Gauza jakina da edozein herrik bere historia ezagutzeak garrantzia handia duela. Baina horrek ezin gaitzake historizismoan erortzera bultzatu. Historiak, edo izan ginen horrek, horrek bakarrik ez gaitu askatuko. Beste behin ere, Politikaren premia nabarmendu nahi dugu, politika gabe nekez lortuko baitugu ezer.
Baina politika gure alde edo gure aurka erabili daiteke, eta gaur egun tamalez kontrako norantzan baino ez dugu sumatzen. Kontrakoa esan eta gure aldeko politika bat kontsideratu ahal izateko hainbat ezaugarri jarri ahalko genizkioke politika horri, baina batekin zentratuko gara oraingoan.
Gure aldeko politika kontsidertu ahal izateko ezaugarri hori helburu bakartzat INDEPENDENTZIA izatea litzateke. Helburu bakar eta berehalakoa. Ezin dugu orain arte bezala jarraitu, independentzia baino lehenagoko helburu txikiagoak finkatuz, eta independentzia beti epe luzera, 20 edo 30 urtera etor daitekeen zerbait bezala kontsideratzen. Independentzia ez baita etorriko bere kasa, guk joan behar dugu bere bila gure indar guztiekin.
Esperientziak erakusten digu menderaturiko edozein herrik bi aukera baino ez dituela, askatasuna berreskuratu edo desagertu. Ez dago betiko iraun dezakeen herri menderaturik. Eta gu ez gara salbuespena izango. Independentzia beraz, ezinbesteko baldintza da biziraupenerako. Horregatik behar du izan berehalako helburua, biziraupena delako arriskuan dagoena.
Horrek ez du esan nahi gainontzeko helburu guztiei uko egin behar diegula diogunik. Ez, alderantziz. Guk gainontzeko helburu horiek gauzagarri egin nahi ditugu. Horrexegatik diogu independentzia dela demokraziaren abiapuntua. Demokrazia, herriek dituzten gainontzeko helburu guztiak bezala, burujabetasunetik bakarrik gauzatu daitekeelako.
Inperialismoaren menpe ez dago demokraziarik, ez dago politika aurrerakoirik edo sozialik, ez dago gizarte parekiderik, ez dago garapen jasangarririk eta ez dago ezer! Inperialismoaren pean mendekotasuna baino ez dago. Eta horrek, esan dugun bezala epe ez hain luzean, eta ezinbestean, desagertzea dakar.
Pentsaera hau ez da maximalista, errealista da. Sarritan aipatzen diren “posibilismoaren”, “taktika inteligente” baten, edo “pragmatismoaren” izenean, independentziaren helburua beste batzuekin ordeztu edo geroratzeko saioak, berritsukeriaz apaindu edo mozorrotu daitezke, baina praktikan kontraesan larria erakusten dute. Eta gaur egun independentziarako bidean lehendabiziko oztopoa dira.