Category Archives: berria.info

Independentziarik gabe ez dago demokraziarik

http://paperekoa.berria.info/iritzia/2012-08-14/005/001/independentziarik_gabe_ez_dago_demokraziarik.htm

2012-08-14

Independentziarik gabe ez dago demokraziarik

MIKEL ANTZA

ORREAGAKO KIDEA

Garaipen handi bat lortu genuen 778. urteko abuztuaren 15ean, gure independentziaren hasiera izan zen garaipena, herri bat antolatzen hasteko unea, gure estatua eratzeko oinarria. Ospa dezagun ba garaipen hura, azken urteotan bezalaxe, abuztuaren 15ean, Pasai Donibanen egingo den ekitaldira joanez.

Zoritxarrez, 1200. urtetik hona, gure herriaren ukazio biolentoa besterik ez dugu izan. Abuztuaren hamabost honek harro sentiarazteko balio behar digu, herri bezala bizirik jarraitzen dugulako. Baina, aldi berean, independentzia lortzeko hausnarketa baten aldarria egiteko ere erabili nahi dugu.

Munduan badira, gurea kasu, estatuen menpe bizitzera behartuak diren zenbait herri, estatu horiek inposatutako «herri bakarraren» zati bat izatera kondenatuak. Baina zapaldutako herri hauek, desagertzen ez diren artean, erantzun argi bat dute ahoan: beste herri bat direla; alegia, ez dutela onartzen berea ez den beste naziotasun bat indarrez inposatzerik.

Erantzun honek esanahi bakarra dauka: independentziaren nahia eta eskubidea; inork zapaldu ezin dezakeen eskubidea, berezkoa eta eztabaidaezina. Gure izaera, ohiturak, antolakuntza, kultura, hezkuntza, hizkuntza… hitz bakar batez gure identitatea desberdina izateak eta askatasun nazionala lapurtu zigutela jakiteak indartu egiten du askatasun borondate hori; baina benetako indarra gaur libre nahi izatea da.

Hausnarketa aipatu dut eta, lehen atal batean, gaur arteko emaitzak eta gaurko egoera ikusirik, zer eta nola egin dugun aztertu beharra daukagu. Independentziatik oso urrun gaude, bide okerretik ibili izanaren seinale nabarmena.

1998an hobetzeko grinari buruz idatzitako liburu baten azpitituluak honela dio: «Berdin segitzen badugu, lehengoa baino ez dugu lortuko». Ez ditzagun, ba, errepikatu orain arteko hutsegite berberak.

Pako Aristik, Etsai jauna, buenos días! artikuluan (BERRIA, 2012-01-15), honela itzuli zituen Slavoj ÎiÏek filosofoaren hitzak: «Zergatik gobernuak izuaren mende jartzen dira abstentzio masiboaren aurrean? Onartu beharra daukatelako bere boterea erabiltzea posible dela, soilik biztanleek onartzen badiete. Botere hori onartzen da baita hautestontzietan bere erretxazoa jarrita ere. Baina abstentzioa ukamen intrapolitikoa baino harago doa: erabakitze-markoa bera ukatzen duelako».

Hauteskundeak datoz eta, indar handiko zurrunbilo baten aurka joanda ere, gogoeta bat proposatu behar genuke: erabilgarriak izan al dira eta izan al daitezke noizbait, gure helburua lortzeko, gure estatu propioa berreskuratzeko? Soilik independentziarako estrategia baten barruan izan daiteke baliagarria, batzuetan eta taktika moduan, etsaiak antolatutako hauteskundeetan parte hartzea. Ez, ordea, sistematikoki, estrategia propiorik gabe eta hauteskunde horiek Espainia eta Frantziako ustezko «demokrazien» oinarria bailiran.

Ez dugu, ordea, horrela jokatu; itsu-itsuan joan gara, askatasuna lortzeko inola ere mesedegarri izan ez diren eta izango ez diren «gehiengo» edo «garaipen» elektoralen bila. Uste izan dugu jokaleku horretan, etsaiaren legalitatean, independentzia lortzeko indar nahikoa izango dugula noizbait.

Zapaldua dagoen eta erakunde nazional propiorik ez duen herri batek ezin du inoiz legezkotzat, legitimotzat jo etsaiaren legedia. Ez, behintzat, behartuta ez bada.

Oker egindakoa ez errepikatzearen garrantzia azaldu ondoren hausnarketaren lehen atalean, zer egin daitekeen aipatu nahi nuke bigarrenean. Erresistentzia zibilak egingarriak diren gauza txiki asko izan ditzake; kostu sozial eskasekoak eta oso eraginkorrak direnak. Horietako bat litzateke hauteskunde egunean mendira edo hondartzara joatea, abstentzio aktibo handi bat egitea.

Ondo antolatutako abstentzio aktibo batek gure legitimitatea indartuko luke, eta arerioarena ahuldu, neurri berean; gure askatasun nahia elikatzeko eta indartzeko balioko luke. 1978. urtean izan genuen horrelako aukera bat, eta ez genuen erabili, ez genuen tresna eraginkor bihurtu. Denbora aurrera doa eta gure aldeko emaitzak ez ikusteak etsipenera darama herri hau.

Abuztuaren 15ean ospatuko dugun eguna, askatasun egunajai nazionala izendatu dugun egun hori erabili nahi nuke gauzak beste modu batean egitea proposatzeko. Lehen aipatu dudan zurrunbiloan etenaldi txiki bat egitea luzatu nahi genuke: hausnartu eta lagun artean hitz egin hemen esandakoari buruz eta, ondoren, buruak, bihotzak, edo biek batera aholkatzen dutena egin. Bat-batean ez bada ere, sor daiteke, agian, norabide desberdineko beste zurrunbilo handi bat.

Bitartean, antola dezagun buruzagitza berri bat, herriaren indarrean sinestuko duena eta egoki erabiliko duena. Erakunde nazional bat sortzeko pausoak eman ditzagun. Sor ditzagun talde kontziente eta eraginkor ugari, koordinatuak, guztiak norabide bakarrean, eta helduko gara, kostata bada ere, independentziara, demokraziara; aurtengo askatasun eguneko leloak dioen moduan, independentzia baita demokraziaren abiapuntua.

Ukazioaren geografia gaurkotua

http://paperekoa.berria.info/iritzia/2012-08-26/005/001/ukazioaren_geografia_gaurkotua.htm

2012-08-26

Ukazioaren geografia gaurkotua

LARRAITZ ARIZNABARRETA GARABIETA

MONDRAGON UNIBERTSITATEKO IRAKASLEA (HUHEZI)

Euskal kulturaren kartografian identitate kolektiboari heltzea ariketa pertsonal kontziente, gogoetatsu eta praktikara lotua izan da urteetan; erresistentzia ariketa nabarmena, non kolektiboaren sorrerako traumak —hots, herriak pairatutako ukazio erradikalak, besteen begietara ez-izateak— lehen mailako garrantzia izan duen, halabeharrez. Erabateko ukapen horren gainean etengabe (ber)eraiki behar izan du euskal kulturak —egundaino arte, bere izateko borondatea berretsi— eta, prozesu horretan, oinarri dituen nortasun bilbeak azaltzera behartuta egon da etengabe. Hala, nahitaezko sorkuntza-leku eta kultur bizigai indartsu bilakatu zen arnegua euskal kulturarentzat, euskal komunitatearen identitatea (ber)eraikitzen laguntzea xede zuen argudio-multzo praktiko bat osatu arte. Zentzu horretan, euskal herriaren identitatea eratzen lagunduko zuten kulturako formulen berrespen eta bilaketa orok berekin ekarri zuen defentsa eta erresistentzia-dinamika bat.

Baina, lilurarik ez; estatuak fagozitatu ondoren estatua desagertu dela esaten duten aingeruen oso kontrara, errealitateak erakusten du botere fragmentaezinak bere eskalara ekartzen duela gizarte topografia osoa, menpeko den herri baten kultur identitatea barne. Ez alferrik. Identitate ororen aldamiatzea —bakarkakoa nahiz taldekoa izan— eraikuntza korapilatsu baten emaitza da. Eraikuntza horren oinarriak ez dira erabaki edo aukera pertsonalen ondorio soilak; aitzitik, gizabanakoaren eta bere ingurune sozialaren arteko dialektikaren negoziazio sozial konplexuen emaitza dira. Hartu-eman horretan intentsitate-maila desberdineko bektoreek esku hartzen dute: gizabanakoaren errealitate etnikoak, testuinguru kulturalak, tradizio historikoak, marko politikoak, eta hark bere eguneroko ingurunearekin eratzea lortzen dituen harreman-motak, besteak beste. Aldagai horietako asko baimenik gabe inposatzen zaizkigu, eta, beraz —herritarrok gelditzen zaigun kuraiaz ahalke garen bitartean— , estatu monolitikoarentzat funtsezkoa da bere esku izatea, bai gure gatazka-espazioko koordinatu ideologikoak, baita ispiluen labirintuan galduta jarrai dezagun norabide interesatua erakusten duten identitate mapak ere.

Deserri horretan, erresistentziaren erresistentzia hutsaz erabat ahulduta, arrunta eta xumea zena gauza barrokoa eta karikatureskoa bihurtu da gure talde izaeran. Euskal herritar erresistentearena —salbuespenak salbuespen— fikziozko arketipo txatxu bihurtzeko zorian gaude, konprometitzen ez gaituen esanahiez hustutako salmentarako marketin- logo hutsa: ziberespaziorako polemika bide, bertso afari baterako gai, garai bateko giroa jasotzen duen ipuin bateko mitozko irudi, pirata sasimatxino batzuen festetan parrandarako estalki, souvenir, edo ardo, gehiago saltzeko denda bateko duintasun gabeko ikur, gure gazteen odola bor-bor jartzea lortuko duen etsipen kanta baten letra osatzeko aitzakia, fiestavasca kolektiborako mozorro ridikulua. Arduratzekoa oso, nolanahi ere, egoera eten honetan gure kulturari makurrarazteko ezarri dioten zigorraren azken helburua historiatik desagerraraztea denean.

Horrexegatik, biziki tristatzen nau, kolektiboaren eraginkortasun estrategikoa bilatu ordez, euskal kulturaren mapa osatzen duten gizontzar baliotsu askoren artean gailendu den erresistentzia erretolika zinikoak, haien arteko diskurtso kainita antzuak.

Nago zantzu horiek denak gure herriak aspaldi sufritzen duen fribolitate ideologikoak sortutako anemiaren ondorio direla. Kronifikatze bidean den metropoliarekiko sumisioaren arrasto patologikoak. Ukazioak sortutako gaitzaren errotzea. Oteizak iragarri zuen 90eko hamarkadan: «Ez gara ginena, ezta orain garena ere».

Baliozko kontribuzio poliedrikoak ukatu ordez —antropofagia alboratuz— euskal kulturaren identitatearen baieztapen bikoitz (behintzat) baten narratiba sendotu beharrean gaude.

Batetik, memoria kolektiboaren eta abertzaletasunaren erdigune sinboliko baten iraupen eta transmisioak —belaunaldi berriei begira, euskararen biziraupena ziurtatu eta talde izaera indartzen duten kode sinboliko gaurkotuen transmisioak— berebiziko garrantzia du iraungo badugu. Subalternitatea babesteaz edo kultur eszepzioa azpimarratzeaz baino askozago, kultur identitatea indartzeaz ari naiz, gure oinordekoei nor diren jakiten lagunduko dien klabeen pedagogiaren behar estrategiko saihestezinaz.

Bestetik, ibiltaria bide gurutze batera heltzen denean legez, geure orbitara so jarri eta zein norabidetara mugitu nahi dugun hausnartu eta etorkizuna bermatuko duen talde proiektua —estatua halabeharrez— (ber)eratzen hastea tokatzen zaigu, berandu baino lehen. Ekintzak —moral abstraktu batetik ordez— geure interesen ikuspegitik aztertu, urteetako erresistentzia lanaren arrastoak hausnartu eta indar erlazioak aldatuko dituen iparrorratza —helburuak eta baliabideak— erantzukizunez eta inongo zinismorik gabe eztabaidatzen hasteko garaiak ditugu.

Periferiara kondenatua izan den —eta bizirik darraien— herri ororen ametsa munduko beste herri libreekin parekatzea baita. Horretan ere ez gara beste nazio talde batzuetatik desberdintzen. Oso gara antzekoak.

Bitartean, gure kulturaren ukazioaren geografia ideologiko katramilatsu honetan, erresistentzi hitz oro elikagai indartsu suertatzen dira euskal kulturaren emantzipazioan bidaide garenontzat: «Obeditu gutxi!». Erresistentziak obedientzia saihetsezinari bide egiten dionean, «morrontza erabatekoa denean, mundu honetako naziorik, estaturik edo hiririk batek ere ez dute inoiz beren askatasuna berreskuratuko» (Whitman,W: Belar-hostoak, Hiria 2003/1855).