Category Archives: berria.info

Menderatuen arrazoia

http://paperekoa.berria.info/iritzia/2014-01-07/004/001/menderatuen_arrazoia.htm

2014-01-07

Menderatuen arrazoia

MIKEL ERAUSKIN

ORREAGAKO KIDEA

Ez da inondik ere gure asmoa besteren galtzetan sartzea, eta artikulu honetan Katalunia aipatzen badugu, hango prozesua gure herriaren geroaz jardutean aspertzeraino aipatzen ari delako baino ez da, sarritan aipatzen ari delako —eta ia beti goraipatzen? eta imitatu beharreko prozesu bat balitz bezala aurkezten delako.

Katalunian egin diren urratsen artean, guk ere ikusten ditugu interesgarriak direnak eta egoki kudeatuz gero arrakastatsuak izan daitezkeenak. Baina bitxia da, urrats horiek ikusten dira gutxien gurean: Estatua aldarrikatzea berehalako helburu bakar gisa (estatus berria, marko demokratikoa eta antzeko eufemismoak baztertuta), herria aktibatzea alderdien zain egon gabe, eta abar. Gure inguruan, baina, datorren urtean egin nahi duten kontsulta famatua da etengabe errepikatzen dena.

Eta sustraiak bota ditu ideia horrek gurean, bidea egingo duela dirudi, alderdi politiko guzti-guztiak gehitu baitira erabakitzeko eskubidea esaten zaion prozedura horren aldarrira. Bidea egingo dugula diogunean, ordea, prozesu horren teorizazioaz ari gara, praktikan ez baitiogu aurrera egiteko aukerarik txikiena ere ikusten.

Katalunian 2014ko azaroaren 9an egin nahi duten kontsulta hori ez da egingo. Eta, hain zuzen ere, erabakitzeko eskubideak eskatzen duen baldintza oinarrizkoena ez delako betetzen ez da egingo. Hemen ez da demokraziarik. Ez gara esan gabeak, baina, errepikakorrak suertatzearen arriskua hartu nahiago dugunez errazkerietan erori baino, berriz azalduko dugu inoiz hutsik egiten ez duen ekuazioa: demokrazia dagoen tokietan, ez da arazo nazionalik, eta, arazo nazionalak daudenetan, ez da demokraziarik; Espainia ez da demokrazia bat, ez bere herritarrei dagokienez, herrialde totalitario bat delako, eta are gutxiago menderatzen dituen herriei dagokienez (totalitarismo inperialista).

Erabakitzeko eskubidea Espainiaren oniritzia lortzeko proiektu-esperantza txatxu bat baino ez da. Baina Espainiak, bere izaera totalitarioaren ondorioz, ez du inoiz onartuko bere boterea arriskuan jar dezakeen proiekturik, jakin badakielako monopolizatzen duen botere politikotik datozkiola bere indarra eta sendotasuna. Badaki monopolio hori dela bere sistema osoaren zimendu garrantzitsuena eta ezin duela kontrako norabidean urratsik txikiena ere egin ez baldin badu sistema osoa erortzen ikusi nahi. Horrek ez du esan nahi, noski, gobernu totalitario bati gailentzea ezinezkoa denik, baina balio beharko liguke askatasunaren bidean etsaiaren aldetik urratsik txikiena ere ez espero izateko.

Espainiak ez du inoiz onartuko beretzat asimilatzeko edo errekuperatzeko modukoa ez den proiekturik. Edo, beste era batera esanda, Espainiak proiekturen bat onartzen duen momentuan, proiektu hori ez da guretzat balekoa izango. Espainiari «inplikazioa», «heldutasun demokratikoa», «malgutasuna», «urratsak» eta antzekoak eskatzea politikaren eremura subjektu moduan jauzi egiteko dugun gabezia historikoaren adierazle gaurkotua baino ez da, eta herri honek merezi ez duen lidergo politiko ezgai bat duelako hamaikagarren adibidea.

Urrats taktikoa dela ere entzuten dugu sarri. Arrazoibide horren arabera, kontsultak helburu zehatz bat du, Espainiaren ezezkoa eta debekua, horrela irekiko omen direlako begi asko, orain arte Espainia estatu demokratikotzat jotzen zutenak. Hala, izaera antidemokratiko horretaz konturatzeak ekarriko omen ditu independentista berriak.

Guk ez dugu inolako arazorik independentzia bidean egin daitekeen edozein urrats taktiko babesteko, baina erabakitzeko eskubidearen alde aritzea ez da independentziarako bidean aurrerapauso bat, barkatu ezinezko akats politikoa baizik.

Erabakitzeko eskubidearen aldarriak gurea bezalako nazioarteko arazoak estatu baten barne-gatazka bihurtzen ditu de facto. Gurean, Sahara, Kuba, Aljeria edo Filipinetan zuten arazo bera dugu: estatu inperialista batek (bik) okupaturiko herri bat garela, berezitasun bakarrarekin; gure lurraldeen eta gure etsaien lurraldeen artean ez dagoela itsasorik. Hori ulertzeko gai ez diren independentista berrietan ez dugu sinesten.

Bistan da lan nekeza dela inperialismoaren atzaparretatik ihes egitea. Hala ere, bada kontu bat oso erraz irabazten dena, aurrez irabazia dagoelako: menderaturiko herriek beti dute arrazoia. Aske izateko eskubidea dugu, berez. Gure askatasuna ez da bozkatzen. Inork ez du gu mendean hartzeko eskubiderik, gu baino gehiago izan arren. Arrazoiak, besterik ezean, ez gaitu aske egingo, baina arrazoiari uko eginda, ezinezkoa izango da.

Gure askatasuna bozkagai bihurtzeak inperialismoak inoiz amestutako bukaerarik perfektuena dakar. Gure oinarri soziala nahi adina aldatu ondoren (bonbardaketak, fusilamenduak, deportazio masiboak, immigrazioa, hezkuntza eta propaganda monopolioen doktrinatzea…) galtzeko arriskurik ez dutela uste dutenean, orduan agian bai, orduan baimenduko dizkigute nahi adina kontsulta (horra hor Quebec, Gibraltar eta Malvinak), eta inperialismoak inoiz amesturiko epitafiorik ederrena idatziko du gure hilarrian:

Hemen datza inoiz herri bat izan zena. Asimilatua eta likidatua izan zen, herrien historiatik desagertu zen behin betiko, baina demokratikoki izan zen, inork behartu gabe, eurek hala nahi izan zutelako, hala bozkatu zutelako.

Iragarpen beldurgarri horri bidea erraztea edo ez, gure esku dago.

Fragmentuen sakontasunaz

http://paperekoa.berria.info/iritzia/2013-12-29/005/001/fragmentuen_sakontasunaz.htm

2013-12-29

Fragmentuen sakontasunaz

LARRAITZ ARIZNABARRETA

MONDRAGON UNIBERTSITATEKO IRAKASLEA

Anekdotetan bizi gara, eguneroko pasadizoen segida soila den kontakizun mimetikoan. Errealitatea menturazkotzat ditugun gertaerez osatutako anekdotario hutsalaren bitartez pentsatzen, kontatzen eta ad-eternum erreproduzitzen dugu. Saretu gabeko fragmentuz irudikatzen dugu gure fikziozko kronotopoa. Ez da estrukturarik, ez da errebelaziorik, ez dugu logika formalaren silogismoen beharrik errealitatea interpretatzeko. Utikan pentsamendu dialektikoak eta sintesiak euskal abertzaletasunaren kanonetatik! Sorginkeria egon badago, eta ezbeharrak gertatu egiten zaizkigu, hara. Baina maite ditugu gure bazter fragmentatuak lanbroak ezkutatzen dizkigunean. Gaitz erdi, horrenbestez: euskal abertzaleok metonimian gara herri, sinekdokean gara min. Gure zatiketak eta alienazioak tropo gizarte errendatu gaitu.

Litoteak litote —eta itsu nahiak sortutako langarrak langar—, errealitatea bortitza eta setatia da gurean ere. Horretan ere ez dugu euskal herritarrok beste talde batzuekiko bentajarik, hain gara arruntak. Kultura eta nazio menperatu guztietan ohikoa denez, inperialismoaren bortxa pitzadurarik gabekoak egituratzen du gizartearen errealitate osoa: berdin partea zein totalitatea, eguneroko anekdotak zein sakontzat ditugun gaiak. Hala beste nonahi, nola gurean ere.

Euskal mitogintza postmoderno maskaradunak kontrako uste interesatua sozializatu nahi badu ere, egoera konplexuaren gordintasunak seinale eskandalagarriak bidaltzen dizkigu goizero notiziekin batera; eta irakurlea asaldatu egiten da hiperbolikoa den —eta masokismotik zerbait baduen— unean uneko erreakziozko harriduraz eta haserreaz. Espantua, hala, erresistentzia bizirik dagoen seinale bilakatzen da oraindik erabat narkotizatuta ez dagoen herritarrarentzat.

Metaforak aniztunak dira, eta alez ale —tantaz tanta— ageri dira egunkarietako tituluetan: Neo-frankismoaren zoru etiko paradigmatikoak gure askatasunaren aldeko gerran hildakoak zokoratzen eta iraintzen ditu (faxismoak aurrera darrai!). Arerioaren kartzela politikek mendekua dute helburu (kultura demokratiko eskasa haiena!). Administratzaile kolonialaren esanetara dagoen poliziak gure irakasleak zelatatzen ditu haien izenekin zerrenda beltzak osatzeko (hezkuntza politizatzeko saio ankerragorik!). Sozial-inperialismoak talka sinbolikoa irabazi du euskararen kosifikazio eta momifikazioaren auzian (futituak!). Delako zonifikazioak ala frankofoniak mugaz bi aldeetako euskaldunon hizkuntza eta hezkuntza eskubideak urratzen ditu etengabe (ez erra, erantzun alaia izango da gurea!). Sare industrialak ez du administrazio zatituaren berme nahikorik beharrezko duen nazioarteratzeko (hori bakarrik ote?). Metropolietako hezkuntza sistemetako kargudunek lotsagabe gogorarazten digute gure gazteen akulturazioan pauso irmoak ematen jarraituko dutela.

Argi da: konkretuak abstraktuak ez duen indarra du gure sutondoan. Begirada holistikoaren faltan kontuak puskak iratsita kontatzen dira. Fenomeno bakartuen interpretazio sakonak berekin dakarren epifaniak bermatuko ote du emantzipazioak derrigorrezkoa duen begirada kritikoa, askea eta osatua! Kontrako erara, erdibide neutroan ari direla saldu nahi diguten sasi zuhurrek —eta haien errealitatearen erredukzionismo atomizatuak— egunerokotasuna, praxi kulturala eta praxi politikoa bereizi nahi dituzte, hiru bektore edo espazio horien arteko erlazio estua indar bakartu eta bakan moduan sinbolizatuz. Anaforaren enfasiaren enfasiaz ideia formula hipnotikoa bihurtu dute, gainera: gure administratzaileen sakontasun gabeko hitzaldi irrazional eta kontraesankorrei erreparatu besterik ez dago.

Diskurtso hedatu horren arabera, politika norberaren ideologiari dagokion indar berdintzailea da; kulturak, berriz, idiosinkrasikoa, propioa, singularra, bitxia, desberdina dena azpimarratzen du, eta komunitatearen ondare kolektiboa da. Tradizioan itzal luzekoa da euskal pentsamendu kulturalistak eta politikoak banatzea. Gure zatiketaren beste adibide bat. Prozesu konstituientearen luzera gehiegizkoak ez dio sintesiari biderik egiten, eta gu etengabeko prozesu konstituientean murgilduta bizi gara.

Ez da, ordea, garai jakin bateko gizarte eta egitura politikoetatik kanpo gelditu daitekeen praxi kulturalik edo egunerokotasunik. Euskal kultur penintsulan ere, politikatik datoz eta politikara doaz egunerokotasuna eta kultura; euskaldunok ez baikara —oraingoz gure kaltetan— munduan aurki daitekeen arkadia pre-politiko bakar eta bakaneko kide.

Gauza desberdina da fenomeno arruntak edo kultur fenomenoak deskribatzea —almanakeak, inbentarioak, erregistroak, katalogoak egin eta ekintzak zerrendatu eta administratzea— ala herri bateko egunerokotasuna eta kultura trakzionatzen duten indarren nondik norakoak aztertzea. Interpretazio sakonak berekin dakar kultura zer den —eta zer ez den— zein indarrek erabakitzen duen azaleratzea eta eguneroko fenomenoak zein kondizio politikotan eta ekonomikotan ematen diren salatzea. Errealitatearen jabetza zuhur eta adoretsuak eskema horiek errotik irauliko dituen urratsak egitea esan nahi duen moduan. Horra letra larriz idazten den politikaren zeregin sakona.

Kulturaren betebeharrik funtsezkoena pentsaera librea bultzatzea eta herri xehearentzat ezezaguna dena errebelatzea bada ere, eskema prefabrikatu kokatuetan, boterearen erresonantzia kaxa errepikakor bihurtzen da kultura, administratu beharreko kontsumo produktu: ihes ederra, dekorazioa. Tamalez, ezagutza anekdotikoaren barnean, kontraesan sakon eta nabarmen hori ere ikusezina zaigu.