“Plazer bat izan duk, Benito!”

http://www.gureberriak.com/2012/09/29/plazer-bat-izan-duk-benito/

Pako Aristi eta Mikel Markezek argitaratu duten liburutik (“Plazer bat izan duk, Benito!” 2012, Elkar argitaletxea. Donostia.) ateratako pasarte batzuk dira ondorengo hauek. Hausnarketarako balioko dutelakoan ekarri ditugu gurera, eta bide batez, pasarte horiek haien testuinguruan hobeto kokatzeko, eta beste gai ugari jorratzeko baliogarria delakoan, liburua irakurtzeko gonbitea luzatzen dizuegu, “plazer bat da eta!”.

1.- “Politikak, ongi eginez gero, berak kapitalizatzen du guztia. Herri bat politikoki ongi antolatuta dagoenean, estrategia politiko global bat duenean, bere baitan hartzen ditu beste adar guztiak.”

2.-“Gurea herri menperatu bat da. Ba al du norbaitek horren zalantzarik? Baina guk daukagun arazoa da oso menperatu zaharrak garela. Aspaldi menperatu gintuzten, harrapatu, okupatu eta kolonizatu. Eta herri honen memoria gero baino gero ahulagoa da, horregatik ez du sinesten bere aterabidearekin. Konformatzen da apurrekin, ez du modurik estrategia egoki bat antolatzeko. Dena antolatuko duen harmonia hori falta zaio. Ondorioz, bakoitza bere aldetik dabil, ahal duen moduan, babesik gabe. Lehendabizi egoera ulertzen da eta gero diskurtso koherente batean adierazten da.

Haurrek oso ongi funtzionatzen dute estrategiaren baitan. Berehala ikusten dute zer komeni zaien eta zerk egiten dien kalte. Norekin egotea komeni zaien eta norekin ez. Orain, politikaren munduan sartzen garenean, denak bihurtzen gara alderdi politikoetako buruen sinistun. Ez dugu ezer kuestionatzen. Gure alderdi kuttuneko buruak beti ongi ari dira.”

3.-“Herri kolonizatu batek ez du sekula kolonizatzaileen ideologiaren kulturan sartu behar. Ingelesek India ez zuten sekula kolonizatzerik lortuko Indiako bertako zipaioen konplizitaterik gabe. Nahiz eta munduko inperiorik indartsuena izan, ezin da herri bat kolonizatu bertakoen laguntzarik gabe. Hemen ere espainiarrek beren konplizeak izan dituzte eta badituzte.

Teknikoki ez da posible arazo nazional bat egotea eta une berean demokrazia. Edo demokrazia dago eta ez dago arazo nazionalik, Extremaduran bezala, edo arazo nazionala dago eta ez demokraziarik. Demokrazia deitzen zaion hori ez da legedi bat besterik, eta bertan agertzen da gu ez garela deus, eta ez dugula eskubiderik. Horri demokrazia deitzen diona pipiak jota dago!

Eta horrela joaten zaizkigu urteak eta urteak. Gurea bezelako herri kolonizatu baten kasuan denbora beti dugu gure kontra. Hori sobera dakite kolonizatzaileek, ederki zekiten bezala orain hamar mende. Edozein huskeriarekin entretenitzen gaituzte.“

4.-“Erregimen menperatzailearen legeetan borondatez parte izatea baino gauza makurragorik ez dago, guzti horri zilegitasun guztia ematen baitzaio. Gainera, hori menperatzaileen politika egitea da eta ez menperatuena. Beraiek ederki dakite zer gertatzen zaigun eta estrategia ongi antolatuta dute, gu nahi gaituzten bezala edukitzeko.”

Bakea (independentzia) nahi dugu

http://www.gureberriak.com/2012/10/29/bakea-independentzia-nahi-dugu/

Bakea, ziurrenik, mundu honetan jende ugarik amesten duen zerbait da. Denok irudika dezakegu mundu zoragarri bat, borrokek lekurik ez duten mundu bat, guztiok elkar ulertuko dugun mundu bat, bakean egongo garen mundu bat. Tamalez, gure historiaren bilakaeran, pertsonok ez dugu erakutsi bakean eta elkar errespetuz eta elkar ulertuz bizitzeko gaitasunik. Alderantzizkoa izan da giza-jarduera denboraren zehar, eta oraingoz ez da inolako aldaketarik sumatzen munduaren norabidean.

Esanguratsua da Lennonen abesti ezagunak dioena: “Imagine there is no countries / it isn´t hard to do / nothing to kill or die for / and no religion too / Imagine all the people / living life in peace…”

Hitz horiek garbi azaltzen dute errealitatea. Herriak daude mundu honetan, eta, ondorioz, herriak existitzen diren bitartean, ez dago bake orokor batez hitz egiterik, batzuetan sinetsarazi nahi diguten bezala; aitzitik, bake ugari dago mundu honetan, bakea ez baita berdina munduko leku guztietan: herri bakoitzak bere bakea du.

Herri bakoitzak bere mundu ikuskera propioa du, bere hizkuntza, kultura, antolatzeko era propioa ditu, eta berak nahi duen bezala bizi ahal izatea, hori izango da herri horrentzat bakea. Horretarako, babes neurri bortitzak hartu ohi dira; mundu honetan, hainbeste herri egonik, bakoitzak bere interesak defendatzen baititu, eta askotan beste herri askoren aurkako interesak izaten direlako. Horregatik, herriek estatuak eraikitzen dituzte, defentsa gisan, beren bizi-ikuspegia atxiki nahi dutelako.

Gure herriko bakea, beraz, Euskal Herrian gure hizkuntzan, gure kulturan, gure ekonomia propioa kudeatuz… bizi ahal izatea da. Eta horren aurka daudenen aurka lortuko dugu hori. Izan ere, baditugu inguruan gure herrian indarrez sartu eta zapaldu gaituzten bi estatu, eta estatu horien interesak geure interesen aurkakoak dira: guk bizi nahi dugu; gure erara bizi. Haiek, berriz, hil egin nahi gaituzte; edo beren erara bizitzera behartu, edo hil. Hori da haiek eskaintzen duten bakea. Ondorioz, gure bakea haien aurka eraiki behar dugu. Menderen mendeetan ongi asko frogatu duten bezala, eta gaur ongi frogatzen duten bezala, ez digute utziko gure erara bizitzen. Ondo asko ezagutzen ditugu haiek jarritako arauetatik irteten bazara jasan beharreko ondorioak.

Munduko edozein herritako bakea bere etsaien aurka eraikitakoa da, eta horrelakoa izango da gurea ere. Izan ere, herri bateko bakea haren independentziatik hasten da. Horretarako nahi dugu independentzia hain zuzen ere, geure bakean bizi ahal izateko, gure erara. Independentziarik gabe, bakeaz hitz egitea, demokraziaz hitz egitea… beste zerbaitetaz hitz egitea da. Herri zapaldu batek bi era ditu egoera horretatik ateratzeko: bere bake eta demokrazia lortu independentzia eskuratuz, edota etsaien “bakean” eta “demokrazian” sartuz eta han urtuz eta desagertuz. Beraz, bakea inoren aurka joan gabe lor daiteke, baina hori zein bake den pentsatu beharko genuke.