Tag Archives: berria

Inperialismoaren beste taktika bat: putxerazoa

http://paperekoa.berria.info/iritzia/2012-09-12/005/003/inperialismoaren_beste_taktika_bat_putxerazoa.htm

2012-09-12

ZUZENDARIARI

Inperialismoaren beste taktika bat: putxerazoa

ASIER EZPELETA JAUREGI. ORREAGAKO KIDEA.

Guztiz asaldaturik gabiltza espainolek gure herriaren errolda artifizialki aldatu nahi dutelako, tranpa edo iruzur demografiko bat gauzatuz. Baina trikimailu hori ez da berria. Euskal Herrian herri asko bizi dira elkarrekin batean, baina ez kondizio berdinetan: batzuk zapaltzaileak dira, eta besteak zapalduak. Ezin da, zapaltzaile eta zapaldua, biak izan. Ezin da, espainol eta gure herri zapalduko herritar, biak izan. Ezinezkoa da.

Oraingo trikimailua, balantza demografikoa zapaltzaileen aldera eramateko beste saio bat besterik ez da. Hau guzti hau, Espainiako Estatuaren osotasunari eusteko estrategiaren taktika da, bide batez, gure herria independentziara eramango duen autodeterminazio eskubidea indarrez zapalduz.

Arauak beraiek jartzen dituzte eta nahi dutenean aldatzen edo hausten dituzte, biolentziaren monopolioa izateak ematen dien boterearen lotsagabekeria eta prepotentzia guztiarekin.

Agian, gure buruan, txip aldaketa bat beharko genuke: instituzioak behar ditugun neurrian erabili, baina ez independentzia lortzeko bide nagusi gisa. Bide horrek gaur egungo instituzioetatik kanpo behar du. Herriaren indarra gure instituzio edo tresna propio eta independenteak sortzeko helburuarekin bideratu behar da. Gure jokoa sortu behar dugu, gure arauekin jokatu. Helburua independentzia baita.

Independentzia da gure «marko demokratikoa»

http://paperekoa.berria.info/iritzia/2012-08-11/005/002/independentzia_da_gure_marko_demokratikoa.htm

2012-08-11

ZUZENDARIARI

Independentzia da gure «marko demokratikoa»

ASIER EZPELETA JAUREGI. ORREAGAKO KIDEA.

Herri konkistatu bat gara. Zapaldua. Indarrez. Mendeetan zehar. Eta garrantzitsua da, ezinbesteko baldintza, hori jakitea, egunen batean egoera hori aldatu eta independente izan nahi badugu.

Egoera hau estatuek indarrez, nahita, kontzienteki inposatzen digute. Eta, gainera, beren legeek babesturik. «Legalki». Estatu horiek biolentzian oinarrituak daude, indarrez bere egin dituzten lurraldeetako herriek egunen batean beren bidea libreki, estatu zapaltzaileetatik aparte egin ez dezaten. Espainiako Konstituzioaren lehen lerroak irakurtzen hasi besterik ez dago horretaz jabetzeko. Hori ere argi izan behar dugu. Jakitun egon eta ez ahaz-tu. Nola lortuko dugu bestela, ba, independentzia? Zapaltzen gaituzten estatuak demokraziaren kontrakoak dira. Herri bat zapaldua daukan estatu bat ezin da inoiz demokratiko izan. Ezta egunero hauteskunde batzuk antolatuta ere.

Independentzia estatu horien aurka lortuko dugu. Egoera antidemokratiko batean gaude; gure aurka indarra erabiltzea egunerokoa da, eta, gainera, ingurune «legal» batean. Independentzia eta demokrazia ez dira inoiz lortuko haien laguntzarekin, hitz eginaz, konbentzituz, haiek ezarritako instituzio eta hauteskunde antidemokratikoekin… Haien helburua, nahia, desioa, kontrakoa baita: Euskal Herria, betiko, beren estatu inperialisten parte izatea, hain justu ere. Hori ere garbi izan behar dugu. Kontrakoa pentsatzea denbora eta indarra alferrik galtzea da. Indepen-dentzia lortu arte ez da demokraziarik egongo herri honetan. Demokrazia independentziarekin etorriko da. Eta independentzia ezinbestekoa dugu, gure herria eta nortasuna babestu nahi baditugu.

Horretaz jabetu ziren euskaldunon arbasoak 778ko abuztuaren 15ean, eta modu egokian borrokatu ziren gure nortasunaren alde Orreagan. Ospa ditzakegun garaipen gutxienetako bat da. Gogora eta ospa dezagun, beraz, egun seinalatu hori, Orreaga taldeak aurten ere antolatu duen eta Pasai Donibanen izango den Askatasunaren jai nazionalera joanaz.