«Konplexu gabe independentziaz hausnartzeko gune bat gara»

«Independentziaren mugimenduari muskulua eman nahi diogu, indarra izan dezala». Horixe da Gure Berriakwww.gureberriak.com— webgunearen helburua, Aintzane Gascon idazkariaren arabera (Errenteria, Gipuzkoa, 1970).

Kutsadura ideologikoaren sendagai gisa definitzen duzue zuen burua.

IIndependentziaz hitz egitean zenbait kasutan interes desberdinak egoten dira jokoan. Guk horietatik alde egin nahi izan dugu. Gure helburua konplexurik gabe independentziaz hitz egiteko, eztabaidatzeko eta hausnartzeko espazio bat izatea da. Independentziaren betaurrekoak jarri, eta horiekin beste guztia aztertzea. Mugimendu hori indartu nahi dugu, muskulua izan dezala. Izan ere, independentzia politika da, baina beste esparru guztiak ere jotzen ditu: ekonomia, gizartea…

Baina eztabaidarako gune bat zarete, soilik edo iritzi sortzaile ere izan nahi duzue?

Berez, eztabaidarako gune baten moduan sortu ginen, baina iritzi sortzaile ere bagara, hedabide bat garen neurrian.

Nolako edukiak lantzen dituzue?

Webgunea hainbat ataletan dago banatuta, eta horietan independentziari buruzko iritzi artikuluak, bideoak eta poemak daude. Azkenaldian pisu handia hartzen ari dira bideoak. Albisterik ez dago, dena den. Zerbait desberdina eskaini nahi izan dugu. Garbi izan dezala jendeak proiektu honen atzean lanean gabiltzanak independentzia beharrak bultzatuta ari garela; ez gara honetaz bizi.

Zerbait desberdina eskaintzeko xedeari lotuta, politikariak ez diren pertsonak aukeratu dituzue edukiak lantzeko.

Aipatu bezala, dena da politika. Baina ez dugu horretara mugatu nahi izan webguneko edukiak eta parte hartzaileak aukeratzeko orduan. Hala, kultura eta soziologia munduko jendearen ikuspuntuak jaso ditugu, besteak beste. Adibidez, Asisko Urmeneta marrazkilariari egindako elkarrizketa bat dago edukien artean. Uste dugu haien ekarpenak inportanteak direla independentziaz hitz egiterakoan.

Euskal Herriari ez ezik, beste herrialde batzuei ere erreparatu al diezue?

Bai, erreparatu diegu. Adibidez, badira edukiak Kataluniako eta Eskoziako independentzia prozesuez. Eta, ziurrenik, Grezian gertatzen ari denak ere izango du bere lekua. Izan ere, albisteak sartu ez arren, gaurkotasuna kontuan hartzen duen hedabide bat gara. Ikuspegi baikor batetik lantzen ditugu edukiak. Beti porrot egin duten ereduez hitz egiten da. Zergatik ez Baltikora begiratu?

Zuek eskatutakoak dira edukiak, edo bidali egiten dizkizuete?

Batzuk guk eskatzen ditugu, eta besteak bidali egiten dizkigute. Garrantzitsuena da gero eta eduki gehiago ditugula webgunean partekatu ahal izateko. Garai batean hilabetean behin sartzen genuen eduki bat; orain, berriz, astero sartzen dugu eduki bat. Oso pozik gaude jendearen erantzunarekin.

Zein iritzi duzue hedabideek, oro har, independentziaren gaiari ematen dioten trataeraz?

Gu ez gara nor besteei zer egiten duten esateko, edo haien lana baloratzeko. Baina uste dugu, oro har, hedabideek partzialki lantzen dutela independentziaren gaia. Guk, berriz, ikuspegi global batetik lantzen dugu. Hau da, independentziaren ikuspegitik abiatuta aztertzen eta lantzen dugu beste guztia, eta bide horretatik jarraitu nahi dugu.

Etorkizunari begira zein asmo dituzue?

Gure nahia da handitzen jarraitzea. Agian, etorkizunean albisteak sartuko ditugu. Bi kiderekin abiatu genuen proiektua, eta orain zortzi gara. Bestalde, udazkenean proiektua gehiago ezagutarazteko kanpaina bat egingo dugu.

http://www.berria.eus/paperekoa/2254/023/002/2015-07-08/konplexu_gabe_independentziaz_hausnartzeko_gune_bat_gara.htm

2015-07-08 / Ainara Arratibel Gascon

Print Friendly, PDF & Email
gureberriak
About gureberriak 388 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .