Tag Archives: pako aristi

Etxebarrietaren pistola

http://paperekoa.berria.info/iritzia/2013-06-02/006/001/etxebarrietaren_pistola.htm

2013-06-02

Etxebarrietaren pistola

PAKO ARISTI

IDAZLEA

Donostia 2016ko Europako Kultur Hiriburua aukeratzeko bezperetan ideia harrigarri baten berri irakurri nion Santi Eraso arduradunari El Diario Vasco-n. «Bakearen besarkada» deitzen zen harako asmakizun hura. Zertan zetzan? Hona laburpena: «Omenaldi bat izango da, batetik ETAk hil zuen lehen guardia zibilari, Jose Pardines Arcayri, eta bestetik Guardia Zibilak hil zuen lehenengo ETAkideari, Txabi Etxebarrieta Ortizi. Giza-kate bat egingo dugu haiek eroritako bi lekuen artean dauden 26 kilometrotan, Adunatik (Villabona) Benta Haundira (Tolosa)». Ondoren zioen berak Kilometroak eta gisako jai baten antzera irudikatzen zuela, orkestra, txotxongilo eta gisako festagiroko osagarriekin, «biolentziaren zamatik azkenean aske gaudela ospatzeko».

Ez dut ukatuko albisteak lur jota utzi ninduela; garai hartan errepublika baltikoen historia aztertzen ari nintzen, eta han egin zuten giza-katea, historiarako «Iraultza abestua» bezala bataiatua izan dena. 1989ko abuztuaren 23an, Vilniusetik Tallinnera dauden 600 kilometro lotu zituzten bi milioi pertsonek elkarri eskutik helduta. Lituania, Estonia eta Letoniako biztanleak ziren denak, independentzia eskatuz, euren herrialdeen «des-rusifikazioa», Sobiet Batasunarekin harremanak eteteko exijituz. Gu gauza ote ginen konkistatu eta herri gisa birrindu nahi izan gaituen estatuko indar armatuei omenaldia egiteko?

«Iraultza abestua» eta Santi Erasok proposatzen zituen txarangak gogoan, Ngugi Wa Thiong idazle afrikarrak Erlea aldizkarian esandakoa gogoratu zitzaidan: «Menperatzeko sistema baten azkeneko garaipena da menperatua sistema horren onurak kantatzen hastea». Edo okerragoa dena, gehituko nuke: menperatuak sistema horren onurak kantatuko dituzten agintariak aukeratzea bere ordezkari gisan.

Baina aldaketak egon ziren gure mapa politikoan, «aro berri» bat, esan zuten, agintari berriak erakundeetan, tartean Donostia 16 kudeatzea egokitzen zaien batzuetan. Denbora igaro zen eta ahaztua neukan aspaldi eldarnio hark sortu zidan gorputzaldi txarra… pasa den apirilaren 29an berriro aktibatu zaidan arte. Hara non albistea berriro aurkitu dudan, inoiz joaten ez diren amesgaizto horien gisan, egunkari berean, asmo berbera mantenduz. Zur eta lur geratu naiz: ez al ziren bada independentista desobedientziazale eta herri gisan erantzun gogokoak erakundeotan agintea lortu zutenak? Informazioaren egiatasuna zalantzan jarririk ere, susmorik txarrenaren kezka barru-barruraino sartu zait.

1968ko ekainaren 7an, Villabonako kontrol batean hil zuen Etxebarrietak Pardines Guardia zibila. Handik ordu gutxira, Benta Haundin hil zuen Guardia Zibilak Etxebarrieta. Julen Madariagak De las armas a la palabra liburuan kontatzen duenez, Etxebarrietak Jose Pardines hiltzeko erabili zuen arma gerra zibileko pistola zahar bat zen, 7.65 kalibreko Astra bat. 30 urtez tirorik egin gabe egon zen, lozorroan, esnatu zuten arte.

Gure interes nazionalaren ikuspuntutik ezin ditugu bi biolentzia horiek parekatu inoiz; bata estatu arrotz baten okupazioa bermatzera datorrelako, eta bestea askatasuna nahi duen herri batek okupazio horri aurre egitera zetorrelako.

Harira dator Koldo Martinez Garatek bere Paradigma nafarra liburu bikainean kontatzen duena: «Juan de Ovandok, 1573an Indietako ordenantza berri batzuen edukiaz ari delarik, esplizituki esaten du ez direla konkistak baztertu behar, baizik eta ‘konkista’ hitza, eta horren ordez ‘baketze’ hitza erabili». Zer ikusirik ba ote du honek gure garaiko baketze honekin? Ez ote gara hezur-muineraino sartua daukagun konkista onartzen ari «bakegintza» hitzaren mozorropean?

Herri hau ideologiko makaltzen, moteltzen eta inozotzen ari dela iruditzen zait, oso abiada azkarrean gainera. Inoiz ikustea uste ez nuen gauzak ari naiz ikusten aspaldian: ETBk omenaldi beroa eskaini dio Antonio Basagoitiri prime-timean; Gernikan Jesus Egigureni omenaldia eskaini zaio.

Baina zer bake eskaini du Egigurenek? Erretiratu ditu Espainiak bere gizon armatuak eta erakunde antzutzaileak gure lurretik? Zein izan da Egigurenek eskaini duen kontraprestrazioa? Ez presoen kaleratzea, ez autodeterminazioaren aukera eta ez beste ezer, alderdi baten legalizazioa baizik, Espainiako erakundeetan parte har dezan. Pozoindutako eskaintza gure herriarentzat, dudarik gabe; hori bai, opari paperean bildurik. Eta horrekin batera politika konbentzionalaren esparruari dagozkion hitzarmen puntualak Bildurekin, fiskalitateaz, zergei buruz, iraulketa politikoa ekar dezakeen oro bazterturik.

Orain pistolak entregatzeko garaia heldu da, baina haiekin batera ez dezagun gure historia garaikidearen memoria ere deuseztu. Zer pentsatu behar dute gazteek? Nola ulertu behar dute bere herriaren historia borrokalariak kolono okupatzaileekin parekatzen baditugu? Nik ez dut nire bizitza politikoa Guardia Zibilekin partekatu nahi, besteak beste, haiek alde egin arte ez delako hemen normaltasunik existituko. Nork ikusi du Frantzian, Polonian edo Austrian Hitlerren omenezko ekitaldirik? Nork ikusi du Ekuadorren, Venezuelan edo Bolivian Espainiako erregeen estatuarik?

Espainolisteei ez diegu baimenduko, ezta garaituaren umiltasunarekin eskatzen badigute ere, 500 urtez Espainiaren dominazioa ezarri ziguten mertzenario armatuekiko omenaldirik. Arren, ez diezaiegun utzi euren esku zikinak Etxebarrietaren gainean para ditzaten.

Etxebarrietaren pistola: hori da herri honen erresistentziaren oroimena gorde duen sinboloa, beste batzuen artean; estatuaren biolentziaren monopolioa hausteko burutu zen eginahal ausart eta frustratuaren kontzientzia. Zuzenean Jose Antonio Agirreren gobernu «de facto» independentearekin lotzen gaituena; eta ez ahaztu Agirrek, exilioaren urruntasunean, Nafarroako Erresuma independentea zuela desira eta amets, ez Euskadi autonomoa.

Orain, pistolak (gureak) isildu direnean, ez dezagun injustizia baten oroimena egituratzen duen diskurtsoa ere desegin.

Gogoetak itsasoari begira

http://paperekoa.berria.info/iritzia/2013-08-04/005/001/gogoetak_itsasoari_begira.htm

2013-08-04

Gogoetak itsasoari begira

PAKO ARISTI

IDAZLEA

Arrantzale jubilatu batek deitu ninduen Getariako moilan. Erosi-berri duen ontzia erakutsi nahi zidan, «kanoa» dotore bat, txibietarako darabilena. Lemaren kabina gaineko bandera espainolari begira nengoela ikusirik, jartzera behartu zutela esan zidan, isunaren mehatxuz eta presentzia polizialaren izutzeko ahalmena profitatuz.

Yatea erosi eta berehala agertu zitzaizkion bi Patrol berde banderaz galdezka. Barruan zeukala, berak. Ezetz, kanpoan behar zuela, ongi bistan, bestela 300 euroko isuna izango zuela.

Irudikatu nuen, goiz batean, komisaldegian tenientea aginduak ematen bere gizon armatuei: hartu zortzi gizon, sartu bi Patroletan eta zoazte, legedia eskuan, Getariako moilara arrantzale jubilatu bat mehatxatzera. Justu ni moilatik ateratzen ari nintzela ikusi nituen berriro Guardia Zibilak etortzen: zortzi gizon, bi Patroletan, ea arrantzale gizarajoak haien agindua betea zuen baieztatzera.

Justu egun hartan Espainiako Defentsa ministroa zetorren egunkarian, esplikatuz ejerzitoak Euskadin dituen kuartelak ez dituztela itxiko, «defentsa nazionala» burutzeko beharrezkoak direlako.

Saiatuko gara historia ahazten, baina errealitateak gure begien aurrera ekarriko digu, etengabe, egia izugarria: konkistak jarraitzen duela, isil-isilik, atsedenik hartu gabe, setati, iraun eta iraun denboran.

Ekainaren 6ko BERRIAko titularrak gogoratu nituen, Xabier Gantzarainek ironia freskoaz «Alde ederra da gerra oste baketsu hau!» zioen bitartean: «Auzitegi Nazionalak ezker abertzaleko 40 lagun epaituko ditu urrian»; «Bateraguneko bostak kartzelan segitzea ebatzi du Auzitegi Konstituzionalak»; «Inoiz baino kexu gehiago jaso dituzte Behatokian: 1.431».

Euskaldunok, horrela, zigor bikoitza jasotzen dugu: historiak ezarri diguna, batetik, eta gure itsutasuna, bestetik, ingelesen errefrau baten arabera «Jainkoak zigortu nahi gaituenean itsu bihurtzen baikaitu errealitatearekiko».

Gerrak jarraitzen du. Eta ezin badiogu «gerra» deitu, erregimen totalitario baten eraso etengabeak direla esan beharko dugu. Eta jarraitzen du akulturizazioak: Azkoitiko batxilergoko ikasleei egindako inkesta baten arabera, %29ak soilik ezagutzen du Kirmen Uribe, gure ospetsuenetakoa.

Kezkatzen naute berreskuratzeko dauzkagun espazioek, baina larritzen nau, baita ere, gure egoeraz ohartzeko behar dugun denborak.

Duela bi urte gure politikoen noraeza salatu nuen Zer gertatzen zaie gure politikoei? artikuluan, eta txistuak jo zizkidaten. Berriki Maddalen Iriartek gauza beretsua esan du Azpeitian hitzaldi batean, laburtuz, politikoek asko hitz egiten dutela ezer ez esateko, ez direla ezer konpontzeko gauza, eta txaloak jo zizkioten.

Etsai jauna, buenos dias artikuluan salatu nuen etsaiekiko dugun inozotasuna, eta txistuak jo zizkidaten; berriki Hasier Arraizek gauza bera esan du egunkari batean: «PSE-EErekin dezepzionaturik gaude. (…) Madrilen esandako guztia betetzen dute». Mezu ofizial bihurtua da nire ahotan polemikoa zena.

ETArik gabe dena posible zela sinestearen torpezia politikoa ere salatu nuen. Eta hara non, bi urtera, Hasier Arraizek berresten duen nirea: «Esan zuten ETArik gabe dena posible zela, baina ez da hala izan». Eta Joseba Alvarezek ere bai, Libre izeneko dinamikaren aurkezpenean: «Armarik gabeko jokaleku batean ideia guztiak libreki defenda genitzakeela zioten, baina hara non gauden».

Eusko Jaurlaritzaren ospe galduak izan duen birraktibazioa salatu nuen hauteskundeetan, eta apirilean Abel Muniategi, Ibarretxeren garaian Sailburuorde izandakoa arrazoia ematera etorri zitzaidan BERRIAn bertan: «Niretzat frustragarri samarra izan zen, ikusten nuelako hura ez zela gobernua, administrazioa baizik. Eta administratzeko ez da zertan abertzalea izan: egunero sortzen diren lanak konpontzea baino ez da, eta horretarako ez da ideologia konkreturik behar. (…) Nire iritziz Gasteizko gobernutik ezin da gauza miragarririk egin».

Nafarroan (edo EAEn) hauteskundeak irabazita erregimena alda litekeela uste dutenei egoki erantzun zien Moañako arrantzale batek, telebistan preferenteen auzia zeinek konpondu beharko lukeen galdetu ziotenean: «Lehenengo goiko gobernuak, eta gero gureak». Lehen esaldian eskua altxa zuen, bigarrenean jaitsi, garbi agertuz bizi dugun sistema politikoaren hierarkia.

Herri baten ahuldaderik handiena da ez jabetzea daukan indarraz. Eta esklabotzaren sintomarik nabarmenena da herri arrotzaren gorrotoak beretzat hartzea, zapaltzaileak digun gorrotoa geuk ekoiztea eta geure identitatean txertatzea. Gure arteko haserrea gauza gozoa da etsaiarentzat.

Gure fragmentazioa Gaztelan diseinatu zen. Gure osotasuna Euskal Herrian diseinatuko da. Euskal Herriak diseinatuko du bere buruarentzat. Guk ez genion Gaztelari deitu hona etor zedin gure erakundeak konpontzera; orain ere ez diogu deituko, ez laguntza eskatzeko, ezta informaziorik emateko ere. Gure etorkizuna guri inporta zaigu, ez Espainiari edo Frantziari, besteak beste, haien borondatearen aurka eraiki beharko dugulako.

Okupatu gintuztenetik arazoak besterik ez ditugu izan haiekin. 800 urte. Nahikoa da arazotan ibiltzeko, ezta? Independentziarekin bukatuko dira arazo horiek; eta hortik aurrera, edozein estatuk munduaren egoerak eraginda dauzkan arazo berberak izango dira gureak, baina burujabetzatik abiatuta konponduko ditugu, eta ez menpekotasun politikotik.

Hori lortzen ez dugun artean, beti haserre ibiliko gara Espainiako «makinaria judizialarekin», Frantziaren adar-jotzeekin, beti borrokan. Ibiliko gara inoiz gure herriaren potentzialitate guztia garatu ezinik, beti erdizka, errenka, erdipurdika, errespetua eskatuz espainol agintari atzerritarrei, Konstituzionalari giza-eskubideak bermatzeko ardura exijituz, itxaropen mortuaz munduan gure negarrari kasu egingo dioten agintarien esperoan eternalki, historiaren aurrean behin betiko askatasun oso, global eta integrala lortzeko ezgauza izan ziren herrien zerrenda tristean negar-zotinka.