Category Archives: berria.info

Baltikotik iritsitako miniatura bat

http://paperekoa.berria.info/iritzia/2013-01-06/004/001/balkoitik_iritsitako_miniatura_bat.htm

2013-01-06

Baltikotik iritsitako miniatura bat

PAKO ARISTI

IDAZLEA

Herriz herri ematen ari naizen hitzaldiak eta idazten ditudan artikuluen oihartzunak primeran etorri zaizkit gure herriaren egoera ideologikoa hobeto ezagutzeko.

Azpeitian hau galdetu zidaten: Gernikako Hitzarmenak dioen legez, negoziazio mahai demokratikoan eserita iritsiko da independentzia, ala independentziak ezarriko du demokrazia? Abenduan, Julen Goñik nitaz BERRIAn argitaratutako testuan, galdera interesgarria egiten zuen: «Europan azken 25 urteetan sortu diren estatu guztiek bide parlamentarioa jorratu badute, salbuespena izan behar du Euskal Herriak?».

Ordea, azken galderak dakarren baieztapena ez da egia historikoa, gure artean, politika baten legitimazio gisan ala ezjakintasun soilaz hedatu direnetako diskurtso subjektibo bat baizik.

Lituaniaren independentzia prozesua bi galdera horiek erantzutera dator. Lurraldez handiagoa, biztanlez gure antzekoa da Lituania, 3,5 milioi, eta parekotasunak ugariak dira. 1918ko otsailaren 16an Lituaniako Independentziaren Aldarrikapena sinatu zuen Kontseiluak, Lituania subirano eta demokratikoa ezarriz, hiriburua Vilniusen zeukana.

Azaroan behin-behineko konstituzioa onartu, lehen gobernua osatu eta berehala hasi zen antolatzen armada, polizia, lurraldearen egitura probintzia eta udalen bidez; honela, aldarrikatutako independentzia ezarria izan zen.

1940an Sobietar Batasuneko armada Lituanian sartu zen, lurraldea anexionatuz. Populazioak ez zuen independentzia galtzea onartu, eta gerrilla-borroka antolatu zuen 1956 arte. 400 urte lehenago Nafarroan gertatu bezalaxe. Baina oroimen batek bestea dakar. Mendebaldeko herrialdeek ez zuten anexioa onartu, eta harreman diplomatikoak mantendu zituzten exilioko agintari lituaniarrekin, Jose Antonio Agirreren gobernuarekin bezala. Sobietarren okupazioak 1991 arte iraun zuen, eta saiatu ziren lituaniar kultura deuseztatzen, hizkuntza desagerrarazten, herria errusifikatzen, gurean Franko saiatu zen bezala.

1988an Lituaniar Mugimendua sortu zen, eta 1990ean, hauteskundeak irabazita, Vytautas Landsbergis presidenteak Lituaniaren Independentziaren Aldarrikapena egin zuen martxoaren 11n, Iraultza Abestua deitu izan den herri mugimenduak lagunduta. Sobietar Batasunak ez zuen onartu; armada Vilniusen sartu zen, eta 14 lagun hil zituzten.

Hemen hasten dira ezberdintasunak: Landsbergisek Sobietar Batasunaren legedipeko hauteskundeak irabazi zituen, baina gero ez zion baimenik eskatu, ez erabakitzeko eskubiderik negoziatu ere. Etsaiaren ahuldadea aprobetxatuz, bere buruari emandako gobernuak aldarrikatu zuen independentzia Lituanian. Jokoaren arauak aldatu zituzten, guk ez bezala. Ñabardura horrek erabakitzen du garaipenaren eta porrotaren arteko aldea arazo nazional bat dagoen kasuetan.

Presidenteak ez zuen onartu independentzia ez litzatekeen beste akordurik Sobietar Batasunarekin, eta erreferendumera deitu zuen 1991ko otsailaren 10erako. Independentziak irabazi zuen %90arekin. Eta martxoaren 17rako Mijail Gorbatxovek SESB (Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna) osoan erreferendumera deitu zuenean, hona presidente lituaniarrak esan zuena: «Erreferendum sobietarra SESBen ospatuko da, eta ez Lituanian. Atzerriko legeak ez dira aplikatzen errepublika honetan».

Azkenik, abuztuan Moskun eman zuten estatu kolpearen ondoren, nazioarteak Lituaniaren independentzia aitortu zuen. 13 urte ondoren, 2004an Europar Batasuneko partaide bilakatu zen. Independentziarekin, «desobietizazio» kanpainari ekin zion gobernuak, suntsituriko museo, liburutegi, gaztelu eta enparatuak eraikitzeari; kultura eta hizkuntza lituaniarrak sekulako aurrerapena izan du.

Hona erantzuna guretzat: independentziak ekarri zuen demokrazia Lituaniara, eta ez alderantziz; Sobietar Batasunaren sistemak ez zuen independentziarik ekarri Lituaniara. 1918ko aldarrikapena izan zen Lituaniaren existentziaren oinarri legala munduaren aurrean; independentzia «berreskuratu» egin zuten, lehen ere izana zutelako. Guk bezala, baina guk ezin irteera aurkitu.Lituaniako Estatuaren Berrezarpen Aldarrikapena deitzen da 1990ean egindakoa, bi aldarrikapenen arteko lotura nabarmenduz.

Horra herri bat askatzeko hiru klabe: bat, lehen izandako botere egiturak berreskuratu; bi, menderatzailearen sisteman ez parte hartu; hiru, erakunde propio batetik negoziatu, ez etsaiaren mendeko guneetatik. Kontua ez da ereduak kopiatzea, paradigma batzuk ezagutzea baizik, eta jarrera bat edukitzea, garbia, etsaiaren aurrean. Jarrera da gero datozen ekintzen gidaria.

Zentzu horretan, Andoni Olariaga Filosofian lizentziatuak ere alderatu zuen, artikulu batean, Bilduren parte-hartze instituzionala Che Guevararen ibilbidearekin, azpimarratuz armak erabili zituen gerrillaria ministro izan zela gero. Ahaztu zitzaion esatea Che Guevarak boterea lortu zuela, gobernu independente bateko ministroa izan zela, eta ez Estatu Batuen menpeko autonomia batekoa; halakorik ez zukeen onartuko ere.

Zertzelada horrek baliogabetzen ditu Che Guevararekin egin litezkeen alderaketa guztiak. Filosofia hauxe baita: funtsa azalkerietatik bereiztea. Eta politikan jarrera filosofikoa hau litzateke: egiazko diagnostiko bat egitea, nahiz eta alderdi baten (edo batzuen) interesarentzat deserosoa izan.

Zehaztasun falta horrek zarpaildu egiten du gure diskurtsoa. Pentsamendu askea, ez-sektarioa gaitzesten duen (eta gaitzespen hori txalotzen duen) herria bihurtu gara. Aitzakiatzat esan dezakegun bakarra da herri menderatu zaharra garela, eta horrek ahantzarazi dizkigula funtsezkoak diren gauza asko.

Pentsamendua alderdi politiko baten mesedetan jartzen denean, eta ez egiaren ikerketa zirraragarrian, antzu bihurtzen da, sektario bilakatu delako automatikoki. Eta sektario bilakatu den froga hauxe da: etsaiak ikusten dituela pentsamendu hori partekatzen ez dutenengan, irain pertsonaletaraino iritsiz batzuetan. Interes politiko batzuk estaltzearren errealitatearen diagnostikoa egiteari uko egiten badiogu, pobrezia ideologikoa baino ez dugu jasoko.

Nafarroa, haustura baten oihal zaharrak

http://paperekoa.berria.info/iritzia/2013-03-03/004/001/nafarroa_haustura_baten_oihal_zaharrak.htm

2013-03-03

Nafarroa, haustura baten oihal zaharrak

PAKO ARISTI

IDAZLEA

Euskal Herriaren egoera tamalgarria ulertzeko historia aztertzen hasi nintzenean, okupazio baten kronika lazgarria aurkitu nuen, eta baita ere inperialismoaren hasierako kolpeari jarraipena eman zion zortzi mendetako kolonizazio lana, biolentzia birtualaren mehatxuz egoera organiko bilakatu zedin gure artean.

Inperialismoa saiatzen baita naturaltzat har dezagun bere zapalkuntza, historiaren egia ebatsiz, gure ahanztura bultzatuz eta sinetsaraziz egoera berria gure arbasoen hitzarmen baten bitartez iritsi zela.

Gure egoera ulertzen lagunduko zidan marko baten bila abiatu nintzen, markorik ez edukitzeak gure artean eragiten dituen jarrerak aintzat hartuta, hitzaldi batean gu kolonizatu gaituzten kolonoak zeintzuk diren galdetu zuen entzulearena bezala, PSEri bozkatzen dion lagun bat daukala eta hura ez duela kolonotzat ikusten argudiatuz. Harritzen naiz, oso garbi dakusagulako zeintzuk diren kolonizatzaileak Palestinan, Saharan, Irlandan edo Hego-Afrikan, gurean itsu gauden bitartean.

Kezka guztien artean Nafarroaren misterioa agertzen da gotorki, izan zen Erresumarena, eskutik joan zaigun arazo bat bezala, puzzlean kokatu ezin dugun pieza baten gisa. Alabaina, Asisko Urmenetak Ipar Hitzan argi gaztigatu gaitu: «Bideragarri ez izateaz gain, argudio historikorik gabeko estatua da Nafarroarik gabeko Euskal Herria».

Jose Antonio Agirre Lehendakariak ere onartu zuen Nafarroako Erresumak izan zuela euskaldun guztiok batzeko borondatea: «Zelako ahanztura independentziaren defentsan eta Estatu baten eraikuntzan burututako ia zazpi mendeko borroka nazionalari buruz! (…) Gure arbasoek bazuten batasun tradizio bat, eta ez dugu haien exenplua erdeinatu behar. (…) Herriak jarraituko du gure historia idazten, gehiago VIII. edo XI. mende haien tankeran, eta ez banaketa eta nahasmena nagusitu diren beste mende batzuen erara».

Nafarroako Estatua izaera feudaleko erresuma izan zela jarri ohi da aitzakiatzat, Europan eta munduan bestelakorik existitu balitz bezala. Tristeena da argudio hori ez dela gure arerioen foroetan erabiltzen, etxekoen artean baizik, geuk eraginez, bolondres, geure aspirazioen auto-mutilazioa. Inperialismoaren lan bikaina!

Baina auzia ez da Nafarroa zein estatu mota zen, estatua zela baizik. Inork ez du errebindikatzen nafar monarkia, euskaldunok sortu eta garatu dugun Estatu maila baizik, giza eskubideen kontra bortxara okupatua izan zena eta, beraz, errenuntzia egiten ez dugun bitartean, estatu maila legitimoa galduko ez duena. Gaur egun eraginkortasun politiko handia eduki dezakeen planteamendua da, oinarri-egitatea, gako estrategikoa.

Nafarroako estatuaren goi mailetan modernizazioa hasita zegoen, eta ez balitz konkistarik egon estatu modernoa askoz ere azkarrago garatuko zatekeen. Fernando Gaztelako erregeak horregatik azkartu zuen konkista, pentsatuz berandutuz gero ez zuela lortuko, Nafarroako Gorteek deialdia egina baitzuten armada egonkor bat sortzeko.

Estatu modernoarekin batera bere hizkuntzaren eboluzio naturala ere eten zuten. Jose Maria Satrustegi: «Nafarroako konkistaren bitartez euskal hizkuntza berrindartzeko ekimen guztiak bertan behera geratu ziren, hizkuntza nazionalek euren hazkunde-hasiera ofiziala izan zuten une berean, eta horrek bere normalizazioa zeharo baldintzatu zuen».

Nafarroari bi ebaki nagusi jo zizkion inperialismo gaztelarrak: 1200. urtean Vianatik Berarainoko zauria, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaia kenduz; eta 1512an Beratik Izabarainoko zauria, Nafarroa Garaia bereganatuz. Frantziak 1620an fagozitatu zuen Nafarroa beherea. Gaur bizi-bizirik dauden arazo guztiek hor dute sorburua.

Geroztik Nafarroa beti izan da «estatu gaia» Espainiarentzat. Zergatik? Nafarroa izan delako euskaldunon antolaketa politiko gorena, eta lurralde zatiketa hura ez zelako biztanleen kontzientzietara hain erraz sartu. Geroztik Nafarroa probintzializatzea nahi izan du inperialismoak, erregionalizatzea, kontzientzia estatala desegiteko.

Nafarroako Erresuman bildu ginen euskaldunok, garai hartan hura zelako modan zegoen antolaketa politikoa. Historiak ez du ematen eskubiderik, baina asko irakasten du, eta laguntzen du espiritua, nortasuna bizirik mantentzen. Eta hori ere inperialismoak hobeto jakin du, guk geuk baino. Hurrena izanen dugun estatua gaur egun gehientsuenetan modan dagoen egiturakoa izango da, Errepublika bat.

EAEn galduxe bagaude ere, Iparraldeak oso modu naturalean egiten du bat Nafarroarekin. Pirenée Atlantiqueko departamendua Paben biltzen da, Parlament de Navarre deitzen den areto nagusian. Horra iraungi ez den Erresumaren memoria. Baskongadak eta Nafarroa bereizteko ahaleginak 1936koa eta gero izan du arrakasta, lehen ez; ez da horren zaharra gure arrakala.

Asko ari zaigu kostatzen integratzea, batetik abertzaletasun garaikidea, bestetik nafar estatuaren garrantzia politikoa. Kontrajarriak balira bezala bizi ditugu. Neu ere, oraintsu arte, ez naiz kontziente izan inperialismoak gure herriaren izaeran eta egoeran txertatu duen haustura planifikatu horretaz, gure subordinazioak eta ahulezia politikoak areagotu duena, zisma bikoitza sortuz: Mendebalde-Ekialdea urrundu dituena, eta Iparralde-Hegoaldea. Biziko bagara, ezinbestekoa dugu integrazioaren indar metaketa, euskaldunok inoiz errenuntziatu ez dugun geure Estatu maila independentea berreskuratzea.

Euskal populuak sortu eta garatu zuen Iruñeko erresuma, eta subjektu politiko berbera dago XIX. mende amaieran sortu eta garatu zen abertzaletasunaren oinarrian. Hasieran fragmentatua dager, baina Euskal Herri osora zabalduko da laster. Subjektu politiko bera, eta askatasun-nahia ere, berbera. Euskal herritarrak gara denok (giputzak giputz, bizkaitarrak bizkaitar, nafarrak nafar, zuberotarrak zuberotar…), baina Nafar estatuko hiritar.

Gaur, aspaldiko haustura hori osatzeko une historiko betean gaude. Ideia hori gure kontzientzietan txertatzea eta gizartean hedatzea ez zait hain zaila iruditzen, eta sekulako aurrerapausoa litzateke, estrategia maila bere baitan dakarren urratsa datekeelako independentziaren bidean.