuaren adibide goiztiar bat da Eskoziako hizkuntza- eta nazio-ordezkapenaren historia. Gaur egungo eskoziar gehienen identitate nazionalean iraungiarazi zuten nazio gaeliko historikoaren hondakinen gainean eraikitako nazio okupatzailearen hizkuntza eta kultura ezaugarriak dira gailen.

Peter Burke-ren esanean «Eskoziako gaelera atzera zihoan ingelesak aurrera egin ahala XII. mendeaz geroztik. Gaeleraren atzerakada ez zen azkarra, baina XVI. mendetik aurrera goi-klaseak alde batera uzten hasita zeuden […]. XVIII. mende aldera, gaelera toki askotatik desagertua zegoen, nahiz eta biztanleriaren hazkundeari esker hiztun absolutuen kopurua ugaritu».

Eskozian etnozidioaren prozesua goiztiarra izan zela aipatu berri dugu. Baina goiztiartasun hori nahiko orokorra da estaturik gabeko europar nazioetan, egun ezagutzen dugun Europako mapa linguistiko bidegabearen jatorria ez zelako estatu nazional modernoarekin abiatu, estatu-eredu horren aurrekari izan zen estatu absolutu eta feudalarekin baizik. Etxean bertan euskararen atzerakadaren mapari begiratu besterik ez daukagu horretaz jabetzeko. Hala ere, hegoaldeko euskal herritar gehienak frankismoarekin hasiko zaizkizu euskararen atzerakadaren arrazoiak aletzen. Hori da gure iragan nazionalaz eta politikoaz daukagun interes negargarriaren adibide bat.

Eskoziako nazio linguistiko eta kultural gaelikoarenak aspaldi egin zuen, eta, ondorioz, oraingo nazionalismo eskoziarraren motibazioak sozioekonomikoak dira. Iraganeko bidegabekeriak han eta hemen inor askori axola zaizkionez, oraina dugunez gure bizitzaren ia erreferentzia bakar, komeniko da hala ere iraganari buruzko kontakizun bidegabeak salatzea. Bide horretan, hil berria den Eric Hobsbawm historialariaren iritzi marxista hau izan daiteke salatu beharreko ideologia etnozidaren bertsio bat: «Hizkuntza nagusien ondoan existitzen diren tokian tokiko edo zirkulazio murritzeko mintzairen gainbehera azaltzeko ez dago zapalkuntza linguistiko nazionalen hipotesira jo beharrik. Aitzitik, mintzaira horiek bizirik mantentzeko egin diren ahalegin miragarri eta sistematikoek, maiz diru mordoa xahututa, ez dute ezinbestekoa atzeratu besterik egin: horrela gertatu da erromantxe/ladinoarekin eta Eskoziako gaelerarekin».

Ideologia etnozidaren fenomenoa elur zuria bezain naturala da. Inork ez du auzipean ipiniko. Besteak beste ideologia politiko guztietan erabat naturalizatua dagoelako. Eskuinean bezalaxe ezkerrean. Izatekotan, hizkuntz-galeraren xehetasunak emango dira eta gisa horretan zehaztuko da eskoziarren jatorrizko hizkuntza, kultura eta identitate historikoaren gainbeheran eskolak eta elizak eta nik al dakit zerk, ingelesaren aldeko aukera egin zutela. Eta agian, errukiz edo, erantsiko da «zapalkuntza linguistiko nazionalaren» hipotesia ezin dela gutxietsi, baina, nolanahi ere, bertako herritarrak izan zirela azkenean ingelesaren aldeko hautua egin zutenak. Minorizazio nazionalaren minbiziaz ondo asko baliatzen dira ideologia etnozidaren bertsio guztiak, batzuk maltzurki eta besteak xaloki, hizkuntza baten aldeko hautua hiztunen esku dagoela esateko eta ez botere soziolinguistikoaren mendeko.

Boterearen hizkuntzarik gabe hiztunak etorkizun sozial eskasa dauka. Antzeko baldintza soziolinguistiko guztietan bezalatsu, boterearen hizkuntza aukeratu zuen bazterkeria gorrian bizi nahi ez zuen eskoziar herri gaeleradunak. Ingelesaren aldeko aukera dela eta, «ez dago inolako frogarik —dio Hobsbawmek— guraso gehienen lehentasuna beren hizkuntza propioan umeak heztea izan denik esateko». Horixe da ideologia etnozidaren interpretazio bat, eta agian ez makurrena. Hizkuntza, kultura eta nazioak indarrez okupatu, asimilazioaren makinak iraungi beharreko guztia iraungiarazi, nazio menderatuko herritarrak nazio okupatzailearen nortasunean sozializatu, eta azkenean, ordezkapenaren urak bide guztia egin duenean, ia ezertarako balio ez duten nazio, hizkuntza eta kultura etniko eta minorizatuen aurrean menderatuak egindako hautu libreaz mintzo zaizkigu. Askatasun osoa izan omen du eskoziar herriak hartu nahi zuen bide nazionala hartzeko. Gure artean nork ez du sinetsi horretan?

Bere iragan historikoa ahantzi duen nazioak nazio menderatzailearen altzoan bizi nahi du. Eta Eskozia ez da salbuespena, jakina, araua baizik.

http://www.berria.eus/paperekoa/1832/020/003/2014-10-01/eskoziarren_identitatea.htm

Print Friendly, PDF & Email
gureberriak
About gureberriak 391 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .