Duela 14.500 urte inguruko hezurrezko bi haga apaindu agertu dira Azpeitiko Ezkuzta leize-zuloan.

Mari Jose Iriarteren esanetan, “kalitate tekniko” oso altukoak dira hagen grabatuak, eta “sakonak” ere bai. 

Iberiar penintsulan aurkitutako “pieza bakarrak” direla jakinarazi dute. Aranzadikoen aburuz, haga horiek Izturitzeko haitzuloan (Nafarroa Beherea) aurkitutakoekin “ahaidetzeko modukoak” dira. Munduan 200 hagaxka baino gutxiago agertu dira oraingoz, eta horien erdiak baino gehiago, Izturitzeko haitzuloan. Horrenbestez, Urolako bizilagunek Ipar Euskal Herrikoekin harremanak zituztela dioen hipotesia indartu dute aurkikuntzek. 

Pantaila-argazkia 2014-11-07 08:52:10

Hona hemen 2004an idatzitako artikulu bat, gaiarekin zerikusia duena: Isturitzeko izarra.

Isturitzeko «izarra»

Alfontso Mtz. Lizarduikoa
Ingeniaritzan doktorea / filosofoa 

BERRIA, 2004-01-11

Bi arrazoi omen daude Goi Paleolitoko euskal-akitaniar gunearen ikerketa modan egoteko. Lehena, ikerketa horrek garai urrun haietan cromagnonek eraiki zituzten identitateko gizarte-ezaugarriak ezagutzeko bidea ematen baitu. Bigarrena, ikerketa berak euskal (eta Europa zaharraren) inkontziente kolektiboaz argia ematen baitigu. 

Euskal-akitaniar eremua labarretako arte miresgarriaren bidez egituraturik izan zela, eta horrek zibilizazio hura estetikoki nahiz filosofikoki goreneko mailaraino bultzatu zuelako intuizioa Oteizak aditzera eman zuen, lehenengo aldiz. Arte mota hark triangelu moduko mapa irudikatzen zuen, eta hiru erpinetan Altamira (Kantabria), Lascaux (Dordoña) eta Mas d´Azil (Erdi Pirinioa) zeuden. Oteizak ere egitura hark erlazionaturiko lurraldea betetzen zuela aditzera eman zuen, eremu hartan labarretako arteko kobazuloek santutegien eginkizuna betetzen zutela. Bahn ikertzaileak, froga arkeologikoen bidez, triangelu haren «probintzien» arteko interkonexioa egiaztatzea lortu zuen. 

Gai honi buruz, azkeneko berrogei urteetan Isturitzeko kobazuloan egindako ikerketek datu berriak nahiz esanguratsuak eman dizkigute. Isturitze arkeologiako bitxi preziatu bihurtu da Goi Paleolitoaren fase guztietako geruzak baititu. Horrek esan nahi du, kobazulo horren bidez, gure iraganaldiaren 20.000 urtetako informazioa biltzen duen liburu aurrehistoriko baten aurrean aurkitzen garela eta bertan irakurtzea besterik ez dugu egin behar. Liburu horren irakurketak, Oteizak bere garaian intuitu zuen euskal-akitaniar eremuko kultur triangelu aurrehistorikoa baieztatu du eta, batera, aldatu ere. Triangelua mantentzen bada ere, bere oinarrian Isturitzeko kobazuloa ere sartu behar da. Ez hori bakarrik, egindako ikerketek Isturitzeko kobazuloa izar-konexio modua duen triangelu haren zentro bihurtzen dute. Dordoña, Kantabria eta Erdi Pirinioetako eskualde paleolitikoak, kulturalki, Isturitzekin zuzenki erlazionaturik egongo ziren eta beraien arteko harremanak Isturitzeko santutegi-kobazuloaren bidez burutuko lirateke. 

Baina, kobazuloen izar-konexio hori arretaz aztertzen badugu izugarri da atzematen dena. Hark plano aurrehistoriko bat baino autobide-sare zentralizatua (eta ikusezina) dirudi, bere konplexutasun-maila 15.000 urte geroago erromatarrek eraiki zuten galtzada-sare sofistikatua baino konplexuagoa. Zein ote da gure arbaso cromagnonek eraikitako egitura ikusezin horren barnean ezkutatzen den xedea? 

Orain dela bost urte inguru, gero eta pisu handiagoa hartzen ari den lan-hipotesi bat plazaratu nuen gai hori argitzeko asmoz. Horretarako, egun oraindik bizi diren herri ehiztari-biltzaileengana jo nuen analisi konparatiboak egiteko eta haien gizarte-estrategiak aztertzeko. Aukeratutakoa Kalahari basamortuko Kung herria izan zen. Kung herriak herritu duen lurra (basamortua) oso gogor, soil eta ur eskasekoa da. Beren bizimodua nomada da, leku finko batean gelditzen badira, azkenean, ehiza nahiz bilketa urri izaten baitute. Gosea urrundu ahal izateko duten estrategiarik egokiena nomadismoa da. Hogei pertsona baino ez dituzten taldeetan elkartzen dira, hori baita zenbaki optimoena taldeak berean irauteko. Urteko hil larrienak datozenean (lehortearenak), orduan, ur-putzu iraunkorrak dauden tokietan talde ugari biltzen dira.

Taldeen arteko lagunartekotasun-garaia heldu da. Sendatze-, dantza-, kontaera-, sexu-parekatze- eta elkarrekiko opari eta teknologien elkartrukaketa-garaia da hau. Baina, jende metaketa horrek lanaren handiagotzea ekartzen du kolektibo berri horrek iraun dezan. Horregatik, euria hasi bezain laster taldeak elkarrekiko alderatzen dira. Azkeneko jarduera honekin Kung herriaren «fase-publikoa» bukatzen da. 

Goi Paleolitoaren herri euskal-akitaniarren jarduera era berean interpreta liteke, hipotesi moduan. Kasu horretan, noski, basamortua ez litzateke hondarrezkoa izango, elurrezkoa baizik. Eurite-garaia udaroko hilak izango lirateke gure kasuan, eta Kung herriaren lehorte-garaia, negu gorria izango zen gure arbasoen artean. Bukatzeko, cromagnonen kasuan Kung herriaren ur-putzuak kobazuloak izango lirateke. Negu gogorrean haietan bilduko lirateke gure arbaso zaharrak «fase publikoa» burutuz eta fase horretan gizarte-identitatea finkatzeko labarretako artea sortuko zuten. Euskal-akitaniar zonaldean aurkitutako kobazuloak izango lirateke, beraz, adreilurik gabe sortutako hiri aurrehistorikoak, Cromagnonen taldeen joan-etorriek ikusezinak ziren bideek sortutako izar-egituraren bidez konektaturik. Isturitze eta Otsozelaiko kobazuloen gestioaren arduraduna den Christian Normandek dioenez, iparraldeko kobazulo horietan ehunka gizaki kabitzen zen eta datuak badaude esateko talde oso ugariak, aldika (ehiztari-biltzaileen «fase publikoan», segur aski), han bildu zirela. Gogora inguru hartan pottoka-taldeen ehiza oso ugari izan zela. 

Aurreko hipotesiak gure planetan eraikitako lehenengo konurbazioaren aurrean kokatuko gintuzke, material fisikoak erabili gabe eta beste hiri materialak sortu baino 15.000 urte lehenago moldatua. Isturitzeko kobazuloa konurbazio horren konexiogune garrantzitsuenetako bat izango genuke. Glaziazio gorrienean, teknologia garatua izan gabe, gizartea talde txikitan sakabanatuta eta taldeen arteko kontaktuak izateko bide-sistema materiala izan gabe, horrelako azpiegitura aurrehistorikoa eraikitzeko gaitasun sinbolikoa izatea ikusi ondoren, antropologo ospetsu baten esandakoa burura datorkit: «Einsteinen eta Cromagnonen garunen artean ez dago inolako diferentzia kualitatiborik. Diferentzia bakarra izan da arazo desberdinak gainditu behar izan dituztela garai historiko desberdinetan». Hau omen da euskaldunen historia ahaztua, baina ez oraindik ezabatua.

Print Friendly, PDF & Email
gureberriak
About gureberriak 388 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .