Monthly Archives: October 2013

‘Un autre son de cloche’

http://paperekoa.berria.info/iritzia/2013-10-19/004/001/un_autre_son_de_cloche.htm

2013-10-19

‘Un autre son de cloche’

LARRAITZ ARIZNABARRETA

MONDRAGON UNIBERTSITATEKO IRAKASLEA

Euskaldunok ez dugu kolonizazioa ozen eta zorrotz salatu zuten Franz Fanon edo Albert Memmi moduko pentsalari aitorturik izan —nahiz izan, baden—. Hala, zorionez, Larresoro izengoitia baliatuz, Txillardegik itzuli zigun frantsesetik Jean Paul Sartreren hitzaurrea duen Memmiren saiakerarik ospetsuenetakoa: Portrait du Colonisé (1957). Euskal intelektuala ez omen zen ausartu frantseseko «portrait» hura «erretratu» moduan itzultzera liburuko portadan —zergatik ulertu dezake edozein irakurle prestuk— eta Kolonizatuaren ezagugarria (Jakin, 1974) lez heldu zen gure liburu-dendetako apaletara lehen frankismoa bukatzear, giroa gori-gori, zegoen urte haietan.

Alvarez Enparantza beraren hitzetan Un autre son de cloche erakusteko asmoz itzuli zuen Memmiren liburua idazleak. Modan ez zegoen —eta euskal intelektualak garrantzitsutzat zeukan— begirada baten ezagutarazteko. Diskrezioak ez dit utziko errebelatzen zein gizon eta emakume nazioneren etxeetako liburutegitan ikusi ahal izan dudan Memmiren liburua euskaraz. Asko dira, zinez. Niri beste ordu gogoangarri eta mamitsu erregalatuko ote zizkion liburuxkak —eta Txillardegiren etorriak— haietako bakoitzari.

Txillardegik Memmi bisitatzeko beta izan zuen haren Monparnasseko ganbaran, eta, enkontru hartan, entzun omen zion pentsalari tunisiarrari Marxen pentsamendu dialektikoari oharkabean pasatzen zitzaizkiola nazio menperatuen minak. Euskal Herriaz (ere) mintzo izango ziren Memmi eta Txillardegi, jakina. Intelektual tunisiarrari jarraiki: «Eginak eta asmoak ez dira txit desberdinak kolonikuntzaren gizaroan», eta bakoitzak bere pentzeari ematen dio ur. Bakoitzak berea gotti.

Memmiren esanetan, kolonizatuak ez ditu ahul gisa baizik ezagutzen bere herria, hizkuntza eta kultura. Ahultzat dauka bere burua. Eta ahula beti izan ohi da errudun indartsuen begietara; izan ere, onak eta txarrak barik, galtzaileak eta irabazleak bereizten dituelako historiak. Horregatik, iraingarria egiten zaigu batzuoi gure hizkuntza, herri kultura eta identitatearen defentsazko jarrerak gure artean bizi diren hainbati, bitxi baino gehiago, hain txiki, ezkutuko eta ulertezin gertatzearen errua gure fanatismo hertsiari egotzi nahia. Izan ere, kolonizatzaileen ebanjelioak eta infraestrategiek eragindako pentsamendu atomizatuak —eta zinismoak— lausotu ez duen herritar orok ezagutzen baititu mozorro guztien pean ageri diren nazionalismo etnozidaren eta abertzaletasun askatzailearen arteko desberdintasunak. Odoluste etengabe eta bide katramilatsuen ondoren, gure menpekotasuna larriki errotu denaren zantzuak baino ez ditugun garaiotan, halako ebidentziarik azpimarratu beharra! Baina, ahul askok premiaz ikasi du —galtzailearen mahaiaren isiltasunean ikasi ere— boteretsuak hobetsi zaitzan haren akatsak ederrestea zenbateraino den probetxugarri. Mendeetan ahul izateak, herritarrek jasandako oldarrak eta menperatzaileen mistika bortxaz irentsi beharrak apenas dakarren beste lezio oinarrizkoagorik.

Euskal palimpsesto kolonialean ere —herrigintzan kultur nahikotasuna bermatu nahian eragile askoren lana salbuespen ohoragarri— anbiguetate kalkulatuek berridatzi dute azken urteetako kultur kanona. Kulturaren eta letra larriz idazten den politikaren arteko lotura hain zirin, hain lauso, hain zuri izan da, ezen apenas ageri den parajeotan gure burua ezagutu eta auto-estimua berreraikitzeko euskal abertzaletasunaren kapital sinbolikoak elikagai beharko lukeen kultur praxi sinkretikorik. Gure mimetismoetan ere kasik ez da ezer binkulantea denik, zer gerta ere. Erdikoitasunak, hantustezko pentsamendu fragmentatu inkrementalistek eta, ahaztu gabe, hain gure diren sasi-heterodoxiek, errentak eman dizkie askori, gizarte ehuna ahuldu eta herri oso baten esentzialismo estrategikoa denon begi bistan birrintzen zen bitartean. Kulturaren penintsula inguratzen duten urak handi dire itsasoan murgildu nahi dutenentzat, eta pentsamendu librea zinez esker txarreko. Min handia eta trapu gutxi ordainetan.

Gure koloniako arketipo trapu-jalearen delegazionismoaz, inmunizazioaz, atomizazioaz, ahuleziaz eta prosodia arloteez gogaituta, herri serio bat dugu amets askok. Malenkoniaren morfinari uko egingo dion herri bat. Etengabe zero meridianoan birkokatzen ez den nazio eta kultura bat. Bere historiaren kargu egingo den jendarte bat, alegia. Bitartean, metropoliari so bizi diren protektoratuko administratzaile eta prefeta —autrigoi, karistio zein bardulo— autonómico foral frantximenta probintzianoen kalaka gorgarri etengabean errezelagarriena hauxe iruditzen zaigu: herri osoak bere burua aurkitzeko bidea hasteko urratsak eman ordez —eta emantzipazio bide berean norberaren akatsen azterketa gupidagabea egin beharrean—, beste herrikide buruz-askeen pentsamenduan, eta kolonizatuaren benetako erretratua errebelatzeko saiakeretan, hainbesteko ameskeria ustelak eta hain bide erratuak begiztatzea. Haiek ziniko eta maliziatsu, besteak uste halatsu.

Baina alferrik da zumarrari garirik eskatzea. Lagun argiak hitz aspertuan oraintsu esan zidan bezala: alderdien gotorlekuetatik aspaldi utzi zioten emantzipazio bidean beharrezkoa den herri osoa ikusteari. Hainbeste mendetako gure morrontzak baditu mila tankera, herritar menperatuen arteko kolonia kategoria hainbatek ezezagunaren aurrean beregain hartzen dituzten kohertzio molde oldarrak adibide argi. Eta, horratio, Memmik gogora dakarrenez: «Zergatik (zergatik arraio!) kezkatuko litzateke menperatzailea menperatua bera kezkaturik eta kexu agertzen ez bada?».

«Independentzia norberari atxikita dago; ezin da horren alde edo kontra bozkatu»

http://urolakosta.hitza.info/2013/05/02/independentzia-norberari-atxikita-dago-ezin-da-horren-alde-edo-kontra-bozkatu/

2013/05/02


JOSEBA_ARIZNABARRETA

Erabakitze eskubidearen inguruan tranpa ugari sortu dela dio Joseba Ariznabarreta  (Galdakao, 1936) filosofian katedradunak; autodeterminazio eskubidearekin nahasten da egun, bere ustez. «Independentziari estuki lotuta dagoen berehalako eskubidea da autodeterminazioarena, eta ez dauka zerikusirik erabakitze eskubidearekin». Bi kontzeptuen arteko aldearen inguruko azalpenak eman dizkio HITZAri.

Erabakitze eskubidearen «benetako» esanahiaz jardungo duzu gaurko hitzaldian. Egun ideia okerra al dugu horri buruz?
Asko zabaldu da pentsaera hori azkenaldian. Orain guztiak dira erabakitze eskubidearen aldekoak. Hor planteatzen dena zera da, ea independenteak izan nahi dugun ala ez. Eta hori ez dago erabakitzerik; inork ezin du hori erabaki inoiz. Hori da existitzen garen ala ez erabakitzea bezala. Independentzia norberaren existentziari atxikita dago, eta hor inork  ez du erabakitzeko eskubiderik. Existitzen gara eta existitzen garelako izan behar dugu independente. Herriaren existentziarekin berarekin atxikituta dagoen eskubide bat da hori; inork ezin du horretaz galdegin.

Zentzu horretan, erreferendumak alferrikakoak al dira?
Bai, zalantzarik gabe. Erreferenduma egiten bada, zerbait formala izango da, gu independenteak garenean-edo. Gure independentzia adierazteko beste modu bat izango litzateke.

Zer deritzozu Kataluniako kasuaz, orduan?
Bide hori hartzen badute, nire ustez ez dira urrutira joango. Independentzia erabakitzen ez den zerbait da. Alde horretatik, erabakitze eskubidearen inguruan sortu dena tranpa bat dela deritzot; autodeterminazioaren eskubidearekin nahastu baita. Independentziari estuki atxikita dagoen berehalako eskubidea da autodeterminazioa, eta horri erabakitze eskubidea deitzeko joera dago orain, baina ez du zerikusirik autodeterminaziorekin.

Arerioaren jokoan erortzeko modu bat da, hari gure jarrera errazagoa egiteko, suabeago. Arerioa lasaitzeko egiten da hori, ez dadin beldurtu.

Zentzu horretan jarri diozue Askatasuna ez dago bozkatzerik izenburua hitzaldiari.
Bai, hori da. Askatasuna ez baita bozkatzen den zerbait. Azken finean, gaizkiulertua dago zentzu horretan. Uste da hauteskundeetatik sortzen dela boterea, modu erdi magiko batean edo. Eta ez da hala, hauteskundeak botereak berak ezartzen baititu, boterean dagoena boterean mantentzeko helburuarekin. Norbaitek jakingo balu hauteskundeen bidez boterea gal dezakeela, zuzenean kendu egingo lituzke. Halako magia baten bitartez, jendeari sinestarazi zaio hauteskundeetan parte hartuz gero nahi duen guztia beteko edo lortuko duela. Ez da hala gertatzen, ordea.

Ez, ala?
Herrialde inperialistek ilusio  hori sortzen dute herritarrengan, itxura demokratikoagoa emanez euren buruei. Horrela lortzen dute berek jarraitzea boterean. Gaurko sistema totalitarioek ere—eta gu halako sistema batean bizi gara— itxura demokratikoa eman behar izaten dute herritarren aurrean, agintean daudenak boterean manten daitezen. Mozorrotu egin behar dute totalitarismo hori, eta halako mekanismoen bitartez lortzen dute hori, giza eskubidearen ideia faltsuak adieraziz, kasu.

Mozorrotutako demokrazia batean bizi gara, hortaz.
Askok uste du demokrazia batean bizi garela gure herrian ere. Nola da posible, ordea, herri kolonizatua izan eta demokrazian bizi garela pentsatzea? Demokrazia batean bizi garela eta gero Espainia eta Frantzia estatu inperialistak direla esatea, hori okerra da. Inperialismoan ezinezkoa da demokrazia. Eta demokrazia balego ez litzateke inperialismorik egongo. Ezin dute bi gauzek aldi berean koexistitu, kontraesankorrak dira guztiz. Demokrazia batean biziko bagina, ez genuke dagoeneko ezer gehiago lortu beharko.

Orreaga taldeko kidea zara, eta talde horren leloa da Independentzia da demokraziaren abiapuntua. Hori lortzeko bidean al gaude? Gizartea baikorra al da?
Nik uste dut salbuespen bat dela antolamendu politikoari dagokionez. Beste guztiek onartzen dituzte inperialismoak jarritako arauak eta erakundeak, eta horien barruan nahi dute jokatu. Horiek onartzen badira, ordea, ezinezkoa da gure askatasuna lortzea; boterean daudenen alde  sortutako erakunde eta arauak baitira, gu menderatzeko egindako arauak.

Hortaz…
Zentzu horretan, ardura handiarekin ikusten dut hemengo jokabidea. Nik uste dut sarritan engainatzen dituztela herritarrak; bereziki euren buruari label euskalduna jartzen dieten alderdi politikoek engainatzen dituzte. Kutsu horrekin askoz errazago engainatzen dute herritarra. Herritarrek eurek ere izango dute ardura; agian errazegi uzten dira limurtzen. Euskal Herrian jende independentista asko dago, askatasuna nahi dute. Baina engainatuta dagoelako-edo, uste du bide horretatik lortu daitekeela askatasuna. Guk hori nahi genuke argitu, jendea kontura dadin engainua dela.

Zein izango litzateke, orduan, lehenbiziko pausoa?
Askatasuna lortzeko jendeak horren kontzientzia hartzea beharrezkoa da. Estrategia bat behar da. Estrategia hori egun ez da existitzen; hauteskundeak, parlamentua eta Lakuako gobernua engainuak dira, gure integrazioa Espainia barruan lortzeko bide bat. Bestelako jokabide bat hartu behar dugu, askatasuna lortu behar badugu. Bide estrategiko propio bat antolatzea beharrezkoa da. Ikusarazi behar da egungo erakunde horiek ez direla gureak, eta beste modu bateko erakundeak lortu behar direla erakutsi behar dugu, horrek emango baitigu askatasuna. Bestela ez dugu irtenbiderik.