Tag Archives: pako aristi

Aurrean zer daukagun ez dakigularik

http://paperekoa.berria.info/iritzia/2013-04-07/004/001/aurrean_zer_daukagun_ez_dakigularik.htm

2013-04-07

Aurrean zer daukagun ez dakigularik

PAKO ARISTI

IDAZLEA

Iñaki Uriak laburtu zuen Hitza-n, esaldi xume batez, gure tragedia nagusiaren muina: «Espainian ez gaituzte hiritar bezala tratatzen, etsai bezala baizik». Esaldia latza da, guretzat erabat tamalgarria den ifrentzua daramalako bere baitan: «Euskal Herrian ez ditugu etsai bezala tratatzen, hiritar moduan baizik».

Gaizki gabiltza ekuazioari buelta ematen ez badiogu, eta etsaitzat gauzkana guk kide eta kolaboratzaile moduan tratatzen dugun bitartean. Politikan ezinbesteko zeregina baita etsaia ongi definitzea, zehaztea, eta horren araberako tratua eskaintzea; aurreneko lana da, zorrotz eta sakon egin beharrekoa, inoiz galdu gabe gure estrategiaren horizontean etsai horren muina. Gu suntsitzeko dauzkan tresna ageriko eta ezkutuen zerrenda egin behar da, eta defentsa parapeto ideologikoak eta legalak eskuratu.

Oraintsu, Lander Garrok azpimarratu du BERRIAn euskal idazleek errealitatearekin daukaten distantzia, gauza interesgarri askoren artean hau esanez: «(…) Denok dakigu zer esan behar dugun, eta zer ez. Eta, kasu honetan, bereziki geure gaiaz ari naiz, Euskal Arazo deitzen duten baina finean Kolonizazioaren Arazoa den horretaz».

Iñaki Iriondok estatu espainolaren erradiografia zehatza egin zuen Gara-n 2011ko artikulu batean. Bigarren puntuan Epaitegi Gorena salatzen zuen, Euskal Herriaz dauzkan erreferentziak mediatizatuak daudela esanez, «koloniala izan litekeen ikuspegi batetik».

Gero eta ugariagoak dira kolonizatuta gaudela dioten ahots kualifikatuak; baina bestetik jarraitzen dugu funtzionatzen askeak bagina bezala, Espainian berdintasun eta normaltasun egoeran gaudela sinetsita, eta ez kolonizatuen gisan. Horrek esan nahi du baieztapen historiko bati, mendeetako akulturizazioaren lainoetatik berreskuratu dugun argi izpi horri, ez diogula formulazio politikoa eman. Euskaldunok ez garela, oraindik, demos bat osatzeko gauza izan, eta gure ahalmen analitikoak ez duela egunerokotasuna zipriztintzen. Batzuek «euskizofrenia» ere deitzen diote.

Gauzak esaten ditugu, baina gero ez dugu horren arabera jokatzen. Gure iritziak, ideiak, ez dira eguneroko jardunean gauzatzen, ez dute diskurtso politiko sendo, borobil eta koherentea artikulatzen. Gure ikuspuntuak ez dira metatzen, pilatzen, haien araberako jarrera eta erabaki politikoen ongarri bihur daitezen. Eta hau gertatzen da, nagusiki, estrategia propiorik ez daukagulako, estrategia globala, nazionala, bateratzailea, osotzaile eta osatzaile, iragana eta oraina zentzuaren hariaz bilduko dituena. Hori gabeko herria etsaien estrategiaren mende geratzen da modu anker, lotsagarri eta negargarrian, barne-dinamika irabazle baten muina inoiz elikatuko ez duten ekintzak eginez, han-hemenka barreiatuak geratuko direnak, euritan desegindako malko ospetsu haien antzera.

Kolonizazioa ez da, preseski, lurralde urrunetan soilik gertatzen; hemen bertan gertatu zen, konkista odoltsu baten ondorengo okupazioaren bitartez, gure erakundeak deuseztatuta, inbasioari aurre egin zutenei lurrak kendu eta bertako biztanleen hizkuntza, euskara, gurea, debekatu zutenean. Hau ikusten, definitzen eta kontatzen ez badakigu, gaizki ibiliko gara.

Kolonizazioak jarraitu egiten baitu, beste tresna batzuk erabiliz, modu gorde eta xumeagoan, baina legediaren eraso-indar basati berarekin. Saiatuko dira gu nahasten, entretenigarri izango zaizkigun arazotxoen amuak behin eta berriro gure aurrean ipiniz, udaletako bandera espainolak direla, ETBko mapa eta beste asko, haien makinaria akulturizatzaileak etenik gabe plazaratuko dituenak.

Akulturizazioari hiperkulturizazio batekin egiten zaio aurre; ez liburuetan murgilduz soilik, baizik eta esplikazioak emateko dauzkagun plaza guztiak horretarako aprobetxatuz: hedabideak, elkarrizketak, parlamentuak, udalak, sare sozialak, denak. Horregatik hatsik gabeak iruditzen zaizkit telebistatzen dituzten euskal parlamentuko eztabaidak, mamiz labur, sakontasunik gabeko saio kamutsak. Pedagogia gehiena behar dugun unean, antipedagogia hedatzen dugu maiz.

Independentzia da kolonialismoari eman zaion erantzuna munduan zehar. Herri independente batek etsaitzat definitzen du okupatzailea. Autonomismoa, aldiz, zapaltzailea gure kidetzat onartzea da; gure arazoa konpontzeko berarekin itunak egitera garamatza. Eta autonomismoaren ezaugarria da urtean zehar bizpahiru egun gordetzea independentzia aldarrikatzeko: azkena pasa den igandean izan dugu; azken-aurrekoa abenduaren 6an; hurrengoa Salburuan.

Tristea egiten zait ikustea abertzaleen ikuspegi diskurtsiboa gehienez ere Gernikako bonbardaketaraino iristen dela, ahazturik Gernikan ez zela Espainiaren eta Euskal Herriaren arteko gerrarik erabaki, Espainiako faxista errebeldeen eta errepublikar legitimoen artekoa baizik; Espainiaren gerra izan zen, eta euskaldunen indar legitimoa Espainiako Errepublikaren alde odolustu zen, ez Euskal Herriko independentziaren alde.

Sasi kontzeptualak garbitu, eta lupetz artetik gure urguilua eta herriarekiko maitasuna modu natural batean erreskatatzen ez ditugun arte, hemen ez da normalizazio politikorik gertatuko. Munduko biztanle guztiek nahi dute bere nazioarentzat onena, alegia: independentzia, soberania, buruestimua eta errespetatuak izatea.

Hori adieraztea litzateke lehen pausoa; bigarrena hori ukatzen digunari mozorroa kentzea, kolonialista eta inperialista dela esatea. Horretara ausartuko bagina, herri honek sekulako aurrerapena egingo luke etorkizun duin baterako bidean. Kontzeptuak herritarren burmuinean biziko badira esan egin behar direlako. Esaten ez dena ez da existitzen. Baina esaten dena praktikan jartzen ez bada, arazoak bere horretan jarraituko du.

Julen Arzuagak honela definitu du Frantziako espetxe politikak Xabier Lopez Peñari eman dion tratua: «Ez da humanitate, ez diplomazia, ez politika». Beraz, nola tratatu behar dugu guk gure kolonizatzaile andana, hiritar gisan, naziogintzan: kide, ala etsai moduan?

Mikel Garciari, Pako Aristiren harira

http://paperekoa.berria.info/iritzia/2013-07-13/005/004/mikel_garciari_pako_aristiren_harira.htm

2013-07-13

ZUZENDARIARI

Mikel Garciari, Pako Aristiren harira

JOSEBA UNZALU AURREKOETXEA GASTEIZ.

Hernaniko Mikel Graciak asteazkenean Zuzendariari atalean idatzitako artikuluari erantzuteko asmoz idatzi ditut lerro hauek.

Inperio guztiak inperialismoaren bidez nagusitu dira, hau da, indarkeria militar/polizialaren bidez, terrorismoa praktikatuz, alegia, eta behin hori burutu ondoren, inperioaren kudeaketa «leun» politikoa dator. Inperialismotik inperiora bitarteko bidea, bilakaera jarrai baten bidez gertatzen da, eta gizarte menperatuen akulturazioa dakar. Gizabanakoak, familiak, komunitateak inperialismoak goraipatutako balioak bereganatzen ditu emeki-emeki eta mendez mende.

Inperioak bere «akordioa/legea» inposatzen du, dugun nortasun berria «eskuratzen» edo «onartzen» dugulako, eta indarrez ezarritako legeak, nola ez, hilzorian dugun nortasun ukatuaren gainetik daudelako.

Horrela sortzen dira baztertuak, konspiratzaileak, asozialak, borrokazaleak, eta baita ere «beltzak», «indioak»… eta Pako Aristi bezalako astintzaileak, noski.

Eskubideez ari garenean pentsatu dugu noizbait zenbat aldiz arbuiatu diren, lehen eta orain, euskaldunen eskubideak? Gaur ere agerian ikus daiteke eskubide horien urraketa Nafarroan eta Iparraldean, «inperio demokratikoen» eskutik.

Mikel, hauxe esango nizuke: kolonoak ez dira zertan kanpotik etorritakoak izan. Euskal Herrian jaiotako asko kolono gisa jokatzen dute etengabe, inperio zanpatzailea distiragarri egiten.

2013-07-10

ZUZENDARIARI

Pako Aristiren artikuluaren harira

MIKEL GARCIA. HERNANI.

Honako gutun hau, zure egunkariak ni bezalakoei falta izan dion errespetuaz idazten dizut.

Eztabaida dabil sare sozialetan xenofoboa eta arrazista ez ote zen Pako Aristik pasa den igandean zure egunkariko orrietan argitaratutako artikulua. Nire aita Gaztelako herrietan jaio zen, handik Euskal Herrira etorri zen, bizi beharrak eraginda. Ez daki euskaraz. Nor da Aristi nire aitari kolono deitzeko? Nire aitak Euskal Herrian sortu ninduen, herri honen etorkizunarekiko kezka piztu eta irakatsi zidan, baina ez ikuspegi nazionalari dagokionez bakarrik, baita sozial eta kulturalean ere (Aristi jaunarentzat bigarren mailakoa dirudiena).

Ni bezalakoentzat, Aristiren artikulua mingarria da. Eta nahi dugun bezala bizitzeko eta izateko errespetuaren kontrakoa. Niretzat, nabarmen, eskubide urraketa bat dago artikulu hori argitaratzea erabakita, BERRIAk hala ikusi ez zuen arren, nire identitatea bera iraintzen eta gutxiesten duelako. Nik pertsona bezala ditudan eskubideak urratzen ditu, eta horrek, egunkari honen ildo editorialean oinarrizkoa izan beharko luke, eta horren adibide da ez lukeela antzeko iritzirik onartuko genero edo sexu askatasuna urratuko balu. Aristik arrazoitu baino gehiago iraindu egiten du.

Aristi jaunak bere izen onarekin nahi duena egin dezake, baina besterik da zuk zure egunkariko ateak zabaltzea halako artikuluei, zure egunkariaren eta egunkariko langileen izen eta lan ona eta ildo editoriala kolokan jartzen dituzulako.