Tag Archives: Larraitz Ariznabarreta

Praktikoak

http://paperekoa.berria.info/iritzia/2012-02-21/004/003/praktikoak.htm

2012-02-21

Praktikoak

LARRAITZ ARIZNABARRETA GARABIETA

MONDRAGON UNIBERTSITATEKO IRAKASLEA

Praktikotasuna subalternitatearen etikari lotzen zaio sarri. Hots, menpeko direnak —botereak ahots propiorik aitortzen ez dien heinean— praktiko izatera kondenatuta daude. Gayatri Spivaki irakurri nion lehen aldiz aforismoa, berari zor diot epifania. Gerora, ideia berberarekin tupust egin dut hainbatetan, beren buruak menpekotzat izan eta askapen mugimenduetan murgilduta dauden hainbat idazleren izkribuetan —Toni Morrison nobelagile beltzaren, Mahmud Darwish poeta palestinarraren eta Rosa Linda Fregoso genero aktibistaren lanak lekuko. Irakurri nuen lehen unetik ulertu nuen proposizioak zer hausnartua bazuela gure sutondora ekarrita ere. Ezina ekinaren ekinez egina dio euskal esaera ezagunak, ez alferrik.

Labur esatearren, euskaldun abertzaleok ere praktiko gara oso. Gure esperantza eromen kolpez berpiztu nahirik —halabeha-rrez—, kultur eta gizarte aktibista bilakatu gara euskal herritarrok historian zehar. Larramendiren hitz apologetiko —eta erabat defentsiboak— baliatuz, El imposibletzat —gaindiezintzat— daukagun indar arrotzari gaina hartzeko ahalegina izan da gure aurretikoen praxi intelektualaren argumentarioa historiaren gurpilean. Euskal abertzaleon diskurtsoa, eta berdin jardun intelektual eta politikoa ere, urteetan —mendeetan akaso— izan da gure ideologiaren marjinalizazioa saihesteko ahalegin premiazko eta baitezpadakoa. Zer dira osterantzean Etxepareren hutsuneetan hutsunea betetzeko ahalegina, Garibairen zein Larramendiren lan apologetikoak, foru galtzeak ekarri zuen bizimodu tradizionalaren defentsa —Abadiaren lore jokoak eta garai hartako teatro berria barne—, gerra aurretiko kultur berpizkundea, ikastola mugimenduaren lehen eragileak, erbesteko hainbat gizon-emakume nazioneren kazetaritza, literatura, itzulpen eta saiakera obrak, frankismopean sator laneko hainbat herri ekimen zein kulturgintzako iniziatibak?

Abertzaletasun tradizionalak —zilegi bekit terminoa horrela erabiltzea, ñabardurak, bide batez, abertzaletasuna azken hogeita hamar urteotan sortu den perretxikoa ez dela gogorarazteko balio badu— etengabe eraiki eta berreraiki behar izan du diskurtso moral eta logiko bat ideologia hegemonikoa astindu, agerian utzi eta problematizatzeko enpeinu etengabean. Iraupena jokoan, euskarak —eta berdin euskal kulturak ere— intelektualen, kultur eragileen eta herri lanaren beharra izan dute botere arrotzaren probokazio sistematikoari ondo taxututako kontrargudioekin erantzun eta botereak ezarritako egia monolitikoa deslegitimatzeko intentzio antzuan. Gure kontakizun zador eta enkriptatuak —subjektu menperatuen eta hizkuntza menperatuaren ahotsa aintzat hartzen duen kontakizunak— identitate estigmatizatuak zein enblematizatuak iraultzeko borondatea adierazi du etengabe. Ez gara etnizistak, ez gara oldarrak, ez gara ezjakinak, ez gara hain nobleak ere. Garean gareana. Baina erakutsi al du inoiz botere arrotzak gu entzuteko intentzio txikienik? Ezezkoan nago. Entzungor antzematen dut nik. Erabat.

Boterearen jurisprudentzia legea da, eta —boterearen inguruan dagoen literaturak argi uzten duenez— boterea bat da, eta berau, errealitatean behintzat, fragmentaezina. Botereak disidentziaren likidazio estrategia du helburu; ez du zertan denborarik galdu diskurtso autokonplaziente, sofistikatu, atondu, txukun, txairo eta aldamiaturik eraikitzen. Indarrak politessearen eta kortesiaren beharrik ez du. Botereak ez esaten du. Kito. Egunkariak ixten ditu, guri dagokigunez bere legea ez betetzeko filuskeriak erabili, diru-laguntzak desagerrarazi, gure izateari erreferentzia egiten dioten terminoak —eta sinboloak— debekatu, indarrez isilarazi, kartzelatu. Puntakoetan ez zaigu inor gertatu ongile.

Horrela, euskaldunok —Sisifo kolektibo baten trazan— botere arrotzak behin eta berriz eraitsitakoa berreraikitzen topatzen dugu geure burua: «Praktikoak gara, ez gara desagertu». Gaurdaino bere horretan segitzen du gure ahalegin edo partisanismo nekaezin (?) eta esplizituak: kultur talde, bilgune, topagune, behatoki, kultur eragile, euskal curriculumaren inguruko batzorde, BERRIAren aldeko erle lan, euskara suspertzeko mintzalagunen ekimen, ikastolen aldeko diru bilketa, geu aintzat hartuko gaituen hezkuntza sistema propioa atontzeko ahalegin, denak dira izan —derrigorrez— identitate defentsibo baten isla; eta —bai— ekimen guztiek uzten dute agerian euskaldunon kemena, talde izaera kohesionatua eta, berdin, gure herri izateko nahia. Ez dago hau guztia zalantzan jartzerik, jardun horrexek iraunarazi baitigu urteotako deman, euskaldun zaharrok aspalditikan dugun teman.

Baina Gayatri Spivakek Indiako kolonizazioaren ajeak aztertu zituenean moduan, ez al genuke geuk ere dekonstrukziora jo eta geure jardunaren efikaziaz —eta kostuaz— hausnarketa zabaldu beharko? Can the Subaltern Speak?, horra Spivaken galdera zuzena. Berdin, lor dezake euskal kulturgintzak boterearekiko egiazko maila dialogikorik botere berberaren menpeko den bitartean? Badu gure ahotsak nahikoa indarrik? Ez ote dugu gure diskurtsoa ele arrotzaren oihartzun periferiko bihurtu? Egiten dugu nahikoa pedagogia eraginkor atzetik datozkigunei nazio testigua egoki pasatzeko? Ez ote dira gure artean adierazkortzen hasi aktibismo hutsaren neke historikoaren zantzuak? Badugu, finean, benetako ahotsik? Zinez, —ajeak aje— ez da erraza trebe xehatzen euskaldunon otea. Izan ere, ideologiak bide katramilatsu eta bihurriak erabili ohi ditu —erreparatu bestela Zizek, Bordieu eta Eagletonek diotenari— eta zurt, adi, erne topatzen ez duen oro irensten du bere indarraren mesedetan.

Ai, exilioa(k)!

http://paperekoa.berria.info/iritzia/2012-04-08/004/001/lege_info.htm

2012-04-08

Ai, exilioa(k)!

LARRAITZ ARIZNABARRETA GARABIETA

MONDRAGON UNIBERTSITATEKO IRAKASLEA (HUHEZI)

Exiliorik gabe, nor naiz?», galdetzen du hasperen liriko bezain bortitz batean —erretorikoki— Mahmud Darwix idazle palestinarrak bere poema hunkigarrietako batean. Berdin, nor gara euskaldun abertzaleok gure historia hurbilean disidentziaren oihartzun behinekoena gogora lekarkigukeen pasartea ahaztu dugun honetan? Gure intelektual erresistenteen durundirik gabe, zer gara egungo euskal herritarrok? Ertzeko pentsamendua adierazi duten autore bakarrenetakoen memoriarik gabe, nor izanen dira gure ondorengoak? Zer diote gutaz —gure kulturaz, ideologiaz, erakundeez— botere arrotzekin otzan izateko joera akonplexatuek, gure artean nabarmendu arte gailendu diren horiek? Ez ote dira ajeok, besteak beste, exilioaren, eta disidentziaren, kontzientzia galtzeak dakartzan kalteak? Eta zer da, bada, intelektuala —zer, herritar menperatua— erdiguneko pentsamenduarekiko askea eta iraultzailea ez bada? Exiliorik gabe, nor gara euskaldunok? Zenbait lamina bihurtu ziren, zenbait badira arraiak.

Gurean, exilioaren —eta garai desberdinetako pentsamendu disidentearen— erresonantzia premia inoiz baino handiagoa dugu, erabiliaren erabiliz hitza bera lardastu eta narrastu badugu ere —Ai, Ibinagabeitia! Ai, Ugalde! Ai, Sarri! Exílio é papel em que a gente escreve. Boterearekiko deserritik —periferiako ertzeko puntaren puntatik— baino ezin du intelektualak —eta berdin herritar xumeak ere— libreki pentsatu, aske esan, hitzak itzuli beharrean irauli, disidentzia adierazi. Horra intelektual abertzalearentzat aldera ezina beharko lukeen Whitmanen kausa zahar handia.

Intelektual exiliatua —definizioz— disidentea da, eta intelektual disidentea, gurean behintzat, derrigor, botere arrotzarekiko erbesteratua. Horrexegatik, exilioko idazleak lan autobiografikoak idaztera eta berridaztera kondenatuta daudela esaten den arren, erbesteratuen estilo autobiografikoak bere biografemei gailentzen zaizkien hainbat ezaugarri izan ohi ditu, besteak beste, oinordekoei testigantza uztea helburu dutelako. Idazle erbesteratuaren hautua, kontatzea merezi duenaren eta merezi ez duenaren arteko erabakia, beti dago lekukotasun xede horren menpe. Paradoxikoki nahi bada, intelektual erbesteratuak hitz ideologikoa eta demokratikoa darabil uneoro. Haren diskurtsoari dagokionez, dena da masa hitza, dena da espazio errepresentatiboa, dena da polifonia endogenoa, dena da enuntziatu kolektiboa. Berdin banakoari edo herriari mintzo zaionean ere, idazle exiliatuak badaki —sasi-intelektual zerutiarrek, behin eta berriz, kontrakoa sinetsarazi nahi diguten arren— euskal kulturaz ari denean politikaz ari dela. «Here there is no I»— dio Darwixek bortizki. Ai, gurean ere, gerra ondorengo exilioaren disidentzien joanen zitala nork lekarke lehenera!

Exilioak gurera egindako ekarpenen gordintasunaren tobera desagerrarazi dute gure literatura antologia eta testu liburuetatik. Gure gerra ondorengo exilioak dirudi idazle bakan zerutiar apolitiko antzuz osatutako aingeru-abesbatza egiturarik gabea. Desagerrarazi dute Zaitegiren Euzko Gogoa, kostata aipatzen da Ugalderen guda literatura —haren Iltzaileak—, ez dira inon topatzen Amezagaren erriminak edo Tellagorriren telurismoa. Nekez aurki daiteke Monzonen aberri mistikaren zantzurik, saiatuta ere ez Ibinagabeitiaren klasikoen guretartzea. Egungo idazle erbesteratuaren bulkada politikoa ere lausenguz eztitu —bere egin, edukiz hustu— nahi du administratzaile kolonialak. Ai, positibismoaren objektibitankera interesatuak! Ai, propagandaren erretorika autokonplaziente gezurtia! Exílio é bater do outro lado de uma porta fechada.

Gure artean bizi den arren, egungo intelektual iraultzailea ere exilioan bizi da —zaldun arrotzek setiatua—; ez berak horrela nahita, herria baitu helburu. Intelektual iraultzaileak oximorona salatzea, falazia desegitea, herri langilearen dardarak eta hotzikarak azaleratzea du xede, herri deserrotuarekin batera kontzientzia berri bat eraikitzea helburu. Boterearekiko intelektual erbesteratuak amarruak, berritsukeria, politikakeriaren azpikeriak, eta praktika epel oro ditu gaitzesten. Intelektualak dio metropoliarekiko obedientzia uzkurra ez dela demokratikoa.

Sasi-intelektuala, berriz, bere mesederako bizi da fikziozko ahaleginean —bere puritanismo abstraktuan— dekorazioari so: atondua diskurtsoa, kondeszendientea begirada, artikulatua iritzia, sofistikatua hitza, normalizatzailea jarduna, banpirikoa eta post-koloniala pentsamendua. Sasi intelektuala gizonaz ari da filosofia entelekia unibertsal balitz bezala, eta bakarrik onartzen gaitu —gu eta gure zirkunstantziak— baldin eta gure begiradarekiko lauso —errudun— sentiaraztea lortzen badu. Konplexuz beteta, gure nortasunarekiko lotsati baino ez gaitu aintzat hartzen, eta orduan ere, irribarre maltzurra dario ispilu arrotzaren islak bueltatzen dizkion gure kulturaren itzal grotesko, zatar, txikituen irudien aurrean; nehork ezin baitu aitortu bere nortasunik hain inor izanda.

Exiliorik gabe nor garen? Ai, Darwix! Geure jabegoko baserri pobrean maizter, esaneko subjektu otzan, metropoliko xantaiek kikildutako herritar subordinatu, hankapeko oinazearen seme-alaba, era guztietako tiranoen morroi. Horretan ere badu kolonizatuak bizi den herriaren antza.

Hala ere, fortunaz —eta gure nortasunaren osabide eta euskarri— gure arteko herritar xume asko —multitudea osatu arte— ez gaitu bizi sasi-intelektualaren diskurtso handinahi harroak, ez gaitu baretzen edo lausotzen haren kondeszendentzia onbera interesatuak. Gutako asko beste gu gara: exilioaren oinordeko eta oihartzun, ezagutzen dugu gure deserria. Herritar isilduen lanari — eta intelektual disidenteen— pentsamenduari esker diraugu ikaragaitz. Beti eskamak kentzen —mito hutsalen pean— badakigu nor garen, eta setatsuak gara.