Tag Archives: berria

Gabriel McCarthy Gasteizen

http://paperekoa.berria.info/iritzia/2013-10-06/008/001/gabriel_mccarthy_gasteizen.htm

2013-10-06

Gabriel McCarthy Gasteizen

PAKO ARISTI

IDAZLEA

Hello, mister Aristi, how´s everything?», entzun nuen belarri ondo-ondoan, Cambridgeko azentu dotorez ahoskatua. Aberri egunetik ez nuen ikusi, baina zerbait deigarri denean euskal politikaren eszenan, hor dabil Gabriel McCarthy. Ingeles gisan bidaiatzen du munduan, baina Eskozian du jatorria, eta nik badakit horrek zein interes mota pizten dituen harengan. Guri buruzko lanen bat egitera etorri zen, baina ezin du bukatu, eta geroztik hemen dabil galduta bezala gure labirintoan, oasian, gure ezinean hura ere katramilatua.

-Hitzaldi bat ematen izan naiz —erantzun nion—. Zu zertan zabiltza?

-Nik hitzaldi sorta ederra entzun nuen atzo. Legebiltzarrean egon nintzen.

-Zerbait garrantzitsua al zegoen, bada?

-Ez, beno, politika orokorrari buruzko eztabaida. Nola zabiltza lan aldetik?

Galderak zeharo harritu ninduen, ezin bainituen lotu legebiltzarra eta nire egoera laborala. Idazleok baditugu gisako galderen aurrean ihesbide ederrak, baina zintzoa izatea erabaki nuen.

-Gaizki ni, eta gaizki denok. Lan gutxi dabil, ordaindua, behintzat!

-Politikoentzat diskurtsoak idazten hasi behar zenuke. Irakurri duzu El País?

Harrituta nengoen biziki.

-Laura Mintegi bigarren txandan inspiratuago egon zela dio, eta goraipatzen du bere soltura PNVri zera bota zionean, Sabino Aranak markaturiko bidean daramatzala 118 urte, GPSrik gabe, ez aurrera eta ez atzera.

Isilune bat utzi zuen, jostari begiratuz:

-Nik datu hori, 118 urterena, zure liburuan irakurri dut duela gutxi. Konturatzen al zara?

-Ba, kasualitatea izan liteke. Nik ez dakit ezer askorik. Azken batean, lau urteko lana baino ez zen izan liburu hori.

Barre-algara egin zuen McCarthyk.

-Lau urte diozu? Hemen politikoek ezta lau aste ere ez dizkiote eskaintzen formazio ideologikoari. Politika hain seriotasun gutxirekin hartzen duten herriak ez dira asko izango… Afrika aldean beharbada.

-Tira, Gabriel! Hor ingelesen kolonialismoa atera zaizu barru-barrutik.

-Barka, inor ez gaude herentzia horietatik salbu.

Baina McCarthy ez zegoen amore emateko.

-Oso diskurtso eskasak izan ziren denak, tristeak arazo nazional zaharra daukan herri batentzat. Laura Mintegi zen, a priori, diskurtso ezberdin baten promesa zekarrena, baina urte betean besteen parera makurtu du bere maila, preso politikoen izendapenarekin puztu zuten polemikak kokildu balu bezala. Izan ere, sistema autonomikoak berak mugatzen du diskurtsoa.

-Zer esan nahi duzu?

-Euskal Gobernua, Foru Aldundiak, Foru Gobernua… horiek denak erakunde espainolak direla ohartu behar duzue. Garbi eduki autonomia estatutu baten mende jartzen bazarete, zuen politika ere autonomista izango dela, alegia, Euskal Herria zatitzen duen erakunde baten politika.

-Baina herri bezala erantzun behar dela maiz diote hainbat politikok…

-Hori ezinezkoa da erakunde post-kolonial batetik. Begira: helburu bat aldarrikatzen denean hori gauzatzeko tresnarik gabe, politika testimoniala baino ezin liteke egin. Hori infra-politika da.

-Ez dut oso ondo ulertzen…

-Politika estrategia da, helburu eta bitartekoak elkar elikatzen duten diseinu bat. Helburua aldarrikatzea bitartekorik gabe politika testimoniala da. Eta kontrakoa, bitartekoak edukitzea helbururik gabe, kudeaketa hutsa.

-Tamalez biak eguneroko ogi bihurtu dira gure artean!

-Marko nazionala ukatzen du azpi-erakundeotan parte hartzea berak. Horrela da posible astakeriarik handienak erantzunik gabe uztea.

-Adibidez?

-PSEk eta PPk esan zutena: soberaniaren bideak euskaldunak zatitzeko arriskua daukala. Tristeena da Urkulluk berak ere barneratua duela mezua. Garbi esan zuen ez duela euskal gizartea kutsatu eta zatitu nahi.

-Hitz gogorra «kutsatu» delakoa, independentzia zerbait zikina balitz bezala…

-Mezu horiek berehala moztu behar dira, gizartean finkatu ez daitezen. Independentziak ez du inoiz herri bat zatitu, batu baizik. Euskal Herria orain dago zatitua, bi estatutan banatua, hiru administrazio ezberdinetan purtzildua, mendez mende eragin zaion zauria da gure fragmentazioa, eta zauri horretan labana sartu eta sartu aritu dira, eta aritzen dira alderdi menderatzaileak. Politiko duinak egon behar dute hemen, esango dutenak ozen eta garbi: Begira jaunak, Euskal Herria orain dago zatituta, eta independentziak batu egingo ditu adabaki guztiak. Geure burua osotasunez ikusten hasiko gara hartara. Hori da munduko herrialdeen aspirazio gorena. Gu horretara ez bagara iristen, herritik zer geratzen zaigun aztertu beharko genuke.

-Ederra diskurtsoa!

-Oinarrizko gauzetan ezin duzue huts egin. Esplikatzen ez dena ez da existitzen jendearen gogoan. Eta jarraituko du astakeria handiagoak sinesten, adibidez Urkullu dela euskaldun guztien lehendakaria.

-Ez da, ala?

-Ez dakizue zein kalte egiten duen honek! Erredukzionismo bat da, baina alimalekoa sortzen duen nahasmena. Ez da egon euskaldun guztien Lehendakaririk historian, euskaldun guztiak batu zituzten errege-erreginak baizik. Baina esaten bada Urkullu dela guztion Lehendakaria, arazo nazional bat hiru probintzietara murrizten ari zara, eta hala ulertuko du jende gehienak. Jendeari markoak eman behar zaizkio etengabe, arazoa bere osotasunean uler dezan.

-Baina zertarako balio du gauza horiek esatea?

-Pedagogia da, my friend. Ezer ganorazkorik ezin baduzue egin oraingoz, hasi behintzat pedagogia egiten, hori da etorkizuneko ekintza sakonagoen zorua.

-»Zoru etikoa» delako hori?

-Baita zera ere! Ez zaitezte patetikoak izan, mesedez!

Euskal Herria, 2023, kristalezko bolan

http://paperekoa.berria.info/iritzia/2013-07-07/004/001/euskal_herria_2023_kristalezko_bolan.htm

2013-07-07

Euskal Herria, 2023, kristalezko bolan

PAKO ARISTI

IDAZLEA

Sandalo usainez lurrindua zegoen gela, eta pertsiana erorien artetik barreiatutako argi izpiek are sakonagoa bihurtzen zuten iluntasun sentipena. Aztiak kristalezko bolaren gainean paratu zituen eskuak, eta arnasa sakon hartuz, ea zer jakin nahi nuen galdetu zidan. «Ez da niretzako ezer —erantzun nion—, Euskal Herriaren etorkizuna dut kezkabide». Eskuak askatuz bolari so geratu zen. Nik ez nuen ezer ikusten bertan, baina berak bai antza. Hizketan hasi zitzaidan, barruan iltzaturik geratu zitzaizkidan hitzak xuxurlatuz bere ahots sakonarekin, interesik balute edo hemen transkribatu ditudanak.

2023. urtean gaude, duela hilabete ospatu da Gure esku dago plataformak eskatu zuen erreferenduma. Koitaduak, euskaldunak! Galdu egin dute, ez dira %40ra ere iritsi. Baina irabazi balute ere berdintsu, ez baitzen loteslea. Belaunaldi baten itxaropena labarretik behera joan da, euskaldunak, beste behin ere, bide okerretik tematu zirelako.

Espektatibak murriztuz joan ziren, ekimena jada konplexuz beterik sortu zelako. «Modu naturalean» ari zirela zioten, baina estatu bat sortzea ez da naturala, ekimen politiko baten ondorio baizik. Estatu bat sortzeko unean aurka jarriko zaizu, bai gizatalde bat, edo bai beste estatu bat, edo bi euskaldunen kasuan. Zerbait «anitza» egin nahi zutela zioten, baina estatuaren espiritua homogeneizazioa da, begira bestela Espainia eta Frantziaren historiari; estatuek gobernatzen duten gizartearen identitate nazionala indartzea dute xede; pluraltasuna mantenduz, baina integrazioa bilatuz beti, etengabe.

Hori izan zen euskaldunen akats larri bat: etorkinen mehatxua kontuan ez hartzea. Izan ere, Hego Amerika, Asia eta abarretatik etorriak soilik zeuzkaten etorkintzat, Espainiatik etorritakoak ere etorkinak zirela ahaztuta, gure kulturan, hizkuntzan eta nortasunean integratzeari muzin egin ziotenak. Integratzeari uko egiten dion etorkina kolono bilakatzen da herri menderatuetan, botere propiorik gabe integrazio hori bultzatzeko tresnarik ez baitauka. Hori da funtsezko beste arrazoi bat lehenengo estatu propio bat edukitzeko, migrazioa ez dadin erosio faktore bilakatu herri batentzat. Idiak jarri zituzten gurdiaren aurretik.

Erreferenduma tranpa bat izan zen, ahaztu baitzuten Euskal Herria atzerritarrez bete izan dela, XVI. mendetik Nafarroa Garaian, eta XIX. mendetik aurrera baskongadetan. 500 urteko kolonizazioa ahaztea errealitatea ongi ez ezagutzea da; diagnostiko okerra, emaitza okerrak.

Gauzatu zituzten, ekimen horrekin, historian zehar euskaldunek patologikoki errepikatu dituzten beste bi akats larri: bata, zorroztasun falta, zeren, independentziaren aurka daudenak independentziaren aldeko ekimen batera gonbidatzea desbideratze estrategiko barkaezina da; eta pertsonalismoa, bestea, gisako gonbidapenak egiten dituen protagonismo antzua: asmo bat daukat, bazatoz asmo horri sostengua ematera? Ez zituzten planteamendu ezberdinak alderatu, ez zuten interesik izan urte askotako lan sakona eginez jakinduria pilatu zuten pertsonen iritziak entzuteko. «Nik izan dut ideia», esan zuten, eta hura atzaparretatik kentzeko beldurrak ez zien utzi euskal gizarteari zerbitzu eder bat egiten, zeren eta asmoa okerra bada, herriari egin dakiokeen aportaziorik ederrena asmo hori baztertzea baita. Lao-Tsek aspaldi esan zuen: «Noiz geratu badakienak ez du jarraitzen arriskuaren bidea».

Izan ziren ahotsak erabakiaren ezegokitasuna edo, areago, burugabekeria eta ahulezia estrategikoa salatu zutenak, baina ez ziren kontuan hartuak izan.

Ekimena «pre-politikoa» zela esan zuten, baina prehistoriko bilakatu zuten, hau da, ahistorikoa, euskaldunon historia bera ukatzera iritsi baitziren ekimenaren bideo-klipean honako hau kantatuz: «Guk ez dugu aldarri egiteko heroi edo konkistarik». Ahaztu zuten euskaldunek izan duten historia izan ez balute Europako nazio independenterik zaharrenetakoa osatuko luketela, Hungariarekin batera, zeina 1001. urtean osatu zen erresuma independente gisan; 3 milioi euskaldunek euskara hitz egingo zutela, eta %20ak baino ez espainola edota frantsesa, eta ez zela gaurko lurralde zatiketarik existituko ezta hain korrosiboa gertatzen ari den ahulezia ideologikorik ere.

«Pre-politikoa», «naturala», «anitza» eta enparauek funtzio bakarra izan zuten, hitz batez esanda: kolonizatzaileak ez haserraraztea. Ahuleziaren hizkuntza, beldurtiaren jokaldia, txikitasun konplexuaren loraldia.

Ahaztu zituzten funtsezko printzipio batzuk: askatasuna ez dela eztabaidatzen, eta gutxiago bozkatzen. Hori ea genero berdintasuna ezarri behar dugun edo ez bozkatzea bezala litzateke, edo euskarak bizirik jarraitzea nahi dugun edo ez. Herri batek bizirik irauteko eskubidea dauka, bere botere propioarekin eta duintasuna egunero borrokatuz era guztietako etsaien aurka. Erabakitzeko eskubidea da ea bizirik jarraitu nahi dugun edo ez bozkatzea bezala. Zalantza dago, ala?

Beste printzipio bat: okupatua izan den herriak ez duela bere zapaltzailearen baimena itxoin behar. «Gure esku dago», eta ondoren Espainiarekin eta Frantziarekin negoziatzen hastea kontraesan mingarria dela, independentzia ezin lortu ahal delako independentzia hori galarazteko sortu eta inposatu zuten sistema politiko arrotz baten baitan.

Beste printzipio bat: sentsibilitate guztien errespetua aldarri zuten, ahazturik dependentzian bizi diren herriek beste ezaugarri bat dutela: menperatuak eta menperatzaileak bizi direla bertan. Horiek ez dira herri baten sentsibilitate ezberdinak, proiektu politiko ezberdinak, bi herri ezberdinen proiektuak baizik. Herri batek bestea indarrez bereganatu duenean bi proiektu existitzen dira soilik gizarte horretan: bata inperialista da, bestea defentsiboa. Kontsultaren bidez inperialismoari ateak irekitzea erru galanta izan zen.

Oraingoz fikzioan soilik lortu du Euskal Herriak bere independentzia, Fermin EtxegoienenZinegotzia nobela ederrean ikusi digun bezala.