Category Archives: berria.info

‘Vasco’ unibertsalak ez dira asko

http://paperekoa.berria.info/iritzia/2012-04-01/004/001/vasco_unibertsalak_ez_dira_asko.htm

2012-04-01

‘Vasco’ unibertsalak ez dira asko

PAKO ARISTI

IDAZLEA

Azkena Jabier Muguruzarekin gertatu zait. Duela hilabete gutxi Espainiako irrati publikoan elkarrizketatu zuten, eta sarreran esan zuen esatariak: «Jabier Muguruza, euskaldun unibertsal bat». Eta nire barruan gauza arraroek eragiten duten alarma txiki horrek txirrina jo zuen. Ez da lehen aldia. Lehendik ere entzun dut maiz Espainiako hedabideetan, euskal idazle, margolari, kantari, sukaldari… gure artistei buruz, alegia.

Halere, ez ditut artista horiek kritikatu nahi: kuttun-maiteak ditut, herri batentzat ondare garrantzitsua diren momentutik, kultura bizirik dagoen froga. Eta, artistaren bizitza ezagututa, ezohiko bideetan apustu existentzial arriskutsua egin duena, ausardiaren meritua aitortu baino ezin diet egin.

Baina bai: Madrilen ematen dituzte vasco unibertsalaren karnetak, ziur aski «munduko hiritarren» karnetak ematen dituzten leku berean; eta monolingue egosgor batek jarriko dizu zigilua. Oso arraroa da: hasieran ez zara existitzen haientzat, ez zara haien hedabideetan agertzen, ez da gehigarri kulturalik zure belaunaldiari buruz, nahiz eta haien nazioaren zati garela dioten, haien identitatearen muin.

Gero, miraria: deskubritzen zaituzte. Une horretan, nago, pentsatzen hasiko direla: morroi hau gonbidatuko al dugu gure programara? Ez ote zaigu hasiko proklama soberanista edo aspaldiko inbasioen letania gogaikarriarekin?

Une horretan, guri hizkuntza politikatik urruntzeko aholkatzen digutenek, lupa politikoa ezarriko diote zure kultur lanari, munduko nazio guztiek betidanik dakitena berretsiz: kultura, hizkuntza lan politiko serio bat dela. Ikusten ditut hautagaiaren abertzaletasun graduak neurtzen, marra gorria pasa ez dezan otoitzean: azken batean, aurkikuntza kreatibo baten meritua irabazi nahi izaten dute eurentzat.

Harreman pertsonalen enpatiak ere zeresan handia du kontu hauetan, baina norbait ezagutzeko lehenengo gogoa eduki behar da, eta aurreiritzi politikoek gogo hori blokeatzen dute behin eta berriz. Izan ere, kalitate handiko obrak eta autoreak ditugu euskal sormenaren esparruan, baina gutxi dira aukeratuak. Eurek «aukeratu» egiten baitute, gu «aukeratuak» garen bitartean. Horra aditz arrunt bat gure menpekotasun endemikoaren adierazle bihurtua. Gero, sortzaile bakoitzak zer lan egiten duen bere figura parametro horietan kokatzeko, kontu pertsonala da; ez naiz inor lezioak ematen hasteko.

Oso kuriosoa da hau dena, zeren eta gu abertzale txikiak izatea exijitzen diguten herri hauetan alderantziz gertatzen baita: nazioaren alde sarraskirik eta konkistarik latzenak egindakoak dira pertsonarik unibertsalenak; alegia, garaian garaiko nazionalistarik handienak dituzu eredu unibertsal bihurtuak, erregeen margolariak, nazioaren gainbehera kantatu zuten poetak ea.

Egin dezagun alderaketa metaforiko bat. Espainiako telebista publikoan esan zuten Kirmen Uriberi buruz: «Arrakasta izan du, bere poemak irakurtzen, Bilbon, Madrilen eta New Yorken». Nik arrakasta izan dut, nire poemak irakurtzen, Bilbon, Granollersen (Katalunia) eta Rosarion (Argentina). Baina horrek ez du funtzionatzen esatari baten ahotan, ezta?

Egin dezagun aproba nazioartean. Adibidez, Patrick Modiano idazle frantsesarekin. «Patrick Modiano unibertsala da arrakasta izan duelako Parisen, Madrilen eta New Yorken». Zerbaitek kraegiten du. Beste etsenplu bat, adibidez, Errusiako Ballet nazionalarekin: «Errusiako balleta unibertsala da arrakasta izan duelako Moskun, Madrilen eta New Yorken». Kra berriro ere, soberan dagoen «Madril»horregatik; Madril ez baita hiri garrantzitsua unibertsaltasunaren bidean, guretzat ezinbesteko bide-saria bihurtu den bitartean.

New York-ek ere zalantzak sortzen dizkit. Zer da NY, gure unibertsaltasunaren froga azkena, ala akonplexatuaren sendagaia, hala nola iheltseroak Mercedes bat erosten duen, bere klase-konplexua estaliz, itxuraz bada ere enpresarioaren pare sentitzeko? Zer da NY, sormen-garapenaren gune interesgarri bat ala gero hemen salduko den distira baten eroslekua?

Kontua da badela beste artista eredu bat: beren herria suspertu zutenak, independentzia politikoari sostengua eman ziotenak, euren izenaren pisu sozio-politikoa independentzia horren alde jarri zutenak, aurrez jakin gabe jokaldia nola aterako zen. Williams Butler Yeats-en biografia guztietan irakurriko duzue, poeta eta narratzaile aparta izateaz gain, Nobel saria jaso zuela, eta «Irlandako independentziaren defendatzaile sutsua» izan zela. Hala adierazi zuen berak: «Sari honen ohorea ez da hainbeste niretzat, baizik eta, Irlandako literaturaren ordezkari naizen unetik, errekonozimendu hau Europak gure estatu libreari eskaintzen dion ongietorria da».

Irlanda, Finlandia, Islandia, edo Israel dira independentzia lortu eta gutxira Literatura Nobel saria jasotako herrialde batzuk. Estaturik gabeko nazioetan behin bakarrik eman da saria, 1913an Rabindranath Tagorek jaso zuena, kolonia zen India hartan. Eta estaturik gabeko hizkuntza bati, hizkuntza gutxitu bati ere behin bakarrik eman zaio: 1904an Frédéric Mistralek jaso zuena, okzitanieraz idazteagatik, Frantziaren patrikarako. Geroztik estaturik gabeko nazioak ehun urteko bakardadean galduta daude.

Euskal idazle bat izan liteke Nobel sariduna gaur egun? Bai, Euskal Herriak independentzia lortzen duenean. Estaturik gabe ez zara existitzen munduko unibertsaltasunaren kultura handian; ez, behintzat, zure nazioaren izenean. «Eduardo Chillida Juantegui fue un escultor español», dio wikipediak lehen lerroan.

Herri batek, bere ahalmen exekutibo eta sinbolikoen artean, eduki behar luke bere figura erreferentzialak, bere kume unibertsalak izendatzeko gaitasuna, baina gureak ez du eskuratu oraino. Ni ez naute basko unibertsal izateko aukeratu. Kontua da hobeto sentitzen naizela horrela, gure herriaren dinamika autonomoetatik kanpo kokatzen diren parafernalia sinbolikoetatik libre.

Legearen erresuma

http://paperekoa.berria.info/iritzia/2012-10-07/010/001/legearen_erresuma.htm

2012-10-07

Legearen erresuma

PAKO ARISTI

IDAZLEA

Azken urtebetean eman ditudan hitzaldietan sumatu dut jendeak ez dakiela, benetan, bizi dugun egoera politikoaren egia zein den. Hedatu den lengoaiak, bere «bakegintza», «normalizazioa» edo «aro berriari» buruzko lelo itxaropentsuekin estaltzen duela etsaiak mendeetan ezkutarazi nahi izan duen egia bera: herri okupatua garela, menderatua.

Lehen okupazioa gerraren bidez ematen da; biolentoa da, menderatzaileak lurralde okupatuko biztanleak erailtzen ditu, emakumeak bortxatzen, senide eta adiskideenganako mendekua ezartzen. Lurrak, ondasunak eta etxeak kentzen dizkie, erakunde politikoak suntsitzen ditu, bereak ezartzeko.

Bigarren okupazioa belaunaldi batek ezagutu duen biolentzia horren mehatxuarekin soilik gertatzen da; biolentzia birtualak biolentzia errealaren lekua hartzen du. Menderatzaileak aski du abisatzea zer gerta litekeen; eta menderatuek zer gerta dakiekeen badakitenez, obeditzen hasten dira. Orduan agertzen da legedia, bigarren okupazioaren funtsezko tresna, menderatuengan ongi sustraitua dagoen beldurraren gainean altxatzen den eraikuntza juridiko-politikoa.

Gerta liteke mende baten ondoren belaunaldi berriak legedi hori kuestionatzen hastea. Orduan estatu menderatzaileak berriro erakutsiko die legedi hori babesten duen biolentziaren neurria, sarraski puntual eta kontrolatu batzuk barreiatuz han-hemenka. Horrekin lortzen du bere indarraren oroimena aktibatzea biztanleen inkontzientean. Behin oroimen hori berpiztuta, beste aldi luze batean aski izango du biolentzia birtualaren mehatxua eginda biztanleria konformagaitza otzantzeko eta apaltzeko.

Beldur hori biztanleen garunaren sakonean txertatzen denean, orduan biztanleak eurak hasiko dira, beren kasa, bizi duten sistema politikoa goraipatzen, ematen dizkien aukerak laudatzen, eta aukera horiek ez aprobetxatzeak dakarzkigukeen galerak azpimarratzen. Herria lokartua geratuko da beste epe luze baterako, erreakzio ahalmenik gabe, pultsu politikorik gabe, estrategia bat diseinatzeko talenturik gabe, itsutasunak ostu diolako egoera ulertzen lagunduko liokeen diagnostikoaren argia.

Horregatik, menderatzaileak proposatzen dituen hauteskundeetan ez lukeela parte hartu behar esaten badu norbaitek, herriak harrituta begiratuko dio pertsona horri, ero bati bezala, eta bat-batean aterako zaio protesta: «Baina… botere guztia haien esku utzi nahi duzu?». Ohartu gabe jadanik badagoela botere guztia haien esku.

Okupazioaren hirugarren fasean dago orain herria. Zenbat eta fase gehiagotan aurrera egin, orduan eta zailago izango du herri menderatuak bere burua integrazioaren ur ilunetatik ateratzen. Ur horietan murgilduta egoteak pentsatzea galarazten dio, joko arauek dauzkaten muga hertsietan irtenbiderik ikusi ezinik.

Politika egiten ari dela pentsatuz, ez du ulertuko zergatik politika horrek ez dituen fruitu bikainagoak ematen, eta hasiko da aitzakia bila, hor, hemen, han eta harantzago. Zirkulua itxia da dagoeneko: biolentzia, beldurra, itsutasuna, nahasmena. Oraindik ere asmatuko du herriak gauza politak esaten, emozioekin eta sentimenduekin jokatzen, baina jarraituko du bere izaerarekin loturak mozten dizkion akulturizazioan murgiltzen gero eta gehiago.

Ahaztuko zaizkio herriari bere burua definitzen duten hitzak, okupazioaren aurreko hiztegia urrun geratu baita. Erauziak izan ziren ideia haiek: Europako beste erresuma batzuen pareko estatu bat osatu genuela euskaldunok, Europako gorteetan ezagutuak ginela gure independentziagatik, gure mugak garaiko mapa guztietan ongi zehazturik zeudela, ea.

Hiztegi propioaren faltan, herri okupatuak menderatzailearen hiztegia erabiltzen du bere buruaz hitz egiteko. Menderatzailearen hiztegiak, ezinbestez, menderatzailearen parte egiten gaitu, eta gure historia ere, menderatzailearen ekintzetan parte hartutako espedizioek osatzen dute. Gaur da eguna, oraindik gure hezkuntza sisteman gure historia propioa kontatu ezin duguna. Sistematik kanpo, bakarka, bolondres taldetxoen laguntzaz eta marginalitate hutsean ikasten dugu euskaldunok gure historia propioa.

Gaur da eguna herriak bere okupazioaren historia ezagutu ere egiten ez duena. Gehienek uste dute Frankorekin hasi zela dena, eta Gernika izan zela euskaldunen odolezko bataioa.

Nafarroako Erresuma legearen erresuma izan zen, euskaldunok geure bizitza antolatzeko geure buruari eman genizkionak. Hura deuseztatu eta menderatzaileak bere legedia ezarri zigun. Baina legedi «inposatua» zena legedi «onartua» bihurtu dugu geure onespenarekin. Legedia da inposizioaren puntu sentibera, puntu klabea, gakoa eta zepoa.

Okupazioaren laugarren eta azken fasea ematen da herri menderatuak legedia «bere» egiten duenean, legedi inposatuari bere askatasun propiorako tresna baliagarriaren balorea ematen dionean. Hortik aurrera, estatu menderatzailearen automatismo hutsak desegingo ditu legedi hori baliatuz abiaturiko ekimen errebelde guztiak.

Bere historia ahaztu duen herriak, izandako boterearen itzulketa bilatu ordez, zapaltzaileak eskaintzen dion boterearen banaketa lehenesten du. Historiari «historizismoa» deitzen dio, ahaztuz gaur indartsuenak diren nazioek urre-zapitan gordetzen dutela euren historia, eta historia horri esker iritsi direla gaurko botere mailara.

Ngugi Wa Thiong idazle afrikarrak Erlea aldizkarian dioen bezala: «Menperatzeko sistema baten azkeneko garaipena da menperatua sistema horren onurak kantatzen hastea».

Legea da sistemaren bihotza. Legeak menperatzaileak sortu zituen bere ekintza terroristari kutsu politikoa emateko, okupazioa iraunarazteko, eta guk okupatuak izan ginela ahazteko. Alferrikakoa da legedi hori etsaiaren kontraesanak salatzeko erabiltzea. Komeni ez zaienean legedia alda dezaketelako nahierara. Hauteskundeak dira legearen berme: herri batek sistema politiko arrotza onartzen duen orena.

Lau uztai menderatzaile ditu herriak: arratsaldeko zortzietan hautestontziak hutsik aurkitzen dituzten egunean emango du herri honek askatasunerako lehen pausoa.