Zer gertatzen zaie gure politikoei?

http://paperekoa.berria.info/iritzia/2011-10-21/004/001/zer_gertatzen_zaie_gure_politikoei.htm2011-10-21

Zer gertatzen zaie gure politikoei?

MIKEL I. URIARTE

IRAKASLEA

Zer gertatzen zaie gure politikoei? artikulua dela eta, hari zuzendutako pare bat erantzun irakurtzeko aukera izan dugu azken egunotan. Bata sarean, eta bestea BERRIAn. Nik ere hiru artikulu horietan esan denaren inguruan hausnarketa bat egin nahiko nuke.

Pako Aristiren artikuluan «politikoen» nora eza azaleratzen da, eta Espainiako hauteskundeak hizpide hartuta, kritika egiten die hara «Nazio bezala» joan nahi dutenei. Estatu batek hauteskundeak antolatzen dituenean, bere boterea, lurraldetasuna eta eskubideen iturburua finkatzen dituela argudiatzen du Aristik, eta ez dio inolako zentzurik ikusten hori legitimatzeari: «Biolentziaren bidez nagusitu den estatu batek ez du onartzen lurralde menderatuak beste estatu baten aldarria bere egituren barruan praktikan jartzea».

Euskal Herrian, herri okupatu bezala, horrelako gaien inguruko gogoeta egitea, guztiz beharrezkoa dela ikusten dut. Badirudi hala ere, sarean erantzun dionari Aristiren purrustada bat iruditu zaiola. Ez dakit zergatik. Uste dut, herri menderatu batek, bere independentziara bidean, kontu handiarekin, eta egoera oso ongi aztertuta erabaki behar duela zein kasutan izan daitekeen komenigarria zapaltzaileek ezarritako hauteskundeetan parte hartzea, hau da, estrategia bat izan behar du, eta nire iritzi apalean, ez da hori gure herriaren kasua, tamalez. Ez dut uste oker nabilenik haien hauteskundeetan eta haien sisteman oso modu «naturalean» parte hartzen dela esatean, ia gure hauteskundeak izango balira bezala eta haietatik lorpen garrantzitsuak esperoko balira bezala. Hori ez da, nire ustez, herri kolonizatu batek, bere independentzia eta duintasuna lortzeko jarrera egokia.

Sarean erantzuten dionak, bere zergatia aurkitzen dio parte hartzeari. Badirudi Aristiren hausnarketarekin iraindua sentitu dela, eta azaltzen dio parte hartzen duten horiek ez direla tontoak, ondo asko dakitela bertan ez dutela inolako eskubiderik lortuko. Beste batzuek ere esan izan duten bezala, bere ustez kontua «Madrili zapatan harri koxkor bat sartzea da, molestatzea».

Herri kolonizatua izanik, komunikabide guztiak, hezkuntza sistema, indar armatuak… denak etsaien esku daude, eta beraz, arrisku handia daukagu beraien trikimailu guztien barruan asimilatuak izateko. Guztiok dakigun bezala, egoera honetan, gure nortasuna eta duintasuna mantentzea ez da gauza erreza, eta horregatik, errepikatzen dut, herri batek arerioaren sistemako hauteskundeetan parte hartzea erabakitzeko, oso ondo pentsatua izan behar du zertarako egiten duen hori, eta horrekin lortzen denak konpentsatu beharko lituzke hartzen diren arriskuak. «Madrili zapatan harri koxkor bat sartzea, molestatzea» ez zait inondik inora pisuzko arrazoia iruditzen.

Zer gertatzen zaie gure politikoei? artikuluak, aipatutako bi erantzun horietan antzeko erreakzioa sortu du; biek eskatu dizkiote nolabait azalpenak Pako Aristiri bere inplikazio politikoari dagokionez. Aristirenaren antzeko artikuluek, hitzaldiek, liburuek, maiz sortu dute erreakzio hori zenbaitzuen artean. Alderdi politikoekin bat ez egitea, eta kritika bat egitea jarrera harroa dela iruditzen zaie, eta hori egiten duena besaulkian eserita irudikatzen dute ezer egin gabe. Atrebentzia iruditzen zait horrelako ondorioa.

Ohartzen naiz alderdi politikoekin identifikatuak sentitzen diren batzuk, beste edozein alderdi politiko «aurkariren» kritikak askoz hobeto hartzen dituztela kritika mota hauek baino. Sumindura handiagoa sortzen du zenbaitzuengan telebista eta egunkarietan ateratzen zaigunaz haratago, hortik aparteko bideak jorratu daitezkeela ikusteak, eta jendea horretarako prest dagoela ikusteak. Eta horri, «ezer ez egitea» deitzea erabakitzen dute. «Egitea» etsaiaren joko arauen barruan bakarrik izan daiteke ikusten denez, gainontzekoak, «purrustadak» dira, eta, beste batzuen ustez, utopia.

Gure estatu propioa, independentzia, lortzeko hausnarketa politiko serioa egiteko eta bultzatzeko jendea prest dagoela ikusteak arnasa eta zoriona sentiarazi beharrean, sumindura sortzen du batzuengan; irainak ikusten dituzte kezka besterik ez dagoen lekuan. Aristik planteatu duen gaia eta beste asko sakonki lantzea beharrezkoa dugu herri honetan. Emaitzak ikusi besterik ez dago hortaz jabetzeko. Iraindua sentitzen dena, etsita dagoen seinale agian, etsaiek jartzen diguten bidetik kanpo beste biderik egin ezin dugula erabakita daukanaren jarrera dela iruditzen zait.

Ez dut uste, alderdi politikoen nora eza azaleratzea horren gauza arraroa denik, eta are gutxiago gaizki hartzekoa. Alderantziz, beharrezkoa da.

Herri kolonizatu batek bizi ahal izateko, bere independentzia helburu minimo bezala izan beharko lukeenean, gauza ugari entzuten dira gure inguruan: batzuek aberri eguna independentzia nahi dutenentzat eta nahi ez dutenentzat ere badela esan izan dute, oso herri «anitza» garelako. «Francoren heriotzaren gerorako diseinatutako operazio politikoa (Euskal Herria asimilatzea helburu zuena)» gainditutzat jotzen dute beste batzuek, eta «marko demokratikoa eraikitzea helburu duen aro berriaren atarian gaudela» pentsatzen dute. Beraz, etsai guztiak gure artean sartuak ditugularik, independentzia lortu aurretik demokrazia bat irudikatzen dutenak badira («marko demokratiko» delakoa), zeinean «aukera guztiak errespetatuko diren» (independentzia ere bai, diote…).

Hau guztia ikusita, nora ezean dabiltzala planteatzea eta haiekiko zalantzak sentitzea, gauza normala iruditzen zait. Izan ere, independentzia ez da aukera bat beste batzuen artean, ez da iritzi bat iritzi askoren artean. Aukera bakarra da. Herri kolonizatu batek independentzia lortzen duenean bakarrik hartuko du arnasa, eta hortik aurrera hasiko da berarentzat demokrazia. Hori ez du lortuko hain zuzen ere, etsaiekin «errespetuzko» elkarrizketa «demokratiko» batean.

Gauza hauetaz herritarron artean garbi hitz egiteari ekin diezaiogun lehen bait lehen… ziur naiz gure indarrak etsaiek «uzten» dizkiguten joko arauetatik kanpo pentsatzeko eta ekiteko erabiltzeak emaitza onak lortzeko aukerak handituko dituela!

Praktikoak

http://paperekoa.berria.info/iritzia/2012-02-21/004/003/praktikoak.htm

2012-02-21

Praktikoak

LARRAITZ ARIZNABARRETA GARABIETA

MONDRAGON UNIBERTSITATEKO IRAKASLEA

Praktikotasuna subalternitatearen etikari lotzen zaio sarri. Hots, menpeko direnak —botereak ahots propiorik aitortzen ez dien heinean— praktiko izatera kondenatuta daude. Gayatri Spivaki irakurri nion lehen aldiz aforismoa, berari zor diot epifania. Gerora, ideia berberarekin tupust egin dut hainbatetan, beren buruak menpekotzat izan eta askapen mugimenduetan murgilduta dauden hainbat idazleren izkribuetan —Toni Morrison nobelagile beltzaren, Mahmud Darwish poeta palestinarraren eta Rosa Linda Fregoso genero aktibistaren lanak lekuko. Irakurri nuen lehen unetik ulertu nuen proposizioak zer hausnartua bazuela gure sutondora ekarrita ere. Ezina ekinaren ekinez egina dio euskal esaera ezagunak, ez alferrik.

Labur esatearren, euskaldun abertzaleok ere praktiko gara oso. Gure esperantza eromen kolpez berpiztu nahirik —halabeha-rrez—, kultur eta gizarte aktibista bilakatu gara euskal herritarrok historian zehar. Larramendiren hitz apologetiko —eta erabat defentsiboak— baliatuz, El imposibletzat —gaindiezintzat— daukagun indar arrotzari gaina hartzeko ahalegina izan da gure aurretikoen praxi intelektualaren argumentarioa historiaren gurpilean. Euskal abertzaleon diskurtsoa, eta berdin jardun intelektual eta politikoa ere, urteetan —mendeetan akaso— izan da gure ideologiaren marjinalizazioa saihesteko ahalegin premiazko eta baitezpadakoa. Zer dira osterantzean Etxepareren hutsuneetan hutsunea betetzeko ahalegina, Garibairen zein Larramendiren lan apologetikoak, foru galtzeak ekarri zuen bizimodu tradizionalaren defentsa —Abadiaren lore jokoak eta garai hartako teatro berria barne—, gerra aurretiko kultur berpizkundea, ikastola mugimenduaren lehen eragileak, erbesteko hainbat gizon-emakume nazioneren kazetaritza, literatura, itzulpen eta saiakera obrak, frankismopean sator laneko hainbat herri ekimen zein kulturgintzako iniziatibak?

Abertzaletasun tradizionalak —zilegi bekit terminoa horrela erabiltzea, ñabardurak, bide batez, abertzaletasuna azken hogeita hamar urteotan sortu den perretxikoa ez dela gogorarazteko balio badu— etengabe eraiki eta berreraiki behar izan du diskurtso moral eta logiko bat ideologia hegemonikoa astindu, agerian utzi eta problematizatzeko enpeinu etengabean. Iraupena jokoan, euskarak —eta berdin euskal kulturak ere— intelektualen, kultur eragileen eta herri lanaren beharra izan dute botere arrotzaren probokazio sistematikoari ondo taxututako kontrargudioekin erantzun eta botereak ezarritako egia monolitikoa deslegitimatzeko intentzio antzuan. Gure kontakizun zador eta enkriptatuak —subjektu menperatuen eta hizkuntza menperatuaren ahotsa aintzat hartzen duen kontakizunak— identitate estigmatizatuak zein enblematizatuak iraultzeko borondatea adierazi du etengabe. Ez gara etnizistak, ez gara oldarrak, ez gara ezjakinak, ez gara hain nobleak ere. Garean gareana. Baina erakutsi al du inoiz botere arrotzak gu entzuteko intentzio txikienik? Ezezkoan nago. Entzungor antzematen dut nik. Erabat.

Boterearen jurisprudentzia legea da, eta —boterearen inguruan dagoen literaturak argi uzten duenez— boterea bat da, eta berau, errealitatean behintzat, fragmentaezina. Botereak disidentziaren likidazio estrategia du helburu; ez du zertan denborarik galdu diskurtso autokonplaziente, sofistikatu, atondu, txukun, txairo eta aldamiaturik eraikitzen. Indarrak politessearen eta kortesiaren beharrik ez du. Botereak ez esaten du. Kito. Egunkariak ixten ditu, guri dagokigunez bere legea ez betetzeko filuskeriak erabili, diru-laguntzak desagerrarazi, gure izateari erreferentzia egiten dioten terminoak —eta sinboloak— debekatu, indarrez isilarazi, kartzelatu. Puntakoetan ez zaigu inor gertatu ongile.

Horrela, euskaldunok —Sisifo kolektibo baten trazan— botere arrotzak behin eta berriz eraitsitakoa berreraikitzen topatzen dugu geure burua: «Praktikoak gara, ez gara desagertu». Gaurdaino bere horretan segitzen du gure ahalegin edo partisanismo nekaezin (?) eta esplizituak: kultur talde, bilgune, topagune, behatoki, kultur eragile, euskal curriculumaren inguruko batzorde, BERRIAren aldeko erle lan, euskara suspertzeko mintzalagunen ekimen, ikastolen aldeko diru bilketa, geu aintzat hartuko gaituen hezkuntza sistema propioa atontzeko ahalegin, denak dira izan —derrigorrez— identitate defentsibo baten isla; eta —bai— ekimen guztiek uzten dute agerian euskaldunon kemena, talde izaera kohesionatua eta, berdin, gure herri izateko nahia. Ez dago hau guztia zalantzan jartzerik, jardun horrexek iraunarazi baitigu urteotako deman, euskaldun zaharrok aspalditikan dugun teman.

Baina Gayatri Spivakek Indiako kolonizazioaren ajeak aztertu zituenean moduan, ez al genuke geuk ere dekonstrukziora jo eta geure jardunaren efikaziaz —eta kostuaz— hausnarketa zabaldu beharko? Can the Subaltern Speak?, horra Spivaken galdera zuzena. Berdin, lor dezake euskal kulturgintzak boterearekiko egiazko maila dialogikorik botere berberaren menpeko den bitartean? Badu gure ahotsak nahikoa indarrik? Ez ote dugu gure diskurtsoa ele arrotzaren oihartzun periferiko bihurtu? Egiten dugu nahikoa pedagogia eraginkor atzetik datozkigunei nazio testigua egoki pasatzeko? Ez ote dira gure artean adierazkortzen hasi aktibismo hutsaren neke historikoaren zantzuak? Badugu, finean, benetako ahotsik? Zinez, —ajeak aje— ez da erraza trebe xehatzen euskaldunon otea. Izan ere, ideologiak bide katramilatsu eta bihurriak erabili ohi ditu —erreparatu bestela Zizek, Bordieu eta Eagletonek diotenari— eta zurt, adi, erne topatzen ez duen oro irensten du bere indarraren mesedetan.