ELEBITASUNA ETA MINORIZAZIOA

Euskararen egoera soziolinguistikoari buruzko hitzaldi batean entzundakoaz arituko gara gaur; “Kaltea egina dago” zuen izenburua. Etnozidioa, minorizazioa, kontakizuna, nazio-eskubidea eta beste kontzeptu batzuk jorratu nahi zituen hizlariak.

Gai horien artean solasaldirako lehena aukeratzeko proposatu zien entzuleei, eta baita batek aukeratu ere: “kaltea egina dago” gaia aukeratu zuen, hain zuzen ere.

Hasi zen, ba, hizlaria gai hori jorratzen, eta horrela mintzo zen: “Hizkuntza minoritario bat gehiengoaren hizkuntza bilakaraz daiteke eta, beraz, normaliza daiteke. Gipuzkoa –eta, denboran zerbait atzerago eginez gero, Euskal Herria ere berdin aipa daiteke– orain dela mende gutxi euskaldun elebakarrez josia zegoen, gehienak euskaldun hutsak ziren, eta erdal komunitatea minoritarioa zen. Bistakoa da, beraz, gutxiengoaren mintzaira bat hizkuntza hegemoniko bilakaraz daitekeela baldintza nazional eta politiko batzuen mende”.

“Ondo dakigunez –esan zuen ondoren–, hizkuntza minorizatu bat nazio minorizatu baten ondorioa da. Gipuzkoako erdal komunitate minoritarioa ez zetorren nazio minorizazio batetik, nazio okupatzailearen eskutik baizik. Erdaldunak gutxiengoa ziren, baina estatu nazional baten boterea zeukaten atzean”.

Eta galdera batekin eta entzuleei hitza emanez bukatu zuen: “Hizkuntza minorizatu batek gain hartu al diezaioke hizkuntza hegemonikoari?”.

Isiltasun labur baten ondoren entzun zen lehen ekarpena:

“Euskara –bertako gehiengoaren ahotsa– minorizatu duen hizkuntza arrotzak (espainola zein frantsesa) ez zuen hemen berezko indarrik, minoritarioa zen, gutxiengoak baizik ez baitzuen erabiltzen. Baina estatu baten botereaz eta bortxaz baliatu zen hegemoniko bilakatzeko eta gurea minorizatzeko”.

“Euskararen egoera minorizatua iraultzeko eta hegemoniko bilakarazteko zer egin behar dugun argi dago, hortaz –esan zuen entzuleak–: boterea berreskuratu behar dugu, estatua berreskuratu behar dugu. Beste kontu bat da hori nola lortzen den, baina gure arazo guztiak konpontzeko, euskararena barne, ezinbestekoa dugu estatua”.

Beste entzule batek zioen nazioa eta estatua ez zirela garrantzitsuak. Hiztun komunitatea zela garrantzizkoena. Eta hiztun komunitateak, espainolarekin eta frantsesarekin ez ezik, ingelesarekin ‒globalizazioaren ondorio den hizkuntzarekin‒ duela arazoa, eta harekin batez ere. Edozein arlotan dela gero eta beharrezkoagoa.

Arrazoia du, noski: ingelesa da munduan gehien erabiltzen den hizkuntza. Baina beste herriek ere badute arazo hori. Eurak ere ingelesa ikasi beharrean aurkitzen dira. Ez dituzte, ordea, guk ditugun bi arazo linguistiko: espainola eta frantsesa. Guk ere ez ditugu nahi.

Gure hizkuntza “erakargarri”, “seduzitzaile” eta “atsegin bihurtu” behar omen dugu minorizazioa konpontzeko; baina beti, hori bai, bi hizkuntzak (bertakoa eta kanpokoa) ofizialak omen direlarik.

Baina hizkuntzak bi dimentsio ditu: indibiduala eta soziala. Lehenengoan, eleaniztasuna aberatsa da; hizkuntza bat baino gehiago jakiteak jantzi egiten du pertsona. Dimentsio sozialean, ordea, herri batek nahikoa du hizkuntza ofizial bakar batekin. Gainontzekoak, maila indibidualean ez bezala, kaltegarriak dira.

Joxe Manuel Odriozolak arrazoia du zera esaten duenean: “Jatorrizko hizkuntza minorizatuan bizi den pertsonak beste estatu baten hizkuntza hegemonikoa ikasten duenean martxan jartzen den mekanismo soziolinguistikoa guztiz kaltegarria da jatorrizko hizkuntza minorizatuarentzat eta hizkuntza horretan bizi denarentzat. Euskalduna ele biko bihurtzen hasi zenean hasi zen euskararen ordezkapena”.

Sarriegi gertatzen da: nahikoa da euskara primeran ulertzen duen batek espainolez hitz egitea euskal hiztunak diren talde batean, gainontzekoak ere hizkuntzaz aldatu eta espainolez mintzatzeko. Alderantziz ez da inoiz gertatzen. Eta ez da inoiz gertatzen, euskara ez delako beharrezkoa.

Batzuek esango dute edukazioagatik egiten dutela. Hara zer dioen Pau Vidal filologoak duela gutxi idatzi duen liburuan (El bilingüismo mata): “Egia esan, jakin gabe, otzanak asmatu egiten du bere justifikazio edo zuribidean. Edukazioagatik aldatzen da hizkuntzaz, baina ez heziera onagatik, ez portaera onagatik, baizik eta edukazio hitzak duen beste esanahiagatik: beste baten mende egoteko jaso duen edukazioagatik, hain zuzen ere”.

Iñaki Gezalaga.

Print Friendly, PDF & Email
gureberriak
About gureberriak 388 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .