Krisia

http://www.gureberriak.com/2013/07/04/krisia/

 

Krisi garaiak bizi ditugu. Ez dugu besterik entzun edo irakurtzen, monotema bihurtu zaigu aspaldian.

 

Einsteinek esan omen zuen, krisia pertsonek eta herriek izan dezaketen bedeinkapen onena dela, krisiak aurrerapenak dakarzkielako, krisirik gabe ez dagoelako sormenik. Krisirik gabe bizitza errutina omen.

 

Enpresa munduan ere antzeko mezuak entzun genituen krisia hasi aurretik. Orduan edonork irabazi omen zezakeen dirua erruz, ez omen zuen meriturik. Krisi bat etorriko omen zen, eta krisi hori gainditzen zuten enpresek merkatuaren hegemonia eskuraturik egoera askoz hobeago batean kokaturik aurkituko omen zuten euren burua. Krisia ona izango zela entzun genion enpresaburu askori.

 

Baina krisia gainean dugunean, azkenean “bedeinkapen” hori iritsi zaigun honetan, ez dirudi hain ona denik. Euren langileei mezu hura saltzen zieten berberak dira egun soldaten izozteak, lan-orduen gehitzeak, edo kaleratzeak erabakitzen dituztenak. Ez zuten fede askorik esaten zuten horretan…

 

Politikan ere sarri entzundako argumentua da argudio ekonomikoek azkartuko zutela gure independentzia prozesua. Espaniaren porrot ekonomikoak abagune polita suposatuko omen zuen gure herriarentzat, independentziaruntz bide zuzenetik eta 5. martxa sartuta ekiteko.

 

Baina gaur ikus dezakegu politikari haiek ere ez zutela fede askorik esaten zuten horretan. Mezu hura zabaltzen zuten berberak dira, Espainiaren porrot ekonomikoa gauzatzen ari den honetan, hura salbatzeko interes gehien azaltzen dutenak. Ahal duten erakunde español (udaletxe, diputazio, parlamentu…) gehienak salbatzeko konpromisoa erakusten dute. Gastuak kontrolatu, diru-sarrerak gehitu, eta zorra gutxitzen saiatu. Horra hor, independentzia bidean jarriko gintuen Españaren porrot ekonomikoan sakontzeko alderdi abertzaleek hartu duten bidea.

 

Krisien alde positiboak goraipatzeaz gain, beste hauek ere esan zituen Einsteinek eta gure ingurura begiratuz, tamalez arrazoia zuela esan beharrean gara:

 

Benetako krisia, inkonpetentziaren krisia da.

 

Ez dezagun espero gauzak aldatzea, beti berdina egiten jarraitzen badugu.

Geure politikariek ezin dute igelarena egin

http://www.gureberriak.com/2013/08/29/geure-politikariek-ezin-dute-igelarena-egin/

Nazioarteko harremanez osatutako mundu honetan, edozein herrirentzat, bizi ahal izateko, garrantzi handikoa da beste herriek zer asmo politiko dituzten ahalik eta azkarren igartzea eta horren araberako erantzuna prestatzea. Horretarako, funtsezkoa da testuinguru bakoitzean herri horiek jokatzeko duten modua eta haien unean uneko interesak xehetasunez aztertzeko gaitasuna izatea. Hori izango litzateke politikariaren lana, besteak beste.

Euskaldunon kasuan, esan beharrik ez dago, hil edo biziko egoeran egonik, ezinbestekoa da menderatzen gaituzten bi estatuen izaera eta jokabide politikoak ondo ezagutzea.

Batzuetan, pertsonok, bizitzako beste esparruetan ere, geure burua engainatzeko joera izaten dugu, giza izaera islatzen duen elezahar honek adierazten duen moduan: «Eskorpioi batek igel bati bere bizkar gainean erreka bat zeharkatzeko laguntza eskatzen dio. Igelak, mesfidati, hasieran laguntza ukatzen dio; beldur zen bidean eskorpioiak ziztatuko ote zuen. Baina azken honek zin egiten dio igelari inolaz ere ez duela horrelakorik egingo. “Gainera, -esaten dio- azken batean, biok hilko ginateke hori egingo banu”. Igelak, argudio hori entzunda, onartu egiten du, eta erreka zeharkatzen hasten dira. Bide erdian, eskorpioiak ziztatu egiten du igela. “Zergatik egin duzu hori?”, galdetzen dio igelak biak itotzen ari diren bitartean. “Ez dut aukerarik izan, hori da nire natura”, azaltzen dio eskorpioiak».

Oinarrizkoa da herritarrontzat, independentziara bidean, politikari egokiak aukeratzea. Espainiar eta Frantziar eskorpioien marko demokratikoetan sinisten duten igelei jarraituz gero, urperatu egingo gara.