Tag Archives: pako aristi

Morrontza baten azken aztarnak

http://paperekoa.berria.info/iritzia/2013-05-05/004/001/morrontza_baten_azken_aztarnak.htm

2013-05-05

Morrontza baten azken aztarnak

PAKO ARISTI

IDAZLEA

Nafarroako Erresumaren kronika barneratu nuen egunetik inperialismo oro salatzen duen detektore bat ernaldu zitzaidan barruan, eta bere alarma-hotsak egunero jotzen du albiste edo iritzi askoren aurrean.

Gogoan dut zein mingarria egin zitzaidan titular hau irakurtzea, 2011ko irailean, El País-en bidaiei buruzko gehigarrian: «Dominikar Errepublika, Kolonek zapaldu zuen lehen uhartea izateko ohorea daukan herria». Inperialismoaren mezua: ohoretzat hartu behar duzu genozidioaren zerrendan lehena izateko aukera.

Inperialismoak kutsatzen ditu eguraldiaren mapak ere: Espainiako hedabide guztietan, publiko edo pribatu, Portugal zuri agertzen da beti, han ez dago eguzkirik inoiz. Inperialismoaren ideia: guk zapaldu ez dugun herririk ez da existitzen guretzat.

Afganistanen armada espainola zuzentzen duen Luis Cebrian koronelak esan zuen: «Bai, intentsitate txikiko bortxakeria herri haren kultura propioan txertatua dago». Mendeko nazioak genetikoki basatiak direla hedatzeaz gain lortu baitute inperialismoaren intentsitate handiko biolentzia normaltzat hartua izatea munduko herrialde hegemonikoen kontzertuan.

2012ko azaroaren 1ean normaltasun osoz aipatuko du El Paíseko editorialak Herbehereetako gobernu berriaren hizkuntza politika: «Nederlandera ez dakienak ezingo du oinarrizko diru-laguntza sozialik jaso». Baina egun berean Patxo Unzuetak Sorturen asmo linguistikoak salatuko ditu asaldaturik: «Ponentzian diote euskal estaturik gabe ezinezkoa dela euskarak aurrera egitea, azken hamarkadetan errealitateak gezurtatu duen baieztapena izateaz aparte norabide autoritarioa erakusten duena». Inperialismoaren araua: gure inposizioa normala da, mendeko lurraldeena autoritarismoa.

Javier Valenzuelak munduaren egoera geopolitikoa aztertzen zuen: «Mundu mailako desorden batean gaude, eta etorkizun hurbilean Erdi Aro berri bat datorkigula esan daiteke, tronuen arteko gerra gupidagabe bat non ez den inor gailenduko». Inperialismoaren teoria: Europako nazio genozidak gailentzen zirenean mundua ordenean zegoen, eta haien hilketa odoltsuak modernitatea ziren, ez Erdi Aroa. Frantziak Mali inbaditu zuenean El Paíseko kronistak emandako bertsioa: «Hollandek, nonbait, Afrikako gerran ikusi du estatista handi baten moduan agertzeko aukera». Inperialismoaren aholkua: serio hartua izan nahi baduzu, antola ezazu gerra bat, baina Europatik urrun.

Iazko udan, Josu Uribetxeberria gose greban zegoela, ezker abertzaleak eman zion sostengua azpimarratu zuen José Yoldik, hauen «errebindikazio grina asegaitza» salatuz. Inperialismoaren oharra: Espainian legea betetzeko eskatzea, euskal presoen giza eskubideei dagokionean, grina hutsa da, eta aseezina. Legearen aplikazio hutsa bortxakeriatzat aurkezten dute inperialismoaren mezulariek, demokrazian alderantziz denean: legeak ez aplikatzeari deitzen zaio bortxakeria.

Inperialismoak, nahiz eta gaur lurralde handirik eduki ez, dominazio bidezko harremanak gauzatzen ditu beti menderatuekin. Integratzea lortu ez duen lurralde oro, erresistentzia hari mehe bat bada ere bizirik gorde duen edozein herri kolonia moduan tratatzen du, harreman hierarkikoa ezarriz: goitik beherakoa, inoiz ez berdintasun legekoa. Eta behean gu gaude, noski. Horretan ez dugu despistatu behar.

Inperialismoak, lehen ezaugarri gisan, arrakasta izan duen edozein antolakuntza politikok bezala, irautea du helburu, bere dominazioa mantentzea. Gure eguneroko bizitzak etengabe agertzen dizkigu alor guztietan menderaturik dagoen herri bat garela erakusten duten aztarnak. Baita literaturan ere.

Gure idazleei Espainian ematen zaien tratu mediatikoa tamalgarria da oro har; edo bestela ez da ematen. Aspaldi salatu zuen Arturo Casas irakasle galiziarrak bere blogean: «Botere hegemonikoa aberatsa da, plurala eta menderakaitza, baina bazter erregionalizatuen mundua ez da hain aberatsa, uniformea baizik, osagarri hutsa, eta nahikoa da bazter horietan ordezkari bat seinalatzea, horrela, singularrean. Gune hegemonikoen aspirazioa da haien zaindariek extrarradioan baliagarritzat seinalatzen dutena bereganatzea, metabolizatzea, eta bide batez haien ezaugarri identitarioak kamusten badituzte, askoz hobe».

Hala funtzionatu dute literatura periferikoek Espainian. Gurean 20 urte behar izan dituzte bigarren ordezkari bat onartzeko. Baina Kirmen Uribek berak ere salatu du tratamendu honen ankerkeria BERRIAko elkarrizketa batean: «(…) Agian onegia izan nintzen, batez ere, kanpora atera nintzenean. Espainiako sariaren ondoren hedabideek erabili egiten zaituzte. (…) Kanpoan ahul agertzen zara, babesgabe; eta agertu nahi duzu zabal, eskua luzatuz. Aurreiritzien kontra borrokatu behar duzu, hitz egin dezaten euskal literaturaz, pixka bat bada ere».

Suso de Toro idazle galiziarrak honela deskribatu zuen bere esperientzia espainola: «Espainia demokratikoa nazionalismo espainolistaren eta integrismo identitarioaren gainean eraiki zen. (…) Harreman arraroa eskaintzen digute: ez digute naziotartasun espainola onartzen, baina ezta gailegoa ere, eta atzerritar moduan tratatzen gaituzte. Madrileko hedabideen xenofobia inplizitua eta esplizitua eskandalu bat da».

Inperialismoaren bigarren ezaugarria da ez diola menderatuari askatasun politikoa lortzen lagunduko. Literatura bezalako gauza nimiñoetan ez badu amorerik eman, gutxiago eskainiko du menderatuaren independentzia bidean lagunduko duen ezer. Horregatik, erabakitzeko eskubidearen leloa gure artean aspaldian zirkulazioan jarri den hanka sartzerik handienetakoa dela iruditzen zait.

Ez dugu beste modu batean pentsatuko beste modu batean hitz egiten ez badugu. Ez genuke esan behar berdintasun egoeran gaudela orain, normalizazioa iritsi dela, egia ez denean. Normalizazio hori geure estatu eta demokrazia propioan soilik iritsiko dugula esan behar genuke.

Diagnostiko horretatik abiatzen bagara, dena posible izango da gure etorkizun politikoan; hortik kanpo ez dugu ezer erdietsiko gure morrontzaren infernuan. Lehengoa berriro ere, kolore edo sigla ezberdinekin apaindua.

Gabriel McCarthy Gasteizen

http://paperekoa.berria.info/iritzia/2013-10-06/008/001/gabriel_mccarthy_gasteizen.htm

2013-10-06

Gabriel McCarthy Gasteizen

PAKO ARISTI

IDAZLEA

Hello, mister Aristi, how´s everything?», entzun nuen belarri ondo-ondoan, Cambridgeko azentu dotorez ahoskatua. Aberri egunetik ez nuen ikusi, baina zerbait deigarri denean euskal politikaren eszenan, hor dabil Gabriel McCarthy. Ingeles gisan bidaiatzen du munduan, baina Eskozian du jatorria, eta nik badakit horrek zein interes mota pizten dituen harengan. Guri buruzko lanen bat egitera etorri zen, baina ezin du bukatu, eta geroztik hemen dabil galduta bezala gure labirintoan, oasian, gure ezinean hura ere katramilatua.

-Hitzaldi bat ematen izan naiz —erantzun nion—. Zu zertan zabiltza?

-Nik hitzaldi sorta ederra entzun nuen atzo. Legebiltzarrean egon nintzen.

-Zerbait garrantzitsua al zegoen, bada?

-Ez, beno, politika orokorrari buruzko eztabaida. Nola zabiltza lan aldetik?

Galderak zeharo harritu ninduen, ezin bainituen lotu legebiltzarra eta nire egoera laborala. Idazleok baditugu gisako galderen aurrean ihesbide ederrak, baina zintzoa izatea erabaki nuen.

-Gaizki ni, eta gaizki denok. Lan gutxi dabil, ordaindua, behintzat!

-Politikoentzat diskurtsoak idazten hasi behar zenuke. Irakurri duzu El País?

Harrituta nengoen biziki.

-Laura Mintegi bigarren txandan inspiratuago egon zela dio, eta goraipatzen du bere soltura PNVri zera bota zionean, Sabino Aranak markaturiko bidean daramatzala 118 urte, GPSrik gabe, ez aurrera eta ez atzera.

Isilune bat utzi zuen, jostari begiratuz:

-Nik datu hori, 118 urterena, zure liburuan irakurri dut duela gutxi. Konturatzen al zara?

-Ba, kasualitatea izan liteke. Nik ez dakit ezer askorik. Azken batean, lau urteko lana baino ez zen izan liburu hori.

Barre-algara egin zuen McCarthyk.

-Lau urte diozu? Hemen politikoek ezta lau aste ere ez dizkiote eskaintzen formazio ideologikoari. Politika hain seriotasun gutxirekin hartzen duten herriak ez dira asko izango… Afrika aldean beharbada.

-Tira, Gabriel! Hor ingelesen kolonialismoa atera zaizu barru-barrutik.

-Barka, inor ez gaude herentzia horietatik salbu.

Baina McCarthy ez zegoen amore emateko.

-Oso diskurtso eskasak izan ziren denak, tristeak arazo nazional zaharra daukan herri batentzat. Laura Mintegi zen, a priori, diskurtso ezberdin baten promesa zekarrena, baina urte betean besteen parera makurtu du bere maila, preso politikoen izendapenarekin puztu zuten polemikak kokildu balu bezala. Izan ere, sistema autonomikoak berak mugatzen du diskurtsoa.

-Zer esan nahi duzu?

-Euskal Gobernua, Foru Aldundiak, Foru Gobernua… horiek denak erakunde espainolak direla ohartu behar duzue. Garbi eduki autonomia estatutu baten mende jartzen bazarete, zuen politika ere autonomista izango dela, alegia, Euskal Herria zatitzen duen erakunde baten politika.

-Baina herri bezala erantzun behar dela maiz diote hainbat politikok…

-Hori ezinezkoa da erakunde post-kolonial batetik. Begira: helburu bat aldarrikatzen denean hori gauzatzeko tresnarik gabe, politika testimoniala baino ezin liteke egin. Hori infra-politika da.

-Ez dut oso ondo ulertzen…

-Politika estrategia da, helburu eta bitartekoak elkar elikatzen duten diseinu bat. Helburua aldarrikatzea bitartekorik gabe politika testimoniala da. Eta kontrakoa, bitartekoak edukitzea helbururik gabe, kudeaketa hutsa.

-Tamalez biak eguneroko ogi bihurtu dira gure artean!

-Marko nazionala ukatzen du azpi-erakundeotan parte hartzea berak. Horrela da posible astakeriarik handienak erantzunik gabe uztea.

-Adibidez?

-PSEk eta PPk esan zutena: soberaniaren bideak euskaldunak zatitzeko arriskua daukala. Tristeena da Urkulluk berak ere barneratua duela mezua. Garbi esan zuen ez duela euskal gizartea kutsatu eta zatitu nahi.

-Hitz gogorra «kutsatu» delakoa, independentzia zerbait zikina balitz bezala…

-Mezu horiek berehala moztu behar dira, gizartean finkatu ez daitezen. Independentziak ez du inoiz herri bat zatitu, batu baizik. Euskal Herria orain dago zatitua, bi estatutan banatua, hiru administrazio ezberdinetan purtzildua, mendez mende eragin zaion zauria da gure fragmentazioa, eta zauri horretan labana sartu eta sartu aritu dira, eta aritzen dira alderdi menderatzaileak. Politiko duinak egon behar dute hemen, esango dutenak ozen eta garbi: Begira jaunak, Euskal Herria orain dago zatituta, eta independentziak batu egingo ditu adabaki guztiak. Geure burua osotasunez ikusten hasiko gara hartara. Hori da munduko herrialdeen aspirazio gorena. Gu horretara ez bagara iristen, herritik zer geratzen zaigun aztertu beharko genuke.

-Ederra diskurtsoa!

-Oinarrizko gauzetan ezin duzue huts egin. Esplikatzen ez dena ez da existitzen jendearen gogoan. Eta jarraituko du astakeria handiagoak sinesten, adibidez Urkullu dela euskaldun guztien lehendakaria.

-Ez da, ala?

-Ez dakizue zein kalte egiten duen honek! Erredukzionismo bat da, baina alimalekoa sortzen duen nahasmena. Ez da egon euskaldun guztien Lehendakaririk historian, euskaldun guztiak batu zituzten errege-erreginak baizik. Baina esaten bada Urkullu dela guztion Lehendakaria, arazo nazional bat hiru probintzietara murrizten ari zara, eta hala ulertuko du jende gehienak. Jendeari markoak eman behar zaizkio etengabe, arazoa bere osotasunean uler dezan.

-Baina zertarako balio du gauza horiek esatea?

-Pedagogia da, my friend. Ezer ganorazkorik ezin baduzue egin oraingoz, hasi behintzat pedagogia egiten, hori da etorkizuneko ekintza sakonagoen zorua.

-»Zoru etikoa» delako hori?

-Baita zera ere! Ez zaitezte patetikoak izan, mesedez!