Tag Archives: gureberriak

Inposaketez

http://www.gureberriak.com/2013/06/05/inposaketez/

Urtarrilaren lehenarekin batera 2013. urtean sartu gara. Egutegiak zehazteko edo aztertzeko garaia izan ohi da urte hasiera, eta guk ere beste hainbeste egingo dugu gure herrian ematen den fenomeno bitxi baten aitzakian.

Ez dira aste asko igaro Abenduaren 6tik. Jai eguna izan zen hegoaldean. Espainiar konstituzioaren eguna. Jai egun inposatua, hainbatetan (arrazoi guztiz) gogorarazi zaigun bezala. Handik 2 egunera, Abenduaren 8an, jai eguna izan ohi da berriz ere hegoaldean. Baina kasu honetan ez dugu entzun izan inposatua denik. Iparraldean ez da jai Abenduaren 8an, 6an ez den bezalaxe. Noiz erabaki ote genuen euskaldunok Inmaculada Concepción-arekiko dugun fede sekularra sendotu asmoz, jai egun izendatzea egun hori? (…) Ez ote dira bi egunak inposatuak?

Maiatzaren 8a jai eguna da Maulen, baina lan eguna (lanik duenarentzat) Arrasaten. 1945eko armistizioa dute ospatzen iparraldean. Hainbat eta hainbat euskal herritarren amaiera morts pour la patrie izatea ekarri zuen gerratearen amaiera dute ospakizun. Inposatua beraz. Eta biharamunekoa? Hori ez al da inposatua? Jai eguna baita Maiatzaren 9a (Ascension) ere Urruñan, Gasteizen ez bezala. Zerk egiten du data bat bestea baino inposatuago? (…)

Begibistakoa da jai egun horiek guztiak direla inposatuak, baina mendetako kolonizazio prozesuak bere eragina du, eta tamalez oso begibistakoak diren inposizioak baino ez ditugu ikusten sarritan. Día de la Constitución Española edo Día de la Hispanidad, inposatutzat bizitzen ditugu, baina gainontzeko jai egunak ez (edo ez hainbeste).

Espainiako bandera “gure” udaletxetan jartzea inposiziotzat ikusten dugu. Baina lege bakar hori hartu ohi dugu inposiziotzat, udaletxeak edo foru aldundiak edo “eusko” jaurlaritza inposaturiko erakundeak izango ez balira bezala jokatuz, hauek zuzentzen dituzten gainontzeko lege guztiak guk erabakiak balira bezala.

Euskaltegiei emandako diru-laguntza “publiko”-ak murriztea, inposiziotzat hartzen dugu, baina normaltzat jotzen dugu “publiko” deitzea inposaturiko zerga-sistema batek lapurtzen dizkigun xoxei.

Hernanin arratsaldeko hirurak bazkaltzeko ordu aproposa da askorentzat. Baionan aldiz, gehienak goseak amorratzen lirateke oren horretararte itxaron araziz gero. Inor gutxiri entzun diogu baina, hor inposaketarik dagoenik esaten. Oso normal dakusate hegoaldekoek euren ordutegiak Andalucía edo Valenciako klimaren arabera antolatzea, eta arrarotzat jotzen ordea, eguerdian bazkaltzeko iparraldeko ohitura “xelebrea”.

Amorrazioz entzun eta irakurtzen dugu iparraldea Frantziaren zati bat dela diotenean, baina oso normal erabiltzen dugu hegoaldea Bermeo, Zumaia edo Donostiaz hitz egiteko, iparralderago itsasoa baino ez dutenean.

Estatu propiorik ez duten herritan ia dena da inposatua. Estatu batek herri baten bizimoduan duen eragina izugarria da. Eguneroko edozein jardueratan antzeman daiteke eragin hori. Baina ahazteko joera dugu, gauzen zergatian ez pentsatzeko ohitura arriskutsua, eta horrek estatuaren eragin hori normalizatu egiten du, zapalkuntza egoera edulkoratu eta disimulatu, eta azkenean inposatua izan den hori askatasunean erabaki genuela pentsatzera hel gintezke.

Testu honetan adibide batzuk eman ditugu. Baina urtea hasteko zuen laguntza eskatu nahi genuke: Ia laguntzen gaituzuen inposatuak izan arren, oharkabean pasatzen zaizkigun egoera, erakunde, arau eta abarrak identifikatzen. Zerrenda polita osa genezake.

Iruzkinak

Espainiako erregearen kopako txapelketan, Athletic eta Barcelonaren arteko iazko finalean, espainiako ereserki monarkikoa jo beharrean Himno de Riego jo bazuten eta espainiako printzearen ordez Gaspar Llamazares balego palkoan bandera errepublikar españolarekin, ez genduke inolako inposaketarik ikusiko.

Horra pare bat:
1.-Geografia inposatua: Españiari buruz hitz egitean HEMEN esatea, Andaluzia, hegoaldea bezala aurkeztea eta Balentzia “levante” bezela. Denak espaiñiar erreferentziak
2.-Etorkinak: Errumaniarrak, perutarrak, bolibiartarrak… etorkin bezala kontsideratzea, baina duela 40 urte sufritutako espainiar exodoa, inmigrazioa ez zala izan esatea.
4.-Espainiar estatuko futbol selekzioko kamisetagaz norbait ikusi eta “uff, hori bai fatxa!!” pentsatzea eta aldiz frantziar estatuko kamiseta normaltzat ikustea.
5.-PPkoak franko ondorengotzat onartzea eta aldiz psoE begi egokiagoekaz ikustea.
6.-Hirugarren errepublika eskatzea.
7.-Euskarazko telebista eta irratietan norbaitek espaiñolez hitz egiten dauanean hitzulpenik ez egitea eta beste edozein hizkuntzagaz aldiz bai.
Ufff… nahiko da.
JARRAITU ZUEN LANAGAZ, ASKO ESKERTZEN DOT HONELAKO GAUZAK IRAKURTZEA!!!!
ERRI

3 Ander

Erregeak ere inposatuak dira.
Españakoa (noski) baina baita magoak deitzen ditugun horiek ere.
Inposatua ez dena (ez %100ean behintzat) “loteria” deitzen dugun españako loteria da, baina gutako askok erosten dugu. Indarrez kentzen dizkiguten zergak gutxi ez eta borondatezkoak ere ordaintzea oso tristea da.

4 Arantz

“LatinoOk odol berokoak gara” edo “Hemen Españan bizi dugun krisia” moduko perla iraingarriak lotsagabe bota, ETA INGURUKO INORK EZ KONTRA EGITEA. (Bigarrena da inposaketaren alderik lazgarriena. Hilda al daukagu barruko sena ere?)

Segi horrela!

Erabakitzeko eskubidea ez da independentziarako urrats bat

http://www.gureberriak.com/2013/06/05/otsaileko-gaia-erabakitzeko-eskubidea-ez-da-independentziarako-urrats-bat/

Sarritan entzuten ari gara Euskal Herriak zenbait «aukeraren» artean erabaki behar duela; independentzia izan daiteke «aukera» horietako bat, eta espainol izatea izango litzateke beste «aukera» (erabakitzeko  erabakitzeko eskubidea Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban aplikatu nahi badute, «frantsesarenak» ez baitu zentzurik). Sinetsarazi nahi digute «erabakitzeko eskubide» delako hori urrats bat dela gure independentziara bidean.

Bitxia da gure herriak etengabe erakusten duen erresistentziarako gaitasun harrigarriarekin batera horrelako mezuak geure artean zein erraz sartzen diren ikustea. Kontraesankorra dirudi alde batetik herri honek bizitzeko duen gogoa hain indartsua izatea eta aldi berean bere heriotzara eraman dezaketen mezuak hain erraz irenstea.

Herri honek geure iraupenerako ezinbestekoak izan diren hainbat jarrera hartu ditu askotan. Horietako baten adibidea erabiltzea argigarria izan daiteke «erabakitzeko eskubide» delako horren inguruan hausnarketa egiteko: gure hizkuntzaren iraupenaren adibidea.

Gure hizkuntzak bizi behar duen ala ez ez dugu sekula bozketa batean erabaki. Inori ez zaio burutik pasa ere egiten euskarak bizi behar duen ala ez modu horretan erabakitzea hain justu gure lurretan euskararen aurkako jendea ere badagoelako eta «iritzi» guztiak «errespetagarriak» direlako. Guk gure hizkuntzan bizi nahi dugu eta kito: hori lortzen ahalegindu gara, eta hori nola gauzatu izan da eztabaidatzeko gauza bakarra.

Hizkuntzaren adibidean bezala, gauza bera egin dugu gure izaera osatzen duten beste hainbat adierazpiderekin; eta, hain justu, jarrera horiei esker iraun dugu gaur arte bizirik nola edo hala.

Gure herriarentzat «erabakitzeko eskubide» delako hori nahi dutenen ahotan entzun izan dugu beste gai batzuekin ez dutela inolako zalantzarik; esan izan dute hainbat gai eztabaidaezinak direla eta ez direla erabakitzen bozketa baten bidez. Adibide gisa, emakumeen aurkako indarkeriaren kasua jarri izan da.

Herri bat zapaltzen denean, eta haren desagerpena nahi denean (Euskal Herriaren kasuan, adibidez), indarkeria bortitza jasaten ari den herri bat da hori; baina, hala ere, beste zerbait dela sinetsarazi nahi digute. Badirudi, zabaltzen diren mezu askoren arabera, independentzia bozketa baten bidez «erabaki daitekeen» zerbait dela, xehetasun bat besterik ez; batzuk alde daude, beste batzuk aurka… eta denak «iritziak» dira, errespetagarriak.

Independentzia, aldizkari honetan hainbatetan esan izan den moduan, ez da batzuek gauzatu nahiko luketen «amets» erromantiko bat. Independentzia edozein herrik bizitzeko, arnasteko ezinbestekoa duen tresna da. Independentziarik gabe herri bat ezin da bizi. Hil edo biziko gaia da, funtsezkoa, oinarrizkoa. Herri baten independentziaren aurka egotea ez da gauza hutsal bat, iritzi xume bat… herri horren heriotza nahi izatea da. Ondorioz, independentzia ez da haren aurka daudenekin batera bozketa baten bidez erabaki behar den zerbait. Bizitzeko indarrik ez duenean hiltzen da herri bat, baina inola ere ez bozketa baten bidez erabakitzen duelako izateari uztea.

Beraz, independentzia herriak bizirik irauteko BEHAR dugu. Eta herri honen independentzia nahi ez dutenek herri honen heriotza nahi dute. Hori ez da iritzi errespetagarri bat, euskararen heriotza desio dutenena iritzi errespetagarri bat ez den bezala (gainera, bistan da aipatzen ari garen gaiak lotuta daudela). Horren harira M. Urkolak duela hamar urte baino gehiago idatzitako artikulu baten zatia da ondokoa:

Demokraziaren izenean guk errespetatu beharreko aukera politiko libre bat balitz bezala aurkezten digute espainiar-frantziarrek beren konkista. Gizabanakoaren esklabotasuna, esplotazioa eta hilketa krimenak badira, ez dira gutxiago herrien esklabotasun kolektiboa, haien esplotazioa eta etnozidioa. Krimen oro «aukera libre» subjektiboaren aitzakian legitimatzeak portaera ororen analisi objektiboa ezabatzea eta subjektibismo hutsera ekartzea dakar berarekin. Hori horrela izanik, zergatik gaitzetsi ume baten kontrako bortxatze sexuala, bortxatzaileak iritzi “demokratikoki” errespetagarri bat dela “irizten” badio berak egindakoari ? Zergatik tortura edo langilearen esplotazioa ez dira errespetatu behar, polizia edo finantzariaren iritzi “demokratikoak” badira? Horrelako subjektibismo basatiak justizia lurperatzea dakar, edozein krimen justifikatzea eta demokrazia barregarri uztea.”

Hil edo biziko gaiak ez dira bozketa baten bidez erabakitzen, eta are gutxiago geure heriotza desio dutenek bozketa horren baldintza guztiak jartzen dituztenean. «Erabakitzeko eskubide» delako hori onartzea, «iritzi guztiak» errespetagarri kontsideratuz, herri hau zapaldua eta konkistatua ez dagoela kontsideratzea da. Espainiako eta Frantziako estatuen izaera zapaltzailearen ukazioa da. Herri zapaldu batek horrelakoak «iritzi» moduan onartzen dituen unetik pauso bat eman du bere heriotzara bidean.

Independentzia nola gauzatu pentsatu beharko dugu, baina inola ere ez dugu «erabaki behar» herri honek independentzia nahi duen edo ez. Bizi nahi dugu, eta bizitzeko, independentzia behar dugu. Ez dago besterik.