Palestinako Estatua onartzeko erabakiaz

Margot Wallström Suediako Atzerri ministroa, Palestinako Estatua onartzeko erabakiaz mintzo:
«Nazioarteko legean oinarrituta hartu dugu Palestinako Estatua onartzeko erabakia, hau da, herri bat dago, lurralde bat dago eta gobernu bat dago. Guk uste dugu, gainera, une egokia dela hauxe gure babesa emateko indar moderatuei eta hango buru Mahmud Abbas presidenteari, eta sinetsita gaude horrek itxaropena emango diela munduko inguru horretako gazteei ikusteko han bi estatu izatea dela konponbide onena eta oraindik lor daitekeela».
Ondorioez:
«Espero dugu erabaki honek beste batzuk bultzatzea hauxe bera egitera. Espero dugu bake-negoziazioei berriro heltzeko babes gisa interpretatzea gure erabakia, eta, batez ere, munduko inguruko horretako belaunaldi gazteek etorkizunean itxaropena izatea eta bakea eta bi estatuen irtenbidea lortzea posible dela ikustea».
Zer egin orain?
«Erabakia etengabe giza laguntza bidaliz babestuko dugu; batez ere, Gazara bidaliz giza laguntza. Era berean, konpromisoa hartuta daukagu demokrazia eraikitzeko estrategiari eta erakunde sendoei gure babesa emateko, baita garapen ekonomikoan laguntzeko ere, hori ere funtsezkoa baita».
Uste dugu, gainera, giza eskubideak indartu behar direla, Ekialde Hurbileko emakumeen eta haurren egoera hobetu behar direla.


Heraldo-ko zenbait ohar:
Suediako Gobernuak esan du erabakia ez dela presaka eta pentsatu gabe hartutakoa, Alderantziz, beharbada berandu hartutakoa izateko arriskua dagoela dio.
«Erantzukizunez» hartutako erabaki bat da, Margot Wallström Suediako Atzerri ministroaren arabera.
Suediako Gobernuak Palestina estatutzat onartzea erabaki du gaur. Arrazoi nagusia da haren ustez estatuak onartzeko nazioarteko zuzenbideak dituen irizpideak betetzen dituela; «Herri bat da, lurralde bat eta gobernu bat dituena», adierazi du Wallströmek gobernuaren bileraren ondoren prentsaren aurrean.
Wallströmek esan du onarpena bi aldeen artean dagoen desberdintasuna gutxitzeko dela eta nabarmendu du 134 herrialdek horixe egin zutela lehenago ere. Beste adibide batzuk ere aipatu ditu; Kosovokoa, esaterako.
Europar Batasunean erabaki hori hartu duen lehe herrialdea da.
Espero du Israelek ez gaizki hartzea eta harreman onak izatea aurrerantzean ere.
Palestinako Estatua eraikitzeko 500 milioi koroako laguntza hirukoiztu egingo du Suediak datorren bost urtean.


Suedia Europako mendebaldeko hirugarren herrialdea da Palestinako Estatua onartzen. Lehenago, Maltak eta Ziprek ezagutu zuten. Europako ekialdeko zenbait herrialdek ere ezagutu zuten, gerra hotzaren garaian.

Israelek berehala gaitzetsi du erabakia, eta Avigdor Lieberman Atzerri ministroak esan du erabaki zitala dela eta muturreko kideak eta Palestinaren oposizioa indartzen dituela.
Palestinarrek pozik hartu dute Suediaren erabakia.

Print Friendly, PDF & Email
gureberriak
About gureberriak 388 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .