ESTRATEGIA EGOKIA

Menderakuntza egoeratik atera eta independentzia lortu nahi duen herri orok beharrezkoa du estrategia nazional egoki bat planteatzea. Honek, helburuen eta baliabideen arteko lotura dinamiko estua eskatzen du: helburura iristeko behar diren baliabide egokiak martxan eta praktikan jartzea.

“Helburuen sakontasunak baldintzatzen du baliabideen hedadura”. Helburuak merezi duenean soilik mugituko da herria. Oro har, independentzia da herriak bere osotasunean eta bere indar guztiarekin mugiaraziko dituen helburu bakarra. Menderatzaileak aldiz, menderatuko herriaren tarteko helburu bat benetan lortzeko arriskua ikusten badu, bere indar guztia erabiliko du hori gauza ez dadin; jakin badakielako bere hondamendiaren hasiera izan daitekeela. Tarteko helburu hori lortzeko, hortaz, menderaturiko herriak ere bere indar guztia erabili beharko du etsaiarenari aurre egiteko. Logika honen arabera, menderaturiko herriak duen indar guztia erabili behar badu, independentzia lortzeko baino ez du erabili beharko, eta ez askatasuna ez den beste inolako helburu bat lortzeko, indar xahutze berbera suposatuko baitio tarteko helburu horren lortzeak.

Estrategia da, giza harremanak aldatu eta erabakien zentraltasuna nor bere instituzio propioetan jartzeko gai den mugimendua. Hori independentziak soilik ekar lezake. Menpekotasun egoera batean, une jakin batean lortutakoa berriro gal daiteke, lorpen hori instituzionalizatzeko aukerarik ez dagoelako. Independentziak soilik bermatzen du irabazitakoa etsaiak errekupera ezina izatea.

Estrategia da herriaren indarra modu egokian erabiltzea, une egokian eta herriari interesatzen zaion moduan erabiltzea. Etsaiari minik egingo ez dion edo jarraipenik izango ez duen indar erakustaldi bat egitea ez da estrategikoa. Manifestazio erraldoi asko egin daitezke, baina hurrengo egunetan indar horrekin zer egin jakin ezean, herria nekatu egiten da, etsi egiten du, ez baitu emaitzarik ikusten. Emaitza horiek lortzeko ondo kudeatu behar da indar hori, egunero erabili behar da; independentziarako estrategia baten barruan erabili behar da. Horretarako baina, gaitasuna duen lidergo politiko bat beharrezkoa da.

Estrategia da konkistak kontrolatzen dituen indarra, amaigabeak eta iraunkorrak egiten dituena. Konkistak, etsaiak errekuperatu baditzake, ez dira amaigabeak eta iraunkorrak, ez dira behar adinako indarrarekin egin.

Estrategia da, borroka zein eremutan egin behar den jakiteko, norberaren eta etsaiaren indarrak neurtzea. Gurean, momentu honetan ideologia da estrategikoa bihurtu dezakegun eremua. Mendetako kolonizazioaren eraginez, gure erreferentzia gehienak kutsatuak daude; ezin dugu diagnostiko egoki bat planteatu. Herri okupatu bat garela barneratu behar dugu, ez garela egoera demokratiko batean bizi. Diagnostiko honek lagunduko digu gure eta etsaiaren indarrak zehazki determinatzen, ondoren independentziarako estrategia egoki baten diseinua egiteko: borroka nola, noiz eta irabazle garen eremuetan planteatzeko.

Print Friendly, PDF & Email