‘Munich 1962: isildu egia’ dokumentala, urtebete inguruko ibilbidearen ostean, sarean da dagoeneko. Egileetako birekin aritu gara solasean: Larraitz Ariznabarretarekin eta Naroa Anabitarterekin.
1.- Munich 1962: isildu egia dokumentala sarean jarri duzue, nahi duenak eskuragarri izan dezan.
Bai. Proiektu honen hasieratik, gure nahia ahalik eta gehien zabaltzea izan zen, hausnarketarako tresna gisa. Hainbat lekutan antolatu genituen emanaldiak, eta emanaldi horien ondorioz, herri askotatik deitu digute. Horrela, leku bakoitzean, eztabaidatu eta hausnartu dugu. Hori zen gure helburua. Aurretik genuen susmoa berretsi dugu, hau da, herri hau oraindik bizirik eta bizitzeko gogoz dagoela eta oso kezkaturik dagoela daramagun norabide politikoarekin. Uste dugu oraindik ikusi ez duen jende ugariri ere interesatuko zaiola, eta horregatik jarri dugu sarean.
2.-1962ko Municheko Itunaz hitz egiten duzuen arren, gaurko egoeraren inguruko hausnarketa da, beraz, interesatzen zaizuena?
Bai, garai hartan gertatutakoa aitzakiatzat hartu dugu, Municheko Ituna egin zenean han izandako hainbatekin hitz egiteko aukera genuelako. Haiei egindako grabazioak agertzen dira dokumentalean. Baina garrantzitsuena zera da, duela 50 urte egin ziren akats politiko berberak errepikatzen dihardugula gaur egun ere. Municheko gertakaria adibide bat da; historian atzerago egingo bagenu, beste hainbat adibide topatuko genituzke, eta guztietan gauza bera errepikatzen da: estrategia nazional baten gabezia. Gaur egun politikan lider gisan aritzen direnek goitik behera ezagutu beharko lituzkete pasarte horiek guztiak, baina ez da horrela, eta horregatik jarraitzen dugu etengabe harri-kozkor berarekin estropezu egiten. Independentziara nola iritsi jakiteko, argi izan behar dugu, behintzat, nola ez garen iritsiko.
3.-Estrategia nazionalaren hutsunea sumatzen duzue… baina, batzuen ustez, badaude hainbat bide martxan, ezta?
Bai, ohikoa da hemen “estrategiak” daudela entzutea, eta ados egotea edo ez egotea dela kontua. Baina hori esateak berak erakusten du estrategiarik ez dagoela eta, gainera, estrategia zer den ere ez dagoela argi. Izan ere, herriek beren independentzia lortu edo mantentzeko estrategiA izaten dute, ez estrategiAK. Estrategia Nazionala da, herri osoarena; helburu estrategikoa bakarra da (bere burua gobernatzea, hau da, gobernu propio bat), eta taktikak horren araberakoak izaten dira. Gure kasuan, helburu estrategikoa gobernu propioa berreskuratzea da; horrek bakarrik irauliko ditu egungo indar harremanak. Gobernu hori martxan jarri behar dugu, eta bide hori elikatzea bakarrik da estrategikoa menperatutako herri ororentzat. Dokumentalean ere hitz egiten da horretaz.
4.-Baina askok esango lukete… “eta bitartean?”.
Aurretik esandakoa ulertuz gero, “eta bitartean?” galderak ez du zentzurik: ez dago bitarterik. Esaten ari garen hau guztia ez da lan makala; nahiko lan hori dena egiteko. Ez daukagu “bitarterik” denbora galtzeko: ematen dugun pauso orok gobernu propioa elikatzen duen edo ez pentsatu behar dugu etengabe. Adibidez: gure herriaren zatiketak etsaiaren estrategia elikatzen du, haiek indartzen ditu eta gu ahuldu. Ondorioz, zatiketa hori elikatzen duen oro gure aurkakoa da, ez da estrategikoa. Hortik kanpo egin behar dira pauso estrategikoak. Zatiketa horren barruan egiten denak oso-oso neurtua behar du izan, benetan gure estrategia (gure gobernua) elikatzen duela oso nabarmena denean bakarrik. Baina hemen “estrategia” edo “bide” deitzen zaie zatiketa hori etengabe elikatzen duten pausoei. Hori ez da estrategikoa guretzat, eta are gutxiago nazionala. Hor denbora galtzen ari gara, eta, dokumentalean esaten den bezala, etengabe akats berberak errepikatzen ari gara.
5.-Erabat aldatu behar dugu, beraz, herri gisan jokabide politikoa?
Bai, eta ari gara nolabait. Horren erakusle da dokumental hau bera egitea eta baita izan duen harrera ere. Gero eta gehiago gara estrategia nazional hori martxan jartzen saiatzen ari garenak. Egia da herriak okupatu zutenetik beti egin duela lan handia erresistentzian, eta segur aski horregatik iritsi gara bizirik honaino. Erresistentzia mailako indar horri ideologia propioa gehitzen badiogu, askoz hobeto arituko gara. Behin betiko pausoa emateko, erresistentziaren mailatik gora egin behar dugu salto. Geure gobernua martxan jartzen hasi behar dugu.