Tag Archives: orreaga

Zertan ari gara?

http://paperekoa.berria.info/iritzia/2011-11-22/008/001/zertan_ari_gara.htm

2011-11-22

Zertan ari gara?

M. I. URIARTE

ORREAGAKO KIDEA

Gero eta maizago entzuten ari gara gure artean, «erabakitzeko eskubidea» eta «estatus politiko berria» bezalako aldarrikapenak, lehenagotik entzuten ziren pluraltasuna eta transbertsalitateahitzen ondoan. Badirudi autodeterminazio eskubidea ezkutatzeko edo mozorrotzeko ahalegin baten aurrean gaudela. Ez dira gauza berdinak, hala ere. Desberdintasun hori zertan datzan azaldu nahi dut.

Euskal Herria ez dela existitzen diote; existitzen ez den herri batek ez dauka inolako eskubiderik. Beraientzat, hemen dauden hiritartasun eta subiranotasun bakarrak espainiarra eta frantziarra dira. Badakite, hala ere, euskal hiritarra soilik izan nahi duen jendea badagoela. Eta horregatik erabiltzen dituzte gure artean, hemen bezainbeste inon erabiltzen ez diren pluraltasuna eta transbertsalitateahitzak.

Herri bat existitzen da, botere bat duela erakusten duen artean; gureak askatasun gosea du, eta horrek, botere bat duela adierazten du.

Zergatik, beraz, askatasuna edo autodeterminazio eskubidearen ordez, erabakitzeko eskubideaeta estatus politiko berria bezalako terminoak hain maiz erabiltzea gure artean? Arerioak urtetan sartu digute buruan, gu «pluralak» garela eta «transbertsalitatea» behar dugula. Ondoren etorri zaizkigu haien belarriak goxatzeko besterik balio ez duten «erabakitzeko eskubidea» eta «estatus politiko berria». Baina gure herriaren existentzia bera ukatzen dute.

«Erabakitzeko eskubideak» —independentzia, beste aukera guztiekin parekatzen duenez— ahalbidetzen duena da dependentziaren aldeko erabakia ere hartu ahal izatea, hau da, askatasunik ez izatea. Herri bati datxekion edo berezkoa duen ezaugarri eta eskubide bakarra bere askatasuna da. Dependentzian dagoen herri bat ez da herria, nahiz eta beste ezaugarri batzuen jabe izan (ikus Pueblo y Poder liburua, 35. orrialdea, 16. oin-oharra).

Subiranotasuna lortu nahi duen herri bati ez dagokio «erabakitzeko eskubidea»; aldiz, autodeterminazio eskubidea, independentzia, dagokio.

«Estatus politiko berriari» buruz, ez du auzitan jartzen Espainiaren subiranotasun bakarra. Bake egoera batean bizikidetzarako itun berri bat besterik ez du planteatzen. Zeinen arteko bizikidetza baketsua, ordea? Zeintzuen artean hitzartu behar da itun hori? Gure herri izaera ukatzen dutenen eta gure artean? Baketsua al da inposizio eta okupazio egoera hau?

Beste «Estatus politiko berri» batzuk izan ditugu azken hamarkadetan, eta ez gaituzte askatasunera eraman. Azken trikimailu honek ere ez gaitu libreak egingo; autodeterminazio eskubidea ez diren beste asmakizun guztiak sabai berdina dute: espainiar/frantziar estatuen zati bat izatea, ez ordea gure estatu propioa berreskuratzea.

Goazen ba, gure buruak erabat «garbitu» nahian, espainiarrak sartu dizkiguten bi hitz horiek aztertzera. Transbertsalitatea, inon baino gehiagotan erabiltzen den hitza dugu. Dirudienez, desberdinen arteko akordioetara heltzeko modu bakarra dugu. Hemen, bi herri identitateen, bi nortasunen —bata menperatzailea eta beste menperatua— arteko gatazka politikoa dago eta «transbertsalitateak», alde bateko «beto» eskubidea besterik ez du ezkutatzen, menpekotasuna bere horretan mantendu nahi dutenen «beto» eskubidea.

Menperatzaileak eta menperatuak dauden herri batean, independentzia edo dependentzia ezin dira «transbertsalki» erabaki. Menperatzaileak nola onartuko du inoiz, indarrez menperatua daukan herriaren independentzia? Ezinezkoa da akordio «transbertsal» bat lortzea. Espainia, Frantziaren menpean zegoenean, espainiarrak askatasuna nahi zuten; ez ordea Espainian zeuden frantsesek. Eta Espainiak ez zuen akordio «transbertsal» bat, menperatzaileen beto eskubiderik, onartu. Nahikoa izan zuen espainiarren askatasun nahia, independentzia gerra bat egiteko.

Zergatik diote, orduan, independentzia nahi dugunok, nahi ez duenari inposatzen ari garenik?

Beste herri aske guztietan bezalaxe, gurean askatasuna daukagunean, «transbertsalitatea» ez da beharrezkoa izango; eta pluraltasuna hitzak, herri aske horietan duen zentzu berdina izango du.

Bertolt Brechten antzezlan batean, morroiak esaten zion ugazabari: «zu eta ni ez gara gu». Hemen ere, «zu» eta «ni» ez gara «gu». «Gu» hori, herri bat garela sinesten dugunok osatzen dugu. Gainontzekoak beste «gu» bat dira. Gaurko egoeran «morroiak» garenok ezin dugu «ugazaba» direnekin «gu» berdin bat izan eta «gu»re etorkizuna elkarrekin erabaki.

Naziotasun desberdinen arteko adostasunak, herri askeak direnen artean soilik lortu daitezke. Ez badira askeak, emaitza ez da adostasun bat, baizik eta «beto» bat, inposizio bat.

Hemen ezarri nahi den «transbertsalitatea», espainiartasuna onartzen duten eta ez dutenen arteko adostasun saio bat da, absurdo bat besterik ez da. Herri honetako sentsibilitate desberdinen bizikidetza bilatzen dute «transbertsalitatearen» bidez. Zer dira sentsibilitate desberdin horiek? Ez dira herri hau gorria edo urdina izan behar duela dioten iritzi desberdinak, baizik eta herri hau Euskal Herria dela edo Espainia dela diotenen sentsibilitateak.

Argi hitz egin dezagun: herri honi autodeterminazio eskubidea dagokio, berez. Herri aske batean, beste herri batzuen esku-sartzerik ez dagoen herrian, ez dago «transbertsalitatearen» beharrik, ez dago «erabakitzeko eskubidearen» beharrik, ez eta «estatus politiko berri» baten beharrik ere; ez hemen, ez Espainian, ez beste inon ere. Askea den herri batek, egoera demokratikoa dauka, herri horretako kide guztien artean onartutako gehiengoen eta gutxiengoen legea dago indarrean, Rousseauren «lehen konbentzioa», ez «transbertsalitatea».

Beraz, hori izan behar du gure lehenengo lana: herri bat garela erakustea. Batzuk diote nahikoak direla ezaugarri batzuk —historia, kultura, hizkuntza, lurraldea, eta abar— herri bat existitzen dela baieztatzeko. Ez dira, ordea, betebeharreko ezaugarriak. Ezinbestean betetzen dena da, botere nahikoa edukitzea: askatasuna nahi izatea. Herri batek ez badu botererik, inork ez du topo egiten berarekin, inork ez du kontuan hartzen, ez da herri bat, beste zerbait da eta desagertu egiten da.

Lehen esan bezala, herri batek berezkoa du askatasuna, autodeterminazio eskubidea. Hori adierazten duenean, eta modu kontsekuentean jokatzen duenean, boterea duela nabarmentzen ari da. Ez ordea, «pluraltasunaren» eta «transbertsalitearen» izenean, independentziaz gain, beste egoera batzuk onartzeko prest agertzen denean, «erabakitzeko eskubidearen» eta «estatus politiko berri» baten bidez. Inoiz ez gaituzte errespetatuko munduan herri gisa, beste baten menpe bizi gaitezkeela erakusten dugun artean.

Gu herri bat bagara, ez dugu auzitan jarri behar gure askatasuna. Askatasuna ez da erabakitzen den zerbait. Herri bat ez bada librea, bietako bat, edo ez du nahi herria izan, edo norbaitek ukatzen dio libre izatea. Herri bezala jokatzen dugunean, askatasuna lortzerakoan, izango dugu demokrazia gure artean; bitartean, ez.

Municheko paktua (1962) eta Gernikako Akordioa (2010)

http://paperekoa.berria.info/iritzia/2012-06-09/006/002/municheko_paktua_1962_eta_gernikako_akordioa_2010.htm

2012-06-09

Municheko paktua (1962) eta Gernikako Akordioa (2010)

MIKEL ANTZA

ORREAGAKO KIDEA

Municheko Paktua (1962) sinatu zutenek bazekiten Espainiak Europan sartu beharra zuela frankismoa desagertzerakoan. Horretarako diktadura gainditu behar zen, Francoren ondorengo «trantsizio demokratiko» bat bermatu behar zen. Hori izan zen, hain zuzen ere, Municheko Paktuak prestatu zuena: Espainiako diktadura sistema demokratiko bihurtu zedin egin beharreko trantsizioa. Bitartean, horrelako paktuarekin, ezker oposizioak merituak irabazten zituen egiazko boterearen aurrean.

Epe laburrez bada ere — 1936ko urritik 1937ko abuztua—, izan genuen gure gobernu propioa.

Zoritxarrez, Francoren garaia amaitu zenean, guk ahalbidetu genuen Espainiaren label demokratikoa. Gu sartu ginen bere sistema unitarioan, bere orbitako satelite baten moduan. Subjektu politiko bat izaten jarraitu ordez, Espainiaren barnean desegin ginen. Municheko paktua sinatzeak hori suposatu zuen, automatikoki. Desadostasun ahotsak entzun ziren Munichen bertan baina buruzagiek ez zieten jaramonik egin.

Akordio horrek erabat husten zituen atzerrian zegoen euskal gobernuaren identitate ezaugarriak. Garai hartan berehalako autonomia deitu zena exijitzea, gutxieneko baldintza bat zen Euskal Herria subjektu politiko bat izan zedin Espainiaren aurrean. Ondorengo edozein negoziazio batean bi aldeetako bat ez bada subjektu politikoa, ez dago negoziaziorik, ez dago erlazio politikorik; beste erlazio mota bat sor daiteke: morala edo etikoa, baina ez politikoa.

50 urte igaro dira eta ez da ikusten independentzia lortzeko estrategia berririk: betiko akatsak behin eta berriro; eskarmentuak ez du gurean inolako baliorik.

Gernikako Akordioak indarkeriarik gabeko egoera eta normalizazio politikorako baldintza batzuk jartzen ditu: ETA desagertzea, eskubide zibil eta politiko guztien aitortza, inoren aurkako mehatxu, presio, jazarpen, atxiloketa eta tortura mota guztiak desagertzea, edozein dela ere pertsona horien jarduera edota ideologia politikoa, eta presoen aurkako espetxe-politika etetea.

Ondoren, ezinbestekotzat jotzen du elkarrizketarako eta negoziazio politikorako guneak zabaltzea gatazkaren zioak eta ondorioak osotasunean aztertzeko. Gai politikoak konpontzeko, soilik bitarteko demokratikoak eta baketsuak erabiltzea proposatzen du, indarkeriarik ez erabiltzea eta akordioak errespetatzea. (…)

Akordio horretan protagonismo esklusiboa izango duten Euskal Herriko kultura politiko guztien artean bi alde nabarmendu daitezke: Euskal Herri independente bat aldarrikatzen dutenak eta besteak. Besteak esaten dudanean, Espainiar eta frantziar estatuek bere soberania zapaltzailearekin jarraitzearen alde daudenez ari naiz.

Bi alde horietatik, batek dauka indarra, biolentzia, eta biolentzia erabiltzearen mehatxua egiteko gaitasuna, hau da, politikaren muina; guk, aldiz, ez. Guk zilegitasun osoa dugu independentzia aldarrikatzeko. Besteari, ordea, ezin zaio inongo zilegitasunik aitortu, defendatu eta mantendu nahi duen egoera, gaurkoa alegia, armen bidez egindako konkista baten ondorioa delako eta Euskal Herriaren borondatearen aurka doalako. Biolentzia alde bakarrean dagoenean, ez dago akordiorik, inposizioa baizik.

Edukiei buruz, inork onartu behar al digu nazio bat garenik, edo independentzia —beste egoera batzuen artean— erabakitzeko eskubidea dugunik? Independentzia indarrez kendu ziguten eta, uko egin ez diogunez, ezarri egin behar dugu. Nola ezarri da gakoa. Ez noski kendu zigutenei egindako baimen eskaera baten bidez.

Espainiaren orbitatik kanpo mugituko den erakunde indartsu bat sortu behar da. Erakunde horrek bere indarra erakusten duenean negoziatu ahal izango dira, gobernu indartsuen artean, estatu indartsuen artean, independentziarako baldintzak.

Bitartean, hobe dugu erresistentzia eraginkor bat antolatu, galtzaile ziurrak izango garen negoziazio mahai batean, arerioak beto eskubidearen bidez erabakitako edukiak eta baldintzak onartzera behartuak izatea baino.

Gernikako Akordioak, estatua edo subjektu politiko bat izatea badu helburu, bide okerra planteatu du: ordena ez da negoziazio mahai bat osatu eta hortik indartua atera nahi izatea, estatu baten jabe atera nahi izatea. Alderantzizkoa behar du planteamenduak: erakunde propio indartsu bat eratu, indarra duzula erakutsi eta ondoren, negoziazio mahaian eseri. Soilik subjektu politiko bat bazara negoziatuko dute zurekin; horrela ez bada, ez dute negoziatuko, inposatu egingo dizute.

Gernikako Akordioak ez du autodeterminazioa, independentzia, planteatzen. Geroratu egiten du. Helburua, «marko demokratikoa» —utopia bat— eraikitzea da. Euskal Herria ukatzen duen estatutu-zikloa gainditzean datzan marko horrek, Euskal Estatua eratze-bidea egiteko bermeak eskaini behar omen ditu.

Helburua da, akordioak horrela dio, autodeterminazioa eta lurraldetasuna konponduko dituen eta proiektu politiko guztiak —independentzia zaleena barne— gauzatzea ahalbidetu behar duen «marko demokratikoa» eratzea. Hor lortutako akordioa, Espainiako estatuak errespetatu egin behar du.

Kontua da Espainia ezin dela guretzat inoiz izan «marko demokratiko» bat eta Gernikako Akordioak ez du horrelakorik lortuko prozesu politiko eta negoziazio mahaien bitartez. Demokraziak ez ditu sortzen giza eskubideak; giza eskubideek sortzen dute demokrazia. Demokrazia herriaren botere politikoa da, eta ez dago herriaren botererik oinarrizko giza eskubiderik gabe.

Espainia, noizbait «marko demokratiko» bat izango bada, Euskal Herriaren independentzia aurretik onartu beharko du, eta hori ez du inoiz bere borondatez, behartu gabe, egingo. Beste irtenbiderik ez duenean, gure indarrak eta beste baldintza batzuk behartzen dutenean soilik lortuko dugu gure independentzia. Ez, ordea, berak antolatutako hauteskundeetan parte hartuz, besterik gabe bere sistema legitimatuz, eta aldi berean negoziazio mahaiak antolatuz, non denok aurreikusi genezakeen irabazlea edo galtzailea: «abertzale beti galtzaile». Ez da izango abisatu ez delako.