Tag Archives: M. I. Uriarte

‘Demos’ bat al gara?

http://paperekoa.berria.info/iritzia/2012-01-19/004/001/demos_bat_al_gara.htm

2012-01-19

‘Demos’ bat al gara?

M. I. URIARTE

ORREAGAKO KIDEA

Duela gutxi irakurri ahal izan dut Jaume Lópezek idatzitako artikulu bat: «Derecho a decidir, derecho a la autodeterminación?»

Bi eskubide hauen arteko aldea zein den azaleratzeko, demos eta herria terminoak erabiltzen ditu bertan; gu zer garen eta zer ez garen esateko, alegia.

Zientzia politikoak demos horrela definitzen duela dio: erabakiak hartzeko, gehiengoaren legea aplikatzen den komunitatea. Beraz, ez gara herri bat; demos bat gara, komunitate bat gara.

Autodeterminazio eskubidea deskolonizazio testuinguru batean soilik omen da erabilgarria; nazioarteak aintzatesten badu herri bat kolonizatua dagoela edo inperio baten zati bat dela, orduan aplika daiteke eskubide hori.

Bi taldeen arteko gatazka politikoa autodeterminazio eskubidearen bidez konpondu ahal izateko, nazioarte mailako dimentsiokoa, estatuen artekoa behar du izan; Hillary Clintoni oposizioak galdetu zionean ea AEBek zein jarrera zuten katalanen, eskoziarren eta galiarren independentzia aldarrikapenei buruz, garbi adierazi zuen: «Ez naiz nahastuko Europako estatuen barne gaietan». Hortaz, estatu baten barruko gatazka bat omen gara.

Hala ere, edozein herrik, eta konkistatua izan den herri batek are gehiago, nahikoa du herri bat izateko borondatea, autodeterminazio eskubidearen jabe izateko. Oso erraza da ulertzea: gure etxean norbait indarrez sartzen denean, etxetik kanpo bidaltzeko eskubide osoa dugu; etxe horretan bizi garen guztien indarra erabiliko dugu ahalegin horretan.

Bi estatuen barnean dagoen herri bat al gara gu? Ezetz diote. Autodeterminazioaren bidea saihestu nahian, herri izaera ukatzen digute. Ez omen gara herri bat nazioartean; ez omen daukagu autodeterminazio eskubiderik. Ez bagara herri bat, zer gara?

Gizajende batek herria izan behar badu autodeterminazio eskubidea izateko, eta gu ez bagara herri bat, zerbait asmatu beharra zuten, izaera hori ukatua dugunon askatasun aldarrikapenak nolabait asetzeko; beste behin ere, sasi-konponketa edo amarru berri batean eror gaitezen.

Bai eta asmatu ere: «Erabakitzeko eskubidea». Zein da eskubide horren jabe? Demos-a, hain zuzen ere. Gu demos bat gara; beraz, erabakitzeko eskubidea daukagu. Guztiok gara demoshorretako hiritarrak, ez ordea herritarrak. Kultura, historia, erreferentziak, hezkuntza, hizkuntza, ohiturak, mitologia, kirolak, literatura, eta abar, desberdinak izateak ez dio axolarik. Guztiok nahasturik baina hiritarrak.

Hortik aurrera datoz, autodeterminazio eskubidearen gutxiespenak eta erabakitzekoaren laudorioak. Lehenengoa mugatua da, independentzia du aukera bakarra. Bigarrenak, aldiz, «erradikalismo demokratikoa» defendatzen du; independentziaz gain, guztia da lorgarria, irudizko edo ametsezko demokrazia batean. Gure kasuan, Espainia zein Frantzia demokratiko batean.

Autodeterminazio eskubidearen bidea aukeratzeak dakartzan zailtasunak azaltzeko asmoz, Kosovoren (Jugoslaviako autonomia ohia) independentzia prozesua jartzen du adibidetzat. Han lortutako aldebakarreko independentziaren baldintzak aipatzen ditu: 1.Akordio batera heltzeko bideak agortzea. 2.Biolentziarik eza. 3.Ordezkari legitimoek, demokratikoki aukeratuak eta inolako erreferendumik egin gabe, independentzia aldarrikatzea aho batez. Zailtasunak zailtasun, Hagako Epaitegiko magistratuek ez dute legez kanpokotzat ebatzi.

Jaume Lópezek dioenez, demos batek askoz ere errazago erabaki dezake guztia: «komunitate» horren antolakuntza instituzionala, edo bere muga politiko-juridikoak, adibidez. Erabakitzeko eskubidea erabaki demokratikoen helburuen handitzea baita. Edozein helburu lor dezake, erabakia demokratikoa bada, gehiengoak erabakitzen badu.

Gehiengoa aipatzen dutenean (beste autore batzuk), gehiengoaren printzipioaz ari dira, hau da, une bateko gehiengoak beti alda lezake bere iritzia etorkizunean; zer esanik ez gehiengo hori oraingoaren desberdina izanez gero; gaurko gehiengoak ezin du «betirako» erabaki demos horren etorkizuna.

Gure herriari dagokionez, ez gara demokrazia batean bizi, ez baita herri libre bat. Gune hori demokratizatzen saiatu behar al dugu, demos-aren erabakiak demokratikoak izan daitezen? Hori al da «marko demokratiko» bat lortzea? Guk bihurtu behar al dugu demokratikoa inperialista den eta zapaltzen gaituen estatu bat? Hori sekula ez dugu lortuko. Inperialismoa transmititu egiten baita belaunaldiz belaunaldi.

Lópezek dio, baita ere, Elkarte Autonomo bat demos bat dela, zalantzarik gabe, gutxienez lau urtez behin, bere autogobernu borondate demokratikoa erabiltzen duen populazioa biltzen baitu. Ez du nazioarteko errekonozimendu baten beharrik, eta ez du autodeterminazio eskubidea erabiltzeko aukerarik, ez eta beharrik ere.

Baina gauzak ez dira horrela. Gu, demos bat, komunitate bat, autonomia bat izan aurretik, herri bat gara, nazio bat gara, eta okupatuta dagoen estatu baten jabe gara. Horrek esan nahi du, beste herri/estatu guztiak bezalaxe, libreak izateko eskubidea gurea dugula, propioa, berezkoa. Ez dago nazioartearen baimenaren zain egon beharrik, ez dago erreferendum baten beharrik; ez bada ere, independentzia aldarrikatu ondoren. Egoera horretan, guk erabakiko ditugu baldintzak: errolda, epeak, erakundeak eta abar.

Beste estatuek joko arau horiek dituzte; askatasun egoera batean egiten dituzte hauteskunde deialdiak, baldintza guztiak beraien eskuetan dituzte. Espainia zein Frantzia sekula ez dira demosbat izan. Sekula ez dute erreferendum bakar bat ere egin independentzia egoera erabakitzeko. Eta, azkenik, ez dute une oro gehiengo baten beharrik, beste estatu baten barruan demos bat izan nahi duten ala ez hautatzeko. Askatasun egoera ez dute inoiz auzitan jartzen. Beste erabaki mota batzuk dira aukeran jartzen dituztenak.

Gu ez gara dena lor daitekeen paradisu demokratiko batean bizi garen demos bat. Ez dugu nahidemos baten erabakitzeko eskubiderik, Gure eskubidea independentzia da, zuzenean. Bi estatu inperialistaren pean gauden eta gure estatua bahiturik daukagun herri bat gara. Erakunde propio bat sortu behar dugu, aldebakarreko independentzia aldarrikapena egingo duena. Erakunde propio horrek berak, eta soilik independentzia egoera batean — ez lehenago—, antola dezake erreferendum bat, ea onartzen dugun herri bezala dagokigun egoera hori.

Zertan ari gara?

http://paperekoa.berria.info/iritzia/2011-11-22/008/001/zertan_ari_gara.htm

2011-11-22

Zertan ari gara?

M. I. URIARTE

ORREAGAKO KIDEA

Gero eta maizago entzuten ari gara gure artean, «erabakitzeko eskubidea» eta «estatus politiko berria» bezalako aldarrikapenak, lehenagotik entzuten ziren pluraltasuna eta transbertsalitateahitzen ondoan. Badirudi autodeterminazio eskubidea ezkutatzeko edo mozorrotzeko ahalegin baten aurrean gaudela. Ez dira gauza berdinak, hala ere. Desberdintasun hori zertan datzan azaldu nahi dut.

Euskal Herria ez dela existitzen diote; existitzen ez den herri batek ez dauka inolako eskubiderik. Beraientzat, hemen dauden hiritartasun eta subiranotasun bakarrak espainiarra eta frantziarra dira. Badakite, hala ere, euskal hiritarra soilik izan nahi duen jendea badagoela. Eta horregatik erabiltzen dituzte gure artean, hemen bezainbeste inon erabiltzen ez diren pluraltasuna eta transbertsalitateahitzak.

Herri bat existitzen da, botere bat duela erakusten duen artean; gureak askatasun gosea du, eta horrek, botere bat duela adierazten du.

Zergatik, beraz, askatasuna edo autodeterminazio eskubidearen ordez, erabakitzeko eskubideaeta estatus politiko berria bezalako terminoak hain maiz erabiltzea gure artean? Arerioak urtetan sartu digute buruan, gu «pluralak» garela eta «transbertsalitatea» behar dugula. Ondoren etorri zaizkigu haien belarriak goxatzeko besterik balio ez duten «erabakitzeko eskubidea» eta «estatus politiko berria». Baina gure herriaren existentzia bera ukatzen dute.

«Erabakitzeko eskubideak» —independentzia, beste aukera guztiekin parekatzen duenez— ahalbidetzen duena da dependentziaren aldeko erabakia ere hartu ahal izatea, hau da, askatasunik ez izatea. Herri bati datxekion edo berezkoa duen ezaugarri eta eskubide bakarra bere askatasuna da. Dependentzian dagoen herri bat ez da herria, nahiz eta beste ezaugarri batzuen jabe izan (ikus Pueblo y Poder liburua, 35. orrialdea, 16. oin-oharra).

Subiranotasuna lortu nahi duen herri bati ez dagokio «erabakitzeko eskubidea»; aldiz, autodeterminazio eskubidea, independentzia, dagokio.

«Estatus politiko berriari» buruz, ez du auzitan jartzen Espainiaren subiranotasun bakarra. Bake egoera batean bizikidetzarako itun berri bat besterik ez du planteatzen. Zeinen arteko bizikidetza baketsua, ordea? Zeintzuen artean hitzartu behar da itun hori? Gure herri izaera ukatzen dutenen eta gure artean? Baketsua al da inposizio eta okupazio egoera hau?

Beste «Estatus politiko berri» batzuk izan ditugu azken hamarkadetan, eta ez gaituzte askatasunera eraman. Azken trikimailu honek ere ez gaitu libreak egingo; autodeterminazio eskubidea ez diren beste asmakizun guztiak sabai berdina dute: espainiar/frantziar estatuen zati bat izatea, ez ordea gure estatu propioa berreskuratzea.

Goazen ba, gure buruak erabat «garbitu» nahian, espainiarrak sartu dizkiguten bi hitz horiek aztertzera. Transbertsalitatea, inon baino gehiagotan erabiltzen den hitza dugu. Dirudienez, desberdinen arteko akordioetara heltzeko modu bakarra dugu. Hemen, bi herri identitateen, bi nortasunen —bata menperatzailea eta beste menperatua— arteko gatazka politikoa dago eta «transbertsalitateak», alde bateko «beto» eskubidea besterik ez du ezkutatzen, menpekotasuna bere horretan mantendu nahi dutenen «beto» eskubidea.

Menperatzaileak eta menperatuak dauden herri batean, independentzia edo dependentzia ezin dira «transbertsalki» erabaki. Menperatzaileak nola onartuko du inoiz, indarrez menperatua daukan herriaren independentzia? Ezinezkoa da akordio «transbertsal» bat lortzea. Espainia, Frantziaren menpean zegoenean, espainiarrak askatasuna nahi zuten; ez ordea Espainian zeuden frantsesek. Eta Espainiak ez zuen akordio «transbertsal» bat, menperatzaileen beto eskubiderik, onartu. Nahikoa izan zuen espainiarren askatasun nahia, independentzia gerra bat egiteko.

Zergatik diote, orduan, independentzia nahi dugunok, nahi ez duenari inposatzen ari garenik?

Beste herri aske guztietan bezalaxe, gurean askatasuna daukagunean, «transbertsalitatea» ez da beharrezkoa izango; eta pluraltasuna hitzak, herri aske horietan duen zentzu berdina izango du.

Bertolt Brechten antzezlan batean, morroiak esaten zion ugazabari: «zu eta ni ez gara gu». Hemen ere, «zu» eta «ni» ez gara «gu». «Gu» hori, herri bat garela sinesten dugunok osatzen dugu. Gainontzekoak beste «gu» bat dira. Gaurko egoeran «morroiak» garenok ezin dugu «ugazaba» direnekin «gu» berdin bat izan eta «gu»re etorkizuna elkarrekin erabaki.

Naziotasun desberdinen arteko adostasunak, herri askeak direnen artean soilik lortu daitezke. Ez badira askeak, emaitza ez da adostasun bat, baizik eta «beto» bat, inposizio bat.

Hemen ezarri nahi den «transbertsalitatea», espainiartasuna onartzen duten eta ez dutenen arteko adostasun saio bat da, absurdo bat besterik ez da. Herri honetako sentsibilitate desberdinen bizikidetza bilatzen dute «transbertsalitatearen» bidez. Zer dira sentsibilitate desberdin horiek? Ez dira herri hau gorria edo urdina izan behar duela dioten iritzi desberdinak, baizik eta herri hau Euskal Herria dela edo Espainia dela diotenen sentsibilitateak.

Argi hitz egin dezagun: herri honi autodeterminazio eskubidea dagokio, berez. Herri aske batean, beste herri batzuen esku-sartzerik ez dagoen herrian, ez dago «transbertsalitatearen» beharrik, ez dago «erabakitzeko eskubidearen» beharrik, ez eta «estatus politiko berri» baten beharrik ere; ez hemen, ez Espainian, ez beste inon ere. Askea den herri batek, egoera demokratikoa dauka, herri horretako kide guztien artean onartutako gehiengoen eta gutxiengoen legea dago indarrean, Rousseauren «lehen konbentzioa», ez «transbertsalitatea».

Beraz, hori izan behar du gure lehenengo lana: herri bat garela erakustea. Batzuk diote nahikoak direla ezaugarri batzuk —historia, kultura, hizkuntza, lurraldea, eta abar— herri bat existitzen dela baieztatzeko. Ez dira, ordea, betebeharreko ezaugarriak. Ezinbestean betetzen dena da, botere nahikoa edukitzea: askatasuna nahi izatea. Herri batek ez badu botererik, inork ez du topo egiten berarekin, inork ez du kontuan hartzen, ez da herri bat, beste zerbait da eta desagertu egiten da.

Lehen esan bezala, herri batek berezkoa du askatasuna, autodeterminazio eskubidea. Hori adierazten duenean, eta modu kontsekuentean jokatzen duenean, boterea duela nabarmentzen ari da. Ez ordea, «pluraltasunaren» eta «transbertsalitearen» izenean, independentziaz gain, beste egoera batzuk onartzeko prest agertzen denean, «erabakitzeko eskubidearen» eta «estatus politiko berri» baten bidez. Inoiz ez gaituzte errespetatuko munduan herri gisa, beste baten menpe bizi gaitezkeela erakusten dugun artean.

Gu herri bat bagara, ez dugu auzitan jarri behar gure askatasuna. Askatasuna ez da erabakitzen den zerbait. Herri bat ez bada librea, bietako bat, edo ez du nahi herria izan, edo norbaitek ukatzen dio libre izatea. Herri bezala jokatzen dugunean, askatasuna lortzerakoan, izango dugu demokrazia gure artean; bitartean, ez.