Category Archives: berria.info

Etnozidioa eta giza eskubideak

http://paperekoa.berria.info/iritzia/2014-03-14/004/001/etnozidioa_eta_giza_eskubideak.htm

2014-03-14

Etnozidioa eta giza eskubideak

JOXE MANUEL ODRIOZOLA

EUSKALTZALEA

Etnozidioa herri baten hizkuntza, kultura eta identitatea suntsitzeko politikari deitzen badiogu, gizarte-arazo honek badauka gainerako gizarte-auzi askok ez daukaten ezaugarri bereizgarri bat. Gainerako gizarte-gatazka gehienek ez daukate, nolabait esateko, iraungitze historikorik. Munduan gosea eta miseria sortzen duen sistema bat dagoen bitartean, demagun, giza eskubideak urratu egingo dira, eta horrek noizbait erreakzioak sorraraziko ditu. Antzera gertatuko da orotariko desberdintasun eta injustizia sozial eta ekonomikoekin. Genero-zapalketa dagoen bitartean, emakumearen giza eskubideak urratu egingo dira, eta bidegabekeria hori ez du denboraren joanak ezabatuko. Antzera gertatuko da sexu-identitatearen inguruko auzietan, eta abar.

Zertan da, beraz, etnozidioaren bereizgarria gainerako auzi horiekiko? Gure ustez, honako honetan: beste horietan ez bezala, etnozidioaren politikak ez du bakarrik konkistatzen, kolonizatzen, zapaltzen eta jazartzen. Hori egiteaz gainera, jatorrian zegoen arazoaren gatazka-iturri harekiko erreakzio-gaitasuna desagerrarazi egiten ditu. Iraungiarazi. Jakina, ez da fenomeno natural bat. Ez da berezko iraungitze bat. Gaur, esaterako, bretoi gehien-gehienak bretoi izan eta hala sentitu ordez frantses sentitzea ez da gertakari naturala. Euskaldun anitz frantses edo espainiar sentitzea ez den bezala.

Beraz, helburu bikoitza lortzen du estatalizazio etnozidak. Lehendabizi, bere nazio-sistemaren identitatearekin bat ez datorren arerioa mendean hartu eta hura birrindu egiten du, eta birrintze horren ondorioz, herri menderatuaren desnazionalizazioa, asimilazioa eta ordezkapena tarteko, gatazkaren iturrian zegoen identitate-arazoa iraungiarazten du. Estatu etnozidak, lehendabiziko fasean, hots, konkistak, genozidioak eta jazarpenak dauden horretan, giza eskubideak jota txikitu egin zituen, baina orduan oso ohikoa omen zen hori gertatzea. Orduko hartan ez zeukan nonbait bere burua justifikatu beharrik garai hauetan Israelek Palestinari eragiten dizkion basakerien antzekoak egiteko.

Denboraren joanean, herri menderatuaren hizkuntza, kultura eta identitatea ordezkatu dituen neurrian, estatu etnozidak erdietsia dauka begiz joa zuen helburua. Esaterako, Frantzian bretoi, euskaldun edo okzitaniar izaterik ez dago hartarako baldintzarik ez dagoelako, baina, oro har, ezta beharrik ere. Izan ere, bretoi, euskaldun eta okzitaniar izateko gogo eta motibazio askirik ez dagoenez, jende horren giza eskubideak iraungiarazi egin ditu estatu frantses etnozidak. Asimilatuak ez dauka berari edo bere aurrekoei eragin dioten bestelakotzearen kontzientziarik.

Adibide berberarekin jarraitzeko, bretoi gehienentzat eta alde bateko eta besteko euskaldun ez gutxiagorentzat, giza eskubide urraketarik ez dago jadanik. Zure nortasuna frantsesa edo espainiarra baldin bada, zer dela-eta hasiko zara ez zaren zerbaiten aldeko giza eskubideak aldarrikatzen? Ez zaitu sufrikarioak bizi. Ez duzu zure giza duintasuna ukatua eta gutxietsia sentitzen. Aldiz, goseak eta miseriak jota dagoenak badu motiborik giza eskubideak aldarrikatzeko belaunez belaun. Baita langile ustiatuak ere. Baita emakume gutxietsi eta baztertuak ere. Baita sexu-bereizkeriak hartaratuak ere. Ez, ordea, jatorrizko hizkuntza, kultura eta herria mendean hartu eta asimilazioaren alperra gainetik pasatu ondoren jadanik bere giza identitatearen dimentsio hori ezabatu diotenak. Hori nekez hasiko da borrokan noizbait bere herriari ukatu zizkioten giza eskubideen alde, baldin eta, beti dago salbuespenik, bere nazioaren historiaz jakitun izanik kontzientzia eta memoria historiko sendo bat garatu ez baldin badu.

Etnozidio-prozesuen izaera eta mekanismo maltzur eta zital hori gezurtatu egingo dit agian baten batek. Itzulbiderik gabeko mekanismo hori ez dela horren zurruna. Ondorengo belaunaldiek berreskura dezaketela aurrekoei erauzitakoa. Salbuespenik egon daiteke, jakina, baina salbuespenak ez du hori besterik adierazten, ez dela lege. Bretainiako Diwan eskoletan bretoieraz ikasi eta jatorrizko hizkuntza berreskuratu duten bretoientzat, frantsesentzat frantsesez bizitzea bezain ezinbesteko giza eskubidea izango ote da? Ezta hurrik eman ere. Etxera begira, beste horrenbeste gertatzen zaigu euskaldunoi. Hegoaldeko euskaldun gehienentzat ez da espainiarrentzat bezain oinarrizko eskubidea beren hizkuntzan bizi ahal izatea. Espainiarrentzat giza duintasuna —bizitza duin baterako baldintza— bera dago jokoan, gizatasuna bera. Euskaldunok ez dugu intentsitate maila horretan bizi eta sentitzen hizkuntza-eskubidea. Zergatik ote? Arestian aletu ditugun mekanismo maltzur eta zital horietan aurki ditzakegu erantzun-izpi batzuk.

Diogun bezala, giza eskubideen aurkako politiketan etnozidioarena guztiz berezia eta makurra da. Kapitalak ustiatu eta giza duintasuna zapaltzen du, baina mendean daukanaren erreakzio-gaitasuna ezin du erabat apaldu. Etnozidioak gauza bera egiten du maila batean, mendekoaren duintasuna larrutzen du honen hizkuntza, kultura eta herri-identitatea erauziz, baina horretaz gainera, mendean hartu duenaren erreakzio-potentzialitatea iraungiarazi egiten du bere nortasun-izaera ezarrita. Etnozidioa nozitu dutenen oinordekoek eskuarki ez daukate erreakzio-gaitasunik ordezkapenak eragin duen asimilazioagatik.

Prozesu etnoziden ezaugarri berezi hau ez dugu behar adina azpimarratzen. Pentsatzen dugu etorkizuna luzea dela. Etorkizuna luzea izan liteke giza eskubideen aldeko alor askotan. Gaur oraindik inondik inora betetzen eta mamitzen ez diren giza eskubide batzuk bihar-etzi gorpuztuko dira giza duintasunaren aldeko txingarra itzaltzen ez den bitartean. Hori nekez gerta liteke, hala ere, etnozidioaren prozesu gaiztoan. Euskaldunok azken saldo horretan gaude. Alegia, giza eskubideak urratzeaz gain giza eskubideen alde jarduteko eta borrokatzeko gaitasuna eta potentzialitatea iraungiarazten dioten taldean.

 

Bakea eta normalizazio politikoa

http://paperekoa.berria.info/iritzia/2014-02-11/004/001/bakea_eta_normalizazio_politikoa.htm

2014-02-11

Bakea eta normalizazio politikoa

MIKEL ANTZA ETXEGOIEN

ORREAGAKO KIDEA

Herri baten egoera naturala eta normala askatasunean bizitzea da. Egoera kontrakoa denean, edo herri izateari uko egin dio edo kanpotik inposatutakoa da. Hori beti indarrez, biolentzia erabiliz egiten da; agerikoa batzuetan, eta «demokraziaren» mozorroarekin beste batzuetan. Beti dago biolentzia inposaketa horren atzean: armen bidez konkistatua eta okupatua dagoen herri bati bere independentzia ukatzea biolentzia da beti.

Bakea eta normalizazioa guztien ahoan dago azken urteotan. Espainiaren boterea gurean kudeatzen ari diren alderdi politiko guztiak ari dira kalaka horretan. Baina, zer da bakea eta normalizazio politikoa? Zergatik da beharrezkoa Euskal Herrian, Frantzia eta Espainian horren beharrik ez duten artean?

Bizikidetzan oinarritzen dute guztiok bakea eta normalizazio politikoa; bakea apolitikoa izan behar omen da; ezin omen da proiektu politiko baten zerbitzura egon. Baina gure bakea (independentzia) urratu zuen Espainiaren batasun ukiezina proiektu politiko bat da. Orain, aldiz, bakea ezin omen da urraketa horren kontrako proiektu politiko batean (askatasuna) oinarritu.

Bakea eta normalizazio politikorako lehen baldintza bizitza eta giza eskubideen errespetuan datzala diote batzuek. Baina ni ez naiz herri aske batean bizi; nire bizitza askatasunean bizi nahi dut eta nire herria aske ez den artean ni ez naiz libre sentitzen. Nik ez ditut Espainiak edo Frantziak «banatzen» dituzten giza eskubiderik behar, ez direlako nire (gure) eskubideak; Euskal Herri independente batenak behar ditut. Historiak, logikak, normalizazio politikoak eta demokraziak beste hau diote: ez dago independentziarik gabeko bake eta normalizazio politikorik.

«Demokraziak ez ditu sortzen giza eskubideak; giza eskubideek sortzen dute demokrazia. Demokrazia herriaren botere politikoa da, eta ez dago herriaren botererik oinarrizko giza eskubiderik gabe. Autodeterminazio-eskubidea herri guztiek berez duten giza eskubide oinarrizko bat da. Beraz, askatasun nazionala eta autodeterminazio-eskubidea beti dira demokratikoak».

Lehen baldintza askatasuna da, hortaz. Askatasunean bermatzen ditu gobernu edo Estatu batek bere herritarren bizitza eta giza eskubideak. Hauek Estatu arrotz batek «bermatzen» dituenean, egoera eta bizitza ez dira «normalak», zerbaitek huts egiten du, eta hori konpondu egin behar da: independentziaren alde lan eta borroka egin behar da.

Beste batzuek diote «euskal etxea» guztien artean eraiki behar dela, etxerik nahi ez dutenekin elkarlana bultzatuz. Euskal etxea nahi ez duenak beste etxe bat du: Espainia; ez du zertan eraiki beste bat. Hemen bizi garen guztiok ez dugu etxe berdina nahi. Guk badugu gurea baina okupatua dago; ezinezkoa da «guztion arteko errespetua eta elkartasuna». Gurea guk berreskuratu behar dugu: euskal etxea nahi dugunok. Hori da errespetua eta elkartasuna. Independentzia ezin da adostu Euskal Herria desagerrarazi nahi dutenekin.

Euskadi Irratian «buruzagi» bati egindako elkarrizketa bat entzun nuen; esatariak galdegin zion ea akordioak guztion artean adostu behar izate hori ez ote zen arerioari beto eskubidea aitortzea. Honela erantzun zion: «Abertzaleok Eusko Legebiltzarrean gehiengoaren iritzia inposatzea erraza dugu, baina hori ez litzateke ona izango euskal gizartearentzat». Ihes egin nahi izan zion galderari baina arrazoia zuen esatariak: horri beto eskubidea deitzen zaio.

Zer da ba ona euskal gizartearentzat, menpekotasunean bizitzea? Independentzia ez den beste estatus bat adostea? Independentzia gure herri izaera ukatzen digutenekin adostea ezinezkoa da, zentzugabekeria da.

Herri baten independentzia ez dago gehiengo eta gutxiengoen jokoaren baitan. Gehiengoak eta gutxiengoak fabrikatu edo eraiki egin daitezke eta egiten dira. Konkistatzaileek, herri bat armen bidez garaitu ondoren, lurraldea zatitzen dute, kolonizatu egiten dute eta bere demografia aldatu. Bertako erakundeak suntsitu, eta hegemonikoa den bertako kultura eta hizkuntza baztertu, alboratu, bigarren maila batean jartzen dituzte. Horrek ez du esan nahi, ordea, koloniek herri izateko eskubidea galtzen dutenik, ezta bere hizkuntza eta kultura propioa zein den ahantzi behar dutenik ere.

Beraz, gutxiengoan ere, bere borondatez uko egin ezean, herri batek ez du sekula galtzen independentzian bizitzeko nahia eta beharra, eta gehiengo batek ezin dio inoiz inposatu ukazio hori.

Duela pare bat hilabete joan zitzaigun Labaien jauna; hurrengo egunean entzun nuen Euskadi Irratian berari aurretik egindako elkarrizketa bat. Euskararen egoera eta bere etorkizunari buruz ari ziren. Honela mintzatu zen: «Begira, agian astakeri bat esango dut, baina hizkuntza bat inposatu egin behar da».

Ez Ramon, ez; ez zenuen astakeriarik esan. Munduko herri guztiek inposatzen dute bere hizkuntza beraien lurraldean, naturaltasun osoz, hezkuntza sistema erabiliz. Gu gara salbuespena. Bi hizkuntza ezin dira berdintasunean elkar bizi lurralde berean; beti izango da bat hegemonikoa eta bestea menpekoa. Hegemonikoa bihurtuko da atzean estatu baten indarra duena, inposatzen dena.

Euskal hiztunak gutxiengo bat gara. Uko egin behar al diogu gure hizkuntzari? Batzuen aburuz, independentzia nahi dugunok ere gutxiengoa gara. Hori horrela izanik ere, ezabatu egin behar al da Euskal Herria munduko herrien zerrendan?

Ez; hizkuntza bat inposatu egiten da, eta independentzia ezarri. Estatua berreskuratu behar dugu horretarako. Bide hori, bake eta normalizazio politikoa independentzia dela sinesten dugunok soilik egin behar dugu. Herri honek badu horretarako indarra; askotan erakutsi du.

Independentzia helburu bakartzat duen eta herri-indar hori egoki erabiliko duen beste lidergo politiko bat da behar duguna.