Category Archives: berria.info

‘Un autre son de cloche’

http://paperekoa.berria.info/iritzia/2013-10-19/004/001/un_autre_son_de_cloche.htm

2013-10-19

‘Un autre son de cloche’

LARRAITZ ARIZNABARRETA

MONDRAGON UNIBERTSITATEKO IRAKASLEA

Euskaldunok ez dugu kolonizazioa ozen eta zorrotz salatu zuten Franz Fanon edo Albert Memmi moduko pentsalari aitorturik izan —nahiz izan, baden—. Hala, zorionez, Larresoro izengoitia baliatuz, Txillardegik itzuli zigun frantsesetik Jean Paul Sartreren hitzaurrea duen Memmiren saiakerarik ospetsuenetakoa: Portrait du Colonisé (1957). Euskal intelektuala ez omen zen ausartu frantseseko «portrait» hura «erretratu» moduan itzultzera liburuko portadan —zergatik ulertu dezake edozein irakurle prestuk— eta Kolonizatuaren ezagugarria (Jakin, 1974) lez heldu zen gure liburu-dendetako apaletara lehen frankismoa bukatzear, giroa gori-gori, zegoen urte haietan.

Alvarez Enparantza beraren hitzetan Un autre son de cloche erakusteko asmoz itzuli zuen Memmiren liburua idazleak. Modan ez zegoen —eta euskal intelektualak garrantzitsutzat zeukan— begirada baten ezagutarazteko. Diskrezioak ez dit utziko errebelatzen zein gizon eta emakume nazioneren etxeetako liburutegitan ikusi ahal izan dudan Memmiren liburua euskaraz. Asko dira, zinez. Niri beste ordu gogoangarri eta mamitsu erregalatuko ote zizkion liburuxkak —eta Txillardegiren etorriak— haietako bakoitzari.

Txillardegik Memmi bisitatzeko beta izan zuen haren Monparnasseko ganbaran, eta, enkontru hartan, entzun omen zion pentsalari tunisiarrari Marxen pentsamendu dialektikoari oharkabean pasatzen zitzaizkiola nazio menperatuen minak. Euskal Herriaz (ere) mintzo izango ziren Memmi eta Txillardegi, jakina. Intelektual tunisiarrari jarraiki: «Eginak eta asmoak ez dira txit desberdinak kolonikuntzaren gizaroan», eta bakoitzak bere pentzeari ematen dio ur. Bakoitzak berea gotti.

Memmiren esanetan, kolonizatuak ez ditu ahul gisa baizik ezagutzen bere herria, hizkuntza eta kultura. Ahultzat dauka bere burua. Eta ahula beti izan ohi da errudun indartsuen begietara; izan ere, onak eta txarrak barik, galtzaileak eta irabazleak bereizten dituelako historiak. Horregatik, iraingarria egiten zaigu batzuoi gure hizkuntza, herri kultura eta identitatearen defentsazko jarrerak gure artean bizi diren hainbati, bitxi baino gehiago, hain txiki, ezkutuko eta ulertezin gertatzearen errua gure fanatismo hertsiari egotzi nahia. Izan ere, kolonizatzaileen ebanjelioak eta infraestrategiek eragindako pentsamendu atomizatuak —eta zinismoak— lausotu ez duen herritar orok ezagutzen baititu mozorro guztien pean ageri diren nazionalismo etnozidaren eta abertzaletasun askatzailearen arteko desberdintasunak. Odoluste etengabe eta bide katramilatsuen ondoren, gure menpekotasuna larriki errotu denaren zantzuak baino ez ditugun garaiotan, halako ebidentziarik azpimarratu beharra! Baina, ahul askok premiaz ikasi du —galtzailearen mahaiaren isiltasunean ikasi ere— boteretsuak hobetsi zaitzan haren akatsak ederrestea zenbateraino den probetxugarri. Mendeetan ahul izateak, herritarrek jasandako oldarrak eta menperatzaileen mistika bortxaz irentsi beharrak apenas dakarren beste lezio oinarrizkoagorik.

Euskal palimpsesto kolonialean ere —herrigintzan kultur nahikotasuna bermatu nahian eragile askoren lana salbuespen ohoragarri— anbiguetate kalkulatuek berridatzi dute azken urteetako kultur kanona. Kulturaren eta letra larriz idazten den politikaren arteko lotura hain zirin, hain lauso, hain zuri izan da, ezen apenas ageri den parajeotan gure burua ezagutu eta auto-estimua berreraikitzeko euskal abertzaletasunaren kapital sinbolikoak elikagai beharko lukeen kultur praxi sinkretikorik. Gure mimetismoetan ere kasik ez da ezer binkulantea denik, zer gerta ere. Erdikoitasunak, hantustezko pentsamendu fragmentatu inkrementalistek eta, ahaztu gabe, hain gure diren sasi-heterodoxiek, errentak eman dizkie askori, gizarte ehuna ahuldu eta herri oso baten esentzialismo estrategikoa denon begi bistan birrintzen zen bitartean. Kulturaren penintsula inguratzen duten urak handi dire itsasoan murgildu nahi dutenentzat, eta pentsamendu librea zinez esker txarreko. Min handia eta trapu gutxi ordainetan.

Gure koloniako arketipo trapu-jalearen delegazionismoaz, inmunizazioaz, atomizazioaz, ahuleziaz eta prosodia arloteez gogaituta, herri serio bat dugu amets askok. Malenkoniaren morfinari uko egingo dion herri bat. Etengabe zero meridianoan birkokatzen ez den nazio eta kultura bat. Bere historiaren kargu egingo den jendarte bat, alegia. Bitartean, metropoliari so bizi diren protektoratuko administratzaile eta prefeta —autrigoi, karistio zein bardulo— autonómico foral frantximenta probintzianoen kalaka gorgarri etengabean errezelagarriena hauxe iruditzen zaigu: herri osoak bere burua aurkitzeko bidea hasteko urratsak eman ordez —eta emantzipazio bide berean norberaren akatsen azterketa gupidagabea egin beharrean—, beste herrikide buruz-askeen pentsamenduan, eta kolonizatuaren benetako erretratua errebelatzeko saiakeretan, hainbesteko ameskeria ustelak eta hain bide erratuak begiztatzea. Haiek ziniko eta maliziatsu, besteak uste halatsu.

Baina alferrik da zumarrari garirik eskatzea. Lagun argiak hitz aspertuan oraintsu esan zidan bezala: alderdien gotorlekuetatik aspaldi utzi zioten emantzipazio bidean beharrezkoa den herri osoa ikusteari. Hainbeste mendetako gure morrontzak baditu mila tankera, herritar menperatuen arteko kolonia kategoria hainbatek ezezagunaren aurrean beregain hartzen dituzten kohertzio molde oldarrak adibide argi. Eta, horratio, Memmik gogora dakarrenez: «Zergatik (zergatik arraio!) kezkatuko litzateke menperatzailea menperatua bera kezkaturik eta kexu agertzen ez bada?».

HAL 9000

http://paperekoa.berria.info/iritzia/2013-10-12/006/001/hal_9000.htm

2013-10-12

HAL 9000

IÑAKI LASA

EUSKALTZALEA

Stanley Kubricken pelikulan Discovery espazio-ontziak zeraman sistema informatikoaren izena da HAL 9000. Sistemak bere izanaren kontzientzia hartzen du, eta erabakiak bere kabuz hartzen hasten da. Ondorioa larria da oso: deskonektatu nahi dutela ohartzen denean, hainbat astronauta hil egiten du, HAL 9000rentzat sistemak berak bizirik irautea lehen mailako helburua dela garbi utziz. Ongizatea astronautentzat, ordea, sistemaren deskonexiotik pasatzen da ezinbestean. Sistema ala gu. Ederra metafora.

Espainia eta Frantziako Estatuek urteetan sistema bat eraiki dute herrien garapen librea eragozteko. Asmo homogeneizatzaileek botere ekonomikoa, mediatikoa, linguistikoa, kulturala eta politikoa erabiltzen duen sistema izan dute tresna helburu hori lortzeko. Une historiko desberdinetan forma desberdinak izan baditu ere, sistemaren ezaugarriak urteetan mantendu dira, eta bere eraginkortasuna zalantzarik gabea da. Herri batek izana galtzen du, bere-bereak dituen ezaugarri kulturalak, linguistikoak eta politikoak galtzen dituenean. Bada, hori eta ez besterik bilatzen dute aipaturiko Estatuek: asimilazioa homogeneizazioaren bitartez. Wertek ikasleak espainolizatu nahi ditu, Reinhard Heidrichek txekiarrak germanizatu nahi zituen bezalaxe, bertako kulturaren garapena eragozten duen sistema bat eraikiz alegia, hezkuntza, ekonomia, administrazioa, kultura eta abar bere gain hartuz. Hainbatek inozoki argudia dezake sistemaren parte baten kontrola gure esku dagoela; guk eta ez beste inork erabakitzen duela hainbat alorretan; hizkuntza arazoa, esate baterako, euskaldunon arteko arazoa dela, edota hauteskundeen bitartez autodeterminatzen garela. Inozo hori!!! Egiturazko giltzen erabakimena berarentzat gordetzen duen bitartean, Estatuak du sistemaren kontrola. Nola argudia daiteke guk erabakitzen dugula ezer, jai giroko txupina nork bota ere haiek erabakitzen dutenean?

Zer dela-eta erabaki behar dute Madrilen edo Parisen nola eta zer ikasten duten gure txikiek? Zer dela-eta erabaki behar dute gure herriaren etorkizunaz ezer? Nork eman die baimena sistema mediatiko itogarri baten bitartez haien kultura inposatzeko gurea bazterrean utziz? Espainiak eta Frantziak eraikitako sistemak du kontrola; haiek dute boterea; haiek erabakitzen dute, umiliazio sekularrari segida emanez. Estatuak deskonektatu behar ditugu, Discovery-ko astronautek HAL 9000 deskonektatu behar zuten bezalaxe. Baina, nola deskonektatzen da Estatu bat?

Deskonexioaren botoi gorriak estrategia du izena. Botoia ez dago inon; sortu beharra dago. Zoritxarrez, denbora faktoreak ez du gure alde egiten. Apaltzen ari da prozesuari indarra eman diezaiokeen herri gogoa; estrategia autonomistaren porrotak eta borroka zuzenaren hutsak nora ezean jarri ditu herritarrak. Frustrazioa eta etsipena nagusitzen ari da sistemaren deskonexioa defendatu duten indar politiko abertzaleak sistemaren beraren gestiogintzan murgilduta daudela ikustean. Une oro jada iraganean gelditu diren gaiak nagusitzen dira eztabaidan; jardun politikoa atzera begira dago oraindik, aurrera begirakoak ahaztuta. Zama handi bat arrastaka eramaten kondenatuta bageunde bezala ari gara. Nora ezean goazelako sentsazioa hedatua da. Bitartean, sistema denaren jabe da; gure oraina eta etorkizuna erabakitzen ditu; kulturalki, linguistikoki, ekonomikoki, politikoki baldintzatzen gaitu, dagokigun eta behar dugun askatasuna ukatuz.

Baina, bada irtenbidea. Sistematik kanpo lan egingo duen herri mugimenduaren aliantza estrategikoa da bidea. Sistemarekin inolako menpekotasunik izango ez duen herri mugimendu independentea. Ez menpekotasun ekonomikorik, ez funtzionalik ez eta politiko edo organizatiborik ere. Alderdi politikoen muga nabarmenak gaindituko dituen herri mugimendu sendo eta egituratua da irtenbidea alor organizatiboari dagokionez.

Herritarrak saretuz lan egin behar du mugimendu horrek. Sare berriak sortuz eta berez dauden sareetan integratuz lan egin beharra dago. Kontsignarik gabe, goitik beherako agindurik gabe, jendeari askatasunez eta kreatibitatez lan egitea ahalbidetuko dioten ideia markoak denon artean adostuz. Harreman publikoak dira lan jardunaren zutaberik garrantzitsuena. Jendearekin egon beharra dago; aktibatu, eta estatuentzat kontrolaezina eta gaindiezina izango den mugimendua osatu. Herritarrak dira aldaketaren motorra; herritarrak aldaketaren arrazoia. Gure izana ukatzen duten Estatuei begira lan egitea hutsegite estrategiko handia dela iruditzen zait, neurri handi batez horrek haien boterea handitzen duelako. Gure historia hurbilean, herritarren oinarrizko beharrak asetzeari begira lan egin dugunean Estatuei begiratu gabe, sistemari muzin eginez, orduan eman ditugu pausorik sendoenak, oraindik ere estrategikoak diren proiektuak sortuz. Deskonexioa ahalbidetzen duten proiektuen sorkuntzak definitu behar du jardun estrategikoa. Estatuen boterea efektibo bihurtzen duen horri desobedientzia eta herri libre batek bezala pentsatu eta jardun.

Askatasunaren bidea kolektiboki egin behar den bidea da, lehentasun osokoa. Botere ekonomikoa, kulturala, linguistikoa eta politikoa berreskuratzen dugun unean izango dira zilegi gestiogintzaren inguruko eztabaidak; bitartean, estrategia onargarri bakarra, gure energia guztia eskatu behar digun estrategia bakarra, independentziara eramango gaituena da.