Erabakitzeko eskubidea ez da independentziarako urrats bat

http://www.gureberriak.com/2013/06/05/otsaileko-gaia-erabakitzeko-eskubidea-ez-da-independentziarako-urrats-bat/

Sarritan entzuten ari gara Euskal Herriak zenbait «aukeraren» artean erabaki behar duela; independentzia izan daiteke «aukera» horietako bat, eta espainol izatea izango litzateke beste «aukera» (erabakitzeko  erabakitzeko eskubidea Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban aplikatu nahi badute, «frantsesarenak» ez baitu zentzurik). Sinetsarazi nahi digute «erabakitzeko eskubide» delako hori urrats bat dela gure independentziara bidean.

Bitxia da gure herriak etengabe erakusten duen erresistentziarako gaitasun harrigarriarekin batera horrelako mezuak geure artean zein erraz sartzen diren ikustea. Kontraesankorra dirudi alde batetik herri honek bizitzeko duen gogoa hain indartsua izatea eta aldi berean bere heriotzara eraman dezaketen mezuak hain erraz irenstea.

Herri honek geure iraupenerako ezinbestekoak izan diren hainbat jarrera hartu ditu askotan. Horietako baten adibidea erabiltzea argigarria izan daiteke «erabakitzeko eskubide» delako horren inguruan hausnarketa egiteko: gure hizkuntzaren iraupenaren adibidea.

Gure hizkuntzak bizi behar duen ala ez ez dugu sekula bozketa batean erabaki. Inori ez zaio burutik pasa ere egiten euskarak bizi behar duen ala ez modu horretan erabakitzea hain justu gure lurretan euskararen aurkako jendea ere badagoelako eta «iritzi» guztiak «errespetagarriak» direlako. Guk gure hizkuntzan bizi nahi dugu eta kito: hori lortzen ahalegindu gara, eta hori nola gauzatu izan da eztabaidatzeko gauza bakarra.

Hizkuntzaren adibidean bezala, gauza bera egin dugu gure izaera osatzen duten beste hainbat adierazpiderekin; eta, hain justu, jarrera horiei esker iraun dugu gaur arte bizirik nola edo hala.

Gure herriarentzat «erabakitzeko eskubide» delako hori nahi dutenen ahotan entzun izan dugu beste gai batzuekin ez dutela inolako zalantzarik; esan izan dute hainbat gai eztabaidaezinak direla eta ez direla erabakitzen bozketa baten bidez. Adibide gisa, emakumeen aurkako indarkeriaren kasua jarri izan da.

Herri bat zapaltzen denean, eta haren desagerpena nahi denean (Euskal Herriaren kasuan, adibidez), indarkeria bortitza jasaten ari den herri bat da hori; baina, hala ere, beste zerbait dela sinetsarazi nahi digute. Badirudi, zabaltzen diren mezu askoren arabera, independentzia bozketa baten bidez «erabaki daitekeen» zerbait dela, xehetasun bat besterik ez; batzuk alde daude, beste batzuk aurka… eta denak «iritziak» dira, errespetagarriak.

Independentzia, aldizkari honetan hainbatetan esan izan den moduan, ez da batzuek gauzatu nahiko luketen «amets» erromantiko bat. Independentzia edozein herrik bizitzeko, arnasteko ezinbestekoa duen tresna da. Independentziarik gabe herri bat ezin da bizi. Hil edo biziko gaia da, funtsezkoa, oinarrizkoa. Herri baten independentziaren aurka egotea ez da gauza hutsal bat, iritzi xume bat… herri horren heriotza nahi izatea da. Ondorioz, independentzia ez da haren aurka daudenekin batera bozketa baten bidez erabaki behar den zerbait. Bizitzeko indarrik ez duenean hiltzen da herri bat, baina inola ere ez bozketa baten bidez erabakitzen duelako izateari uztea.

Beraz, independentzia herriak bizirik irauteko BEHAR dugu. Eta herri honen independentzia nahi ez dutenek herri honen heriotza nahi dute. Hori ez da iritzi errespetagarri bat, euskararen heriotza desio dutenena iritzi errespetagarri bat ez den bezala (gainera, bistan da aipatzen ari garen gaiak lotuta daudela). Horren harira M. Urkolak duela hamar urte baino gehiago idatzitako artikulu baten zatia da ondokoa:

Demokraziaren izenean guk errespetatu beharreko aukera politiko libre bat balitz bezala aurkezten digute espainiar-frantziarrek beren konkista. Gizabanakoaren esklabotasuna, esplotazioa eta hilketa krimenak badira, ez dira gutxiago herrien esklabotasun kolektiboa, haien esplotazioa eta etnozidioa. Krimen oro «aukera libre» subjektiboaren aitzakian legitimatzeak portaera ororen analisi objektiboa ezabatzea eta subjektibismo hutsera ekartzea dakar berarekin. Hori horrela izanik, zergatik gaitzetsi ume baten kontrako bortxatze sexuala, bortxatzaileak iritzi “demokratikoki” errespetagarri bat dela “irizten” badio berak egindakoari ? Zergatik tortura edo langilearen esplotazioa ez dira errespetatu behar, polizia edo finantzariaren iritzi “demokratikoak” badira? Horrelako subjektibismo basatiak justizia lurperatzea dakar, edozein krimen justifikatzea eta demokrazia barregarri uztea.”

Hil edo biziko gaiak ez dira bozketa baten bidez erabakitzen, eta are gutxiago geure heriotza desio dutenek bozketa horren baldintza guztiak jartzen dituztenean. «Erabakitzeko eskubide» delako hori onartzea, «iritzi guztiak» errespetagarri kontsideratuz, herri hau zapaldua eta konkistatua ez dagoela kontsideratzea da. Espainiako eta Frantziako estatuen izaera zapaltzailearen ukazioa da. Herri zapaldu batek horrelakoak «iritzi» moduan onartzen dituen unetik pauso bat eman du bere heriotzara bidean.

Independentzia nola gauzatu pentsatu beharko dugu, baina inola ere ez dugu «erabaki behar» herri honek independentzia nahi duen edo ez. Bizi nahi dugu, eta bizitzeko, independentzia behar dugu. Ez dago besterik.

Herri psikologia osasuntsurantz

http://www.gureberriak.com/2013/06/05/martxoko-gaia-herri-psikologia-osasuntsurantz/

Zuhurki beldurra, gutxiagotasun-konplexua, ikara, morrontza, etsipena, otxankeria barnerartu dieten milioika pertsonez ari naiz hizketan.

Aimé Césaire, Discours sur le colonialisme, 1950

 

Inguratzen gaituen munduaren pertzepzioa erabat baldintzatzen du bizi garen herri-kulturak. Izan ere, pertzibitzea fenomeno psikologikoa da, eta estimuluak bakoitzaren ikuspuntutik eta esperientziatik interpretatzea da. Pertsonok estimuluak jasotzen ditugu, eta behin sailkatu ondoren, ditugun eskemen arabera interpretatzen ditugu, pertzibitzen ditugu, ulertzen ditugu.

Pertsonak izaki sozialak gara: herri baten barruan, kultura baten barruan jaio eta hazten gara. Jaiotzean, hizkuntza batean hitz egiten digute; modu horretan, komunikatzeko tresna geureganatzeaz gain, mundu ikuskera bat ere geureganatzen dugu. Herri baten barruan jaio, hazi eta hiltzen gara, eta bertan ikasten dugu zer dagoen “ondo”, zer “gaizki”, zer den “normala” eta zer ez den “normala”.

Herri bat menderatua dagoenean eta, beraz, bere ohiturak, kultura, hizkuntza, modu osasuntsuan transmititzerik ez duenean, ingurunea pertzibitzeko modua ere ez da osasuntsua; eta herri zapalduaren sindromea edo kolonizatuaren sindromea pairatzen du. Azpitik kokatzen du bere burua, eta gainetik ezarri zaizkion arauetatik kanpo ezer egin ezin dela pentsatzera ere irits daiteke. Arau horietatik kanpo bizitzea ezinezkoa dela pentsatzen du menderatuak, baina, hain justu, arau horietatik irtetea da hark bizirik irauteko behar den baldintza.

Fanonen arabera, ikatza baino beltzagoa den pertsona zuri ikustera edota elurra baino zuriagoa dena beltz ikustera ere irits liteke psikologikoki azpiratua den beltza.

Euskaldunon herria zapaldu eta desagerrarazi nahi dutenak gure herritartzat hartzen ditugunean bezala. Kolonizatuaren sindromea, menderatuaren pertzepzioa.