ERABAKI ALA IZAN

http://www.naiz.info/eu/iritzia/articulos/erabaki-ala-izan

AINARA ARTETXE
NEKAZARITZA INGENIARIA
ERABAKI ALA IZAN

Politikaz hitz egiten aritu ginen lehengo egunean kuadrillan; ez da euskaldunon artean ohikoa, baina erabakitzeko eskubidearen alde Gure Esku Dago ekimenetan parte hartzeko gogotsu zegoen lagun batek atera zuen gaia, bero-bero zegoelako.

2014/01/14

Berehala zapuztu zuen beste lagun batek haren zirrara: «Erabakitzeko eskubidea ez da existitzen». Eta kristoren erretolika bota zigun erdi haserre: «autodeterminazio» eskubidea dela Giza Eskubideen Nazioarteko Gutunean (GENG) jasota dagoen antzeko eskubide bakarra eta herriek/nazioek determinatutakoa independentzia izan daitekeela, baina baita beste aginte modu batzuk ere (federazioa, autonomia… eta asimilazioa ere bai).

Giza katearen ilusiotik asimilazioaren hautura pasatu ginen zast batean; euskaldun izatetik borondatez espainiar izatera, alegia. Ezjakintasunak eraginda, isilik egon nintzen, eta, gerora, hariari tiraka ibili naiz. Argi dut eskubideak Nazioarteko Zuzenbidean jasota egoteak ez duela esan nahi beti eta edonon betetzen direnik (lan egiteko eskubidea ere jasota dago GENGn, eta begira non gauden!), ezta interpretazio ezberdinak eta hutsuneak ez daudenik ere. Izan ere, the right to self-determination horrek talka egiten du estatuaren lurralde-osotasunaren aldeko printzipioarekin, eta, orduan, ‘autodeterminazio eskubidea’ kolonien kasuan edo estatuarekin ados jarriz gero baino ezin omen da lortu… eta, noski, gehienetan, adostasun hori ez da erdiesten. Ez al zarete ohartu nazio/herri gehiago dagoela munduan estatuak baino? Begi bistakoa da ez dagoela arauturik, nazioen nahiaren arabera, estatuen mugak nola aldatu behar diren.

Eta, orduan, nola da posible Kosovo independente izatea? Han, ez zen albaniarren eta serbiarren artean adostasunik egon; independentzia aldarrikapen unilaterala izan zen. Horrelakorik Nazioarteko Zuzenbidean jasota ez dagoen arren, haren kontrakoa ere ez da, antza. Dudarik ez espainiar araudia urratuko lukeela (izan ere, Espainia da Kosovo estatu gisa onartzen ez duten estatuetako bat). Baina forma aldetik dauden zalantzak edukien bidez gainditu daitezke; batzuek onartu ez arren, Kosovo hor dago. Beraz, eman diezaiogun edukia, formaz haratago: independente gisa autodeterminatutako herriak/nazioak estatuaren ezaugarriak eta egiturak garatuak baditu, nola ez da burujabe izango?

Eta dudarik ez dut Euskal Herrian herria/nazioa badagoela, Nazioarteko Zuzenbidean herri kontzeptuaren definizio bateraturik ez badago ere. Argi dago formei eta arauei kasu egin behar zaiela, baina arauak sortu eta eraldatu egiten dira edukien eta ekintzen

Estatus berria: independentzia

http://paperekoa.berria.info/iritzia/2013-12-28/005/004/estatus_berria_independentzia.htm

2013-12-28

ZUZENDARIARI

Estatus berria: independentzia

ASIER EZPELETA JAUREGI. DONOSTIA.

«Estatus berria-erabakitzeko eskubidea» zioen pankartak egunkariko argazki batean. Ezin dut ulertu herri gisa urteetan defendatu dugunaren diluzioa; askatasun mailaren jaitsiera.

Herri honek, iraun nahi badu, hizkuntza eta kultura indartu, zainketa berezietatik atera, beste estatus bat behar du, noski. Estatus horri independentzia deitu izan zaio abertzaleen artean nire oroimena iristen den garaietatik, eta baita askoz lehenagotik ere. Eguneroko hitza zen, hitzetik hortzera generabilena. «Garai berrietan», estatus berriak ordezkatu du. Zergatik ez diogu herri honen helburu nagusia behar lukeenari bere izenez deitzen? Edo helburua aldatu egin da, independentzia, oraingoz, alboratuz?

Herri honek aske izan nahi du bere herri izaeragatik; independentzia nahi eta behar du. Horra erabakitzeko eskubidea gauzatua. Orain artean, ez dugu asmatu behar hori gauzatzen, ez gara bihurtu subjektu politiko. Gauzatze hori autodeterminazioa da; gure kasuan, independentzia, herri bat garelako.

Ez dugu askatasunik, ez demokraziarik, ez marko demokratikorik izango independentzia lortzen ez badugu, demokrazia herri honentzat (edozeinentzat bezala) independentziarekin hasiko baita. Independentziarako bidea ezin da egin Estatuek emandako erakundeetan (estatuaren batasuna bermatzeko eginak dira) edo gure herria ukatzen dutenekin batera. Indarrak batu eta aurrera egin behar dugu, helburu nagusia argi izanik. Herri honek badu indarra eta arnasa nahikoa horretarako.