Municheko paktua (1962) eta Gernikako Akordioa (2010)

http://paperekoa.berria.info/iritzia/2012-06-09/006/002/municheko_paktua_1962_eta_gernikako_akordioa_2010.htm

2012-06-09

Municheko paktua (1962) eta Gernikako Akordioa (2010)

MIKEL ANTZA

ORREAGAKO KIDEA

Municheko Paktua (1962) sinatu zutenek bazekiten Espainiak Europan sartu beharra zuela frankismoa desagertzerakoan. Horretarako diktadura gainditu behar zen, Francoren ondorengo «trantsizio demokratiko» bat bermatu behar zen. Hori izan zen, hain zuzen ere, Municheko Paktuak prestatu zuena: Espainiako diktadura sistema demokratiko bihurtu zedin egin beharreko trantsizioa. Bitartean, horrelako paktuarekin, ezker oposizioak merituak irabazten zituen egiazko boterearen aurrean.

Epe laburrez bada ere — 1936ko urritik 1937ko abuztua—, izan genuen gure gobernu propioa.

Zoritxarrez, Francoren garaia amaitu zenean, guk ahalbidetu genuen Espainiaren label demokratikoa. Gu sartu ginen bere sistema unitarioan, bere orbitako satelite baten moduan. Subjektu politiko bat izaten jarraitu ordez, Espainiaren barnean desegin ginen. Municheko paktua sinatzeak hori suposatu zuen, automatikoki. Desadostasun ahotsak entzun ziren Munichen bertan baina buruzagiek ez zieten jaramonik egin.

Akordio horrek erabat husten zituen atzerrian zegoen euskal gobernuaren identitate ezaugarriak. Garai hartan berehalako autonomia deitu zena exijitzea, gutxieneko baldintza bat zen Euskal Herria subjektu politiko bat izan zedin Espainiaren aurrean. Ondorengo edozein negoziazio batean bi aldeetako bat ez bada subjektu politikoa, ez dago negoziaziorik, ez dago erlazio politikorik; beste erlazio mota bat sor daiteke: morala edo etikoa, baina ez politikoa.

50 urte igaro dira eta ez da ikusten independentzia lortzeko estrategia berririk: betiko akatsak behin eta berriro; eskarmentuak ez du gurean inolako baliorik.

Gernikako Akordioak indarkeriarik gabeko egoera eta normalizazio politikorako baldintza batzuk jartzen ditu: ETA desagertzea, eskubide zibil eta politiko guztien aitortza, inoren aurkako mehatxu, presio, jazarpen, atxiloketa eta tortura mota guztiak desagertzea, edozein dela ere pertsona horien jarduera edota ideologia politikoa, eta presoen aurkako espetxe-politika etetea.

Ondoren, ezinbestekotzat jotzen du elkarrizketarako eta negoziazio politikorako guneak zabaltzea gatazkaren zioak eta ondorioak osotasunean aztertzeko. Gai politikoak konpontzeko, soilik bitarteko demokratikoak eta baketsuak erabiltzea proposatzen du, indarkeriarik ez erabiltzea eta akordioak errespetatzea. (…)

Akordio horretan protagonismo esklusiboa izango duten Euskal Herriko kultura politiko guztien artean bi alde nabarmendu daitezke: Euskal Herri independente bat aldarrikatzen dutenak eta besteak. Besteak esaten dudanean, Espainiar eta frantziar estatuek bere soberania zapaltzailearekin jarraitzearen alde daudenez ari naiz.

Bi alde horietatik, batek dauka indarra, biolentzia, eta biolentzia erabiltzearen mehatxua egiteko gaitasuna, hau da, politikaren muina; guk, aldiz, ez. Guk zilegitasun osoa dugu independentzia aldarrikatzeko. Besteari, ordea, ezin zaio inongo zilegitasunik aitortu, defendatu eta mantendu nahi duen egoera, gaurkoa alegia, armen bidez egindako konkista baten ondorioa delako eta Euskal Herriaren borondatearen aurka doalako. Biolentzia alde bakarrean dagoenean, ez dago akordiorik, inposizioa baizik.

Edukiei buruz, inork onartu behar al digu nazio bat garenik, edo independentzia —beste egoera batzuen artean— erabakitzeko eskubidea dugunik? Independentzia indarrez kendu ziguten eta, uko egin ez diogunez, ezarri egin behar dugu. Nola ezarri da gakoa. Ez noski kendu zigutenei egindako baimen eskaera baten bidez.

Espainiaren orbitatik kanpo mugituko den erakunde indartsu bat sortu behar da. Erakunde horrek bere indarra erakusten duenean negoziatu ahal izango dira, gobernu indartsuen artean, estatu indartsuen artean, independentziarako baldintzak.

Bitartean, hobe dugu erresistentzia eraginkor bat antolatu, galtzaile ziurrak izango garen negoziazio mahai batean, arerioak beto eskubidearen bidez erabakitako edukiak eta baldintzak onartzera behartuak izatea baino.

Gernikako Akordioak, estatua edo subjektu politiko bat izatea badu helburu, bide okerra planteatu du: ordena ez da negoziazio mahai bat osatu eta hortik indartua atera nahi izatea, estatu baten jabe atera nahi izatea. Alderantzizkoa behar du planteamenduak: erakunde propio indartsu bat eratu, indarra duzula erakutsi eta ondoren, negoziazio mahaian eseri. Soilik subjektu politiko bat bazara negoziatuko dute zurekin; horrela ez bada, ez dute negoziatuko, inposatu egingo dizute.

Gernikako Akordioak ez du autodeterminazioa, independentzia, planteatzen. Geroratu egiten du. Helburua, «marko demokratikoa» —utopia bat— eraikitzea da. Euskal Herria ukatzen duen estatutu-zikloa gainditzean datzan marko horrek, Euskal Estatua eratze-bidea egiteko bermeak eskaini behar omen ditu.

Helburua da, akordioak horrela dio, autodeterminazioa eta lurraldetasuna konponduko dituen eta proiektu politiko guztiak —independentzia zaleena barne— gauzatzea ahalbidetu behar duen «marko demokratikoa» eratzea. Hor lortutako akordioa, Espainiako estatuak errespetatu egin behar du.

Kontua da Espainia ezin dela guretzat inoiz izan «marko demokratiko» bat eta Gernikako Akordioak ez du horrelakorik lortuko prozesu politiko eta negoziazio mahaien bitartez. Demokraziak ez ditu sortzen giza eskubideak; giza eskubideek sortzen dute demokrazia. Demokrazia herriaren botere politikoa da, eta ez dago herriaren botererik oinarrizko giza eskubiderik gabe.

Espainia, noizbait «marko demokratiko» bat izango bada, Euskal Herriaren independentzia aurretik onartu beharko du, eta hori ez du inoiz bere borondatez, behartu gabe, egingo. Beste irtenbiderik ez duenean, gure indarrak eta beste baldintza batzuk behartzen dutenean soilik lortuko dugu gure independentzia. Ez, ordea, berak antolatutako hauteskundeetan parte hartuz, besterik gabe bere sistema legitimatuz, eta aldi berean negoziazio mahaiak antolatuz, non denok aurreikusi genezakeen irabazlea edo galtzailea: «abertzale beti galtzaile». Ez da izango abisatu ez delako.

Definizioez

http://paperekoa.berria.info/iritzia/2012-06-24/004/001/definizioez.htm

2012-06-24

Definizioez

LARRAITZ ARIZNABARRETA GARABIETA

MONDRAGON UNIBERTSITATEKO IRAKASLEA

Kulturari lotutako definizio oro ideologikoa da, politikoa. Euskararen diglosiaren auzia politikoa da, gure kulturaren iraupenaren auzia politikoa den moduan. Botereak beren-beregi, tentuz —banaka— pentsatu ditu herritarrok axolagabekeriaz egunerokotasunean erabiltzen ditugun kulturari lotutako hitzok, errealitatea naturalizatzen eta sinbolizatzen laguntzen diguten taxonomia eta metaforok. Horrela, perbertsiozko bukle amaiezin bat bailitzan, metropoliaren interesek eta gure arteko errazkeriak bultzatuta, botere bertikalaren oihartzun bilakatzen dira gure kulturaren definizio bare, hitzaldi faltsu, begi-itsutan emandako iritzi, edo termino arrotzen kalko gehienak. Hedatu eta gure artean txertatu den apatia eta asteniaren erruz ahaztu badugu ere, ideologiak rol esanguratsua jokatzen du edozein herri edo komunitateren identitate, eta kultur glosario sinboloen kreazio eta mantentze prozesuetan, sinbolo hauekiko atxikimendu edo gaitzespen mekanismoen bitartez. Edward Saidek ederki dioen moduan, kultura eta harekin lotutako terminoak definitzeko saiakera oro da —gizarte bat demokratikoa denean ere berdin— botere lehia bortitza. Eta zer esanik ez, kontzientzia hori galtzen duen giza talde menperatuak —de facto— boterearekiko dominazioa onartu eta buru eman du, hondartu da. Fini da.

Definizioen edo iritzien artean aukera egitea taldeen artean aukeratzea da gurea bezalako espazio gatazkatsuetan. Boterearentzat ez ezik, dominazioa jasaten duten gizataldeentzat ere —bereziki esango nuke iraupena bera kinka larrian daukaten heinean— ideologiak funtsezko papera betetzen du. Talde horiek osatzen dituzten gizabanakoen artean, ideologia bere erresistentziaren oinarri eta euskarri izan ohi da, taldekideen artean identitate soziala eta interesak definitzen lagunduko dien marko erreferentzial gisa. Balio inplizituen sistema da ideologia, errotutako printzipio inkontzienteen multzoa, arazoen aurrean erantzunak iritzi erara formulatzera bultzatzen gaituena. Ideologia jakin batekiko lotura sentitzen duen orok helburu komun eta kongruente batek biltzen duela sentitu ohi du; eta, areago, ideologia jakin bati dion atxikimenduak konbentzitzen du ideia horiek erarik eraginkorrenean defendatzeko estrategia eraginkor baten beharraz, eta beraz, akzio politiko zehatz batzuen derrigortasunaz. Taldekide bakoitzaren iritzi pertsonalak ere konpartitutako beste aurreiritzi batzuetan errotzen dira, hots, ideologia jakin batean enmarkatzen dira. Ideologia estruktural horri erreparatu ezean, gutxi jakin ahal izango dugu pertsona jakin baten ideiez. Hitzen jabe izatea arma bortitzetan bortitzena bilakatu da. Ez da armadarik gehiago ahal dezakeenik.

Tresna eraginkor eta berrien bila, botereak diskurtsoa lotsagabe erabili eta hedatzeari ekin dio bere nahia eta herritarron menpekotasuna perpetuatzeko: zenbaitzuetan, oso modu argian; beste askotan, berriz, ageriko mailan azaldu gabe, latentzian. Karikatura moduan baino ez bada ere, estatuaren engranajearentzat lanean irudika ditzakegu metropoliko funtzionario diren profesore, trajedun politikari, ideologo, kazetari, kultur gizon-emakume zein akademikoak. Horra egia monolitikoa «tolerantzia erregimenez», «kultur aniztasunez» edo «bake bidez» mozorrotua. Lehen frankismopean propaganda deitzen zitzaion makineria maltzur horri —menperatzaileen kalaka demagogikoari— eta hein handi batean behintzat, herri xeheak zuhur eta espontaneoki desberdintzen zituen botere ofizialak —estatu inperialistak— inposatutako terminoak kontra-botere erresistentetik —gutasunetik— egindakoengandik. Euskal kodigo abertzalea bizirik mantentzeko eta kolektiboaren gizarte ekimenak sinbolikoki gidatuko zuen erreferentzia markoa eraikitzeko, boterearekiko ukazioa legetzat hartu, eta euskal nortasuna bere osotasunean eraiki zen errealitate arrotza problematizatzeko ahaleginetik, erresistentzia kritikotik, gizatalde menperatuak horren arabera (ere) definitzen baitira. Politikoki markatutako iritzi aukeraketa zen, nabarmen; esentzialismo erresistente batek bideratutakoa. Barbaroen zain bizi ginen garaiak ziren haiek.

Definizioen jabe ez izatearen erruz —eta era guztietako kolaboratzaileei esker—, azken urteotako bigarren frankismopean, errealitatea alienazio modura ageri zaigu gehiegitan euskaldunoi. Eztabaida ideologikoaren buruzagiek banpirizatu egin dituzte herri moduan zehazten gaituzten terminoak. Ez dira gutaz mintzo egunkarietan, testu liburuek gure historia itxuraldatzen dute, abertzaleoi arrotz egiten zaizkigu egungo pentsamendu carlista otzandutik botatako egiak. Konkista biolentoari «asimilazio baketsu» esaten diote, diglosiari «eleaniztasun», kultur menpekotasunari «kultur aniztasun», traizioari «trantsizio demokratiko». Nahasmena hedatuz joan da, arrazoia xahutuz, diskurtso arrotza geure egin dugun arte, eta, ondorioz, gure nortasuna bera patologizatu egin dugu, menpekotasunaren kontzientzia galdu. Askapen bertso herrikoien ordez, barkamen olerki arrotzek zehazten gaituzte egun.

Hori dela eta, urte luzeetan iraun duen kultur inferioritate-konplexuaren orbitan bueltak ematen jarraitzeak, gure kultura —herrikoia zein beste— botereak nahi duen irudiko izan dadin arropa arrotzez mozorrotzeari eusteak, gurekiko tiraniaren betikotzea eta berau estrukturalki aldamiatzea baino ez dakar. Alderantziz, euskal munduan kultur taxonomien grabitate zentroa aldatzeko saiakera orok, kulturarekin lotutako termino operatiboen (bir)pentsatze dinamiko eta esplizitu batek, errealitate kulturala problematizatzeko ekinaldi bakoitzak, dinamika iraultzailea suposatzen du, derrigor. Prozesua bera da liberadorea, bide horretantxe askatuko ginateke herri zein banako moduan. Iraupenaren eta desagertzearen arteko lehia bortitzean, asertibidadea, erresistentzia eta askabide ariketa oro dira gure kulturaren euskarri baitezpadako. Izan ere, herritarrok gure baitako askatasun mintzo espontaneoa isiltzen dugun bakoitzean, gure min sor eta sakona baizik ez dugu isiltzen, eta, bide batez, herriaren eta gutako bakoitzaren menpekotasuna betikotzen laguntzen diogu inperialismoari.