Esperientzia da gutariko bakoitzak jaio garenez geroztik bizitze hutsagatik izan dugun eta inguratzen gaituen errealitatearen ezagutza zuzena, naturala eta berehalakoa. Ezagutza horrek kontzientzia zehatz bat sortzen du. Ez da hausnarketa edo gogoetaren emaitza, berehalako pertzepzioarena baizik.
Gu guztiok, herri bateko kide garenez, desio berdinak ditugu. Baina desio horiek ezin ditugu errealitate bihurtu; horretarako etengabe erabiltzen ari garen boterea bere aurrean daukan beste botere batek, bortxaz edo biolentziaz, zapaldu, oztopatu edo desbideratu egiten duelako. Hori da guk daukagun esperientzia.
Ezin izan ditugu garatu gure nortasuna, gure kultura eta, bereziki, gure hizkuntza. Euskal Herriaren garapen ekonomikoa gure ongizatearekin lotuta doa, eta hori ere ezin izan dugu garatu, herri baten garapen ekonomikoa haren askatasunari, haren subiranotasunari josita baitago. Gu izan nahi dugulako ezabatu nahi ditugu oztopo horiek guztiak.
Gure ilusioak bete ez daitezen etsaiak erabiltzen duen boterea giza boterea da. Biolentzian oinarritzen den botere hori ekonomikoa, politikoa edo ideologikoa izan daiteke.
Botere ideologikoak bi funtzio betetzen ditu: bata gurekiko, zer garen erakusten diguna, gure borroka legitimatzen duena, gure morala eta borrokarako ahalmena areagotzen dituena; besteak etsaiaren konfiantza eta morala ahultzen ditu, haren borrokaren legitimitatea kolokan jartzen du. Botere ideologikoa etsaiaren jarrera guretzat arriskutsua den bidetik desbideratzeko erabili behar dugu.
Borroka ideologikoan ere galtzen ari gara. Ez da zaila arerioa baino ahulagoak garela, indar gutxiago dugula edo botere ekonomiko txikiagoa dugula onartzea. Baina inozoagoak garela eta engainatu egiten gaituela barneratzea ez da batere erraza. Gu ezin gaituztela engainatu pentsatze horrek errazten dio, hain zuzen ere, etsaiari borroka ideologikoan ere garaile izatea.
Rousseauk dio zaila dela herriak usteltzea edo hondatzea. Erabat ustelduko balira, herri izateari utziko liokete, desagertu egingo lirateke. Herria den heinean, bere oinarrizko helburuak mantentzen ditu; nahiz eta etsaiak herri hori desagerrarazi nahi izan, badaki hori oso zaila dela.
Gure helburuak lortzeko erabil daitezkeen baliabideetan hasten da engainua orduan. Ezin ditu azken helburuak suntsitu; ezin du lortu guk euskaldun edo nafar herritar izateari uko egitea. Baina bai lor dezake gure helburuak lortzeko ditugun indar eta errekurtsoak zentzuz eta arrazionalki ez erabiltzea.
Bere intereserako den zerbaitekin konbentzitzen gaituen neurrian, geure buruaren etsai bihurtzen gara. Lortu du bere jomuga nagusia: gure jarrera Euskal Herriaren askatasuna lortzeko bidetik desbideratzea.
Hobbesek dio herri batek garaipena lortu nahi badu bere ekintzen justizia edo balioa irizpide propioarekin neurtu behar direla.
Etsaiak esaten digu badugula independentzia aldarrikatzeko eskubidea; baina ez herriaren indarra erabiliz, hitzaren, elkarrizketaren eta akordioen bitartez baizik. Ondo asko daki horrela ez dugula inoiz lortuko. Noiz ikasiko dugu guk?