Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, inperialistek eurena inposatzen dutelako baizik

http://www.gureberriak.com/2012/12/29/hizkuntza-bat-ez-da-galtzen-ez-dakitenek-ikasten-ez-dutelako-inperialistek-eurena-inposatzen-dutelako-baizik/

Bai. JosAnton Artzeren esaldi famatuak dioen bezala, dakitenek erabiliz gero, hizkuntza bat ez da galtzen. Ados, nahiko ebidentea da hori. Baina hain sinplea al da afera? Horrela esanda, iduri lezake euskara galduko bada euskaldunon nagikeriagatik baino ez dela izango. Askatasun osoz egiten dugun hizkuntz aukeraketa desegoki baten ondorio dela espainiera edo frantsesa nagusitzea gure artean. Eta ideia horrekin ez gatoz bat, ez gaude ados.

Euskara galtzeko zorian egotearen errudun nagusiak frantziar eta espainiar estatu inperialistak dira. Beste kontu bat da euskaldunok mendetan zehar erresistentzia ariketa etengabea bilakatu behar izan dugula gure egunerokoa, eta hor bai, hor oso era egokian gogorarazten digu Artzeren esaldiak zein den gure eginbeharra. Erresistitzea izan da gure patua, ez etsitzea, gureari eustea. Eta, egiari zor, gure arbasoek lan hori ondo egin zutela esan beharrean gara, oraindik bizirik baikaude, eta pairatutako erasoen tamainari so, ez da gutxi! Baina ezer ez da betiko, eta arazoaren muinari heldu ezean… gureak egin du.

Eta zein da arazoaren muina? Arazoa sinplea bezain gordina da: gurea herri okupatu bat da; independentzia aspaldi lapurtu ziguten gure auzoek, eta haien helburu bakarra gure ondare guztia likidatzea da. Gure hizkuntza, gure ohiturak, gure kultura… azken finean, gure herria bera likidatzea.

Urte-garai honetan, ohitura denez, milaka euskaltzale joango gara Durangora gure hizkuntza eta gure kulturari arnasa pixka bat eman nahian. Lehen aipatu dugun erresistentzia horren adibide da erromesaldi bitxi hori. Kasik militantzia hutsez egiten den “esfortzua” askorentzat. Edo Artzeren esaldiak barnean dugun herri-kontzientzia ez zigortzeagatik egiten dugun autokonplazentzia ariketa ere bai, neurri batean. Gaizki-ulerturik ez sortzeko, ez diogu garrantzi apur bat ere kendu nahi lan horri guztiari, ukan baduelako, eta ez gutxi, gainera. Eta, ezinbesteko lana den neurrian, idatzi labur hau ere aprobetxatu nahi genuke lan horretan dabiltzan herritar guztiei gure esker ona adierazteko.

Baina lan horrek, esfortzu horrek, bere mugak ditu. Borondate on hutsean oinarritutako estrategia batek ez garamatza urrutira. Berandu baino lehen ahituko dira gure indarrak, hortik jarraituz gero. Lan horrek (gainontzekoek bezala) euskarri bat behar du, argi bat, norabidea zein den erakutsiko dion iparrorratz bat. Herri gisa, politikarako urratsa egin behar dugu, inperialismoaren atzaparretatik alde egin ahal izateko. Independentzia, estatu propioa berraktibatzea, ezinbestekoak ditugu. Denok izan behar genuke presente, beti, ezinezkoa dela euskararen iraupena bermatzea estatu okupatzaileen sistema barnean. Ez da posible, euskara (eta gure herria) desagertzeko diseinaturik baitago sistema osoa.

Eta POLITIKArako pausoa eman behar dugula diogunean, ez gara ari egunkari, irratsaio eta telebista tertulia guztiak betetzen dituen distrakzio-jolas horretaz. Ez, hori ez da politika. Lehen ere definitu genuen webgune honetan politika zer den.

Beti bezala, herriak du erabakia. Jarrai dezake beste hamarkada batzuk sasi-demokrazia eta parlamentutara jolasten. Jarrai genezake geure buruak engainatzen, independentzia gabe marko demokratikoak posible direla amesten. Jarrai genezake zapalkuntza marko honek eskainitako aukera apurrei probetxu atera nahian, baina ondorioz baita gure arteko zatiketa areagotzen ere, hori baita etsaiek diseinaturiko jolas-eremuaren helburuetariko bat. Baina, ilusioak ilusio, herria likidatzeko helburuak hor jarraituko du. Eta jolas maltzur horretan denborak gure aurka jokatzen du.

Inposaketez

http://www.gureberriak.com/2013/06/05/inposaketez/

Urtarrilaren lehenarekin batera 2013. urtean sartu gara. Egutegiak zehazteko edo aztertzeko garaia izan ohi da urte hasiera, eta guk ere beste hainbeste egingo dugu gure herrian ematen den fenomeno bitxi baten aitzakian.

Ez dira aste asko igaro Abenduaren 6tik. Jai eguna izan zen hegoaldean. Espainiar konstituzioaren eguna. Jai egun inposatua, hainbatetan (arrazoi guztiz) gogorarazi zaigun bezala. Handik 2 egunera, Abenduaren 8an, jai eguna izan ohi da berriz ere hegoaldean. Baina kasu honetan ez dugu entzun izan inposatua denik. Iparraldean ez da jai Abenduaren 8an, 6an ez den bezalaxe. Noiz erabaki ote genuen euskaldunok Inmaculada Concepción-arekiko dugun fede sekularra sendotu asmoz, jai egun izendatzea egun hori? (…) Ez ote dira bi egunak inposatuak?

Maiatzaren 8a jai eguna da Maulen, baina lan eguna (lanik duenarentzat) Arrasaten. 1945eko armistizioa dute ospatzen iparraldean. Hainbat eta hainbat euskal herritarren amaiera morts pour la patrie izatea ekarri zuen gerratearen amaiera dute ospakizun. Inposatua beraz. Eta biharamunekoa? Hori ez al da inposatua? Jai eguna baita Maiatzaren 9a (Ascension) ere Urruñan, Gasteizen ez bezala. Zerk egiten du data bat bestea baino inposatuago? (…)

Begibistakoa da jai egun horiek guztiak direla inposatuak, baina mendetako kolonizazio prozesuak bere eragina du, eta tamalez oso begibistakoak diren inposizioak baino ez ditugu ikusten sarritan. Día de la Constitución Española edo Día de la Hispanidad, inposatutzat bizitzen ditugu, baina gainontzeko jai egunak ez (edo ez hainbeste).

Espainiako bandera “gure” udaletxetan jartzea inposiziotzat ikusten dugu. Baina lege bakar hori hartu ohi dugu inposiziotzat, udaletxeak edo foru aldundiak edo “eusko” jaurlaritza inposaturiko erakundeak izango ez balira bezala jokatuz, hauek zuzentzen dituzten gainontzeko lege guztiak guk erabakiak balira bezala.

Euskaltegiei emandako diru-laguntza “publiko”-ak murriztea, inposiziotzat hartzen dugu, baina normaltzat jotzen dugu “publiko” deitzea inposaturiko zerga-sistema batek lapurtzen dizkigun xoxei.

Hernanin arratsaldeko hirurak bazkaltzeko ordu aproposa da askorentzat. Baionan aldiz, gehienak goseak amorratzen lirateke oren horretararte itxaron araziz gero. Inor gutxiri entzun diogu baina, hor inposaketarik dagoenik esaten. Oso normal dakusate hegoaldekoek euren ordutegiak Andalucía edo Valenciako klimaren arabera antolatzea, eta arrarotzat jotzen ordea, eguerdian bazkaltzeko iparraldeko ohitura “xelebrea”.

Amorrazioz entzun eta irakurtzen dugu iparraldea Frantziaren zati bat dela diotenean, baina oso normal erabiltzen dugu hegoaldea Bermeo, Zumaia edo Donostiaz hitz egiteko, iparralderago itsasoa baino ez dutenean.

Estatu propiorik ez duten herritan ia dena da inposatua. Estatu batek herri baten bizimoduan duen eragina izugarria da. Eguneroko edozein jardueratan antzeman daiteke eragin hori. Baina ahazteko joera dugu, gauzen zergatian ez pentsatzeko ohitura arriskutsua, eta horrek estatuaren eragin hori normalizatu egiten du, zapalkuntza egoera edulkoratu eta disimulatu, eta azkenean inposatua izan den hori askatasunean erabaki genuela pentsatzera hel gintezke.

Testu honetan adibide batzuk eman ditugu. Baina urtea hasteko zuen laguntza eskatu nahi genuke: Ia laguntzen gaituzuen inposatuak izan arren, oharkabean pasatzen zaizkigun egoera, erakunde, arau eta abarrak identifikatzen. Zerrenda polita osa genezake.

Iruzkinak

Espainiako erregearen kopako txapelketan, Athletic eta Barcelonaren arteko iazko finalean, espainiako ereserki monarkikoa jo beharrean Himno de Riego jo bazuten eta espainiako printzearen ordez Gaspar Llamazares balego palkoan bandera errepublikar españolarekin, ez genduke inolako inposaketarik ikusiko.

Horra pare bat:
1.-Geografia inposatua: Españiari buruz hitz egitean HEMEN esatea, Andaluzia, hegoaldea bezala aurkeztea eta Balentzia “levante” bezela. Denak espaiñiar erreferentziak
2.-Etorkinak: Errumaniarrak, perutarrak, bolibiartarrak… etorkin bezala kontsideratzea, baina duela 40 urte sufritutako espainiar exodoa, inmigrazioa ez zala izan esatea.
4.-Espainiar estatuko futbol selekzioko kamisetagaz norbait ikusi eta “uff, hori bai fatxa!!” pentsatzea eta aldiz frantziar estatuko kamiseta normaltzat ikustea.
5.-PPkoak franko ondorengotzat onartzea eta aldiz psoE begi egokiagoekaz ikustea.
6.-Hirugarren errepublika eskatzea.
7.-Euskarazko telebista eta irratietan norbaitek espaiñolez hitz egiten dauanean hitzulpenik ez egitea eta beste edozein hizkuntzagaz aldiz bai.
Ufff… nahiko da.
JARRAITU ZUEN LANAGAZ, ASKO ESKERTZEN DOT HONELAKO GAUZAK IRAKURTZEA!!!!
ERRI

3 Ander

Erregeak ere inposatuak dira.
Españakoa (noski) baina baita magoak deitzen ditugun horiek ere.
Inposatua ez dena (ez %100ean behintzat) “loteria” deitzen dugun españako loteria da, baina gutako askok erosten dugu. Indarrez kentzen dizkiguten zergak gutxi ez eta borondatezkoak ere ordaintzea oso tristea da.

4 Arantz

“LatinoOk odol berokoak gara” edo “Hemen Españan bizi dugun krisia” moduko perla iraingarriak lotsagabe bota, ETA INGURUKO INORK EZ KONTRA EGITEA. (Bigarrena da inposaketaren alderik lazgarriena. Hilda al daukagu barruko sena ere?)

Segi horrela!