http://www.gureberriak.com/2012/09/29/plazer-bat-izan-duk-benito/
Pako Aristi eta Mikel Markezek argitaratu duten liburutik (“Plazer bat izan duk, Benito!” 2012, Elkar argitaletxea. Donostia.) ateratako pasarte batzuk dira ondorengo hauek. Hausnarketarako balioko dutelakoan ekarri ditugu gurera, eta bide batez, pasarte horiek haien testuinguruan hobeto kokatzeko, eta beste gai ugari jorratzeko baliogarria delakoan, liburua irakurtzeko gonbitea luzatzen dizuegu, “plazer bat da eta!”.
1.- “Politikak, ongi eginez gero, berak kapitalizatzen du guztia. Herri bat politikoki ongi antolatuta dagoenean, estrategia politiko global bat duenean, bere baitan hartzen ditu beste adar guztiak.”
2.-“Gurea herri menperatu bat da. Ba al du norbaitek horren zalantzarik? Baina guk daukagun arazoa da oso menperatu zaharrak garela. Aspaldi menperatu gintuzten, harrapatu, okupatu eta kolonizatu. Eta herri honen memoria gero baino gero ahulagoa da, horregatik ez du sinesten bere aterabidearekin. Konformatzen da apurrekin, ez du modurik estrategia egoki bat antolatzeko. Dena antolatuko duen harmonia hori falta zaio. Ondorioz, bakoitza bere aldetik dabil, ahal duen moduan, babesik gabe. Lehendabizi egoera ulertzen da eta gero diskurtso koherente batean adierazten da.
Haurrek oso ongi funtzionatzen dute estrategiaren baitan. Berehala ikusten dute zer komeni zaien eta zerk egiten dien kalte. Norekin egotea komeni zaien eta norekin ez. Orain, politikaren munduan sartzen garenean, denak bihurtzen gara alderdi politikoetako buruen sinistun. Ez dugu ezer kuestionatzen. Gure alderdi kuttuneko buruak beti ongi ari dira.”
3.-“Herri kolonizatu batek ez du sekula kolonizatzaileen ideologiaren kulturan sartu behar. Ingelesek India ez zuten sekula kolonizatzerik lortuko Indiako bertako zipaioen konplizitaterik gabe. Nahiz eta munduko inperiorik indartsuena izan, ezin da herri bat kolonizatu bertakoen laguntzarik gabe. Hemen ere espainiarrek beren konplizeak izan dituzte eta badituzte.
Teknikoki ez da posible arazo nazional bat egotea eta une berean demokrazia. Edo demokrazia dago eta ez dago arazo nazionalik, Extremaduran bezala, edo arazo nazionala dago eta ez demokraziarik. Demokrazia deitzen zaion hori ez da legedi bat besterik, eta bertan agertzen da gu ez garela deus, eta ez dugula eskubiderik. Horri demokrazia deitzen diona pipiak jota dago!
Eta horrela joaten zaizkigu urteak eta urteak. Gurea bezelako herri kolonizatu baten kasuan denbora beti dugu gure kontra. Hori sobera dakite kolonizatzaileek, ederki zekiten bezala orain hamar mende. Edozein huskeriarekin entretenitzen gaituzte.“
4.-“Erregimen menperatzailearen legeetan borondatez parte izatea baino gauza makurragorik ez dago, guzti horri zilegitasun guztia ematen baitzaio. Gainera, hori menperatzaileen politika egitea da eta ez menperatuena. Beraiek ederki dakite zer gertatzen zaigun eta estrategia ongi antolatuta dute, gu nahi gaituzten bezala edukitzeko.”