Lau sentsibilitate zeuzkan nazioa

Azken asteotan, eta kolore guztietako egunkarietan, bai EAEko bai Nafarroako autogobernua kolokan dagoela salatzen duten titularrak irakurri ditugu:Autogobernuaren pitzadurak, Autogobernuari erasoa,Nafarroako zazpi lege Konstituzionalaren zain, Rajoyk Euskadiren aurka gobernatzen du, Konstituzionala, eskumenei buruzko guda gogorren eszenatoki

Salatu dute Madrileko gobernua Auzitegi Konstituzionala erabiltzen ari dela bere norabide politikoarekin bat ez datozen erabaki instituzionalak deuseztatzeko, alegia, ia denak. Nafarroan hamaika legeren aurkako helegitea aurkeztu du PPk, eta Urkulluk, Ajuria Enera iritsi zenetik, 26 auzi dauzka mahai gainean estatu espainolarekin. Ahaztu gabe Carlos Urquijo gobernu-ordezkariak sartu dituen 500 salaketa udalen aurka.

Jaurlaritzak egiten dituen proposamen ugariri erantzun ere ez omen dio egiten PPk, autogobernua trabatu nahi omen du… Urkullu gogaituta agertu da, Rajoyri goberna dezala eskatuz, gu bakean utziz, ohartu gabe gu ere Rajoyk gobernatzen gaituela.

Kongresuko diputatu jeltzaleek aurkikuntza bihurriagoak egin dituzte ikasturtearen bilana aurkezterakoan: aukera galduen urtea izan omen da. Rajoyk ez du profitatu ETAren indarkeriaren auzia ixteko, Euskadi ez ei zaio bat ere axola, dena alde izan badu ere ez du euskal interesen aldeko politika proaktiborik egin, konpromiso eskasa omen du gurekiko, harremanak gaiztotzeraino. Eta ezustekorik liluragarriena 35 urteren ondoren: «PPk ikuspegi bertikala dauka, non autonomiak Estatuaren mende dauden [sic]».

Eta guztien artean leporatu dizkiete agintari espainolei halako ezaugarri pasionalak: Urquijo «obsesionatua» omen dago espainola ez den guztiarekin, PP «itsututa» euskal erakundeen erabakiekin. Ezker abertzaleak «mendeku» hitza darabil etengabe presoei buruz ari denean.

Esplikazio freudianoak baino, egia ez ote da sinpleagoa? Gure desaktibazio ideologikoa ikusirik estatu espainola herri honen suntsiketaren azken aroan sartua dagoela buru-belarri, adibidez? Ez al dira aski dauden sintomak? Politikaz hitz egin dezagun behingoz.

PP ez dago itsutua euskal erakundeekin, liberatuta baizik. Orain arte PNVri kreditua, Madrilen aurrean, ETAren munduari murrailak jartzeak ematen bazion, amaitu zaio lan hori, Madrilek oso ongi lortu baitu 35 urtetan Txinako esaera militarra betetzea,zerbait egin nahi baduzu, eginaraz iezaiozu zeure etsaiari. Orain PNV errespetatzeko arrazoi guztiak desagertu dira. Urquijo ere ez dago obsesionatuta; estrategia bat betetzen ari da: hauteskundeen bidez hemen lortzen ez duten boterea piramide politikoaren gailurrean dagoen erakunde batetik inposatzen duena. Hierarkia erabiltzen du egunero gu non gauden gogorarazteko, mendean, putzuan, botere eraginkor izpirik gabe. Are gutxiago dago mendekurik presoekiko: sinpleki, etsai-lurrean geratu diren bahituak baino ez dira haientzat, gerra parametroetan babesik gabe utzi ditugunak.

Arazoa guretzat, ordea, da etsairik gabeko politika baten ideia hedatu dela, posible dela sinistu arte. Ezker abertzalea ere Madrilek nahi zuen lekuan dago: erakundeetan parte hartzen eta ezberdinen (alegia, unionisten) arteko hitzarmenak defendatuz. Ezker abertzaleko aurpegi ugarietatik inork ez du esplikatu, oraino, politikoaz landa metafisikoa ere izan litekeen auzia: Nola lortu daiteke independentzia, independentzia ukatzen duen sistema baten barruan?

Horren ordez, lau sentsibilitate dauzkan herri bat eraiki dugu.

2011: Ezker abertzaleak Euskadiko PPrekin komunikazio bat sortzeko esperimentua egin zuen, PP herri honek dauzkan lau sentsibilitate handietako bat dela onartuz. «Pisuzko edozein akordio herrena litzateke lau hanka hauetako baten faltan».

2012, Iñigo Urkullu: «ETAren amaiera kudeatzeko […] akordio barneratzaile bat behar da, Euskal Herriko lau sentsibilitate politiko bilduko dituena».

2013a, Jonan Fernandez: «Jaurlaritzak aurkeztuko duen bizikidetza planaren harira, helburua lau sentsibilitate politiko nagusiak elkarrekin bideratzea izango da».

2014a, Hasier Arraiz: «Bakegintzari dagokionez, egokiena herri honetako lau sentsibilitate handiek bidea bat eginik zeharkatzea izango litzateke».

Beraz, euskaldunak herren geundeke PPrik gabe? Latza da gero hau entzun beharra! Guillem Calaforrak salatzen duena gertatu da hemen, tamalez: «Dominazioak historia edukitzeari uzten dio, gertaera intenporal bilakatzen da, edo, gehienez ere, aspaldi gertatu zen zerbait, lausoa, arduradunik gabea. Deshistorizazioak memoria historikoaren galera du helburu. Bestalde, egoera minorizatua erremediorik eta arduradun historikorik gabekoa denez, giza-ekintzen ondorio gisan ikusteari uzten diogu, eta naturaren zorigaitz bat bihurtzen da, inongo epaiketa moralik gabea».

Lau sentsibilitate daudeneko ideia honek kalte handia egin dio Euskal Herriari. Hemen ez baitaude ez lau sentsibilitate, ez sei, ez hamar, bi baizik: Euskal Herriaren proiektu nazionala batetik, eta Espainia zein Frantziarena bestetik, dagoeneko errealitate direnak, gure asmoen azpiratzaile, inposizio eta indarkeriaren bidez. Proiektu kontrajarriak dira, ezin integraturikoak, elkarren oldartzaile.

Haien indarrak handiegiak dira, guk gainera haiei leku bat egiteko gure erakunde post-kolonialetan. Espainiaren demokratizaziorik ez da emango inoiz guretzat, betiko errezetak baizik: errepresioa, asimilazioa (barne laguntzarekin) eta inpotentzia. Seinaleak argiak dira. Beste modu batean interpretatzea oso garesti ordainduko dugun errua izango da.

Bide horretan jarraitzen badugu, gero eta hurbilago dago herri hau Jesus Egigurenek egin zuen iragarkitik: «Hemen ez da independentziarik izango alderdi konstituzionalistek nahi arte». Alegia, inoiz ez.

2014-08-03 / Pako Aristi – Idazlea

Print Friendly, PDF & Email
gureberriak
About gureberriak 388 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .