Ukazioaren geografia gaurkotua

http://paperekoa.berria.info/iritzia/2012-08-26/005/001/ukazioaren_geografia_gaurkotua.htm

2012-08-26

Ukazioaren geografia gaurkotua

LARRAITZ ARIZNABARRETA GARABIETA

MONDRAGON UNIBERTSITATEKO IRAKASLEA (HUHEZI)

Euskal kulturaren kartografian identitate kolektiboari heltzea ariketa pertsonal kontziente, gogoetatsu eta praktikara lotua izan da urteetan; erresistentzia ariketa nabarmena, non kolektiboaren sorrerako traumak —hots, herriak pairatutako ukazio erradikalak, besteen begietara ez-izateak— lehen mailako garrantzia izan duen, halabeharrez. Erabateko ukapen horren gainean etengabe (ber)eraiki behar izan du euskal kulturak —egundaino arte, bere izateko borondatea berretsi— eta, prozesu horretan, oinarri dituen nortasun bilbeak azaltzera behartuta egon da etengabe. Hala, nahitaezko sorkuntza-leku eta kultur bizigai indartsu bilakatu zen arnegua euskal kulturarentzat, euskal komunitatearen identitatea (ber)eraikitzen laguntzea xede zuen argudio-multzo praktiko bat osatu arte. Zentzu horretan, euskal herriaren identitatea eratzen lagunduko zuten kulturako formulen berrespen eta bilaketa orok berekin ekarri zuen defentsa eta erresistentzia-dinamika bat.

Baina, lilurarik ez; estatuak fagozitatu ondoren estatua desagertu dela esaten duten aingeruen oso kontrara, errealitateak erakusten du botere fragmentaezinak bere eskalara ekartzen duela gizarte topografia osoa, menpeko den herri baten kultur identitatea barne. Ez alferrik. Identitate ororen aldamiatzea —bakarkakoa nahiz taldekoa izan— eraikuntza korapilatsu baten emaitza da. Eraikuntza horren oinarriak ez dira erabaki edo aukera pertsonalen ondorio soilak; aitzitik, gizabanakoaren eta bere ingurune sozialaren arteko dialektikaren negoziazio sozial konplexuen emaitza dira. Hartu-eman horretan intentsitate-maila desberdineko bektoreek esku hartzen dute: gizabanakoaren errealitate etnikoak, testuinguru kulturalak, tradizio historikoak, marko politikoak, eta hark bere eguneroko ingurunearekin eratzea lortzen dituen harreman-motak, besteak beste. Aldagai horietako asko baimenik gabe inposatzen zaizkigu, eta, beraz —herritarrok gelditzen zaigun kuraiaz ahalke garen bitartean— , estatu monolitikoarentzat funtsezkoa da bere esku izatea, bai gure gatazka-espazioko koordinatu ideologikoak, baita ispiluen labirintuan galduta jarrai dezagun norabide interesatua erakusten duten identitate mapak ere.

Deserri horretan, erresistentziaren erresistentzia hutsaz erabat ahulduta, arrunta eta xumea zena gauza barrokoa eta karikatureskoa bihurtu da gure talde izaeran. Euskal herritar erresistentearena —salbuespenak salbuespen— fikziozko arketipo txatxu bihurtzeko zorian gaude, konprometitzen ez gaituen esanahiez hustutako salmentarako marketin- logo hutsa: ziberespaziorako polemika bide, bertso afari baterako gai, garai bateko giroa jasotzen duen ipuin bateko mitozko irudi, pirata sasimatxino batzuen festetan parrandarako estalki, souvenir, edo ardo, gehiago saltzeko denda bateko duintasun gabeko ikur, gure gazteen odola bor-bor jartzea lortuko duen etsipen kanta baten letra osatzeko aitzakia, fiestavasca kolektiborako mozorro ridikulua. Arduratzekoa oso, nolanahi ere, egoera eten honetan gure kulturari makurrarazteko ezarri dioten zigorraren azken helburua historiatik desagerraraztea denean.

Horrexegatik, biziki tristatzen nau, kolektiboaren eraginkortasun estrategikoa bilatu ordez, euskal kulturaren mapa osatzen duten gizontzar baliotsu askoren artean gailendu den erresistentzia erretolika zinikoak, haien arteko diskurtso kainita antzuak.

Nago zantzu horiek denak gure herriak aspaldi sufritzen duen fribolitate ideologikoak sortutako anemiaren ondorio direla. Kronifikatze bidean den metropoliarekiko sumisioaren arrasto patologikoak. Ukazioak sortutako gaitzaren errotzea. Oteizak iragarri zuen 90eko hamarkadan: «Ez gara ginena, ezta orain garena ere».

Baliozko kontribuzio poliedrikoak ukatu ordez —antropofagia alboratuz— euskal kulturaren identitatearen baieztapen bikoitz (behintzat) baten narratiba sendotu beharrean gaude.

Batetik, memoria kolektiboaren eta abertzaletasunaren erdigune sinboliko baten iraupen eta transmisioak —belaunaldi berriei begira, euskararen biziraupena ziurtatu eta talde izaera indartzen duten kode sinboliko gaurkotuen transmisioak— berebiziko garrantzia du iraungo badugu. Subalternitatea babesteaz edo kultur eszepzioa azpimarratzeaz baino askozago, kultur identitatea indartzeaz ari naiz, gure oinordekoei nor diren jakiten lagunduko dien klabeen pedagogiaren behar estrategiko saihestezinaz.

Bestetik, ibiltaria bide gurutze batera heltzen denean legez, geure orbitara so jarri eta zein norabidetara mugitu nahi dugun hausnartu eta etorkizuna bermatuko duen talde proiektua —estatua halabeharrez— (ber)eratzen hastea tokatzen zaigu, berandu baino lehen. Ekintzak —moral abstraktu batetik ordez— geure interesen ikuspegitik aztertu, urteetako erresistentzia lanaren arrastoak hausnartu eta indar erlazioak aldatuko dituen iparrorratza —helburuak eta baliabideak— erantzukizunez eta inongo zinismorik gabe eztabaidatzen hasteko garaiak ditugu.

Periferiara kondenatua izan den —eta bizirik darraien— herri ororen ametsa munduko beste herri libreekin parekatzea baita. Horretan ere ez gara beste nazio talde batzuetatik desberdintzen. Oso gara antzekoak.

Bitartean, gure kulturaren ukazioaren geografia ideologiko katramilatsu honetan, erresistentzi hitz oro elikagai indartsu suertatzen dira euskal kulturaren emantzipazioan bidaide garenontzat: «Obeditu gutxi!». Erresistentziak obedientzia saihetsezinari bide egiten dionean, «morrontza erabatekoa denean, mundu honetako naziorik, estaturik edo hiririk batek ere ez dute inoiz beren askatasuna berreskuratuko» (Whitman,W: Belar-hostoak, Hiria 2003/1855).

Euskal distopiaz

http://paperekoa.berria.info/iritzia/2012-10-28/004/001/euskal_distopiaz.htm

2012-10-28

Euskal distopiaz

LARRAITZ ARIZNABARRETA

MONDRAGON UNIBERTSITATEKO IRAKASLEA

Euskaldunok utopikoak gara. Ez da nik esana, Telesforo Monzonek egindako aldarria omen, lehen frankismoa bukatu eta urte gutxitara emandako mitin batean: «Euskadi utopiaren lurra da, utopiaren seme-alaba gara gu». Handik denbora gutxira zendu zen Monzon; ordurako bortizki sustraitzen hasia zen gure demokraziaz mozorrotutako amarru distopiko estreinatu berriaren notiziarik —kontzientzia nabarmenik— ez zuen izan, beraz, gure arteko utopiazalerik aintzat hartu eta miretsienetakoak. Ez da ironia fitsik esandakoan, argi gelditu bedi; baina Monzonen hitzek badute, hala eta guztiz ere, deskribapen hutsetik harago doan profezia kutsu alderaezin bat: eskuineko ertzetik begiratuta esperantzarako pregoi dirudite hitzok; ezkerreko ertzetik, ostera, etsipenaren atabala.

Urte bertsuetan —1979an— eman zen argitara Mikel Zarate lezamarraren Utopiaren fantasian narrazioa. Lau hamarkada beranduago argitara eman zituen Asel Luzarragak bere Utopiaren itzalak. Berrogei urte joan ziren bitarte horretan, utopiaren fantasietatik —gauzatu ez ziren ametsetatik— utopiaren itzaletara —gure errealitate distopikoaren kontzientzia zokoraezinera— eraman gintuzten urteak, hain zuzen. Zeren, distopiara ohitu, ohitu dira batzuk; baina, gurean, distopia egon, badago; eta ez nolanahikoa.

Menpekotasunaren errealitate poliedriko eta erabat distopikoan utopia amestu izan du euskaldun kolonizatuak. Nola bestela iraun? Utopikoa izan zen Garat anaiek Euskal Herriaren etorkizuna bermatu nahirik Napoleoni aurkeztu zioten Fenizia Berriaren proiektu prezatua. Matalazi burua moztearekin bat, utopia bihurtu zitzaizkigun Zuberoako herri-lurrak, alodioak. Utopia, Miranderen iraultza estetikoan oinarritzen ziren tesi politikoak. Identitate enblematizatuez bor-bor, mitoa zen gerra aurreko antzerkiak islatzen zuen euskal-giroko arketipo arlotea. Fabula parenetikoa — gezurretakoa batzuen aburuz—, gure literatura tradizionalak islatzen zuen baserri munduko kostunbrismoa. Kimera politikoa, gerra aurreko hizkuntza garbizalearen aldeko mugimendua. Ilusioa, euskara jasoa atontzeko erbesteko espazioak edo exilioko deslekuan euskal kulturak sortutako lubakiak eta kategoria kulturalak. Behar-beharrezko ametsa, frankismoko urte ilunetan aberririk gabeko herritar askorentzat bizitzeko leku bakar bilakatu zen kartografia kulturala. Garai hurbilekoagoetan, utopikoa, diglosian bizi garenon hizkuntzen ekologiaren aldeko bidezko aldarria. Utopikoa, Txillardegiren hitzak baliatuz, estaturik gabe —inongo «marko demokratiko» zein «estatus berritan»— euskara salbatuko dela pentsatzea. Euskal utopia —eta gure eskaramuzak— denak bat; eta bat, utopia bera.

Euskaldunok urruti beharko genuke utopiko inozo izatetik; baina, paradoxikoki, abaildu zaigun epelkeria ideologikoaren ondorioz imajinetan ezkutatzen zaigu hurbileko izadia. Gure intelektualen artean utopiaren ideia lausoek apenas kritikorik duten paramo horretan, distopia hutsean bizi gara herritarrok. Distopikoa da mendeetako kolonizazioaren ondorioz inposatutako hegemonia sasi-demokratikoaren ideia faltsua —hark bideratutako bozka bazka— eta ardo txar horrek eragiten digun noraezeko balantza. Maltzurra, sozial nazionalismoak gure kulturarekiko eraikitako progresia faltsuaren diskurtso interesatuak sortu duen kartografia estrainioa. Zuria eta hutsala, utopiatzat saltzen duten sasi-politiko administratzaile-teknokraten kalaka. Gorgarria —geure ahots propioa ez entzuteraino—, aho zurien bakearen aldeko erretolika pairaezina. Ahalkeria hutsa, gure odolezko izerdia, eta hark gaurdaino hedatutako oinazearen itzal grotesko eta mingarriak. Bihurria, gure banaketa geografiko eta ideologiko artifizialak inposatu duen elkarrekiko mesfidantza gatibua. Perbertsoa, espazio diglosikoan euskaldunari eskatzen zaion sedukzio ariketa ridikulua. Alienatzailea, bere nortasuna eta historia ezagutzen ez duen herritarraren oturuntza. Maleziatsua, herritarron memoria ezabatu eta gure energia iraultzailea xahutzeko bidean den lanbro desideologiko lodiak bideratutako gezur unibertsoa. Hipokrita, gure kulturarekiko begirada xamur antropologiko aingerutar hutsala. Distopikoa da gure gazteen akulturazioa. Iraingarria, irabazlearen zaldiaren irrintzi ikaragarria.

Lyotarden hitzetan, garaiotako ezaugarri nabarmena da orain arteko zuhurtzia ideologikoak zalantzan jartzea, metanarratibekiko jendartearen fede-gabezia. Historia eta ideologia hegemonikoak begi berriez eta mesfidantzatik berrirakurtzeko garai aproposak ditugu, beraz. Menpeko diren herrientzat aukera historikoa, nolanahi ere. Baina emantzipazioaren bidean derrigorrezkoa den esentzialismo estrategikoaren indar gune izan zitekeen ideia berau kontra-argudio bihurtu du urteetako arrotz giroak, eta haren ondorioz gailendu zaigun akulturazioak. Izan ere, euskal herritar asko arkadia geurean dela sinetsirik bizi dira, gero eta bero gutxiago ematen dien mantatxopean.

Euskaldunok etorkizunean gure askatasuna bermatuko luketen (ber)egituraketa material eta formalak ditugu zalantzan jartzen, eta utopia perfektua —ihes ederra— emantzipazioarekiko aitzakia errendatu da gure artean: independentzia anatema anatopiko eta anakronikoa dela sinesteraino. Horrelako edo halako amesten dugu gure askatasuna; baldintzaz betetzen dugu gure amestutako estatuak beharko lituzkeen ezaugarriak, eta ez dugu bide hori edozein bidelagunekin egin nahi; bakoitzak aukeratu nahi ditu horiek ere. Inorentzat eskandaluzko kalte izan nahi gabe ere, Monzonen utopiaren aldarritik urruti eta errotutako distopiaren adierazle nabarmenetan murgilduta bizi garelakoan nago.