http://paperekoa.berria.info/iritzia/2013-10-06/008/001/gabriel_mccarthy_gasteizen.htm
2013-10-06
Gabriel McCarthy Gasteizen
PAKO ARISTI
IDAZLEA
Hello, mister Aristi, how´s everything?», entzun nuen belarri ondo-ondoan, Cambridgeko azentu dotorez ahoskatua. Aberri egunetik ez nuen ikusi, baina zerbait deigarri denean euskal politikaren eszenan, hor dabil Gabriel McCarthy. Ingeles gisan bidaiatzen du munduan, baina Eskozian du jatorria, eta nik badakit horrek zein interes mota pizten dituen harengan. Guri buruzko lanen bat egitera etorri zen, baina ezin du bukatu, eta geroztik hemen dabil galduta bezala gure labirintoan, oasian, gure ezinean hura ere katramilatua.
-Hitzaldi bat ematen izan naiz —erantzun nion—. Zu zertan zabiltza?
-Nik hitzaldi sorta ederra entzun nuen atzo. Legebiltzarrean egon nintzen.
-Zerbait garrantzitsua al zegoen, bada?
-Ez, beno, politika orokorrari buruzko eztabaida. Nola zabiltza lan aldetik?
Galderak zeharo harritu ninduen, ezin bainituen lotu legebiltzarra eta nire egoera laborala. Idazleok baditugu gisako galderen aurrean ihesbide ederrak, baina zintzoa izatea erabaki nuen.
-Gaizki ni, eta gaizki denok. Lan gutxi dabil, ordaindua, behintzat!
-Politikoentzat diskurtsoak idazten hasi behar zenuke. Irakurri duzu El País?
Harrituta nengoen biziki.
-Laura Mintegi bigarren txandan inspiratuago egon zela dio, eta goraipatzen du bere soltura PNVri zera bota zionean, Sabino Aranak markaturiko bidean daramatzala 118 urte, GPSrik gabe, ez aurrera eta ez atzera.
Isilune bat utzi zuen, jostari begiratuz:
-Nik datu hori, 118 urterena, zure liburuan irakurri dut duela gutxi. Konturatzen al zara?
-Ba, kasualitatea izan liteke. Nik ez dakit ezer askorik. Azken batean, lau urteko lana baino ez zen izan liburu hori.
Barre-algara egin zuen McCarthyk.
-Lau urte diozu? Hemen politikoek ezta lau aste ere ez dizkiote eskaintzen formazio ideologikoari. Politika hain seriotasun gutxirekin hartzen duten herriak ez dira asko izango… Afrika aldean beharbada.
-Tira, Gabriel! Hor ingelesen kolonialismoa atera zaizu barru-barrutik.
-Barka, inor ez gaude herentzia horietatik salbu.
Baina McCarthy ez zegoen amore emateko.
-Oso diskurtso eskasak izan ziren denak, tristeak arazo nazional zaharra daukan herri batentzat. Laura Mintegi zen, a priori, diskurtso ezberdin baten promesa zekarrena, baina urte betean besteen parera makurtu du bere maila, preso politikoen izendapenarekin puztu zuten polemikak kokildu balu bezala. Izan ere, sistema autonomikoak berak mugatzen du diskurtsoa.
-Zer esan nahi duzu?
-Euskal Gobernua, Foru Aldundiak, Foru Gobernua… horiek denak erakunde espainolak direla ohartu behar duzue. Garbi eduki autonomia estatutu baten mende jartzen bazarete, zuen politika ere autonomista izango dela, alegia, Euskal Herria zatitzen duen erakunde baten politika.
-Baina herri bezala erantzun behar dela maiz diote hainbat politikok…
-Hori ezinezkoa da erakunde post-kolonial batetik. Begira: helburu bat aldarrikatzen denean hori gauzatzeko tresnarik gabe, politika testimoniala baino ezin liteke egin. Hori infra-politika da.
-Ez dut oso ondo ulertzen…
-Politika estrategia da, helburu eta bitartekoak elkar elikatzen duten diseinu bat. Helburua aldarrikatzea bitartekorik gabe politika testimoniala da. Eta kontrakoa, bitartekoak edukitzea helbururik gabe, kudeaketa hutsa.
-Tamalez biak eguneroko ogi bihurtu dira gure artean!
-Marko nazionala ukatzen du azpi-erakundeotan parte hartzea berak. Horrela da posible astakeriarik handienak erantzunik gabe uztea.
-Adibidez?
-PSEk eta PPk esan zutena: soberaniaren bideak euskaldunak zatitzeko arriskua daukala. Tristeena da Urkulluk berak ere barneratua duela mezua. Garbi esan zuen ez duela euskal gizartea kutsatu eta zatitu nahi.
-Hitz gogorra «kutsatu» delakoa, independentzia zerbait zikina balitz bezala…
-Mezu horiek berehala moztu behar dira, gizartean finkatu ez daitezen. Independentziak ez du inoiz herri bat zatitu, batu baizik. Euskal Herria orain dago zatitua, bi estatutan banatua, hiru administrazio ezberdinetan purtzildua, mendez mende eragin zaion zauria da gure fragmentazioa, eta zauri horretan labana sartu eta sartu aritu dira, eta aritzen dira alderdi menderatzaileak. Politiko duinak egon behar dute hemen, esango dutenak ozen eta garbi: Begira jaunak, Euskal Herria orain dago zatituta, eta independentziak batu egingo ditu adabaki guztiak. Geure burua osotasunez ikusten hasiko gara hartara. Hori da munduko herrialdeen aspirazio gorena. Gu horretara ez bagara iristen, herritik zer geratzen zaigun aztertu beharko genuke.
-Ederra diskurtsoa!
-Oinarrizko gauzetan ezin duzue huts egin. Esplikatzen ez dena ez da existitzen jendearen gogoan. Eta jarraituko du astakeria handiagoak sinesten, adibidez Urkullu dela euskaldun guztien lehendakaria.
-Ez da, ala?
-Ez dakizue zein kalte egiten duen honek! Erredukzionismo bat da, baina alimalekoa sortzen duen nahasmena. Ez da egon euskaldun guztien Lehendakaririk historian, euskaldun guztiak batu zituzten errege-erreginak baizik. Baina esaten bada Urkullu dela guztion Lehendakaria, arazo nazional bat hiru probintzietara murrizten ari zara, eta hala ulertuko du jende gehienak. Jendeari markoak eman behar zaizkio etengabe, arazoa bere osotasunean uler dezan.
-Baina zertarako balio du gauza horiek esatea?
-Pedagogia da, my friend. Ezer ganorazkorik ezin baduzue egin oraingoz, hasi behintzat pedagogia egiten, hori da etorkizuneko ekintza sakonagoen zorua.
-»Zoru etikoa» delako hori?
-Baita zera ere! Ez zaitezte patetikoak izan, mesedez!