Maixa Uriarte irakaslea
Mendebaldeko gizarteetatik kanpo, emakume ugarik azala zuritzeko produktuak erabiltzen ditu (%77k Nigerian, %59k Togon, %50ek Filipinetan, %45ek Hong Kongen, %41ek Malaysian, %37k Taiwanen, %28k Korean, %27k Senegalen…)*.
Munduko Osasun Erakundeak gai hau mundu mailako osasun arazo moduan ikusten du. Izan ere, produktu horiek sarritan merkurio kantitate handiak izaten dituzte, eta hainbat osasun arazorekin erlazionaturik daude, hala nola orbainekin, azaleko erupzioekin, giltzurrun arazoekin eta baita arazo psikologikoekin ere (antsietatea eta depresioa, esate baterako). Hori dela eta, Munduko Osasun Erakundeak produktu horien merkurio kantitatea kontrolatzeko “politika aldaketak” abiarazteko deia egin du.
Arazo horri eusteko ikuspegi mugatu horrek ezkutuan uzten du gaiaren muina: zapalkuntza; munduko emakume, gizon eta haur ugarik jasaten duten zapalkuntza, hain zuzen ere.
Horrela, gaia “merkurio arazo” bat bihurtzen da, eta merkuriorik gabeko beste substantzia batzuk erabiliz gero, azala zuritzea ez litzateke arazo izango, ikuspegi horren arabera. Gainera, zapalkuntza gaietik at utzita, norbanakoaren arazo bat dela dirudi.
Talde menderatzailea beti saiatuko da gaiaren funtsa ezkutatzen, mozorrotzen, aldatzen. Zapalkuntzaren beraren existentzia ukatuko du beti, baina arazoaren muinera joz gero, eta ikuspegi zabalago bezain zehatzagoa hartuz, berehala ohartzen gara aurretik aipatu baino askoz larriagoa den mundu mailako arazo bat dela. Ez da “merkurio arazo” soila, eta ez da azal ilunagoa dutenen artean bakarrik gertatzen den zerbait. Zapalkuntza da gakoa, eta azpiratutako, baztertutako, menderatutako talde askok pairatzen dugu munduan zehar.
* Munduko Osasun Erakundeak emandako datuak.