Ilusioak

http://www.gureberriak.com/2013/06/05/ilusioak/

II. Mundu Gerran, kontzentrazio esparru batean preso zegoen gizon batek amets bat izan zuen. Amets horretan, bere askatasuna irudikatu zuen, eta horrek,  kontzentrazio esparruko egoeraren larrian, tinko irauten laguntzen zion. Berarekin batera preso zegoen medikuak adi eta harrituta jarraitzen zion gizon horren eboluzioari. Horrelako egoera larrian  egonik ere amets hori zela-eta borrokatzeko ateratzen zuen indarrari eta kemenari erreparatzen zion. Egindako ametsa zen bizidunen munduan iraunarazteko gizon horren euskarria. Baina, amestutako egunera gerturatu ahala, pertsona horren osasuna okertzen hasi zen, eta egun seinalatua igaro bezain laster, heriotza iritsi zitzaion. Pertsonaren osotasun biopsikosoziala irudikatzen duen pasarte honek zenbait irakaspen ematen dizkigu. Victor E. Frankl psikiatra juduak,Man’s Search for Meaning (Gizona bizitzeko zentzuaren bila) izeneko liburuan, juduen bizitzako muturreko egoera horiek deskribatuz, hausnarketa egiten du pertsonok bizirik irauteko erabiltzen ditugun “armen” inguruan.

Bizitza oztopoz betetako bidea da, eta oztopoen kontra gogoz borrokatzeko, buruko indarra oinarrizkoa da. Zentzua ematen dio nork bere bizitzari, heldulekuak bilatzen ditu, bizitzaren sua bizirik mantentzeko. Oztopoak gainditzeko gai dela eta bizitzeko aukera duela irudikatu behar du pertsonak, sinistu egin behar du. Noski, gauza bera esango genuke herrien kasuan ere. Herriak eta pertsonak elkarrengandik bereizezinak dira, eta bizitzeko aukera dutela pentsatu ezean, heriotza iritsiko zaie. Muturreko egoerak, gainera, ez dira salbuespenak; preso zegoen juduaren kasuan bezala, preso dagoen herriaren bi aukerak muturrekoak dira: bizitza edo heriotza; independentzia edo hil. Ez dago beste aukerarik. Hortaz, bizi nahi badugu, bitzitzeko ilusioa izan behar dugu, geure herriaren independentzia lortzeko gai garela ikusi behar dugu.

“Gu ere kolonia bat gara”

Horrelaxe, zuzen-zuzenean azaltzen du euren egoera Hyrbyar Marrik Berrian, maiatzaren 5ean argitaratu zioten elkarrizketan. Balutxistango askapenerako buruzagia da Hyrbyar.

Herri kolonizatu bat direlako kontzientzia garbia du, eta horren ondorioak ere oso garbi ditu:

* Herri orok du bere burua babesteko eskubidea, eta, beraz, ez diote borroka armatuari uko egiten.

* Okupazio indarren aurrebaldintzarik gabeko erretiratzea da etsaiarekin negozia daitekeen puntu bakarra.

* Autodeterminazio erreferendum baten aldarria babestea edo okupatzaileek jarritako “gobernu autonomoa” babestea okupazio egoera legeztatzea baino ez dira.

* Gizarte eragileekin akordio bat iristeko, bi puntu baino ez dira eztabaidaezinak: euren herriaren independentzia, eta estatu hori demokratikoki antolatzea, parlamentuan oinarritutako sistema baten bidez.

Gurean, aldiz:

* Ez dago okupazio egoerarik, “gatazka politiko” bat baizik.

* “Biolentziarik gabeko egoera” batera iritsi nahi da. Hau da, okupatzaileenak izan behar du biolentziaren monopolioa, eta guk uko egin behar diogu geure burua defendatzeko eskubideari.

* “Gobernu autonomoei” zilegitasuna aitortzen diegu, eta erabakitzeko eskubidea da negoziatu beharrekoa.

* Indar metaketarako akordioan independentistak ez direnek ere badute lekua (subiranistek, kasu), baina ezkertiarrak izatea nahitaezkoa da.

Gure herrian okupazio egoeraren ondorioz, independentzia gauzatzea “inposatzea” izan daitekeela ere sinestarazi nahi izan zaigu… horrelako herrien adibideak lagungarriak dira munduaren funtzionamendua nola den ikusteko. Gu ere kolonia bat garenez, berreskura dezagun gure herriaren lema, eta bazter ditzagun konplexuak…