Tag Archives: gureberriak

Herri psikologia osasuntsurantz

http://www.gureberriak.com/2013/06/05/martxoko-gaia-herri-psikologia-osasuntsurantz/

Zuhurki beldurra, gutxiagotasun-konplexua, ikara, morrontza, etsipena, otxankeria barnerartu dieten milioika pertsonez ari naiz hizketan.

Aimé Césaire, Discours sur le colonialisme, 1950

 

Inguratzen gaituen munduaren pertzepzioa erabat baldintzatzen du bizi garen herri-kulturak. Izan ere, pertzibitzea fenomeno psikologikoa da, eta estimuluak bakoitzaren ikuspuntutik eta esperientziatik interpretatzea da. Pertsonok estimuluak jasotzen ditugu, eta behin sailkatu ondoren, ditugun eskemen arabera interpretatzen ditugu, pertzibitzen ditugu, ulertzen ditugu.

Pertsonak izaki sozialak gara: herri baten barruan, kultura baten barruan jaio eta hazten gara. Jaiotzean, hizkuntza batean hitz egiten digute; modu horretan, komunikatzeko tresna geureganatzeaz gain, mundu ikuskera bat ere geureganatzen dugu. Herri baten barruan jaio, hazi eta hiltzen gara, eta bertan ikasten dugu zer dagoen “ondo”, zer “gaizki”, zer den “normala” eta zer ez den “normala”.

Herri bat menderatua dagoenean eta, beraz, bere ohiturak, kultura, hizkuntza, modu osasuntsuan transmititzerik ez duenean, ingurunea pertzibitzeko modua ere ez da osasuntsua; eta herri zapalduaren sindromea edo kolonizatuaren sindromea pairatzen du. Azpitik kokatzen du bere burua, eta gainetik ezarri zaizkion arauetatik kanpo ezer egin ezin dela pentsatzera ere irits daiteke. Arau horietatik kanpo bizitzea ezinezkoa dela pentsatzen du menderatuak, baina, hain justu, arau horietatik irtetea da hark bizirik irauteko behar den baldintza.

Fanonen arabera, ikatza baino beltzagoa den pertsona zuri ikustera edota elurra baino zuriagoa dena beltz ikustera ere irits liteke psikologikoki azpiratua den beltza.

Euskaldunon herria zapaldu eta desagerrarazi nahi dutenak gure herritartzat hartzen ditugunean bezala. Kolonizatuaren sindromea, menderatuaren pertzepzioa.

 

Konpromisoa bost puntutan

http://www.gureberriak.com/2013/06/05/konpromisoa-bost-puntutan/

Bat.Suntsitzaileen ebanjelioak —eta sasi-politika infraestrategikoek— eragindako zinismoak lausotu ez duen herritar orok ezagutzen ditu mozorro guzien pean ageri den nazionalismo etnizistaren eta abertzaletasun erresistente askatzailearen  arteko desberdintasunak, bere larruan alez ale pairatzen baititu lehenaren ondorioa lazgarriak.

Bi.Suntsitzaileen ebanjelioak —eta sasi-politika infraestrategikoek— eragindako zinismoak lausotu ez duen herritar orok antzeman diezaioke beste herritarrengan kolonizatuaren frustrazio eta min sakonari. Herritarrak badaki gure arteko kolonizatuaren frustrazioa aspaldikoa dela, eta erdigunean ez duela hezurrik: leuna da, gardena, etengabea, likidoa ia. Mendeetako euri-jasa zein zirimiriek hezurretaraino blaitu duten oldarraren ondorioa.

Hiru.Suntsitzaileen ebanjelioak —eta sasi-politika infraestrategikoek— eragindako zinismoak lausotu ez duen herritar orok dakusa gurea ez dela esperantzara kondenatuta dagoen herri madarikatu bat, arrazionalitatea indargabetu dioten jendarte bat baizik, eta —metropoliak bideratutako kontakizun fragmentatu eta interesatuaren azpitik— herri kolonizatuan d-e-n-a, sistemikoki, doala gaizki.

Lau.Suntsitzaileen ebanjelioak —eta sasi-politika infraestrategikoek— eragindako zinismoak lausotu ez duen herritar orok ulertzen du emantzipazioaren aldeko jarrera konprometituak iraunkorra behar duela izan, eta askatasuna eta haren alde munduko herrien artean egin beharreko ariketa subiranoa bereak direla, lan hori berari dagokiola halabeharrez.

Bost.Suntsitzaileen ebanjelioak —eta sasi-politika infraestrategikoek— eragindako zinismoak lausotu ez duen herritar orok elkar ezagutzen du jendetzaren erdian, elkarren ispilu bailira, eta herritar bakoitzaren konpromisotik eta duintasunetik elikatzen dute beren talde izaera eta independentziara bideratuko dituen ekintza politiko estrategikoa.