
Jardunaldi sorta ederra antolatu dute martxorako eta apirilerako Galdakaon, Donostian, Oñatin eta Astigarragan.
Galdakaon, Orreaga Taldeak udaberriko ohiko zikloa antolatu du. Hilaren 17an (astelehenean bertan, beraz), Eneko Bidegain irakasle eta idazleak hitzaldia egingo du, Kepa Anabitarteri buruz idatzi duen liburuaren inguruan; Anabitarteren ibilbidea eta pentsaera bilduta, ehun urteko kronika idatzi du.
Eta, hilaren 31n, mahai-inguru bat izango da, 1977tik 2025era Euskal Herrian izandako bilakaera politiko, ekonomiko eta sozialari buruz. Parte-hartzaileak ez dira nolanahikoak: Luis Mari Martinez Garate, Oskar Arantzabal eta Joseba Sarrionandia. Bi saioak Torrezabal kultur etxean izango dira, 19:00etan.
Donostian, Herrigintza eta Hezkuntza mahai-ingurua izango da martxoaren 22an, Euskal Kulturaren Eragiletza masterraren barruan, Huhezik antolatuta (Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea). Funtsezko gaia inondik ere. Hor ere bana-banako hizlariak izango dira: Idurre Alonso, Ane Ablanedo, Amaia Alberdi eta Nora Salbotx. Eneko Bidegain izango da bideratzailea. 11:00etan hasiko da, Euskaltzaindiaren egoitzan, hau da, Tolare baserrian (Almortza bidea 6, Donostia). Irekia da, baina interesa dutenek izena eman behar dute aldez aurretik (https://www.mondragon.edu/eu/-/euskal-kulturaren-eragiletza-masterra-3-jardunaldia).
Huheziren jardunaldiak hilaren 21ean eta 22an dira, eta kulturgintza eta hezkuntza Euskal Herriaren eta euskararen inguruan ardazteaz izango dira gogoetak. Jardunaldiei buruzko informazio gehiago, aipatutako estekan.
Oñatin, “ezkutatu diguten historia ezagutzeko jardunaldiak” antolatu ditu Nabarralderen Oñatiko taldeak. Bere historia ezagutzen ez duen herria ezin izango da bere etorkizunaren jabe izan. Gure herriaren memoria kolektiboa berreskuratu eta ezagutzera emateak berebiziko garrantzia du, eta horretan dihardu Nabarralde fundazioak.
Egitarau bete eta interesgarria prestatu dute: hiru hitzaldi, erakusketa bat, bisita gidatuak eta mendi-irteera bat. Idoia Arrietak, Eneko Bidegainek eta Iñigo Larramendik egingo dituzte hitzaldiak, Euskal Herriko historian adituak hirurak ere. Ikus egitaraua.
Martxoaren 24tik apirilaren 4ra arte, hamalau panelen bidez Euskal Herriko historia laburbiltzen duen erakusketa bat egongo da ikusgai: Habitat: euskaldunon historia mapen bitartez. Hor, bisita gidatuak ere izango dira, ikasleentzat eta edozeinentzat. Beñi Agirre Nabarraldeko kideak emango ditu azalpenak. Aukera paregabea gure herriaren historian funtsezkoak izan diren gertaerak modu erraz eta argian ezagutu eta ulertzeko, Agirrek oso modu didaktikoan azaltzen baititu gure herriaren historiako mugarri nagusiak. Publikoarentzako bisita hilaren 24an izango da, 18:30ean
Ibilaldi bat ere antolatu dute, hilaren 30erako, Gazteluaitz tontorrera. Nafarroako Antso Nagusiaren erregealdian (1004-1035) erabilitako gaztelu baten aztarnak aurkitu dituzte han. 09:00etan abiatuko dira, Arantzazuko Sindika ostatuaren aurretik.
Egitaraua
Martxoak 24 – Bisita gidatua
‘HABITAT: Euskaldunon historia mapen bitartez’ erakusketako bisita gidatua BEÑI AGIRREren eskutik. Kultur etxeko erakusketa gelan, 18:30ean.
Martxoak 25 / Hitzaldia
‘Ezkutatu diguten historia’. Hizlaria: IDOIA ARRIETA. Kultur etxeko zinema-aretoan, 19:00etan
Martxoak 30 / Ibilaldia
GAZTELUAITZERA IBILALDIA Arantzazuko Sindika ostatu aurretik irten eta Bellotzatik bueltatu. 09:00etan.
Apirilak 1 / Hitzaldia
‘Kepa Anabitarte: XX. mendeko abertzaletasun ahaztua’. Hizlaria: ENEKO BIDEGAIN. Kultur etxeko zinema-aretoan
Apirilak 2 / Bideo laburra eta hitzaldia
‘GEBARA: Oñatiko jaunen leinuaren 1000 urteko historia’. Hizlaria: IÑIGO LARRAMENDI. Kultur etxeko zinema-aretoan, 19:00etan.
Martxoak 24 – Apirilak 4 / Erakusketa
‘HABITAT: Euskaldunon historia mapen bitartez’ erakusketa irekia, kultur etxeko erakusketa gelan, astelehenetik igandera (18:00-20:00)
Azkenik, Astigarragan, sorgin-ehizari buruzko kultur aste bat antolatu du Nabarraldek berak, udalaren, Eusko Ikaskuntzaren eta La Mota elkartearen laguntzarekin.
Erakusketa bat paratuko dute martxoaren 31tik apirilaren 6ra, Erribera kulturgunean, eta bisita gidatu batekin inauguratuko dute.
Eta, apirilaren 5ean, hiru hitzaldi eta mahai-inguru bat izango dira, besteak beste. Doakoak dira, baina izena eman beharra dago aurrez, Nabarralderen webgunean, eta saioak streaming bidez zabalduko dituzte.
Egitaraua
‘Nafarroako sorgin ehiza’ kultur astea
Martxoak 31 – apirilak 6 / Erakusketa Erribera kulturgunean
Martxoak 31 / ‘Sorgin ehiza Pirinioetan’ erakusketaren aurkezpena, 19:30ean. Iñigo Larramendi.
Apirilak 5 / ‘Sorgin ehiza Nafarroan’ jardunaldia
09:15 Harrera, akreditazioak eta materialaren banaketa
09:30 Irekiera. Aingeru Gorrotxategi (musikaria)
09:40-10:00 Naroa del Orden / Xabier Urdangarin / Zelai Nikolas (Eusko Ikaskuntza)
10:00-10:45 Asisko Urmeneta: Sorgin ehizaren deseraikuntza: 1525-2025
10:45-11:15 Koro Irazoki: Loturik daude hiru “Su”
11:15-11:45 Kike Fz de Pinedo: Sorgin-ehiza Arabako ekialdean
Atsedenaldia eta kafea
12:15-13:30 Mahai ingurua: Las brujas vascas; entre la fantasía, la tradición y la ley de vagos y maleantes. Iñaki Idigoras (ingeniaria), Isa Otero (feminista. ‘Madejas contra la violencia sexista’ elkartea) eta Mari Carmen Basterretxea (irakaslea, Antropologiako doktorea)