Category Archives: berria.info

Amona bat Nafarroakoa

http://paperekoa.berria.info/iritzia/2011-12-04/004/001/amona_bat_nafarroakoa.htm

2011-12-04

Amona bat Nafarroakoa

PAKO ARISTI

IDAZLEA

Ez dira urte asko istorioa kontatu zidatela, baina geroztik ez da ezabatu nire memoriatik, bihotz-muineraino barneratzen den horietako istorio bat delako, barnean geratzen zaizuna erantzun baten zain, zure laztanen zain.

Familia normal bateko amona normal bat zen, bere bizitza osoan espainolez hitz egin zuena. Senarrarekin, seme-alabekin, bilobekin, bisitan etortzen ziren osaba-izebekin, lehengusu jendearekin, inork ez zuen espainolez baino hitz egiten entzun.

Zahartu egin zen, eta 80 urtetik aurrera zihoala burua galtzen hasi zen, lehen hain modu graziosoan «falta de riego» esaten zitzaionaren ondorioz eta poderioz, azkenean ohetik altxa ezinda geratu arte. Eta horrela zegoela, egun batean gertatu zen miraria: euskaraz hitz egiten hasi zen. Horrelaxe, inori abisatu gabe, etxekoen espainolezko erreguei jaramonik egin gabe, esplikaziorik gabe eta damurik gabe.

Etxean inork ez zekien hitzik euskaraz, eta herriko euskaldun bati abisatu behar izan zioten, amonaren hitzak itzuli zitzan. Horrela eman zituen asteak, edo hilabeteak, ez dakigu, tutik ulertzen ez zioten etxekoei euskaraz hitz egiten, hauek itzultzaile baten bidez jakiten zutelarik amonaren berri, hil zen arte. Imajinatzen dut amona umetako gauzak kontatzen, eta familia bere inguruan itzultzaileari galdezka, «¿Qué ha dicho? ¿Qué ha dicho?».

Amona gaixoa! Zer ikara, samin, izu eta mehatxu jasan ote zituen umetatik zekien hizkuntza hura bere garunean baztertzeko, ezabatzeko eta ahaztu ahal izateko! Zaila da benetan: nahi gabe atera egiten zaizkizu hitz solteak, bertso zaharren bat, kantu baten lerroa, txiste bat, esaera bat. Haurtzaroko hitzak dira mingainera azkarren iristen direnak. Bada, ezer ez zen atera amonaren ahotik euskaraz bizitza osoan, bere buruan «borrar» teklari eman balio bezala.

Baina errepresio linguistikorik biolentoenaren trabak erori zirenean, arriskuaren mehatxua bere kontzientean desagertu zenean, inkontzientean altxor bat bezala gordea zeukan euskara ederrean hasi zen hizketan amona, konturatu gabe ere Nafarroako konkista bortitzaren azken lekukoa (eta biktima) bihurtu zela 500 urte geroago.

Amona hildako garaitsu hartan Espainiako erregeak esan zuen, kongresu batean, espainola modu baketsu eta boluntarioan hedatu zela, bai Espainian, bai mundu osoan, eta denek txalo jo zioten, dokumentalki hori gezurra dela badakigunean. Eta Carlos Fuentes idazle mexikarrak esan zuen Cartagena de Indiaseko kongresuan: «Posiblemente el inglés sea más práctico que el castellano; el alemán, más profundo; el francés, más elegante; el italiano, más gracioso; y el ruso, más angustioso. Pero yo creo profundamente que es la lengua española la que con mayor elocuencia y belleza nos da el repertorio más amplio del alma humana, de la personalidad individual y de su proyección social».

Zur eta lur geratzen naiz ni: alegia, munduan diren 5.000 hizkuntzetatik Jainkoak espainola aukeratu zuen gizakion arimaren barne-muinak agertzeko? Esan balu «el alma humana de los españoles», tira. Tira. Zer naturaltasunarekin (prepotentzia ez esatearren) mintzo diren estatuak euren gauzei buruz; gu, aldiz, guztiarekin akonplejatuta bizi gara.

Herri baten hastapenari dagokion atala oso garrantzitsua da historiografia guztietan. Gure narratiba nagusia Nafarroaren konkista da. Eta hor ezin dugu diagnostikoa huts egin: ordutik datoz gaurko gaitz guztiak, gure narratiba historikoa suntsiketa baten kontaketa delako. Eta garrantzitsua da, ez berriro erreinu bihurtu nahi dugulako, ezta ere iragan hura loriotsua izan zela uste dugulako; baizik eta orduan ezarri, aktibatu eta abiatu zirelako gaurko egoera ekarri duten ildoak: lurralde zatiketa, hizkuntza inperialistaren inposaketa, eta amnesia sozial orokorra, desmemoria, ezjakintasunaren minbizia.

Esango duzue gure amona Gerra Zibileko fusilamenduek izutu zutela, baina frankismoaren errepresioa duela 500 urteko konkistatzaile haien berbera da, eta gaurko sistema parlamentarioaren erre-presioa (presio errepikatua) ere bai. Inperioak normaltzat hartzen baitu (espainolez hitz egitea) biolentziaz inposatua izan zena, eta arrarotzat definitzen du normala zena, euskara hitz egitea, alegia. Okerrena da guk hori irentsi egin dugula sabeleko zuloraino.

Oso sinplea izan baitzen euskararen aurkako mekanismoa: aurrerantzean, eskailera sozialean gora egiteko ez zuen balioko; konkistatzaileek euren hizkuntza zekarten, eta hark soilik balioko zuen harreman sozial, ekonomiko eta politikoetarako. Gaztelaren meritua? Hau lortzeko adina biolentzia edukitzea eta erabiltzeko erreparorik ez izatea.

Mekanismo honek bizirik dirau gaur egun ere. Piramide sozialean zenbat eta gorago begia, orduan eta urriagoa euskararen presentzia. Izua desagertu da; mezuak jarraitzen du. Jakin nahi nuke zer esan zieten Retegitarrek eta Galartzatarrek beren seme pilotariei, euskal hiztun jator eta peto-petoak diren familiotan, euskararik ez ikasteko ezta telebistako kameren aurrean hitz batzuk bederen esateko ere.

Amona gaixoa! Ahaztu behar izan zuen bere amaren ahotik jasotako hizkuntza goxoa, baina ez zuten lortu haren arima askearen eremuan sartzerik. Burua galdu zuenean, eta harekin inperioaren arau guztiak, izan zen naturalena bere bizitza osoan. Haren arimaren barne-muina euskaraz mintzo zen.

Euskararen egunak ez luke festa eta ospakizun eguna izan behar, bere eboluzioa zapuztu zaion hizkuntzak, eta horren ondorioz etorkizuna oraindik argitu ez duenak ez baitauka ezer ospatzeko. Euskararen egunak euskara ahotik kendu zieten guztien errekonozimendu eta omenaldi eguna behar luke, kendu zigutena berriro ezarriko digun estrategia eraginkor baten abiapuntua. Hori gutxienez. Hortik beherakoa barre egitea da, eta barre egiten digutenei txalo jotzea.

Dilema baten aurrean

http://paperekoa.berria.info/iritzia/2012-07-01/004/001/dilema_baten_aurrean.htm

2012-07-01

Dilema baten aurrean

PAKO ARISTI

IDAZLEA

Nazio guztiek izaten dute bere ordua historiaren aurrean. Eta une horretan ikusten da herri batek bere buruari dion maitasunaren kalitatea, daukan adimen politikoa, garatzen duen ahalmen estrategikoa, munduaren aurrean agertzeko behar duen boterea antolatzeko dauzkan indarrak, eta ausardia.

Une batean edo bestean, nazioak antolatu egiten dira, eta erabaki egiten dute zer egin euren hizkuntzarekin. Frantziako iraultzaren hasieran, populazioaren lauko batek soilik hitz egiten zuen frantsesa. 1794an Henri Gregoirek aurkeztutako txosten batean zionez, Frantziako 83 departamendutik 15ean soilik mintzatzen zuten frantsesa esklusiboki. Gregoire jaunari paradoxikoa iruditzen zitzaion, «jasanezina», dio Wikipediak, 28 milioi frantsesetik 3 milioi baino gutxiagok mintzatzea hizkuntza nazionala. Alegia, portzentualki, duela bi mende euskara gehiago mintzatzen zen bere lurraldean, frantsesa Frantzian baino. Harrigarria, ezta?

Zer egin zuten? Nazio eremuko hizkuntza politika bat. Eskoletan hizkuntza estandar bakarra irakatsiko zen, beste hizkuntza guztiak baztertuta. Talleyrand-ek abiatu zuen frantsesaren batasunak helburu hau zeukan: frantses hizkuntza bakarra sortzea Frantziako lurralde osoan. Frantsesa nahiko azkar hedatu zen iparrean, oil hizkuntzak zeuden lekuan, baina ez hala hegoaldean, oc edo okzitanieraren lerroko dialektoak zeuden tokian, eta ezta ere beste eremu batzuetan, non bretoiera, euskara, katalana edo alsaziera mintzatzen zen. Leku horietan beste metodo batzuk erabili behar izan zituzten, tartean ikasle gazteei eragindako zigor fisikoak.

Une batean edo bestean, nazioek etorkizunean opari eder izango diren oinarri sendoak ezartzen dituzte. Hebreerarekin gertatua mirari harrigarriagoa da. II. mendean desagertu zen herri hizkuntza bezala Palestinan. Juduen elite batek soilik jarraitu zuen hura erabiltzen. XIX. mende bukaeran berpiztu zuten hizkuntza hila sionistek, etorkizuneko estatu juduaren hizkuntza nazionala izan zedin. Estatua sortu eta hizkuntza loratu: gaur egun 5 milioi pertsonak hitz egiten dute, biztanleen %95ek. Munduan zehar barreiaturik dauden judu-elkarteetan beste 3 milioi hiztun ditu. Gurasoei ez zieten galdetu ea zein hizkuntza nahi zuten haurrentzat eskolan; ezta funtzionarioei ere, ezta medikuei ere…

Une batean edo bestean, nazioek aurre egiten diote etsaiari, konturatu egiten dira menperatuak daudela, etsaia identifikatzen dute zorrotz, eta morrontza politiko-linguistikoa deusezten dute, Norvegiak 1905ean egin zuen bezala. Hitzaldi batean esan zidaten: «Bai, baina Euskal Herria ez da Norvegia». Ez, baina, Norvegia izan zen Euskal Herria, egon zen egoera berean; historia paraleloagorik ez dago aurkitzerik.

4,5 milioi dira norvegiarrak, gu 3 milioi, sexuarekiko gure alferkeria milenarioaren erruz. Lau mendez egon zen, 1814ra arte, Danimarkaren mende. Ondoren Suediarekin egindako hitzarmenak 1905 arte iraun zuen. Wikipedian hitzokin kontatzen da une erabakigarria: «Independentzia nazionala lortzeko presioa goraka zihoan heinean, hala hedatu zen hizkuntza norvegiarrean oinarritutako tradizio literario bat sortzeko deseoa, betiere danieraren aurka».

Horra hiru hitz klabe: presioadeseoa, eta aurka; ez elkarlanean, kultur aniztasunaren mesedetan, ez hizkuntzen bizkidetasunaren aldarrian, ez: danierari aurre eginez norvegiera indartuz, hedatuz eta ezarriz baizik. Gaur egun norvegiera da hizkuntza ofiziala; mintzo diren beste batzuk dira laponiera eta suomiera. Daniera desagertu zen. Duela mende bat gu bezala zegoen herriak hartu digu abantaila ederra!

Guri ere heldu zaigu historiaren ordua. Eta zertan gabiltza? Agortua dagoen estatutu batean zintzilikatuz gure azken itxaropenen piltzarrak. 30 urteotan demostratua geratu da, zalantzarik gabe, gobernu autonomiko bat ez dela gauza euskararen biziraupena ziurtatzeko. Hau ez da iritzi politiko bat, ez da balantze ideologiko bat; baieztapen enpirikoa baizik. Eta gehiago esango dut: sistema autonomikoa da hizkuntza espainolak hegemoniko izaten jarrai dezan Espainiako estatuak bere neurrira sortu, sostengatu eta zaindu duen sukurtsala, askorentzat erromantikoa izan litekeena, Jose Antonio Agirreren oihartzunak lekarzkeelako, baina zinez gupidagabea dena euskal hiztunon eskubideak suntsitzeko orduan.

Erradikala naizela esaten didate batzuek, eta hala uste dute askok. Baina niri erradikala hemen gertatu dena iruditzen zait: bostehun urtez saiatu dira hizkuntza hau desagerrarazten. Halan-holan eutsi diegu kolpeei, eta orain etsaiari laguntza eske gabiltza hark suntsitu nahi izan duen hizkuntza salbatzeko; eta haren onespena behar dugu gure hizkuntza-politikak martxan jartzeko; eta gustuko ez baditu beto eskubidea du; eta beto eskubide hori bete egiten da, derrigorrezkoa da, inposatua da.

Egoera horren aurrean nik esaten ditudan gauzak gutxienekoak behar lukete, minimoak, abiapuntu huts: hortik gora mintzatu behar luke herri honen ahots kolektiboak historian bere lekua defendatzeko orduan. Baina inozotasun erradikalak bizi gaitu; eta beldurrak; eta konplexuak; eta oharkabe kolonizatuak dauden milaka garunen konplazentziak.

Hemen bide luzea egin du euskara ez dela inposatu behar dion ideia txepel horrek, etsaiak sartu duena, noski, gure garunetan, eta geroztik kendu ezinik gabiltzana. Hizkuntza bat bere lurraldean hedatzea inoiz ez da inposizioa izango; inposizioa litzateke guk Madrilen euskara zabaldu nahi bagenu derrigor, legez eta isunez. Hizkuntza bat, bere lurraldean, ezarri egiten da, hedatu. Inposizioa lurralde-kanpotasunari dago lotua; inposizioa arrotzek burutu dute gugan, ez guk haiengan.

Hala iritsi gara dilema latz baten aurrera: zer nahi dut, borondatezko politika baten ondoren euskara desagertzea, ala derrigorrezko politiken ondorioz euskara bizirik mantentzea? Horri erantzuna ematea ezinbestekoa izango zaigu; eta ez zaigu denbora asko geratzen. Trena gure aurrean pasatzen ari da.