Category Archives: berria.info

Banco Santanderren Azpeitiko kasua

http://paperekoa.berria.info/iritzia/2012-06-03/004/001/banco_santanderren_azpeitiko_kasua.htm

2012-06-03

Banco Santanderren Azpeitiko kasua

PAKO ARISTI

IDAZLEA

Badira euren izena euskaratzen duten banketxeak, bulegoak langile monolinguez josirik mantentzen dituzten bitartean. Azala asko zaintzen duen gizartean bizi gara; azalari begirako politikak bizi ditugu. Baina ez da hori Banco de Santanderren kasua; Banco de Santander izaten jarraitzen du Euskal Herrian, Espainian, eta beste atzerrietan.

Azpeitian duen egoitzara joan nintzen goiz batez, diru sarrera bat egitera, Azpeitia bezalako herri euskaldunean bizitzeak ematen duen konfiantza horrekin, baina egunon esaterako entzun nuenhola kezkagarri baten oihartzuna bueltan. Leihatilan gizon bat, apur bat deseroso, apur bat gogaitua, ez dakit nirekin hala bizitzarekin. Ya está, pentsatu nuen: arazo linguistiko bat goizean goizetik. Baina norentzat? Niretzat? Ezta pentsatu ere. Euskaraz jarraitu nion, mantso, oinarrizkoa uler zezan; berak espainolez. Lortu nuen operazioa burutzea, baina ez egoera bitxia burutik kentzea.

Noiz bukatu behar du euskaldun guztion bizitzan errepikatzen den istripu honek? Nola bukatu horrekin? Lau modu daude egoera honen aurka egiteko: bat, gizona sentsibilizatzea eta esatea, beno, Azpeitira noa lanera, mundu guztiak euskara egiten duen herrira, ikas ditzadan nire lanerako oinarrizkoak diren terminoak; bi, enpresa sentsibilizatzea, ondorio berera iristeko, langilea behartuz; hiru, euskaldunok boikota egitea banketxe horri; eta lau, Kontsumitzailearen Estatutuaren bidez jendaurreko zerbitzuak dituzten enpresa guztiak euskara hitz egitera behartzea.

Sentsibilizazioaren esku ezin da utzi hizkuntza baten hedapena, ez du inoiz funtzionatu inongo naziotan. Gure boikot ahalmena, berriz, sustraitik zikiratu du klase politikoak hamarkada hauetan ezarri duen Geldotasun Orokorraren Plangintzaren bidez. 22 segundo soilik irauten du boikoterako gure kemenak: Espainiako himnoari jotzen dizkiogun txistuen neurria.

Nire lana ez da gizon horri euskara erakargarri egitea, ezta erretolika kontzientziatzailea botatzea ere; nire lana da euskara ahalik eta txukunen eta ondoen hitz egitea, eta nire eskubidea da euskaraz atenditua izatea Euskal Herriko leihatila guztietan. Berriro diot: guztietan.

Gure gobernuari galdetzen diot: Zer egin behar duzu nire eskubide linguistikoen alde? Ezer ez? Orduan ez zaitut nahi. Zuk ez duzu balio herri hau defendatzeko. Zu kolonizatuta zaude, kolonizatuarena da zure politika. Zu kanpora! Nik esango diot Eusko Jaurlaritzari: 30 urte dira sortu zinela, eta oraindik horrela? Ezin duzu lortu euskal hiztunen %80a daukan herri bateko bankari xume batek ere euskaraz egitea? Zuk ez duzu balio ezertarako, eta arriskutsua zara herri honentzat, sinestarazten diozulako izugarria dela zure prestigioa, gaitasun asko dituzula. Ezertarako balio ez, eta gainera herria lokartu egiten duzu. Ezker abertzalea ere konbentzitu duzu izugarri garrantzitsua dela zu eskuratzea, independentista zirenak autonomista bihurtuz. A zer galera herri baten fundamenturako! Zu kanpora, gaurtik bertatik!

Laugarren aukerak, tristea da, geure artean dauzka etsairik handienak. Berriki Jaurlaritzak atzera bota du isunak jartzeko aukera. Ni zeharo harritzen naiz gauza hauekin. Isuna da gizartearen kohesioa mantentzen duen tresna eraginkorrena; enparantzan pixa egiten baduzu isuna duzu, baina eskubide linguistikoak osagarri zerutiar dira nonbait. Huskeriari isuna, funtsezkoari paso egiten diogun bitartean.

Baina are gehiago harritu nintzen martxoan elkarrizketa batean Patxi Baztarrikak, Hizkunza Politikako sailburuorde ohiak esan zuenarekin. Ez dut ezer Baztarrikaren aurka, haren politikaz ari naiz. Bere garaian onartutako Dekretuari aplikazio mugatua egin omen zioten, euskal enpresen %6,5ari soilik ezarriz. Kazetariak horren arrazoia galdetzen dio, eta Baztarrikak: «Mailakatasunaren printzipioa aplikatu nahi izan genuen. Ezin dira gizartean aldaketa linguistikoak eragin gauetik goizera, ezinezkoa da, eta gehiago desoreka linguistikoaren egoeran».

Alegia: desoreka bat dago hemen euskararen kaltetan, zu politikan sartu zara, boterea lortu duzu, tresna legalak dauzkazu desoreka hori berdintzeko, eta ez, uko egiten diozu tresna horiek erabiltzeari, desoreka linguistikoa handia delako. Ez dut ezer ulertzen. Eskuan daukazu desoreka murrizten hasteko tresna! Tresna legala da, legitimoa, demokratikoki lortu duzuna, horretarako eman dizkizute botoak.

Tresna hori azken muturreraino eraman behar duzu, bere ahalmen guztien mugaraino; desoreka hain handia bada, hor duzu justifikazio nagusia. Jan iezaiozu desoreka horren angeluari %25 bat zure legealdian, eta famatuko zaitugu. Horregatik diot, maiz, euskaldunok ez dugula botorea nahi, ez ditugula ulertzen boterearen mekanismoak, ez dakigula zer egin boterearekin.

Boterearekin zer egin ez dakiten pertsonei, alderdiei ez genieke politikan sartzen utzi behar. Bostehun urtetan ez dugu ezer inposatu, eta orain mailarik azalekoenean ere zerbait derrigortzen hasteak izua ematen digu. Horren ondorioa da sedukzioari diogun lilura; a zer-nolako arrakasta izan duen hemen euskarak erakargarri izan behar duela dioen leloak! Sedukzioa ez da tresna politiko bat, ahularen auto-engainurako amarru tristea baizik.

Euskaldunok gure ADNan daramagu, su goritan ipinitako zigilu batez azalean txertatu baligute bezala, honako agindu hau: «mila aldiz behartuko zaituzte hizkuntzaz aldatzera». Sei hitz, madarikazio bat, bizi osoko kondena. Hain barneratua dugu, non ez zaigun desobeditzea bururatzen, edo bere ifrentzua ezartzea espainol monolinguei: «Ikasi euskara, zeren eta laster batean mila bider behartuko zaituztegu hizkuntzaz aldatzera».

Eta hori estatu propio batek bakarrik lor dezake; hori da herri honen eskubideak bere luraldearen mugetan ezarri, garatu eta derrigortu ditzakeen egitura politiko ezagun bakarra.

Berdintasunaren baldintza lehena

http://paperekoa.berria.info/iritzia/2012-09-02/004/001/berdintasunaren_baldintza_lehena.htm

2012-09-02

Berdintasunaren baldintza lehena

PAKO ARISTI

IDAZLEA

Patxi Lopezek Euskal Autonomia Erkidegorako hauteskundeen deialdia egin zuen une berean aspaldiko eskuizkribu bat etorri zitzaidan gogora, gure historian agertu den lehen bando independentista. 1855. urtekoa da itxura guztien arabera, eta Xabier Irujok aurkitu zuen, bere arbaso Manuel Irujo Apeztegiaren karpeta batean. Urte hartan Espainiako Ogasunak indarrean jarri nahi zuen desamortizazio lege berri baten aurka idatzia dago, espainolez; zorrotza da bere estilo dotorean.

Asko laburtuz, honela dio hasieran: «Iritsi da eguna Euskal Herria lehen izan zena izatera iritsi dadin berriro ere: bere erakundeek, ohiturek, hizkuntzak, historiak eta bere deiturak erakusten duten horixe, lurralde bereizia». Hurrengo paragrafoan, gaurkotasun harrigarria erakutsiz, Espainia hondoratzeko zorian dagoela aipatzen du, eta salba gaitezela: «Egia da euskal probintziek ez dutela tutorerik behar, mende asko baitira haurtzarotik atera zirela. Bere antolaketa eta eraketa bereziak, bere izateko moduak ez die oztoporik jarriko Penintsulako gainerantzekoei, ondoen dagokien martxa jarrai dezaten. Zeren, badirudi pauso bizkorrez doala dena Recaredoren Aberriaren desegitera, salba bedi Euskal Herria hondamen horretatik, lehen Erromako arranoetatik eta Ilargi Erdiaren boteretik bezala».

Ondoren salatzen du Gaztelak ez dituela bete Euskal lurraldeekin hitzartu zituen akordioak; engainatu egin gaituztela, alegia: «Aska bitez Gobernuaren aldetik modu aski zakarrean etetzen hasi diren lotura politikoak, eta bizi bezate euskal probintziek bizitza propio bat». Eta bukatzeko, gure herria botere garaile guztiek laidotu dutela salatu ondoren, herri honek jaso duen etsipen uztari amaiera jartzeko dei egiten du, etorkizuneko euskaldunak, gu, alegia, gaztigatuz: «Gainezka egin duen sufrimendu honek aurrerantzean jarraitzea ere benetan lotsagarria eta inozoa izango litzateke».

Harrigarria, pentsatu nuen. Horra, duela 157 urte idatzia, gaur gertatzen zaigun gauza berbera: Gaztelako erakundeetan sartu dira euskaldunak, adarra jo diete, engainatu dituzte, eta orain bereizi nahi dute. Berriro ere, zirkuluan biraka gabiltzan inpresio desatseginak hartu ninduen. Gauza berberak esaten ari gara gaur egun ere. Eta are okerrago: lotsagarri eta inozo sentiarazi behar gintuzke bandoak, aipatzen duen sufrimenduari amaierarik jartzen asmatu ez dugulako.

Hauteskundeen deialdiak uda honetan asko errepikatu den beste mantra baten oihartzuna ere ekarri du nire gogora. Murrizketen aurrean «herri bezala» erantzun behar dugula zioen leloa. Baina, hain zuzen, herri bezala egituratzea galarazten digun sistema politiko arrotz bateko erakundeetatik deialdi hori egitea egokia da? Eta are urrunago joanez: zein neurritan, bertan parte hartuz, sistema arrotz hori geure bihurtzen dugu?

Uztailaren 28an, Gipuzkoako Ogasun diputatua den Helena Francoren prentsaurreko bat zetorren murrizketen egoera salatzeko, eta bederatzi puntutan Espainiako estatuaren deskribapen erabakigarria egin zuen. Hona laburpen bat:

1. Espainiak «esku hartuta» ditu euskal erakundeak. Bost aldiz aipatzen zuen eskuak lotuta ditugun ideia.

2. Aldundien eskumenetan eskua sartzeko Espainiako Gobernuak «lege zentralistak» egiten dituela salatu zuen.

3. Gipuzkoako Foru Aldundiak dio egoera ekonomikoari erantzuteko duen gaitasuna mugatua dela.

4. Hala ere, «nork bere kontuak kudeatzeko ahalmena» berreskuratu behar dutela zioen.

5. Baina, «Espainiako Gobernuak bere interesak beste edozeren gainetik jartzen ditu».

6. «Espainiako Gobernuak zehazten du zein erritmotan zuzendu behar ditugun kontuak, eta, gainera, noizko eta nola egin behar dugun».

7. Espainiaren interesek kalte handia dakarkigute: «Zorraren interesak ordaintzera bideratu beharko dugu gastuaren zati handiena. Horrek departamentuen oinarrizko gastua murriztuko du».

8. Hori egitera «behartuta» daudela dio behin eta berriz diputatuak, eta baita ere Espainiako Gobernuak ezarri dizkien neurriak eta baldintzak inposizioa direla.

9. Espainiaren baldintzak betetzera behartuta daudenez, diputatuak dio ekonomiaren suspertzea eta herritarren ongizatea «sakrifikatu» beharko dituztela.

Honekin betetzen da inperio baten azken ametsa: menderatutako lurraldean berak nahi duen aldaketa sozialak eragitea, berak ezarritako gizarte eredua garatzea, ekonomiaren indarberritzea kontrolatzea, menderatuen ongizateari mugak jartzea.

Badakit Bilduko hautetsiek borondate ona dutela altxor, ilusioa dutela odolean eta PNVren hamarkada askotako eredu ekonomizistari aurre egiteko grina benetakoa elikagai, baina itsaso sakonaren korronteetan dabilen arazo nagusia konpondu gabe aritzeak arrisku handiak dakartza erakundeetan sartzeko planteamenduari.

Hauteskundeen deialdiak beste oihartzun bat ere bidali baitu nire belarrietara: normalizatuak izango direla. Javier Perez Royok aipatu zuen Gara-n, Sortu legeztatu berritan: «Lehen aldiz hauteskundeak, zergatik ez esan, normaltasunez biziko ditugu. (…) Lehen aldiz berdintasun baldintzetan parte hartu ahal izango da. Orain ikusi beharko da zer erabakitzen duen Euskal Herriak baldintza hauetan».

Baina uztailean, Pello Urizarrek zioen El Diario Vasco-n: «Badakigu Espainia deituriko estatu batean egoteagatik eskuak eta oinak lotuta ditugula Europatik datozen proposamenei dagokienez».

Batetik berdintasun baldintzak ditugu, baina bestetik eskuak eta oinak lotuta ditugu.

Herri batek izan behar du propiotzat ezagutzen ez duen eraikuntza politiko batetik alde egiteko aukera. Hori ezin badu erabaki, herri hori ez dago berdintasun baldintzetan, menderatua baizik.

Merezi al du legediaren indar guztia gure aurka erabiltzen duen (eta horrek berak estatu espainola gurekiko totalitario bilakatzen duen) erakunde politiko batean parte hartzea? Hori da gakoa; horixe dela iruditzen zait, hemen, mendeetan erantzun gabe daukagun galdera potoloa.